ETXALAR
Udazkena da... Egurats epel
ariñak usai gozoa dakar;
sortalde-mugan egun txintaren
argi-lorea dirudin izar
zuriya dakust... Garai ederra!...
Nere barruan len ez det izan
egunargitze otxanez orain
piztu dan ainbat zorion-dardar.
Ipar-aldera begira nago,...
arindu zaizkit amets-egoak,
t'amets eder au osatzen due
alai agertzen diran usoak.
Ara nun sail bat...! Ega biziyan
gaindurik errez mendilepoak,
bai zuzen t'ariñ onuntz jarraitu
egazti polit urrutikoak!
Bañan... zer etsai sortu da bean?...
Oyu, zalapart, iskanbill naste,...
ardaill bizi ta zoroaz dira
emengo baso guziyak bete!;
ta goyan berriz uso gaxoak
izu ta larri, noralde gabe,
Etxalarre'ko sarea jo ta
bertan loturik ikaraz daude...!
* * *
Udazkena da... Egurats epel
ariñak usai gozoa dakar;
eguzki orail irten berriak
Atxurimendi-gañez irripar
alaya dagi,... ta nere biotz
maitekor au ai! usoen eraz
urduri eta leitsu dijoa
ez daki nora! betiko egan.
|