www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

EPHESOARREI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo, Jainkoaren nahiz Jesu-Kristoren apostolu dena, Epheson dauden saindu guziei, eta Kristo Jesusen baithan fededun direnei.

        2. Grazia zuei eta bakea Jainko gure Aitaren ganik eta Jesu-Kristo gure Jaunaren ganik.

        3. Benedikatua izan bedi Jainkoa, Jesu-Kristo gure Jaunaren Aita, zeinak benedizione ispiritual guziez Kristo baithan zerurako benedikatu baikaitu,

        4. Berak haren baithan hautetsi gaituen bezala mundua egin izan duen baino lehen, izan gaitezen karitateaz saindu eta nothagabe haren aitzinean.

        5. Harek bere seme-orde izateko Jesu-Kristoren bidez aitzinetik berezi gaitu bere nahiko asmuaren arabera,

        6. Bere Seme maitearen baithan eman darokun grazia izan dadien ospetsuki laudatua.

        7. Jesu-Kristoren baithan dugu berrerospena haren odolaren bidez, eta bekhatuen barkhamendua haren graziako aberastasunen arabera,

        8. Grazia, zeina gutan gaindiarazi baitu zuhurtziaren eta gurbiltasunaren nasaiziarekin;

        9. Guri ezagutarazteko bere nahiaren misterioa, bere oldearen arabera eta bere baithan xedatu zuen bezala,

        10. Ordu berezia bethetzearekin, Kristoren baithan berrituko zituela gauza guziak, zerukoak eta lurrekoak.

        11. Kristoren baithan halaber primantzara deithuak izan gare, gu, aitzinetik hautetsiak ginenak hainaren xedetik, zeinak egiten baititu gauza guziak bere nahiko asmuen arabera;

        12. Haren ospearen laudabide izan gaitezentzat gu, Kristoren baithan lehenbizikoak izan garenak gure pheskizaren ezartzen.

        13. Haren baithan zuek ere, entzun ondoan egiazko hitza, salbamenduko ebanjelioa, zigilatuak izan zarete agindua zen Izpirituaz,

        14. Zeina baita gure primantzaren bahia, Kristok beretu duen populuaren berrerospenerako, bere ospearen laudagarri.

        15. Hargatik, entzunik nik ere nolakoa den Jesu-Kristoren baithan zuen fedea, nolakoa zuen amodioa guzientzat,

        16. Ez naiz baratzen zuentzat eskerrak bihurtzetik, zuetaz ene othoitzetan eginez orhoitzapen;

        17. Jainkoak, Jesu-Kristo gure Jaunaren ospezko Aitak, eman dezazuen zuhurtziazko eta argizko izpiritua haren beraren ezagutzeko;

        18. Argi detzan zuen bihotzeko begiak, arren-eta jakin dezazuen zer igurikimenetara deithu zaituzten, eta nolako primantza aberats eta ospetsua dadukan bere sainduentzat,

        19. Eta zer handitasun gaitza duen haren indarrak gure gainean, gu, zeinek sinhesten baitugu haren ahal guzizkoaren eragintzaren ariaz,

        20. Eragintza, Kristoren gainean erabili duena, hura hiletarik biztuz eta zeruetan bere aldean ezarriz,

        21. Gorago printzete guziak baino, bothere, indar, nausi, izen guziak baino, ez ezik mende huntan, bainan ethortzeko mendean izen bat dutenak baino.

        22. Eta haren oinen azpiko ezarri ditu gauza guziak, eta hura eman dio gaineko buru eliza guziari,

        23. Zeina baita haren beraren gorphutza, eta guziak guzietan bethetzen dituenaren bethetasuna.

 

II. KAP.

        1. Eta zuek, hilak zinetenean zuen hoben eta bekhatuez,

        2. Zeinen erdian baitzinabiltzaten lehen mundu hunen izpirituaren arabera, aireko bothereen buruzagiaren arabera, fedegabeko umeen izpirituaren arabera,

        3. Zeinen erdian gu ere noizbait egotu baikare, gure haragiaren lehien arabera biziz, haragiaren nahikari eta gogoak eginez, eta ethorkiz bertzeak bezala arrearen ume baikinen;

        4. Urrikalmenduz aberats den Jainkoak ordean, ekharri darokun amodioaren handiz,

        5. Eta hilak ginaduzkanean bekhatuak, bizia bihurtu daroku Kristoren baithan (zeinaren graziaz salbatuak baitzarete),

        6. Eta Jesu-Kristorekin batean bitzarazi eta zeruetan jarrarazi gaitu;

        7. Erakhustekotzat, Jesu-Kristoren baithan guretzat agertu duen ontasunaz, bere graziaren aberastasun nasaiak.

        8. Alabainan fedeari esker graziak salbatu zaituzte; eta hori ez da zuen ganik heldu, ezen Jainkoaren dohain bat da;

        9. Ez dathor eginkarietarik, nihork ez dezan bere buruaz espanturik izan.

        10. Ezen harek berak eginak gare, Jesu-Kristoren baithan kreatuak Jainkoak aphaindu dituen eginkari onetan, gu hekietan ibil gaitezentzat.

        11. Hargatik orhoit zaitezte sortzez pagano zinetela lehen, ingurebakigabeak deitzen direnetarik, ingurebakiak deitzen direnen ariatik, eskuz hekien haragian eginikako ingurephaitzaren gatik;

        12. Orhoit zaitezte, orduan Kristo gabe zinetela, Israelgo baldarnatik atze, agintzako patuetarik arrotz, igurikimenik eta Jainkorik gabe mundu huntan.

        13. Orai ordean, Jesu-Kristori esker, lehen urrun zinetenak, aldean ezarriak zarete Kristoren odolaz.

        14. Ezen hura da gure bakea, bi populuetarik bat egin duena, bere haragian urraturik bien arteko harrasia, erran nahi etsaigoa;

        15. Bere erabakiez manamenduetako legea ezeztaturik, bi populuetarik bere baithan gizon berri baten egiteko, hekien artean bakea ezarriz;

        16. Eta gorphutz batean bien baketzeko Jainkoarekin gurutzeaz, bere baithan ithorik hekien arteko etsaigoak.

        17. Eta ethorririk, ala urrun zinetenei, ala hurbil zirenei, orori erantzun darotzuete bakea;

        18. Ezen hari esker dugu batzuek eta bertzeek Aitaren ganat helbide Izpiritu beraren eragintzaz.

        19. Etzarete beraz gehiago ez arrotz, ez atze; bainan sainduen herritarrak zarete, Jainkoaren etxekoak,

        20. Apostoluen eta profeten asentuen gainean altxatuak, Kristo Jesus bera delarik izkinako horri handia,

        21. Zeinaren gainean jarria den leihorra handitzen hari baita, tenplo saindu Jaunarentzat bilhakatzeraino;

        22. Eta zuek ere tenplo haren zathi egiten hari zarete Jainkoaren egon-lekhutzat Izpirituaren eragintzaz.

 

III. KAP.

        1. Aria hortarako, ni Paulo, Jesu-Kristoren gatik preso naizena, zuentzat berezia izan naiz, paganoak;

        2. Ezik aditu duzue, zuen gainera Jainkoaren graziaren hedatzeko kargua emana izan zaitala,

        3. Agerpen batean izatu baitut misterio horren ezagutza, gorago hitz laburrez iskribatu darotzuedan bezala;

        4. Eta irakurtuz ezagut dezakezue nola izan naizen argitua Kristoren misterioaz,

        5. Zeina ez baita bertze gizaldietan gizasemeei agertua izan, hala-nola Izpirituaz orai haren apostolu eta profetei;

        6. Erran nahi, jendaiak ondorekide, gorphuzkide eta Jainkoaren agintzan phartedun direla Jesu-Kristoren baithan ebanjelioaz,

        7. Zeinaren ministro egina bainaiz, Jainkoaren graziaren dohain niri emana izan zaitanaz, haren ahalak egin bezala.

        8. Niri, saindu guziearik ttipienari emana izan zait beraz Kristoren ezin-ikhartuzko aberastasunak jendaiei erantzuteko grazia,

        9. Eta gizon guzien argitzekoa, hean zer den, mendeen hastetik Jainko gauza guzien kreatzailearen baithan gordea dagoen misterio horren emaitza;

        10. Printzete eta bothereek zeruetan Elizaren bidez ezagut dezatentzat Jainkoaren asko moldetako zuhurtzia,

        11. Egundainotik zuen eta orai bethe duen xedearen arabera Jesu-Kristo gure Jaunaren bidez,

        12. Zeinaren baithako fedeaz baitugu Jainkoaren ganako fidantzia eta helbide fidantziazkoa.

        13. Hargatik othoi, ez gogoa gal, zuengatik ditudan atsekabeen ariaz, hekietan baita zuen ospea.

        14. Gauza horri esker, belhaunez jotzen dut lurra Jesu-Kristo gure Jaunaren Aitaren aitzinean,

        15. Zeinaren ganik deitzen baitire zeru-lurretan aita izena ekhartzen duten guziak;

        16. Bere ospeko aberastasunen arabera eman dezazuen, bere Izpirituaren eragintzaz gizon barrentian gogortzeko indarra;

        17. Eman dezazuen, Kristok fedearen ariaz zuen bihotzetan egitea bere egoitza; arren-eta karitatean zuen erroak eginik eta asentuak jarririk,

        18. Saindu guziekin adi ahal dezazuekeen zer diren zabaltasuna, luzetasuna, goratasuna eta barrentasuna,

        19. Eta ezagut Kristoren karitatea, jakitate guziez goragokoa, Jainkoaren bethetasuneko dohainez bethe zaiteztentzat.

        20. Galdatzen duguna, edo gure baithan eragiten duen indarrari esker aditzen duguna baino nasaikiago egiteko ahaldun denari

        21. Ospe bihur bekio Elizaz eta Jesu-Kristoz, menderen mendetako gizaldi guzietan. Halabiz.

 

IV. KAP.

        1. Hargatik othoizten zaituztet nik, Jaunaren gatik burdinetan naizenak, behar den bezala ibil zaitezten deithuak zareten bidean;

        2. Aphalguratasun osorekin, eztitasunekin, jasankortasunekin, batak bertzea karitaterekin egarriz,

        3. Ardura izanez bakearen lokharrian begiratzeko izpiritu beraren batasuna.

        4. Izan zaitezte gorphutz bat eta izpiritu bat, igurikimen ber batera deithuak izan zareten bezala.

        5. Jaun bat da, fede bat, bathaio bat.

        6. Jainko bat da eta guzien Aita, guzien gaineko dena, gauza orotara hedatzen dena, eta gure guzien baithan dagona.

        7. Bada, gutarik bakhotxari grazia emana izan zaiku, Kristok eman neurriaren arabera.

        8. Hargatik errana da: Goiti igaitean eraman ditu gathibu elemeniak; gizonen gainera ixuri ditu bere emaitzak.

        9. Eta igan dela, zer erran nahi da, non ez lehenik jautsi dela lurreko aurkhintza beherenetara?

        10. Jautsi dena, hura bera da zeina zeru guziez goiti igan ere baita, gauza guzien bethetzeko.

        11. Harek berak eman ditu batzu apostolutzat, batzu berriz profetatzat, bertze batzu berriz ebanjelist-tzat, bertze batzu berriz, artzain eta irakhasletzat;

        12. Hari ditezen sainduen perfet egiten, beren eginbideen bethetzen, Kristoren gorphutzaren egiten;

        13. Guziak hel gaitezen arteo fedeko eta Jainko Semearen ezagutzako batasunera, gizon perfet izatera, Kristoren adineko bethetasunaren neurrira;

        14. Arren-eta gehiago izan ez gaitezen haur aldakor batzuen iduriko, eta itzulika ez gaitezen irakhasmenetako haize orotara gizonen gaixtakeriaren bidez, eta enganatzeko duten xothiltasunaz.

        15. Bainan karitateaz egiari bere bidea emanez, Jesu-Kristo gure buruzagiaren baithan berha gaitezen;

        16. Haren ganik, gorphutza oro batean iratxikia eta bildua giltzadura guziaren bidez, alderdi bakhotxak egiteko duen lanaren arabera, hari da berhatzen, karitateaz oso egin dadien arteo.

        17. Hau erraten darotzuet beraz, eta Jaunaz errekeitzen zaituztet, gaurgero etzaitezten ibil, beren gogoko hutsalkerian dabiltzan bezala jendaiak,

        18. Zeinek adimendua ilhunbez itsutua baitute; zeinak, beren bihotzeko itsutasunaren gatik duten jakitate eskasaz Jainkoaren bizian atzetuak baitire;

        19. Zeinek etsian beren buruak eman baitituzte lizunkeriari, zer-nahi lohikeriaren egiteari eta jaramankeriari.

        20. Zuek ordean Kristoren ganik ez duzue horrelakorik ikhasi;

        21. Baldin bizkitartean hura entzun baduzue; eta Jesusen baithako egiaren arabera, ikhasiak bazarete

        22. Eraunzten gizon zaharra, zeinaren arabera baitzineten beihala bizi, eta zeina andeatzen baita zalekerien zoramenduari jarraikiz.

        23. Berri zaitezte bada izpirituz eta gogoz,

        24. Eta jauntzazue gizon berria, zeina Jainkoaren arabera zuzentasunean eta egiazko saindutasunean kreatua baita.

        25. Aria hortaz, utzirik gezurra, egiaz mintza zaitezte zein zuen lagunari, zeren batzu bertzeen zathi baitzarete.

        26. Samurtzen bazarete, berautzue bekhaturat eror; zuen hasarrearen gainera ez bedi etzan iguzkia.

        27. Debruari lophiderik ez utz;

        28. Ohointzan zabilanak ez beza gaurgeroz ebats; bainan hobeki, lanean hari bedi, bere eskuz on den zerbait eginez, izan dezan nondik eman beharraren azpian denari.

        29. Niholazko elhe gaixtorik zuen ahotik ez bedi athera; bainan fedearen goragarri izan bedi zuen solas bakhotxa, aditzen dutenei graziaren emateko.

        30. Eta atsekaberik ez eman Jainkoaren Izpiritu sainduari, zeintaz zigilatuak baitzarete berrerospeneko egunerakotzat.

        31. Uherdura, hasarre, sumindura, oihu, ahapaldiak, zuetarik iraiz beitez maltzurkeria guziekin.

        32. Elkharrentzat izan zaitezte on, urrikalmendutsu; barkha elkharri, Jainkoak ere zuei Kristoren baithan barkhatu darotzueten bezala.

 

V. KAP.

        1. Ume maite batzu bezala, izan zaitezte Jainkoaren imitari;

        2. Eta amodioan ibil zaitezte, Kristok ere gu maithatu gaituen bezala, eta bere burua guretzat eman baitu eskaintzetan eta bitimatzat, Jainkoari urrin gozotan.

        3. Berriz, haragiko bekhatuaren eta edozein lohikeriaren edo jaramankeriaren izenik ere ez bedi zuen artean aipha, sainduei dagokioten bezala;

        4. Ez itsuskeria, ez elhe zoro, ez harrokeria eder ez denik ez bedi entzun; bainan hobeki, esker onezko solasak.

        5. Jakizue ezen, ez haragikoi, ez lohi, ez jaramanik (halakoek idolak zerbitzatzen dituzte) ez dela Kristoren eta Jainkoaren erresuman phartedun.

        6. Elhe huts batzuez nihork ez bezaitzate zoraraz, ezen holako gauzek jautsarazten dute Jainkoaren hasarrea fedegabeko umeen gainera.

        7. Halako gizonekin ez izan beraz baltsarik.

        8. Lehen ilhunbe zineten alabainan; orai ordean argi zarete Jaunaren baithan. Argiaren umeak bezala ibil zaitezte;

        9. Ezen argiaren eragintza, ontasun, zuzentasun eta egiaren araberako eginkarietan da.

        10. Ikhusazue zer daitekeen Jainkoaren gogarako,

        11. Eta ez bezaitezte khutsa ilhunbeetako egintza agorretan; aitzitik kondena zatzue.

        12. Ezen halako gizonek itzalean egiten dutena, aiphatzeko ere itsusi da.

        13. Bada, azurriagarri direnak oro, argiak ezartzen ditu agerian; argia da alabainan gauza guziak agertzen dituena.

        14. Aria hortaz erraten da: Jaiki, lotan hagoena, jaiki hilen artetik, eta argituren hau Kristok.

        15. Hargatik, anaiak, ikhusazue nola ibiliko zareten ernerik; ez zoroak iduri,

        16. Bainan zuhurrak bezala, denborari atzemanez, gaitzak direlakoz oraiko egunak.

        17. Ez beraz ergel izan, bainan ezagutazue zer den Jainkoaren nahia.

        18. Eta arnoan ez sar, hartan baitago linburkeria; bainan Izpiritu sainduaz bethe zaitezte,

        19. Zuen artean psalmoz, eta himnoz, eta kantika ispiritualez solas duzuelarik, Jaunari zuen bihotzen erditik kantikak eta psalmoak kantatuz;

