|
ABIÑE TA XUMELAR
Abesgai
XUMELAR
Ene kutuntxo maitia,
Aitormendi'ko lilia,
olerkari ta biotz gaxoen
amets-irudia;
urdin gorengo txingia,
izartxo dizdizaria,
otoi dagizut! Abiñe,
nitzaz kupitu zaitia!
ABIÑE
Itz eder oien eztiya
legun eta bereziya,
zure goi-jardun aratzak, ene!...
zoratu nau iya;
sinistutzen det egiya
izango dala guziya,
begi zoliak, ezin ukatu,
biotz maitatiya.
XUMELAR
Zuk ere begiak zoli,
uso batek bezin argi,
ain zeru-txingar politik
ez det egundaño ikusi;
ezpañak anpolai gorri,
ortzak berdin, txuri-txuri,
elur gañeko pinpiña
zure aboak dirudi.
ABIÑE
Ez det izan ispillurik
ugeldi garbiya baizik,
itxusi edo ederra naizen
ez dakit oraindik;
bañan esango dizut nik
ez dala beste biotzik
nereak ainbat Xumelar'ena
maita lezakenik.
XUMELAR
Goibel ondorean urdin,
zorilatz urren atsegin,
bat-batez orain arindu zaizkit
ainbeste kezka-min;
zure gogozko izan nedin
egingo det nik alegin,
izeñen zorion bizi bagiña
biyok alkarrekin!
ABIÑE
Xumelar mutill alaya,
Mendiburu'ko artzaya,
garbiro, ziñez itzegiteko
eldu da garaya;
berdin danez gure naya
zu, bai, nere senargaya,
laister biyontzat bat izan bedi
otorduko maya.
XUMELAR
Lilitxu panpin laztana,
nere maitekor zerana,
mintzo gozoen eztiya dator
zerutik nigana;
zer ote gerta zaidana...?
o, nere zorun otxana!,
etzait aztuko pozaren-pozaz
gaur entzun detana.
|
|