www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

GALAZIARREI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo apostolu dena, ez gizonek ezarririk, ez-eta gizon baten eskuz; bainan Jesu-Kristoren eta hura hiletarik biztu duen Jainko Aitaren eskuz;

        2. Eta enekin diren anaia guziak, Galaziako elizei.

        3. Grazia zuei eta bakea Jainko Aitaren ganik, eta Jesu-Kristo gure Jaunaren ganik,

        4. Zeinak bere burua gure bekhatuentzat eman baitu, gure itzurrarazteko oraiko mende gaixtoari, hala nahi zuen bezala Jainko gure Aitak,

        5. Zeinari menderen mendetan ospe zor baitzaio. Halabiz.

        6. Harritzen naiz nola hunen laster iragaiten zareten Kristoren graziara deithu zaituztenaren ganik bertze ebanjelio batetara;

        7. Zeren ez baita bertzerik, bainanbai halako gizon batzu nahasten zaituztetenak, eta Kristoren ebanjelioa gainazpikatu nahi dutenak.

        8. Bainan guk, edo zerutik ethorri aingeru batek erantzun balezazuete ere guk erantzun darotzuegun ebanjelioaz bertzerik, anathema izan bedi.

        9. Erran izan darotzuegun bezala, orai ere erraten darotzuet berriz: Izatu duzuen ebanjelioaz bertzerik erantzuten badarotzuete norbaitek, bedi anathema.

        10. Orai ezik, gizonei aurkhitu beharrez othe nabila, ala Jainkoari? Ala gizonen gogoko izatea bilhatzen othe dut? Gizonen gogara egin baneza oraino, ez ninteke Kristoren zerbitzari.

        11. Nik erranik jakizue, anaiak, nitaz erantzuna izan den ebanjelioa, ez dela gizonen araberakoa;

        12. Ez dut ezen gizonaren ganik ez izan, ez ikhasi, bainan Jesu-Kristok agerturik.

        13. Aditu duzue alabainan, nola Juduen legean bizi izan naizen lehen, ezin gehiago jazartzen nioela Jainkoaren Elizari, eta gudukatzen nuela,

        14. Eta ene burua Judu legean erakhusten nuela ene odoleko adinkhide gehienen gainetik, khar handiagoa ekharriz arbasoen ganikako irakhaspenentzat.

        15. Bainan ene amaren sabeletik berezi eta bere graziaz deithu nauenaren gogarako izan denean

        16. Niri ezagutaraztea bere Semea, jendaietan erantzun nezan haren izena; ordu beretik ez naiz begiratu ez haragiari, ez odolari;

        17. Jerusalemerat ere ez naiz ethorri ene aitzineko apostoluen gana; bainan jo dut Arabiara, eta Damasera berriz itzuli naiz;

        18. Gero, hirur urtheren buruan, Jerusalemera elhorri naiz Piarresen ikhustera, eta haren baithan eman ditut hamabortz egun.

        19. Ez dut orduan bertze apostolurik nihor ikhusi, Jakobe baizik, Jaunaren anaia.

        20. Eta huna, Jainkoa lekhuko, iskribatzen darozkitzuedanetan ez dela gezurrik.

        21. Gero ethorri naiz Siriako eta Ziliziako aurkhintzetara.

        22. Bada, Kristoren baithan sinhesten zuten Judeako elizez ez nintzen ikhustez ezagutua;

        23. Bakharrik aditze hau zuten: Lehenago jazartzen zarokunak, orai erantzuten du bertze orduz gudukatzen zuen fedea.

        24. Eta ene ariaz ospe bihurtzen zioten Jainkoari.

 

II. KAP.

        1. Geroago, hamalaur urtheren buruan, Barnabasekin, eta Tito harturik, berriz igan nintzen Jerusalemera.

        2. Izatu nuen agerpen baten ariaz igan nintzen; eta orai jendaietan erantzuten dudan ebanjelioa xehatu nuen orduan hekien aitzinean, eta berezean ikhusienak zirenen aitzinean, beldurrez-eta urhats alferrak egin, edo lehenago eginak alferrak izan zitezen.

