www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria
Joanes Leizarraga
1571

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1K 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

S. PAUL APOSTOLUAREN
KORINTHIANOETARATKO EPISTOLA BIGARRENA

 

 

KAP. I.

 

1 Sainduak. 8 Paulen Asiako tribulationea. 11 Orationezko aiuta. 12 Paulek nola konbersatu. 14 Haren gloria. 15 Zergatik Korinthera ezten itzuli: 22 Espirituaren erresa.

 

        1 Paulek Iesus Kristen Apostolu Iainkoaren borondatez denak, eta Timotheo anaieak, Iainkoaren Eliza Korinthen denari, Akaia guzian diraden saindu guziekin:

        2 Gratia dela zuekin eta bakea Iainko gure Aitaganik, eta Iesus Krist Iaunaganik.

        3 Laudatu dela Iainkoa zein baita Iesus Krist gure Iaunaren Aita, miserikordien Aita eta konsolatione guziaren Iainkoa,

        4 Gure tribulatione guzian konsolatzen gaituena: konsola ahal ditzagunzat zer ere tribulationetan diradenak, geurok Iainkoaz konsolatzen garen konsolatione beraz.

        5 Ezen nola Kristen sufrimenduak gutan abundatzen baitirade, hala gure konsolationea ere abundatzen da Kristez.

        6 Eta edo aflijitzen bagara, zuen konsolationeagatik da, eta guk ere sufritzen ditugun molde bereko sufrimenduen patientian egiten den salbamenduagatik: edo konsolatzen bagara, zuen konsolationeagatik da eta salbamenduagatik.

        7 Eta gure esperanza zuezaz duguna fermu da, dakigularik ezen nola sufrimenduetan partizipant baitzarete, hala konsolationean ere izanen zaretela.

        8 Ezen nahi dugu dakizuen, anaieak, gure afliktione Asian heldu izan zaikunaz, ezen kargatu izan garela exzesiboki ahalaz garaitik, hanbat non hersturatan izanez etsi baikenduen biziaz ere.

        9 Baina geurok gure baithan heriotako sententia ukan dugu: gure baithan fida ezkentezenzat, baina hilak resuszitatzen dituen Iainkoa baithan:

        10 Zeinek hain herio handitarik delibratu baikaitu, eta delibratzen: zein baithan esperanza baitugu ezen oraino ere delibraturen gaituela.

        11 Zuek ere aiutatzen gaituzuelarik guregatik eginen duzuen orationeaz: anhitz personaren respektuz egin zaikun dohainaz, anhitzez guregatik eskerrak renda ditezenzat.

        12 Ezen gure gloriatzea haur da, gure konszientiaren testimoniajea ezen Iainkoaren sinplizitaterekin eta puritaterekin, ez haragiaren sapientiarekin, baina Iainkoaren gratiarekin konbersatu ukan dugula munduan, eta prinzipalki zuek baithan.

        13 Ezen eskribatzen drauzkizuegun gauzak, eztirade irakurtzen edo ezagutzen ere dituzuenez berze: eta esperanza dut finerano ere ezaguturen dituzuela.

        14 Nola ezagutu ere baikaituzue parte, ezen zuen gloriatze garela, zuek ere gurea bezala Iesus Iaunaren egunekotzat.

        15 Eta konfidanza hunetan nahi ninzen lehen zuetara ethorri, gratia doblea zindutenzat:

        16 Eta zuetarik Mazedoniarat iragan, eta harzara Mazedoniarik ethorri zuetara, eta zuezaz gida nendin Iudeara.

        17 Bada haur deliberatzen nuenean arintasunez usatu ukan dut? ala deliberatzen ditudan gauzak, haragiaren arauez deliberatzen ditut, hala non ni baithan den Bai eta Ez?

        18 Aitzitik Iainko fidelak badaki ezen ene zuetaratko hitza eztela izan Bai eta Ez.

        19 Ezen Iainkoaren Seme Iesus Krist guzaz zuen artean predikatu izan dena, nizaz eta Siluanoz eta Timotheoz, ezta izan Bai eta Ez, baina Bai hartan izan da:

        20 (Ezen Iainkoaren promes guziak hartan Bai dirade, eta hartan dirade Amen) Iainkoaren gloriatan guzaz.

        21 Bada konfirmatzen gaituena zuekin Krist Iaunean eta unktatu gaituena Iainkoa da:

        22 Zigilatu ere gaituena, eta Espirituaren erresak gure bihotzetan eman drauzkiguna.

        23 Nik bada Iainkoa dut testimonio deitzen neure arimaren gain, ezen zuen gupidaz, oraino eznaizela ethorri Korinthera.

        24 Ez dominatzen dugulakotz zuen fedearen gainean, baina zuen bozkarioaren aiutazale garelakotz: ezen fedez zutik zaudete.

 

 

KAP. II.

 

1 Exkomunikatu izan zen Korinthianoaz. 11 Satanen entrepresak. 12 Troas. 13 Tite. 16 Herio eta bizitze usain.

 

        1 Baina haur neuror baithan deliberatu ukan dut, zuetara tristitiarekin berriz ez ethortera.

        2 Ezen baldin nik kontrista bazaitzatet, nor da ni alegera nenzakeenik, nizaz kontristatu lizatekeen bera baizen?

        3 Eta haur bera eskribatu ukan drauzuet, ethor nadinean tristitiarik eztudanzat alegeratu behar ninzenetarik: zuezaz guzioz fidaz ezen ene alegranza, zuen guziona dela.

        4 Ezen afliktione eta bihotz herstura handitan eskribatu drauzuet, anhitz nigar xortarekin: ez kontrista zindeiztenzat, baina ezagut zinezatenzat zuetara dudan karitate guzizko abundanta.

        5 Eta baldin norbeit tristitiaren kausa izan bada, eznau ni kontristatu, baina aldez (hura kargago eztezadan) zuek guziok.

        6 Asko du hark anhitzez egin izan zaion reprotxu hunez.

        7 Hala non kontrariora barka diekozuen aitzitik, eta konsola dezazuen, tristitiaren handiegiz irets eztadinzat hura.

        8 Harren othoitz egiten drauzuet, konfirma dezazuen hura baithara karitatea.

        9 Ezen fin hunetakotz eskribatu ere drauzuet, ezagut nezanzat zuen experientia, eia gauza guzietara obedient zaretenez.

        10 Eta zerbait barkatzen draukazuenari, nik ere barkatzen draukat: ezen nik ere baldin zerbait barkatu badut, barkatu draukadanari zuengatik egin draukat Kristen begitharte aitzinean, Satanez ardiets ezgaitezenzat.

        11 Ezen haren entrepresak badakizkigu.

        12 Goitikoz, ethorririk Troasera Kristen Ebanjelioagatik, bortha ireki bazaitadan ere Iaunaz:

        13 Eztut ukan pausurik neure espirituan, zeren ezpainezan eriden Tite neure anaiea: baina hetarik konjit harturik, ioan nendin Mazedoniarat.

        14 Esker bada Iainkoari bethi Kristean triunfa eraziten draukunari: eta bere ezagutzearen usaina ezagut eraziten draukunari leku guzietan.

        15 Ezen Kristen usain ona gara Iainkoagana, salbatzen diradenetan, eta galtzen diradenetan:

        16 Iakiteko da, hautan, herio usain heriotarakotz: eta hetan, bizitze usain bizitzetarakotz: eta gauza hautakotzat nor da sufizientik?

        17 Ezen eztugu, anhitzek bezala, trafikik egiten Iainkoaren hitzaz, aitzitik integritatez bezala, aitzitik Iainkoaganik bezala Iainkoaren aitzinean, Kristez minzo gara.

 

 

KAP. III.

 

1, 3 Kristen eta Paulen epistola. 5. Pensamendu onak Iainkoaganik heldu. 6 Letra. Espiritua. 7 Legearen eta Ebanjelioaren gloria. 14 Iuduen itsutasuna. 17 Iaunaren Espiritua. Libertatea.

 

        1 Hatsen gara berriz gure buruen gomendatzen? ala behar dugu batzuk bezala, epistola gomendagarririk zuetara, edo zuetarik gomendagarririk?

        2 Gure epistola zuek zarete, gure bihotzetan eskribatua, zein ezagutzen eta irakurtzen baita gizon guziez.

        3 Ageri den bezenbatean ezen Kristen epistola guzaz administratua zaretela, eskribatua ez tintaz, baina Iainko biziaren Espirituaz: ez harrizko tauletan, baina bihotzeko taula haragizkoetan.

        4 Eta halako konfidanza dugu Kristez Iainkoa baithan.

        5 Ez sufizient garelakotz gure buruz zerbaiten pensatzeko, geurorganik bezala: baina gure sufizientia Iainkoaganik da.

        6 Zeinek Testamentu berriko ministre sufizient ere egin baikaitu, ez letraren, baina Espirituaren: ezen letrak hiltzen du, baina Espirituak bibifikatzen du.

        7 Eta baldin heriotako ministerioa letraz harrietan moldatua izan bada glorioso, hanbat non Israeleko haurrek ezin beha baitzezaketen Moisesen begithartera, haren begitharteko gloria fin ukan behar zuenagatik:

        8 Nolatan ezta Espirituaren ministerioa gloriosoago izanen?

        9 Ezen baldin kondemnationetako ministerioa glorioso izan bada: iustitiatako ministerioak anhitzez iragaitenago du gloriaz.

        l0 Ezen glorifikatu izan dena ere, ezta glorifikatu izan respektu hunez, erran nahi da, exzellentago den gloriaren kausaz.

        11 Ezen baldin fin hartu behar zuena glorioso izan bada, ungiz gloriosoago da dagoena.

        12 Beraz hunelako esperanza dugunaz geroz, minzatzeko libertate handiz usatzen dugu.

        13 Eta ez gara Moisez bezala zeinek estalkia emaiten baitzuen bere begitharte gainean, Israeleko haurrek abolitu behar zenaren finera beha ezlezatenzat.

        14 Bada, haien adimenduak gogortu izan dirade: ezen egungo egunerano estalki bera dago Testamentu zaharreko lekturan kendu gabea (zein Kristez kenzen baita)

        15 Baina egungo egun hunetarano Moises irakurtzen denean, estalkia haien bihotz gainean dago.

        16 Baina Iaunagana konbertitu datekeenean kenduren da estalkia.

        17 Eta Iauna Espiritu da: eta Iaunaren Espiritua non, libertatea han.

        18 Bada gu guziok begithartea agerturik Iaunaren glorian miratzen garela, imajina berera transformatzen gara gloriatarik gloriatara, Iaunaren Espirituaz bezala.

 

 

KAP. IIII.

 

1 Paulen predikationea eta Ebanjelioa. 3 Ebanjelioa batzuetara estalia. 5 Paulek Krist predikatzen. 6 Ebanjelioaren ezagutzea nondik. 16 Kanpoko eta barneko gizona.

 

        1 Halakotz, ministerio haur dugularik rezebitu dugun miserikordiaren arauez, ezgara nagitzen.

        2 Aitzitik iraitzi ditugu ahalkezko estalkiak, ebilten garela ez fineziarekin, eta ez Iainkoaren hitza falsifikatzen dugula, baina egiaren deklarationez aproba eraziten ditugula gure buruak gizonen konszientia guzia baithan, Iainkoaren aitzinean.

        3 Eta baldin gure Ebanjelioa estalia bada, galtzen diradenen da estalia:

        4 Zeinetan mundu hunetako iainkoak itsutu ukan baititu adimenduak, diot, infideletan, Krist Iainkoaren imajina denaren gloriaren Ebanjelioko argiak haei argirik eztagienzat.

        5 Ezen eztitugu gure buruak predikatzen, baina Iesus Krist Iauna: eta gu, zuen zerbitzari garela Iesusgatik.

        6 Ezen argiak ilhunbetik argi legian erran duen Iainkoak, argi egin du gure bihotzetan, Iesus Kristen begithartean Iainkoaren gloriaren ezagutzera illuminatzeko.

        7 Baina thesaur haur lurrezko unzietan dugu, berthute hunen exzellentia Iainkoaren denzat, eta ez gutarik:

        8 Guzietan aflijitzen gara, baina ez hertsen: behartzen gara, baina ez utziten:

        9 Persekutatzen gara, baina ez abandonatzen: iraizten gara, baina ez galtzen.

        10 Leku guzietan bethiere Iesus Iaunaren mortifikationea gorputzean ekarten dugula Iesusen bizitzea ere gure gorputzean manifesta dadinzat.

        11 Ezen gu bizi garenok, bethi heriotara liuratzen gara Iesusgatik, Iesusen bizitzea ere gure haragi mortalean manifesta dadinzat.

        12 Hunegatik herioak gutan lan egiten du, eta bizitzeak zuetan.

        13 Eta zeren fedearen Espiritu ber bat baitugu, eskribatua den bezala, Sinhetsi ukan dut, eta halakotz minzatu izan naiz: guk ere sinhesten dugu, eta halakotz minzo gara.

        14 Dakigularik ezen Iesus Iauna resuszitatu duenak gu ere Iesusez resuszitaturen gaituela, eta ethor eraziren gaituela bere presentiara kuekin batean.

        15 Ezen hauk guziok zuengatik dirade, gratia guzizko handi haur, anhitzen remerziamenduz redunda dadinzat Iainkoaren gloriatan.

        16 Halakotz, ezgara nagitzen: baina are baldin gure gizon kanpokoa korrunpitzen bada ere: barnekoa ordea arranberritzen da egunetik egunera.

        17 Ezen gure afliktione arin artegutitakoak eragiten du gutan gloriatako pizu exzellent exzellentki eternal bat.

        18 Gauza bisibleak konsideratzen eztitugunean, baina inbisibleak: ezen bisibleak denboratakotz dirade: baina inbisibleak, sekulakotz.

 

 

KAP. V.

 

1 Lurreko habitationea, eta etxe eternala. 4 Fidelen suspirioa. 7. Fedez ebiltea. 10 Konparituren guziek Kristen tribunal aitzinean. 14. Kristen herioa. 15 Kristi bizitzeko. 18 Nola Iainkoak berarekin rekonziliatu gaituen. 21. Bekatua. Iainkoaren iustitia.

 

        1 Ezen badakigu baldin gure lurreko habitatione hunetako tabernaklea desegin badadi, edifizio bat Iainkoaganik badugula, etxe eskuz egin ezten eternal bat zeruetan.

        2 Ezen suspirioz ere halakotz gaude, gure habitatione zerutik denaz beztitu izatera desir dugula.

        3 Badarik ere baldin beztituak ez billuziak eriden bagaitez.

        4 Ezen tabernakle hunetan garenok, kargaturik suspirioz gaude: zeren desir baitugu ez billuzi izatera, baina arrebeztitu izatera, iretsi dadinzat mortal dena bizitzeaz.

        5 Eta hartara berera gu formatu gaituena Iainkoa da, Espirituaren erresak eman ere drauzkiguna.

        6 Konfidanza dugularik bada bethiere eta dakigularik ezen arrotz garela gorputz hunetan, absent gara Iaunaganik.

        7 (Ezen fedez gabiltza ez ikustez)

        8 Baina konfidanza dugu, eta nahiago gara gorputzetik ilki, eta Iaunarekin habitatzera ioan.

        9 Eta halakotz dugu desiratzen, bai present bagara, bai absent bagara, haren gogarako izatera.

        10 Ezen guziek konparitu behar dugu Kristen tribunal aitzinean, batbederak gorputzean rezebi dezanzat egin dukeenaren araura, edo ungi edo gaizki.

        11 Dakigularik bada Iaunazko iziapena zer den gizonak ditugu federa erekarten, eta Iainkoagana manifestatuak gara: eta esporzu dut, zuen konszientietara ere manifestatuak garela.

        12 Ezen eztrauzkizuegu gure buruak berriz laudatzen, baina okasione emaiten drauzuegu guzaz gloriatzeko: duzuenzat zer ihardets aparentiaz eta ez bihotzez gloriatzen diradenen kontra.

        13 Ezen adimenduz erautzen bagara Iainkoari erautzen giaizkio: edo adimendu onetako bagara, zuen gara.

        14 Ezen Kristen karitateak hertsen gaitu: hunez gerthu garelarik, ezen baldin bat guziakgatik hil izan bada, beraz guziak hil izan diradela.

        15 Eta hura guziakgatik hil izan da, bizi diradenak gehiagorik bere buruei bizi eztiradenzat, baina hekgatik hil eta resuszitatu izan denari.

        16 Halakotz, guk hemendik harat nehor eztugu ezagutzen haragiaren arauez: eta baldin Krist haragiaren arauez ezagutu badugu ere, orain ordea eztugu gehiagorik ezagutzen.

        17 Beraz baldin zenbeit, bada Krist Iaunean, biz krearura berri: gauza zaharrak iragan dirade, huna, gauza guziak berri egin dirade.

        18 Eta hauk guziok Iainkoaganik dirade, zeinek rekonziliatu baikaitu berekin Iesus Kristez, eta eman baitrauku rekonziliationezko ministerioa:

        19 Ezen Iainkoa Kristean zen, mundua berekin rekonziliatzen zuela, haei inputatzen etzerauztela beren bekatuak: eta ezarri ukan du gutan rekonziliationezko hitza.

        20 Harren, Kristen izenean enbaxadore gara, Iainkoak guzaz othoitz egiten balerauzue bezala: othoitz egiten drauzuegu Kristen izenean, rekonzilia zakizkioten Iainkoari.

        21 Ezen bekaturik ezagutu eztuena, guregatik bekatu egin ukan du: hartan gu Iainkoaren iustitia egin gentezenzat.

 

 

KAP. VI.

