TXANTXANGORRIYA
Zuk dezun margo ber-bera duen
osto geyenak lurrean
zuaitzetatik erori eta
banazka, soill, daudenean,
begiyak xabal-xabal jarrita,
adar me baten gañean
egoten zera, txantxangorriya,
negarrez udazkenean.
Ain txukun, apal eta geldiro
jarraitzen zera kantuan,
non ernai beti zuri begira
egon arren bat onduan,
naigabe pranko banatugatik
kantari zauden orduan,
iñoiz ez dizu ari zerala
antzik emango mokuan.
Papar txiki ta gorrixta bor-boil
ler egiteko zorian
jardun-gai oso kupigarriaz
beterik daukazunean,
ainbeste negar..., eresi xamur...,
axanpa guzik batean,
ez dakit nola kabitzen diran
zure kolko politean.
Aldizka, purruxt, ega motxean,
uste gutxiñez aurrera
azaldurik an laister-bidetik
maldagora goazela,
gidari zintzo gertu bat izan
nai bazenduke bezela,
gure alboan zabiltza beti
txoriño maiten-maitena.
Maite zaitugun ezkero nunbait
ordañak aurrez ematen
ote zabiltzan esan liteke
negua sartu baño len.
Ez ikaratu!; elurte gaizto
aundienak izan arren
gure ondoan arkituko da
zuretzako ainbat lurmen.
O, txori gaxo, sotil, polita,
biotz erien laguna,
txiruliuka negar ugari
eztiro dariyozuna:
zu zera beti, txantxangorriya,
zu zera txantxan-iztuna,
alakoxe gauz maitagarri bat
erakusten diguzuna!
|