        3. Bainan Tito, enekin zena, jendaietarikakoa zen arren, ingurebakia izatera etzuten bortxatu.

        4. Eta nahiz han baziren anaia-aizunak, amarruz sarthuak ikhustera zer libertate dugun Jesu-Kristoren baithan, gu legearen uztarrian ezarri beharrez;

        5. Aphur batentzat ere ez ginaroten amorrik egin, hekien nahia onhetsiz; arren-eta ebanjelioa zuen artean egon zadien bere egian.

        6. Bada zerbait iduri zutenek (lehenago zer ziren ez da axola, nor-nor-den Jainkoa ez da begiratzen), zerbait iduritzen zitzaizkitanek, berriagorik deusere etzarotedan irakhatsi.

        7. Bainan aitzitik ikhusi zutenean jendaien ebanjelioaren erantzuteko kargua niri emana zela, hala-nola Piarresi ingurebakiei erantzutekoa:

        8. (Ezen ingurebakien apostolutasunean Piarres ezarri duenak, ezarri nau ni ere jendaien artean apostolu);

        9. Niri emana zitzaitan grazia ezautu zutenean beraz Jakobek, Zephasek eta Joanesek, zeinek habeak iduri baitzuten, lagunkhidetasuneko eskua eman zarokuten niri eta Barnabasi, gu jendaietan ibiltzeko, eta hekiek ingurebakietan.

        10. Bakharrik mezutu gintuzten jende beharrez orhoitzeaz; horren egiterat ere arduratsu izan naiz.

        11. Bada, Antiokiara ethorri zenean Zephas, begithartera ihardetsi nioen, gaizkien aditzeko bidetan jarri baitzen.

        12. Ezen Jakoberen ganik gizon batzu ethorri aitzinean, jendaietarikakoekin jaten zuen; bainan hekiek ethorri zirenean, itzaltzen zen eta jendaietarikakoetarik aldaratzen, ingurebakietarikakoen beldurrez.

        13. Bertze Juduak halaber amarru hortara erori ziren, haletan non Barnabas ere hortara ekharria izan baitzen.

        14. Bainan ikhusi nuenean etzabiltzala xuxen ebanjelioko egiaren bideaz, guzien aitzinean erran nioen Zephasi: Baldin zu, Judua izan-eta, jendaien arara bizi bazare, eta ez Juduen arara, nolaz Juduek bezala egitera bortxatzen ditutzu jendaiak?

        15. Juduak gare ethorkiz, eta ez jendaietarikako bekhatoreak.

        16. Bada, dakigulakoz gizona ez dela legeko eginkariez garbitzen, bainan-bai Jesu-Kristoren baithako fedeaz, guk ere Kristo Jesusi sinheste eman diogu, Kristoren baithako fedearen bidez zuzentzat atheratzeko, eta ez legeko eginkariez, zeren gizonik ez baita legeko eginkariez garbituko.

        17. Kristoren bidez zuzen atheratzea bilhatzen dugularik, bekhatore aurkhituak bagare geroni ere, bekhatuaren zerbitzari othe da bada Kristo? Ez holakorik.

        18. Alabainan urratu dudana osatzen badut berriz, lege hauste ezartzen dut ene burua.

        19. Ezen ni legeaz naiz legeari hila, Jainkoarentzat bizitzeko. Kristorekin gurutzeari josia naiz.

        20. Eta bizi naiz; edo ez naiz ja bizi, bainan Kristo da ene baithan bizi; edo haragi huntan bizi banaiz ere, ni maithatu eta enetzat bere burua eman duen Jainko Semearen baithako fedean bizi naiz.

        21. Ez dut hastantzen Jainkoaren grazia. Ezen legeak eman badezake zuzentasuna, alferretan hil da beraz Kristo.

 

III. KAP.

        1. Oi Galaziar adimendugabeak, nork zoratu zaituzte egiari horrela bihurtzeko, zuek, zeinen begien aitzinean ezarria izan baita Jesu-Kristo, zuentzat gurutzefikatua izan dena?

        2. Hau bakharrik nahi dut zuen ganik jakin: Legeko eginkarietarik, ala fedearen entzutetik izan duzue Izpiritua?

        3. Hain zoroak zarete, non izpiritutik hasi eta haragitik akhabatuko baituzue?

        4. Alferretan jasan duzue horrenbertze? alferretan bada hargatik.

        5. Zuei Izpiritua ematen eta zuen erdian sendagailak egiten dituena, legeko eginkarietarik, ala entzun duzuen fedetik hari othe da?

        6. Iskribatua den bezala: Abrahamek sinhetsi zuen Jainkoa, eta hori zuzentasunerako iratxikia izan zitzaioen.

        7. Jakizue beraz fedetikakoak direnak, hekiek direla Abrabamen ume.

        8. Bada, aitzinetik ikhustenez Jainkoak fedetik iratxikiko ziotela jendaiei zuzentasuna, Iskriturak agintza hau egin zioen Abrahami: Zure baithan benedikatuko dire jendaki guziak.

        9. Fedetik direnak beraz, Abraham fededunarekin dire benedikatuko.

        10. Ezen legeko eginkariei datxikoten guziak, madarizionearen azpian dire, iskribatua da ezen: Madarikatua, legeko liburuan iskribatuak diren guzietan egonen ez den gizona, hekien bethetzeko.

        11. Ageri da nihor ez dela Jainkoaren aitzinean legeaz garbitzen, fedetik bizi denaz geroztik gizon zuzena.

        12. Legea berriz, ez da fedetikakoa, bainan erraten du: Haukiek egiten dituena, haukien bidez biziko da.

        13. Kristok legeko madarizionetik atheratu gaitu, bere burua gure orde madarikatu eginik, iskribatua da ezen: Madarikatua habetik dilindan dena;

        14. Jendaien gainera Kristo Jesusez itzul zadien Abrahami eman benedizionea, arren-eta fedearen bidez izan ginezan agindua zen Izpiritua.

        15. Anaiak (gizon arara naiz mintzo), ageriz norbaitek egin badu testament bat, nihork ez dezake ez guti, ez berha.

        16. Agintzak Abrahami eta haren ganik denari eginak dire. Ez du erraten: Eta haren ganikakoei, askorentzat balitz bezala; bainan batentzat bezala. Eta zure ganik iraulgiko denari; hura baita Kristo.

        17. Hau diot bada: Jainkoak testamenta finkatu du; lau ehun eta hogoi eta hamar urtheren buruan egina izan den legeak ez du hutsaltzen hura, agintzaren ezeztatzeko.

        18. Alabainan legetik heldu bada ondoregoa, ez dathor agintzatik. Bada, agintzaz eman dio Jainkoak Abrahami.

        19. Zer da beraz legea? Legea ezarria izan da bekhatuen ariaz, sorthu behar zena ethor zadin arteo, agintza hari baitzen egina, aingeruek ararteko baten bithartez eman erabakietan.

        20. Bada, arartekoa etzen bakhar baten ararteko; aldiz bakharra da Jainkoa.

        21. Legea beraz Jainkoaren agintzaren kontra othe doha? Urrun da. Ezen bizia eman dezakeen lege bat izan balitz emana, egiazki legetik lathorke zuzentasuna.

        22. Bainan Iskriturak oro bekhatuaren azpian hertsi ditu, agindua zena eman zakioten sinhestunei Jesu-Kristoren baithako fedearen bidez.

        23. Bada, fedea ethorri aitzinean, legearen azpian hertsirik begiratuak ginen, agertzekoa zen fede hunentzat.

        24. Haletan legea izatu da eskola nausi bat bezala, Kristoren gana gure biltzeko, fedearen bidez izan gintezen zuzen eginak.