 

1 Ungi egitera ditu exhortatzen. 2 Denbora gogarakoa eta salbamendutako eguna. 4 Iainkoaren zerbitzarien konbersationea. 14 Infidelekin ez uztartzeko. 16 Iainkoaren tenplea.

 

        1 Bada haren langile garelarik, othoitz egiten ere badrauzuegu, eztuzuen, alfer Iainkoaren gratia rezebitu.

        2 Ezen dio Iainkoak, Denbora gogarakoan exauditu ukan aut, eta salbamendutako egunean aiutatu ukan aut. Huna orain denbora gogarakoa, huna orain salbamendutako eguna.

        3 Eskandalorik batre deusetan emaiten eztugularik, gure ministerioa bitupera eztadinzat:

        4 Baina gauza guzietan aprobatu erakusten ditugularik gure buruak Iainkoaren zerbitzari anzo, patientia handiz tribulationetan, nezesitatetan, hersturetan,

        5 Zaurietan, presoindegietan, tumultuoetan, trabailluetan, beillatzetan, baruretan.

        6 Puritatez, ezagutzez, espiritu patientez, ontasunez, Espiritu sainduaz, hipokrisia gaberiko karitatez,

        7 Egiazko hitzez, Iainkoaren botherez iustitiazko harma eskuinez eta ezkerrez.

        8 Ohorez eta desohorez, fama gaitzez eta fama onez.

        9 Seduzizale bezala, eta alabaina egiati: ez ezagunak bezala, eta alabaina ezagunak: hiltzen bagina bezala, eta huna bizi gara: gaztigatzen garenak bezala, eta alabaina ez hilak:

        10 Triste bezala, baina bethi alegera: paubre bezala, baina anhitzen abratsale: deus gabe bezala, eta alabaina gauza guzien posedizale.

        11 O Korinthianoak, gure ahoa irekia da zuetara, gure bihotza largatua da.

        12 Etzarete hersiki habitatzen gutan: baina enserratuak zarete zeuron halsarretan.

        13 Bada neure haurrei anzo rekonpensa beraz minzo natzaizue: larga zaiteztez zuek ere.

        14 Etzaiteztela infidelekin uztar: ezen zer partizipatione du iustitiak iniustitiarekin? eta zer komunikatione argiak ilhunbearekin.

        15 Eta zer konkordia du Kristek Belialekin? eta zer parte fidelak infidelarekin?

        16 Eta zer konsentimendu du Iainkoaren tenpleak idolekin? ezen zuek Iainko biziaren tenple zarete: Iainkoak erran duen bezala Habitaturen naiz hetan eta ebiliren: eta izanen naiz haien Iainko eta hek izanen dirade ene populu.

        17 Harren, ilki zaiteztez haien artetik, eta separa zaiteztez, dio Iaunak: eta gauza zithalik hunki eztezazuela, eta nik rezebituren zaituztet.

        18 Eta izanen natzaizue zuei Aita, eta zuek izanen zaizkidate seme eta alaba, dio Iaun bothere guzitakoak.

 

 

KAP. VII.

 

1 Satsutasunetarik xahutzeko. 5 Pauli heldu izan zaizkan afliktioneak. 8, 10. Iainkoazko eta munduaren arauezko tristitia. 11 Emendamendutako fruktuak 13 Tite Korinthianoez rezebitu.

 

        1 Beraz, ene maiteak, promesak ditugunaz geroz, haragiaren eta espirituaren satsutasun orotarik xahu ditzagun gure buruak: akabatzen dugularik sanktifikationea, Iainkoaren beldurrekin.

        2 Rezebi gaitzazue gu: nehor eztugu iniuriatu, nehor eztugu korrunpitu, nehor eztugu pillatu.

        3 Eznaiz zuen kondemnationetan minzo: ezen lehen erran dut gure bihotzetan zaretela, elkarrekin hiltzeko eta elkarrekin bizitzeko.

        4 Minzatzeko libertate handia dut zuek baithan: zuezaz gloriatzeko materia handia dut: konsolationez konplitu naiz, bozkarioz hanbat eta gehiago bethe naiz, gure tribulatione guzian.

        5 Ezen Mazedoniara ethorri eta, eztu ukan gure haragiak pausurik batre, baina guzietan aflijitu izan gara: kanpotik bataillak, barnetik izidurak.

        6 Baina abatituak konsolatzen dituen Iainkoak konsolatu ukan gaitu Titeren ethorteaz.

        7 Eta ez solament haren ethorteaz, baina hura zuezaz konsolatu izan den konsolationeaz ere, kontatzen zeraukunean zuen desir handia, zuen nigarra, zuen eneganako afektione handia, hala non alegeratuago izan bainaiz.

        8 Ezen baldin tristetu bazaituztet ere epistolaz, eztut urriki, urrikitu izan bazaitadan ere, ezen badakusat epistola hark, denboratakotz badere, tristetu ukan zaituztela.

        9 Orain alegera naiz, ez zeren tristetu izan zareten, baina zeren tristetu izan zareten penitentiatara: ezen tristetu izan zarete Iainkoaren araura, hala non deusetan ezpaitzaizue kalterik egin izan gure aldetik.

        10 Ezen Iainkoaren arauezko tristitiak, penitentia obratzen du, urrikimendu gaberiko salbamendutara: baina munduko tristitiak herioa obratzen du.

        11 Ezen horra, Iainkoaren arauez tristetu izate horrek berak, zein artha handia zuetan obratu ukan du: aitzitik zer satisfaktionea, aitzitik indignationea, aitzitik beldurra, aitzitik desir handia, aitzitik afektione handia, aitzitik mendekioa? gauza guzietan erakutsi izan zarete nola xahu zareten egiteko hunetan.

        12 Bada baldin eskribatu badrauzuet ere, eztrauzuet eskribatu iniuria egin ukan duenaren kausaz, ezeta iniuriatu izan denaren kausaz, baina zuek baithan manifesta ledinzat guk zuezaz dugun artha Iainkoaren aitzinean.

        13 Kausa hunegatik konsolatu izan gara zuen konsolatu izanaz: baina hagitzez alegeratuago izan gara Titeren alegranzaz, zeren rekreatu izan baita haren espiritua zuezaz guzioz.

