NERE BASETXEAN
Amesgillien pozkai ederraz
alaitu naiz bat-batean
ego-aldetik enada bi gaur
etorri zaizkidanean.
Goizetik emen era gozatsu
xamurrez, ixill antzean,
abegi on bat eskatzen daude
txioka tellatupean.
Txori maiteak: luzaro jardun,
ez ixildu, gogoz ari!;
zuen txiogaz amets eginda
esnatu naiz olerkari.
Egazale dan biotz arin au
pizturik oso ta garbi,
goiz eder ontan egun argitzez
biurtu zait oztin-txori.
Udaberriro zintzo datozkit
yoan arren udazkenean,
lagun oberik arkitu ezin
nere aterpe xarrean;
enada polit oiekin batez
Saratxomendi gañean
burauste zakar illunik gabe
bizi naiz pake-pakean.
Mendiyan iñoiz aldarte txarrik
ez det izan..., lasai nago;
aldi bat ezik bizitz osoa
nai nuke bertan irago.
Txindiz aberats ez banaiz ere
pozez nor aberatsago?;
atsegiñaren ezti jatorra
an beau ez, emen dago.
Elkarren etsai bizi dire-ta
gauz onik ez uritarrak;
mendiyan beso zabalik daude
aritz pago ta lizarrak;
iturritxoak biziro garden,
eztitsu lili nabarrak,
eta goizero txioka nere
telatupeko maiztarrak.
* * *
Txori maiteak: berriro jardun,
ez ixildu, leyaz ari!;
zuen bitartez amets eginda
esnatu naiz olerkari!
|