MENDI-MENDIYAN
Artzai baten abestia
Bizitz-negurri zeatzak
urren pozkai aberatsak.
Mendizale naiz, gero ta geigo!;
beraz nere biotzari
ezertxok eman ez lezaioke
mendiyak ainbat goraldi.
Egizko poza mendiyan dago,
mendiyan atseden-ezti
gain-gañekoen iturburua...
zoriona goyan beti.
Oraindik ez nau menpean atzi ezin bat iritxi nayak,
iñoiz ez bere listorrez josi aundikerizko etsayak;
oniritzi-ta gogoz arturik Izadiaren emayak
naiko atsegin bertan du noski zintzo bizi dan artzayak.
Ardizai emen bakar bizi naiz nere txabola xarrean,
bakarti, bañan zoruntsu goiko saroi eder ixillean;
pozaren bidez irrinlz-oyuka nabillen aldi berean
mendi-kolkoak erantzuten dit ots alai bete-betean.
Goizean-goiz nik begiratzen det urrutiko sortaldera,
t'illun aurrean ziaro dakust eguzkiyaren sarrera;
begi ta gogo zabal-zabalik lilluratu bat bezela
egon ondoren jolas-oyuka zaletsu nabil ostera.
Artalde gizen oso bikaña; esne ta gazta ixit naro;
aldi soill, gori, zekenik emen ez det izan egundaño.
Egarri banaiz, iturritxoa poil-poilka beti maitaro;
otorduetan, mami guriya; gabean lasai, lo-ta lo...
Ta lo gozo au izan oi arren iraute luzea duna,
ustez begiyak itxi orduko sortzen da berriz eguna.
Gentzaro maite zoragarriya, atsedenaldi biguna...!
lengoz gañera loak darakar artzayaren osasuna!
Goiznabarrean era xamurrez otoi eztitsu,garbia,
egin ondoren idikitzen det Bordagarai'ko esia;
larrean pozez yausika dabil artalde txuri-txuria,
ta nere barren, bildotx antzera, biotz esnatu-berria.
Irrintz egiñaz goretsirik ain izate garbi, zintzoa,
bizimaill ontan osatu zaizkit soin-indar eta gogoa.
Menditar txiro bat naizela ta basati kaiku loloa?...
Uyui! gizarro, igana ziak nere pozaren zantzoa!
Orraingo zenbait sasi-jakintsu, gaizto guzien antzera,
itxu daude-ta sarri litezke amildu negar-lezera.
Pozez ain jori dalako berriz artzayaren izakera
nik emen ainbat atsegin ez du an bean iñork, bai zera!
Erpin gañetik, ezpada beintzat egoaldi oso illuna,
arrano batek lezaken eraz ikusten oi det urruna:
itxaso zabal, ibargi naro, baserri jator txukuna...
Ikuskin eder oen gain baña nere txabol zar kutuna!
Urrin gozoa banatzen daude lardi, baso ta zelayak;
ipar ariñez maita nau emen arratsaldeko garayak.
Loreak bere likura damait, itzala pago zardayak,
ta iñori baño lenago muxu eguzki goiztar alayak.
Goiratu nadin kolko ta zangar sendoak dauzkat aldakai,
laister-bidetik igo-ta goren irrintzika nabil noiznai.
Illobi zarrez betea dagon mendi-mendiyan ardizai
Yainko'ri esker ondo bizi naiz, nere biotzak beti jai!
|