www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

JAUN DONE JUDA APOSTOLUAREN
GUTUN KATOLIKOA

 

        1. Juda, Jesu-Kristoren zerbitzari eta Jakoberen anaia, Jainko Aitak maithatu eta Jesu-Kristok deithu eta begiratu dituenei.

        2. Urrikalmenduaren, bakearen eta karitatearen bethetasuna zuen baitha egin bedi.

        3. Zuen guzien salbamenduaren gainean, guziz maiteak, zuei iskribatzeko ardura handiena bainuen, orai premia dadukat zuei iskribatzea, zuen othoiztea gatik guduka zaitezten sainduei behin emana izan zaioten fedearen alde.

        4. Zuen artera lerratu dire ezen gizon gaixto batzu (zeinak, kondenatuak izateko, aspalditik bereziak baitire), gure Jainkoaren grazia zabarkerietara bihurtzen, eta Jesu-Kristo, gure Nausi eta Jaun bakharra ukhatzen dutenak.

        5. Bada, orhoitarazi nahi zaituztet, horiek oro lehendanik dakizkitzuen arren, Jesusek populua Egiptoko lurretik eraiki zuen ondoan, galdu zituela gero sinhesterik etzutenak;

        6. Aingeruak aldiz, beren lehenbiziko urhatsean egotu ez direnak, bainan beren egoitzako tokia utzi dutenak, ilhunbeen azpian daduzkala, bethiko burdinetan egun handiko juiamenduraino.

        7. Nola Sodoma eta Gomorha eta hiri mugakhideak hala-halako lohikerietan sarthu baitziren; eta haragi arrotzaren ondoan zabiltzalakoz, bertzeen ikhusgarri bilhakatu baitire, bethiereko suaren gaztigua jasaiten dutelarik;

        8. Gizon tzar haukiek orobat khutsatzen dute beren haragia, eta arbuiatzen Jainkoaren nausitasuna, eta burhoztatzen haren maiestatea.

        9. Moisesen gorphutzaren gainetik debruarekin gudukatu zenean Mixel arkanjelua, etzen atrebitu hari burhozko kondenamenduaren arthikitzera; bainan erran zioen: Jaunak bere nausitasuna hire gainean erakhuts beza.

        10. Haukiek ordean burhoka aiphatzen dituzte ezagutzen ez dituzten gauzak; eta zer-ere ethorkiz ezagutzen baitute, hartan beren buruak andeatzen dituzte adimendugabeko abere batzuek bezala.

        11. Zorigaitz horiei, zeren Kainen bideaz baitohazi; Balaam bezala sariaren irritsak amainatzen baititu; eta Kore bezala bihurtuz, orobat galtzen baitire.

        12. Horiek, beren bazkarietako laidagarri dire, mahainetan ahalkerik gabe jaten eta beren buruen asetzen hari direnak; hedoi agorrak, haizeek inguruka derabilzkatenak, udazkeneko arbola fruitu gabeak, bietan hilak eta erroetarik goanak;

        13. Itsasoko tirain muthiriak, beren itsuskeriak harrapoa bezala arthikitzen dituztenak; izar bidetik makhurtuak, zeinentzat bethi guziko baitaude ilhunbeetako xirimolak.

        14. Horietaz profetisatu du Enokek, Adamen ganik zazpigarren patriarkak, erran duenean: Hara non heldu den Jauna, bere sainduen elemeniaz inguratua,

        15. Gizon guzien kontra juiamenduaren ekhartzera, gaixtagin guziei frogatzera, gaixtoki erabili dituzten tzarkeriazko egitate guziak, eta bekhatore tzarrek Jainkoaren kontra athera dituzten ahapaldi gaixtoak.

        16. Hekiek dire marmazikari arranguratiak, beren lehien oldera dabiltzanak; eta espantuz bethea da hekien ahoa, gizon batzuez sendagaila eginez, zerbaiten irabazteko ariaz.

        17. Zuek ordean, guziz maiteak, orhoit zaitezte zer profetisatu darotzueten Jesu-Kristo gure Jaunaren apostoluek,

        18. Zeinek erran baitarotzuete, azken denboran ethorriko direla enganatzaile batzu, beren lehien oldera tzarkerietan ibiliko direnak.

        19. Halakoak dire, berak berezten direnak, aberekarako gizonak, Izpiritua ez dutenak.

        20. Zuek ordean, guziz maiteak, zuen fede guziz sainduaren gainean zuen buruak altxatuz, eta Izpiritu saindua ararteko othoitz eginez,

        21. Begira zaitezte Jainkoaren ganako amodioan, bethiereko bizira heltzekotzat igurikiz, Jesu-Kristo gure Jaunaren urrikalmendua.

        22. Batzu, kondenamenduaren azpiko jarri direnak, kridantza zatzue;

        23. Bertze batzu, sutik atheraz, salba zatzue. Bertzeei berriz, lotsa handirekin urrikal zaitezte; higuinduz haragitikakoa den soineko nothatu hura ere.

        24. Bekhaturik gabe zuen begiratzeko, eta Jesu-Kristo gure Jauna ethorriko denean, bere ospearen aitzinera notharik gabe eta bozkarioz betheak zuen agerrarazteko ahaldun denari;

        25. Gure Jainko Salbatzaileari bakharrik, Jesu-Kristo gure Jaunaren bidez, ospe, handiespen, nausitasun eta bothere, mende guzien aitzinean, eta orai, eta menderen mendetan. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa