|
AGUR, EUZKADI
Arratsalde da.
Itxasoan arki naiz.
Urruti... doi, doi,
lañotsu dager
Auñamendiko
erpin-lerroa;
ubelantz ene
aberri polit
maitagarriya...,
oroi ederren
kabi gozoa.
Itxasoaren
murmur-otsa-gain
kayo bakar bat
aruntz dijoa;
ta... noralderik ez dun
antxeta bezin larri
biotzaren kai billa
artega dabil
nere gogoa.
Eguzkiaren
biribill solla
ziaro gorri...
Odeiak sutu dira;
itzalune bat
une guziya
izain da sarri.
... Ega leikorraz nere
dardar-txoria
sorterriyaren
kolkora doa
anitz urduri,
eta itxas-ontzi au
ke-mordoll usu
beltza botaka
biziro zorrotz
aurrera beti.
... Arratsa dator;
odei-naspillak
lozorro baten
eraz dagertzi.
Goibel au etsai-ozin...
Ipasterreko
mendatz bat ere
nai arren ezin...
ezin ikusi!
* * *
Begietan nik orain
gau illunaren
illun sakona;
oroitzez baña
gogoan argi!
Agur txoko maitea,
ene laztana...,
biotz-biotzez agur,
agur, Euzkadi!
|
|