        14 Eta baldin zerbaitetan zuezaz hura baithan gloriatu izan banaiz, eztut ahalkerik rezebitu: baina nola gauza guziak egiaz erran baitrauzkizuegu, hala gure gloriatzea ere, zeinez usatu ukan baitut Tite baithara, egia eriden izan da.

        15 Eta haren afektionea handiago da zuetara, orhoitzen denean zuen guzion obedientiaz, eta nola hura rezebitu ukan duzuen beldurrekin eta ikararekin

        16 Alegera naiz bada zeren guza guzietan zuezaz asegura ahal bainaite.

 

 

KAP. VIII.

 

1 Elemosina egitera exhortatzen. 9 Krist paubre egin izan guregatik, 11 Elemosina nola Iainkoaren gogarako. 16 Tite Korinthianoetara igorri.

 

        1 Iakin eraziten drauzuegu bada, anaieak, Mazedoniako Elizei eman izan zaien Iainkoaren gratia:

        2 Nola afliktionezko foroganza handitan haien alegranziazko abundantia, eta haien paubrezia behera abundant izan den haien pronpt izatearen abrastasunetan:

        3 Ezen testifikatzen dut, ahalaren arauez, eta ahalaz garaitik, gogatsu izan diradela:

        4 Othoitz handirekin othoitz egiten zeraukutela, sainduei egiten, zaien aiutaren gratia eta komunikationea, rezebi genezan.

        5 Eta eztute esperanza genduen bezala egin, baina bere buruak eman drautzate lehenik Iaunari, eta gero guri, Iainkoaren borondatez.

        6 Tite exhorta genezanzat, nola lehenetik hasi ukan baitu, hala akaba ere lezan zuek baithan gratia haur ere.

        7 Bada gauza guzietan abundos zareten bezala fedez, eta hitzez, eta ezagutzez, eta dilijentia oroz, eta zuen gureganako karitatez, egizue gratia hunetan ere abundos zareten.

        8 Eztut manamenduz erraiten, baina berzen dilijentiaz zuen karitateko leialtatearen ere forogatzeagatik.

        9 Ezen ezagutzen duzue Iesus Krist gure Iaunaren gratia, nola zuengatik paubre egin izan den abrats zelarik: haren paubreziaz zuek abrats zindeiztenzat.

        10 Eta gauza hunetan konseillu emaiten dut: ezen haur zuen probetxutako da, xazdanik hasi izan zinetenon, ez solament egiten, baina nahi ukaiten ere.

        11 Orain bada egite bera ere akaba ezazue, nolako izan baita nahiaren gogo presta, halako biz akabatzea ere ukanaren arauez.

        12 Ezen baldin aitzinetik bada gogo prest izatea, nehor duenaren arauez gogarako da, eta ez eztuenaren arauez.

        13 Ezen ezta haur berzek solajemendu dutenzat, eta zuek aurizki zaiteztenzat, baina egoalki denbora hunetan zuen abundantiak supli beza haien peitutasuna.

        14 Haien abundantiak ere zuen peitutasuna supli dezanzat, egoaltasun egin dadinzat.

        15 Eskribatua den bezala, Anhitz bildu zuenak, eztu deus ukan soberaturik: eta guti zuenak, eztu ukan gutiegi.

        l6 Eta esker Iainkoari zeinek eman baitu artha bera zuezaz Titeren bihotzean.

        17 Zeren ene exhortationea gogarako izan baitzaio, eta afektionatuago izanez bere buruz zuetara ethorri izan baita.

        18 Eta igorri ukan-dugu harekin batean anaiea, zeinen laudorioa baita Ebanjelioan Eliza guzietan:

        19 (Eta ez solament laudatu, baina elejitu ere izan da Elizez gure bidajeko lagun, guzaz administratzen den gratia hunekin Iaun beraren gloriatan eta zuen gogo prestaren zerbitzutan)

        20 Ihes egiten draukagula huni, nehork bitupera ezgaitzan guzaz administratzen den abundantia hunetan:

        21 Eta prokuratzen dugula on dena, ez Iaunaren aitzinean solament, baina gizonen aitzinean ere.

        22 Eta igorri dugu hekin gure anaiea, zein experimentatu baitugu anhitzetan anhitz gauzatan dilijent, eta orain ungiz dilijentago zuetan dudan konfidanza handiagatik.

        23 Bada Titez den bezenbatean ene lagun da eta zuek baithan aiutazale: eta gure anaiez den bezenbatean, Elizen enbaxadore dirade eta Kristen gloria.

        24 Bada, zuen karitatearen eta gure zuezazko gloriatzearen foroganza erakutsazue hetara Elizen aitzinean.

 

 

KAP. IX.

 

1 Elemosina egitera ditu exhortatzen. 5 Liberalitate elemosina deitzen. 6 Eta haziarekin konparatzen. 11 Eskerren Iainkoari emaitea. 14 Elemosina egiten dutenakgatik othoitz egiteaz.

 

        1 Eta sainduei egiten zaien aiutaz den bezenbatean, zuei eskribatzea soberanzia zait.

        2 Ezen badakit zuen gogo presta, zeinagatik zuezaz gloriatzen bainaiz Mazedoniakoak baithan, ezen Akaia prest dela xazdanik: eta zuetarik heldu den zeloak anhitz persona inzitatu ukan du.

        3 Igorri ukan ditut bada anaie hauk, gure zuezazko gloriatzea alde hunez bano ezten: erran dudan bezala, prest zaretenzat:

        4 Baldin Mazedoniakoak enekin ethor baditez, eta prestatu gabeak eriden bazaitzatez, ahalke iragan eztezagun (ezterradanzat zuek) zuezaz gloriatu gareneko seguranza hunetan.

        5 Bada nezesario estimatu ukan dut othoitz egitera anaiei, lehenik zuetara datozen, eta lehen akaba dezaten zuen liberalitate aitzinetik deklaratua: hura prest denzat liberalitate anzo, eta ez zekentasun anzo.