        25. Bainan fedea ethorriz geroztik, ez gare gehiago eskola nausiaren azpiko.

        26. Alabainan Jesu-Kristoren baithako fedeaz guziak Jainkoaren ume gare.

        27. Ezen Kristoren izenean bathaiatuak izan zareten guziek, Kristo jauntzi duzue.

        28. Orai ez da ez Judu, ez Greziar, ez gathibu, ez pelut, ez gizonki, ez emazteki; ezen guziak bat zarete Kristo Jesusen baithan.

        29. Bada, Kristorenak balin bazarete, Abrahamen ganikako iraulgia zarete, eta ondokoak agintzaren arabera.

 

IV. KAP.

        1. Diot berriz: Haurtto deno ondokoa, sehitik ez da deusetan berezten, ororen nausia den arren;

        2. Bainan zaintzaile eta arthatzaileen azpiko da aitak erabaki orduraino.

        3. Halaxe gu ere haur ginenean, munduaren lehenbiziko eskolari ginarraizkon.

        4. Bainan muga ethorri deneko, Jainkoak bidali du bere Semea, emaztekiaren ganik egina, legearen azpiko ezarria,

        5. Legearen azpian zirenen berrerosteko, seme-orde eginak izan gintezen.

        6. Eta haren ume zaretelakoz, Jainkoak zuen bihotzetara igorri du bere Semearen Izpiritua, oihu egiten duena: Abba (Aita).

        7. Hargatik etzarete gehiago sehi, bainan ume. Ume dena, ondoko ere da Jainkoaren graziaz.

        8. Bainan zuek Jainkoa ezagutzen etzinduten orduan, beren izatez jainko ez diren batzu zerbitzatzen zinituzten.

        9. Orai ordean, Jainkoa ezagutu duzuen ondoan, edo hobeki mintzatzeko, Jainkoak ezagutu zaituztetenean, nolaz itzultzen zarete berriz lehenbiziko irakhaspen erphil eta eskasetara, zeinen azpiko nahi baituzue oraino ere jarri?

        10. Begiratzen ditutzue egunak eta hilabetheak, mugak eta urtheak.

        11. Zuentzat beldur naiz, nekhe alferrak erabili ditudala zuen artean.

        12. Ni bezala egon zaitezte, ni ere zuek bezala naizenaz geroztik; othoizten zaituztet, anaiak. Ez darotadazue behin-ere gaizkirik egin.

        13. Badakizue berriz; lehenik haragiaren gaitzen erdian erantzun darotzuedala ebanjelioa; eta ene haragian jasaiten nituenek etzaituztete hizitatu

        14. Ez erdeinatzera, ez-etare nardatzera; bainan hartu nauzue Jainkoaren aingerua bezala, Jesu-Kristo bera bezala.

        15. Non da bada orduko zuen zoriona? Ezen lekhukotasun hau bihurtuko darotzuet, zuen begiak, daitekeen gauza balitz, iraizi eta niri emanen zintuzketela.

        16. Zuei egia erratean bilhakatu naiz beraz zuen etsai?

        17. Zuen ondotik dabiltzanak badire, ez bide onez; bainan ene ganik berezi nahi zaituztete, eta berei jarraikarazi.

        18. Bada, ongiari ongi jarraik zakizkiote bethi, eta ez bakharrik ni zuekin nagoenean.

        19. Ene haurttoak, zeinetaz berriz erditzen bainaiz, Kristo zuen artean jar dadien arteo,

        20. Orai nahi nuke bada zuekin izan, eta buru orotara zuei itzuli ene solasa, ezik ahalketan nago zuen ariaz.

        21. Erradazue legearen azpiko izan nahi duzuenek, irakurtu duzue legea?

        22. Ezen iskribatua da: Abrahamek izatu zituen bi seme, bat sehiaren eta bertzea pelutaren ganik.

        23. Bainan sehiaren ganikakoa, haragiaren arabera sorthu zen; aldiz pelutarena, agintzaren ariatik.

        24. Horiek itxurapen baten azpian erranak dire. Bi emazteki horiek ezen, bi legeak dire; bata Sina mendikoa, gathibutasunera sorrarazlea, hura baita Agar;

        25. Ezik Sina Arabiako mendi bat da, lurreko Jerusalemeri ariaz eratxikia dena, eta bere umeekin gathibu da.

        26. Bertzea ordean, gaineko Jerusaleme, pelut da; hura da gure ama.

        27. Iskribatua da ezen: Boz zaite, haurrik izaten ez dugun agorra; jauz zaite, eta egizkitzu bozkariozko oihuak, haur minetan jartzen etzarena; zeren senhardunak baino, bazterrerat utzia zenak ume gehiago baitu.

        28. Gu aldiz, anaiak, Isaaken ariatik agintzaren ume gare.

        29. Eta nola orduan haragiaren arabera sorthua zenak, izpirituaren arabera sorthua zenari jazartzen baitzioen; hala-hala da orai ere.

        30. Bainan zer dio Iskriturak? Iraizatzu sehia eta bere semea, ez da ezik sehiaren semea pelutaren semearekin ondore izanen.

        31. Horreletan, anaiak, ez gare gu sehiaren semeak, bainan-bai pelutarenak; eta Kristok eman izan daroku gure pelutasuna.

 

V. KAP.

        1. Zaudezte gogor, eta ez berriz jar gathibutasunaren uztarripean.

        2. Huna nik, Paulok, erraten darotzuet, ingurephaiten bazarete, deusik etzaitzuela baliaturen Kristo.

        3. Berriz ere seguratzen diot ingurephaiten den gizonari, lege guziaren bethetzea zor duela.

        4. Zuen zuzenpena legean bilhatzen duzuenak, atzetuak zarete Kristoren ganik; graziatik eroriak zarete.

        5. Guk ordean izpirituaz fedetik igurikitzen dugu gure zuzenpena.

        6. Alabainan ingurebaki edo ez, ez da Jesu-Kristoren baithan zerbait baliatzen; bainan bakharrik karitateak derabilkan fedea baliatzen da.

        7. Urhats ona zinaramaten; nork gibelatu zaituzte egiari ethordun izatetik?

        8. Burutan ezarri darotzueten hori, ez da zuek deitzen zaituztenaren ganikakoa.

        9. Altxagarri guti batek mintzen du orhe guzia.

        10. Ene buruari agintzen diot zuen ganik, ene irakhasmenaz bertze bati ez diozuela eskerrik izanen; bainan zuen nahasten dabilanak, nor-nahi izan dadien, zor zaion juiamendua izanen du.

        11. Nik bada, anaiak, ingurephaitza erantzuten balin badut oraino, egundainoko jazargoak nolaz ditut jasaiteko? Ezeztatua da beraz gurutzearen gaizbidea.

        12. Oxala zuek nahasten zaituztenak oroz oro ebakiak balire

        13. Ezen, anaiak, zuek libertatera deithuak zarete; bakharrik begira har libertate hortarik haragiaren arabera bizitzeko bidea; bainan karitatezko Izpirituz elkhar laguntzazue.

        14. Alabainan hitz batean sartzen da lege guzia: Laguna maithatuko duzu zure burua bezala.

        15. Elkharri asikika eta janka hari bazarete, berautzue elkhar xahu.

        16. Diot bada: Izpirituaren arabera ibil zaitezte, eta haragiaren zalekeriak ez ditutzue betheko.

        17. Alabainan haragiak izpirituaren kontrako zalekeriak ditu, eta izpirituak haragiaren kontrako lehiak; biek ezen elkharri zeiher egiten diote; haletan non zer-ere nahi baitzindukete, hura ez baituzue egiten.

        18. Baldin izpirituak bazeramatzate, etzarete legearen azpian.

        19. Bada, agerikoak dire haragiaren eginkariak, khutsatzeak, likhiskeriak, ahalkegabekeriak, lizunkeriak,

        20. Idola adoratzeak, phozoindatzeak, etsaigoak, makhurrak, bekhaizgoak, hasarreak, jokak, eskatimak, aldebandak,

        21. Lehiakarreak, hiltzeketak, hordikeriak, aseketak, eta bertze horrelakoak, zeinetaz baiterratzuet, lehen ere erran izan darotzuedan bezala, holako egileek ez dutela Jainkoaren erresuma ardietsiko.

        22. Aldiz Izpirituaren eragintzak dire karitatea, bozkarioa, bakea, jasankortasuna, emetasuna, ontasuna, luzakortasuna,

        23. Eztitasuna, zintasuna, herabetasuna, begiratiartasuna, garbitasuna. Legea ez doha holako direnen kontra.

        24. Bada, Kristorenak direnek, beren haragia gurutzefikatu dute beren lehia tzar eta zalekeriekin.

        25. Baldin izpirituaz bizi bagare, halaber izpirituaz ibil gaitezen.

        26. Ez gaitezen egin lelo alfer baten guratsu, elkhar tarritatuz, elkharri bekhaiztuz.

 

VI. KAP.

        1. Anaiak, norbait oharkabean hoben zerbaitez atzemana balin bada, zuek, izpiritudun zaretenek, argi zazue eztitasunezko izpiriturekin, zuen buruen gainean gogoetak eginez, beldurrez zuek orobat izan zaitezten.

        2. Eramazkitzue batak bertzearen sorthak, eta hala betheko duzue Kristoren legea.

        3. Ezen norbaitek bere burua zerbaitentzat hartzen badu, deusik ez den arren, bere burua enganatzen du.

        4. Bada, nork bere eginkariak hazta betza, eta hala izanen du bereaz bakharrik lelo, eta ez bertzeen ariatik.

        5. Batbederak ezen eramanen du bere sortha.

        6. Nor-ere hitzaz argitzen hari baita, hainak argiak ematen diozkanari egin biozo bere ontasun orotarik laguntza.

        7. Ez engana zuen buruak; Jainkoaz ez da trufatzerik.

        8. Alabainan zer-ere erainen baitu gizonak, hura bera du bilduko. Ezik haragian erainen duenak, bilduko ere du haragitik usteldura; aldiz izpirituan erainen duenak, bilduko ere du izpiritutik bethirainoko bizitzea.

        9. Ongiaren egitean ez gaitezen beraz akhi; ezik akhitzen ez bagare, uzta bere mugan altxaturen dugu.

        10. Ordu deno beraz orori egin diozoguten ongia; bereziki ordean fedearen baldarnakoei.

        11. Ikhusazue zer gutuna iskribatu darotzuetan ene eskuz.

        12. Zein-ere baitire haragiari aurkhitu nahi diotenak, ingurephaitera hekiek hertsatzen zaituztete; aria huntaz bakharrik, ez jasan nahiz Kristoren gurutzeari darraizkion jazarketak.

        13. Ezik ingurephaiten diren hekiek ez dute berek legea begiratzen; bainan ingurebakarazi nahi zaituztete, zuen haragitik beren buruei lelo emateko.

        14. Bainan urrun ene ganik, lelorik nahi baituket, non ez Jesu-Kristo gure Jaunaren gurutzetik, Jesu-Kristo, zeintaz enetzat mundua gurutzefikatua baita, eta ni ere munduarentzat.

        15. Alabainan ez da Kristoren baithan deusik baliatzen ingurephaitza edo ingurezephaitza, bainan bakharrik gizon berria.

        16. Eta ere horri jarraikiko diren guzien gainera eta Jainkoaren Israelen gainera, bake eta urrikalmendu.

        17. Gainerakoan nihork ez biazat atsekaberik eman, zeren ene gorphutzean baitakharzkat Jesus Jaunaren hatzak.

        18. Anaiak, Jesu-Kristoren grazia zuen izpirituarekin izan bedi. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa