ZER NAI NUKIN
Aldegain
Mendi-mendiyan etxe koxkor bat,
iru-lau aritz aurrean;
lili batzuek; erletegia
toki babes politean.
Atsegin-ezti gozo-gozoa
bord'inguru xakonean
egarriyaren asekai dagon
iturritxo gardenean.
Kezka larriei ateak itxi,
uxatu guzik batean,
maiztar illunik ez izan iñoiz
nere biotz barrenean.
Ixil osoa... Iñoren zantzu
gaiztorik ez beñere an,
ametsak lagun, amets egin, bai,
amets ..! mendi-magalean...
Ori nai nuke, ezer ez geigo
bizi naizen bitartean.
Gero... ezurrak arri biyurtu
goreneko tontorrean,
ta ni naizen au gotuts idoro
oztiñ-une zabalean.
Alderantzi
Zori legunak alde batera
utzirik bear dan bezin
igikor izan, eta jarraitzez
beñere aspertu ezin.
Egiya maite, gezurra txautu,
zuzeneko bidez ekin,
arnari onak sortu ditezen
kezka zindoaz eregin.
Ta zenbait alper baldin ba'daude
beren izaeraz erkin,
lasonar oien gogo muxarra
beti lo egon ez dedin
esnale zorrotz eragikor dan
deadar bizi bat egin.
Ori nai nuke; bar-barrenengo
griña beroaz irakin,
ta nere bizitz-azken garayan
ur-ertz alai batean ill.
Gero... soin otza itxasoaren
oziñak eraman urrin,...
gezal biyurtu, ta ni yoranez
ezilkor naizela jakin.
|