        6 Eta haur erraiten dut, Zekenki ereiten duenak zekenki bilduren ere du: eta liberalki ereiten duenak, liberalki bilduren ere du.

        7 Batbederak bere bihotzean proposatzen duen bezala, begi: ez tristitiarekin edo bortxaz: ezen alegeraki emaiten duenari on daritza Iainkoak.

        8 Eta botheretsu da Iainkoa gratia guziaren zuetan abunda eraziteko: gauza guzietan bethiere sufizientia guzia duzuelarik, obra on orotara abundos zaretenzat:

        9 Eskribatua den bezala, Distribuitu eta eman ukan draue paubrei: haren iustitia dago sekulakotz.

        10 Bada hazia ereilleari fornitzen draukanak, ogi ere iateko dizuela, eta multiplika dezala zuen hazia, eta zuen iustitiaren fruktuak augmenta ditzala:

        11 Gauza guzietan abrasturik abundos zaretenzat sinplizitate orotara, zeinek egiten baitu guzaz eskerrak eman dakizkion Iainkoari.

        12 Ezen oblatione hunen administrationeak eztu sainduen nezesitatea suplitzen solament, baina abundatzen ere badu anhitzek Iainkoari eskerrak drauzkioten bezenbatean:

        13 (Aiuta hunen foroganza hunez Iainkoa glorifikatzen dutela zuen gogo batetako suiektionearen gainean Kristen Ebanjeliora, eta zuen hetarako eta guzietarako komunikatione pronptoaren gainean)

        14 Eta zuengatik othoitz egiten duten bezenbatean zuen desira dutelarik, Iainkoaren gratia zuetan abundatzen denagatik.

        15 Esker bada Iainkoari haren dohain erran ezin daitenaz.

 

 

KAP. X.

 

1 Ebanjelioaren sinplizitatean ebilteko. 4 Paulen harmadura, 8 eta puisanza Korinthianoen edifikationetan.

 

        1 Gainerokoaz, othoitz egiten drauzuet Kristen emetasunaz eta klementiaz, nik neurorrek Paulek, presentian zuen artean xipi, baina absentian zuetara hardit naizenak.

        2 Othoitz egiten drauzuet bada present nizatekeenean eznaizen hardit hardieza batez, zeinez deliberatzen baitut hardit izatera haragiaren araura ebilten baginade bezala estimatzen gaituzten batzutara.

        3 Ezen haragian ebilten garelarik, ez gara haragiaren araura bataillatzen:

        4 (Ezen gure gerlako harmadurak eztirade karnal, baina botheretsu Iainkoaz, fortalezen desegiteko.)

        5 Desegiten ditugularik konseilluak, eta Iainkoaren ezagutzearen kontra altxatzen den goratasun guzia: eta eramaiten dugularik kaptibo bezala adimendu guzia Kristen obedientiara:

        6 Eta prest dugu nondik mendeka gaitezen desobedientia oroz, zuen obedientia konplitu datekeenean.

        7 Begien aitzinean dituzuen gauzetara beha zaudete? baldin edozeinek bere baithan konfidanza badu Kristena dela, aldiz pensa beza bere baithan, ezen hura Kristena den bezala, halaber gu ere Kristenak garela.

        8 Ezen baldin are gehiago zerbait gloriatu nahi banaiz gure puisanzaz, zein Iaunak eman baitrauku zuen edifikationetan, eta ez zuen destruktionetan, eznaiz ahalketuren:

        9 Irudi eztudanzat epistolaz izitu nahi zaituztedala.

        10 Ezen epistolak (dioite) graue dirade eta borthitz, baina gorputzaren presentia flaku, eta hitza gaixto.

        11 Haur estima beza hainak, ezen nolako baikara hitzez epistoletan absentian, halako izanen garela presentian ere eginez.

        12 Ezen ezgara benturatzen gure buruen bardin ezartera edo konparatzera bere buruak laudatzen dituzten batzuekin: baina eztute aditzen hek bere buruak bere buruekin neurtzen dituztela, eta bere buruak bere buruekin konparatzen dituztela.

        13 Baina gu ezgara gloriaturen gure neurriko eztiraden gauzez: aitzitik Iainkoak partitu draukun neurri reglatuaren arauez, gloriaturen gara zuetarano ere heldu izan garela.

        14 Ezen zuetarano heldu izan ezpagina bezala, ezgara hedatzen behar den baino gehiago: ezen zuetarano ere heldu izan gara Kristen Ebanjelioan:

        15 Ez gure neurriko etzen gauzaz gloriatzen ginadelarik, erran nahi dut, berzeren trabailluetan: baina esperanza dugularik ezen zuen fedea handi dadinean, gu ere frangoki handituren garela asignatu izan zaikun neurrian.

        16 Hala non zuek baino aitzinago diraden lekuetan ebanjeliza dezadan eta ezgaitezen gloria berzeri asignatu izan zaion neurrian, erran nahi dut, gauza ia preparatuetan.

        17 Baina gloriatzen dena Iaunean gloria bedi.

        18 Ezen berak bere burua prezatzen duena ezta aprobatua, baina Iaunak prezatzen duena.

 

 

KAP. XI.

 

4, 7 Paulen predikationea eta humilitatea. 9 Paulek sari gabe predikatu. 13 Apostolu falsuak: 16 Haien kontra Paul gloriatzen. 24 Haren sufrimenduak Ebanjelioaren predikatzean.

 

        1 Ainenzazue suporta apur bat neure erhogoan, baina aitzitik suporta nezazue.

        2 Ezen ielosi naiz zuezaz Iainkoaren ielosgoaz: ezen preparatu zerauzkiotet senhar bati (birjina kasta bat bezala) Kristi, presenta zaitzatedanzat:

        3 Baina beldur naiz nolazpait, nola sugeak Eba seduzitu ukan baitu bere fineziaz, hala zuen pensamenduak ere korrunpi eztitezen Kristean den sinplizitatetik.

        4 Ezen baldin norbeit ethor baledi guk predikatu eztugun berze Iesus bat predika liezazuenik, edo baldin berze espiritu bat rezebitzen bazindute rezebitu eztuzuenik, edo berze Ebanjelio bat rezebitu eztuzuenik, hura ungi paira zinezakete.

        5 Ezen badaritzat eznaizela deusetan Apostolu exzellentenak baino mendreago izan.

        6 Eta baldin idiot banaiz ere minzoan, ez ordea ezagutzean: aitzitik guziz gauza guzietan manifestatu izan gara zuetara.

        7 Ala falta egin dut neure buruaren beheratzean, zuek altxa zindeiztenzat? eta zeren dohainik Iainkoaren Ebanjelioa predikatu baitrauzuet?

        8 Berze Elizak billuzi ukan ditut, hetarik sari hartuz, zuek zerbitza zinzatedanzat.

        9 Eta zuekin ninzenean, eta beharra nuenean eznaiz nagi izan egitekoan nehoren kaltetan: ezen ni falta ninzena suplitu ukan dute Mazedoniarik ethorri izan ziraden anaiek, eta begiratu izan naiz eta begiraturen deusetan ere zuen karga izatetik.

        10 Kristen egia da nitan, ezen gloriatze haur eztela bozaturen enetzat Akaiako rejionetan.

        11 Zergatik? ala zeren zuei on eztaritzuedan? Iainkoak badaki.

        12 Baina egiten dudana eginen ere badut: okasione bilha dabiltzanei okasionea trenka diezedanzat: gloriatzen diraden gauzan gu bai bezalako eriden ditezenzat.

        13 Ezen halako apostolu falsuak, obrari sotil dirade, Kristen Apostolutara transformaturik.

        14 Eta ezta miresteko, ezen Satan bera ere transformatzen da argiko Aingerutara.

        15 Ezta beraz gauza handia baldin haren ministreak ere iustitiatako ministretara transformatzen badirade: zeinen fina haien obren araura izanen baita.

        16 Berriz diot, nehork eztezan estima erhoa naizela: ezpere erho anzo ere rezebi nezazue, ni ere apur bat gloria nadinzat.

        17 Erraiten dudana, eztut Iaunaren arauez erraiten, baina erhogoaz bezala, gloriatzeko seguranza hunetan.

        18 Haragiaren arauez anhitz gloriatzen diradenaz geroz, ni ere gloriaturen naiz.

        19 Ezen gogotik sufritzen dituzue erhoak, zuhur zaretelarik.

        20 Ezen sufritzen duzue baldin nehork suiektionetan ezarten bazaituztez, baldin nehork iresten bazaituztez, baldin nehork zuena edekiten badrauzue, baldin nehor gaineanzen bada, baldin nehork begithartean ioiten bazaituztez.

        21 Desohoreren araura diot, gu indar gabe izan baginade bezala, aitzitik zertan ere nehor hardit baina (erhoki minzo naiz) hardit naiz ni ere.

        22 Hebraiko dirade? ni ere: Israeltar dirade? ni ere: Abrahamen hazi dirade? ni ere:

        23 Kristen ministre dirade? (erho anzo minzo naiz) areago ni: neketan, gehiago: zauritan hek baino gehiago: presoindegitan, gehiago: heriotan, anhitz aldiz.

        24 Iuduetarik rezebitu ukan dut borz aldiz berrogeira kolpe, bat guti aldian.

        25 Hiruretan zihorrez azotatu izan naiz, behin lapidatu izan naiz: hiruretan naufrajio egin ukan dut: gau eta egun itsas hundarrean izan naiz.

        26 Bidetan anhitz aldiz, flubioen periletan, gaixtaginen periletan, neure nationekoetarik periletan, Jentiletarik periletan, hirian periletan, desertuan periletan, itsasoan periletan, anaie falsuen artean periletan.

        27 Trabaillutan eta neketan, beillatzetan maiz, gosetan eta egarritan, baruretan maiz, hotzean eta billuzi izatean.

        28 Kanpotiko gauzak daudela bada egun oroz asetiatzen nauenik, zein baita, Eliza guziez dudan artha,

        29 Nor aflijitzen da, eta ni eznaizen aflijitzen? nor eskandalizatzen da, eta ni eznaizen erratzen?

        30 Baldin gloriatu behar bada, neure infirmitatezko gauzez gloriaturen naiz.

        31 Iainkoak, zein baita Iesus Krist gure Iaunaren Aita sekulakotz benedikatua, badaki ezen eztiodala gezurrik.

        32 Damaseko hirian rege Aretasen izenean zen gobernadoreak, ezarri ukan zuen goaita Damasekoen hirian, ni hatzaman nahiz.

        33 Baina leiho batetarik saskian erautsi izan nenzen murrutik: eta halatan haren eskuei itzur. nengien.

 

 

KAP. XII.

 

1 Pauli egin izan zaizkan rebelationez. 10 Paulek infirmitatetan atsegin hartzen. 12 Haren Apostolutasunaren merkak. 13 Sari gabe predikatu. 21 Haren nigarrak.

 

        1 Segur ezta mengoa gloria nadin: ezen ethorriren naiz bisionetara eta Iaunaren rebelationetara.

        2 Badazagut gizon bat Krist Iaunean hamalaur urthe baino lehen (ala gorputzetan, eztakit: ala gorputzetik lekora, eztakit: Iainkoak daki) hirurgarren zerurano harrapatu izan denik.

        3 Eta badakit, halako gizona (ala gorputzetan, ala gorputzetik lekora, eztakit: Iainkoak daki)

        4 Ezen harrapatu izan dela Paradisura, eta enzun ukan dituela erran ezin daitezkeen hitzak, erraiteko gizonaren inposibleak.

        5 Halakoaz gloriaturen naiz: baina neure buruaz eznaiz gloriaturen, neure infirmitatetan baizen.

        6 Ezen baldin gloriatu nahi banaiz, eznaiz erhoa izanen, ezen egia erranen dut: baina iragaiten naiz, nehork nizaz estima eztezan nitan ikusten, edo eneganik enzuten duen baino gehiago.

        7 Eta rebelationearen exzellentiagatik altxegi eznendinzat, eman izan zait eskarda bat haragian, eta Satanen aingerua ene bufetatzeko, altxegi eznendinzat.

        8 Gauza hunen gainean hiruretan Iaunari othoitz egin draukat hura eneganik parti ledinzat.

        9 Eta erran ukan draut, Asko duk ene gratiaz ezen ene puisanza infirmitatean akabatzen duk. Beraz guziz gogotik lehen gloriaturen naiz neure infirmitatetan, Kristen puisanza nitan habita dadinzat.

        10 Halakotz dut atsegin hartzen infirmitatetan, iniurietan, nezesitatetan, persekutionetan, Kristengatiko hersturetan: ezen noiz bainaiz inpotent, orduan naiz botheretsu.

        11 Erho izan naiz neure gloriatzean: zuek bortxatu nauzue: ezen ni behar ninzen zuezaz laudatu, ikusirik ezen eznaizela deusetan Apostolu exzellentak baino mendreago izan, deus ezpanaiz ere.

        12 Segur ene Apostolutasunaren seignaleak konplitu izan dirade zuetan patientia guzirekin eta signorekin eta mirakulurekin eta berthuterekin.

        13 Ezen zertan berze Elizak baino mendreago izan zarete? ni neuror zuen kaltetan nagi izan eznaizena baizen? bidegabe haur barka iezadazue.

        14 Huna, herenzi prest naiz zuetara ethortera: eta eznaiz zuen kaltetan nagi izanen: ezen eznabila zuen diraden gauzen ondoan, baina zeuron ondoan: ezen haurrek eztute aitendako thesaurizatu behar, baina aitek haurrendako.

        15 Eta nizaz den bezenbatean guziz gogotik despendaturen dut eta despendaturen naiz zuen arimakgatik: zuek hanbat eta gehiago maite zaituztedalarik, gutiago onhetsia banaiz ere.

        16 Baina biz, nik etzaituztedan kargatu ukan: ordea sotil izanez, fineziaz hartu ukan zaituztet.

        17 Zuetara igorri ukan ditudanetarik batez ere pillatu ukan zaituztet?

        18 Othoitz egin draukat Titeri, eta harekin igorri ukan dut anaie bat: ala pillatu ukan zaituztez Titek? ezgara Espiritu batez ebili ikan? ezgara hatz ber batez ebili izan?

        19 Berriz uste duzue ezen gure buruak exkusatzen ditugula zuek baithara? Iainkoaren aitzinean, Kristean minzo gara: baina gauza hauk guziok, guzizko maiteak, zuen edifikationeagatik.

        20 Ezen beldur dut gertha eztadin, ethor nadinean, nahi etzintukeiztedan bezalako eriden etzaitzatedan, eta ni eriden eznadin zuezaz nahi eztuzuen bezalako: nolazpait eztiraden guduak, inbidiak, aserretasunak, liskarrak, gaizkierraiteak, xuxurlak, urguluak, seditioneak:

        21 Eta berriz nathorrenean abaxa eznezan neure Iainkoak zuek baithan, eta nigar eztagidan lehen bekatu egin duten anhitzez, eta emendatu eztiradenez zithalkeriatarik, paillardizatarik eta egin ukan duten insolentiatik.

 

 

KAP. XIII.

 

1 Paulek Korinthianoak mehatxatzen emenda ezpaditez. 5 Bere buruaren forogatzea. 10 Paulen puisanza.

 

        1 Haur da zuetara ethorten naizen heren aldia Biga edo hirur testimonioren ahoan fermu izanen da hitz guzia.

        2 Aitzinetik erran ukan dut, eta berriz aitzinetik diot, present baninz bezala, eta absent naizelarik orain eskribatzen drauet lehen bekatu egin dutenei, eta goitiko guziei, ezen berriz banathor eztudala nehor gupida ukanen.

        3 Krist nitan minzo denaren experientiaren ondoan zabiltzatenaz geroz, zein ezpaita infirmo zuetara, baina da botheretsu zuetan.

        4 Ezen kruzifikatu izan bada ere infirmitatez, alabaina bizi da Iainkoaren berthutez: ezen gu ere infirmo gara harekin, baina bizi gara harekin Iainkoaren berthutez zuek baithara.

        5 Zuen buruak experimentaitzazue eia fedean zaretenez, zuen buruak forogaitzazue: ala eztituzue zuen buruak ezagutzen, ezen Iesus Krist zuetan dela? baldin reprobo ezpazarete.

        6 Baina esperanza dut ezaguturen duzuela ezen gu ezgarela reprobo.

        7 Eta othoitz egiten draukat Iainkoari, deus gaizkirik egin eztezazuen: ez gu aprobatu eriden gaitezenzat, baina zuek ungi dagizuenzat, eta gu reprobo bezala garenzat.

        8 Ezen deus ezin daidikegu egiaren kontra, baina egiaren alde.

        9 Ezen alegeratzen gara gu flaku garen, eta zuek erskon zareten: eta haur ere desiratzen dugu, diot, zuen perfektionea.

        10 Halakotz gauza hauk absent naizela eskribatzen ditut, present izanen naizenean seberitatez usat eztezadanzat, Iaunak edifikationetakotz eta ez destruktionetakotz eman drautan botherearen araura.

        11 Gainerakoaz, anaieak, alegera zaiteztez, abanza zaiteztez perfekt izatera, konsola zaiteztez, zareten konsentimendu batetako, zareten bizi bakean, eta karitatezko eta bakezko Iainkoa izanen da zuekin.

        12 Elkar saluta ezazue pot saindu batez. Salutatzen zaituztez saindu guziek.

        13 Iesus Krist Iaunaren gratia, eta Iainkoaren karitatea, eta Espiritu sainduaren komunikationea dela zuekin guziokin. Amen.

 

Korinthianoetaratko bigarrena Filipes

Mazedoniakotik Titerekin

eta Luk-ekin eskribatua.

 

aurrekoa hurrengoa