EGO-AIZEA
Garai batzutan ibilli arren
baztar guziak astindu-zale
egoak iñoiz ordain baretsu
leuna dakar ots aundi gabe.
Euskal-basotan arratsean lo
zegon aldiko ixiltasuna
utzirik orain egun argitzez
jolaska dator aize biguna.
Oztargi dago... Mendi-tontorrak
aldakai sorgin batez bezela
badirudite ten baño urrego
gugandik oso bertan daudela.
Goi eta bea biziro alai
elkartu dira laztan urdiñez,
t'atsemalle dan ego-aizea
maitaro dabil mur-mur ariñez.
Bere bitartez udazkenean
ibarrik-ibar, mendirik-mendi,
banatzen oi da belar garo ta
sagar elduen usai on ori.
Olerkari ta nere antzeko
txoriburuen aizea dala?
Zorionean, beronen bidez
baldin banaiz gaur txori xamarra!
|