|
ABESTI KUPIGARRIYA
Goibelolz-unez aurten izan dan
illunperik otzenean,
auzoko beste guziak lasai
lotan zeuden bitartean,
eresi xamur negarrgarri au
entzun det bart arratsean.
«Gaitzaren mende
ain kupigarri
zauden semetxo maitea,
gau otza da-ta
mugitu gabe
seaskan egon zaitea».
«Negarrik ez-ba...,
ene biyotxa,
pupua nun, zer min dezu?;
maite-maiteka
zure amatxok
azkar sendatuko zaitu».
«Listor beltzen-bat
oso barrura
sartu zaio Maitiño'ri;
gaxoak orain
zurbildutako
landaretxoa dirudi».
«Ikaraz nago:
elur-maindire
gañez datorren aizeak
aldizka emen
banatzen ditu
txakur-zaunkada luzeak».
«Otoi, otoi, Jaun!...
Ume laztan au
luzaro ez euki miñez,
bestela nere
biotz gaxoa
lertuko da zorigaitzez...».
«Orain,.. bai argi...!
Zure begitan
piztu da zeru ber-bera;
Maitiño polit
zoragarriya
laister sendatuko zera».
«Abo xabalik
lotan... Ez, ene!...
illotz, illotzik Maitiño!;
il da-ta nere
bizitz argal au
goibeldu beti-betiko!».
Ixildu zan...; ezeren txintik
ez nuan geigo nabaitu;
illunde otza goi eta bean
guziya len bezin mutu...
Gertaldi beltz au iñolaz ere
ezin det burutik kendu!
|
|