        20. Orotaz bethi, Jesu-Kristo gure Jaunaren izenean, Jainko Aitari eskerrak bihurtuz.

        21. Kristoren beldurrean elkharri amor ekharrazue.

        22. Emazteak beren senharrei Jaunari bezala izan beitez ethordun;

        23. Zeren senharra baita emaztearen burua, hala-nola Kristo Elizaren burua baita, haren gorphutzaren salbatzailea.

        24. Eta nola Kristori ethordun baitzaio Eliza, emazteek ere beren senharrei orotan hala izan behar dute.

        25. Gizonak, maitha zatzue zuen emazteak, Kristok ere Eliza maithatu eta bere burua harentzat eman duen bezala,

        26. Haren saindutzea gatik, urezko bathaioan biziko hitzaz garbiturik,

        27. Bere aitzinera ospetsu agerraraz dezan, notharik, zimurrik, edo bertze holakorik gabe, bainan saindu eta notharik gabe.

        28. Orobat senharrek ere beren emazteak maithatu behar dituzte beren gorphutzak bezala. Bere emaztea maite duenak, bere burua maite du.

        29. Alabainan egundaino nihork ez du bere haragia gaitzetsi; bainan hazten du, eta ahalik hobekiena egiten dio, Kristok ere Elizari bezala;

        30. Haren gorphutzeko alderdiak garelakoz, haren haragi eta hezurretarikakoak.

        31. Hargatik gizonak utziko ditu bere ait-amak, eta iratxikiko da bere emazteari, eta haragi batean bia izanen dire.

        32. Handia da sakramendu hori, diot bada, Kristoren baithan eta Elizan.

        33. Zuek ere beraz maitha zazue batbederak zuen emaztea zuen burua bezala; emaztea berriz, senharraren larderian bizi bedi.

 

VI. KAP.

        1. Haurrak, Jaunaren ariaz zuen burhasoen alderat ethorkor izan zaitezte; ezik zuzen da hori.

        2. Ohora ait-amak (manamendu hori da, sari agintza duen lehenbizikoa),

        3. Lurraren gainean izan dezazun zorion eta bizitze luzea.

        4. Eta zuek, aitak, sumintzera ez ekhar zuen haurrak; bainan altxa zatzue Jaunaren araberako irakhaspen eta kridantzetan.

        5. Sehiak, haragiaren araberako zuen nausiei, Kristori bezala jauts zakizkiote, beldurrean eta agur ekharriz bihotzeko lainotasunean;

        6. Ez bakharrik begiko zerbitzatuz, gizonei aurkhitzea gatik bezala; bainan hala-nola Kristoren zerbitzariek, Jainkoaren nahia bihotzetik eginez,

        7. Gogotik zerbitzatuz, Jauna zerbitzatzen bazindute bezala eta ez gizon batzu,

        8. Jakinez, zer ongi egin baitukezue bakhotxak, eta haren saria Jaunaren ganik izanen duzuela, ala gathibuak, ala pelutak.

        9. Eta zuek, nausiak, halaber egiozuete, larderiak utziz, jakinez eta hekien eta zuen Jauna zeruetan dela, eta nor-nor-den hura ez dela begiratzen.

        10. Gainerakoan, anaiak, Jaunaren baithan eta haren ahal handitako indarrean gothor zaitezte.

        11. Jainkoaren harma guziak soinera har zatzue, ihardets ahal dezazuen debruaren maltzurkeriei.

        12. Ez dugu ezen gudukatzeko haragiaren eta odolaren kontra, bainan-bai printzete eta bothereen kontra, mundu ilhun huntako buruzagien kontra, aireko izpiritu gaizkinen kontra.

        13. Hargatik har zatzue Jainkoaren harmak, egun gaitzean ihardets ahal dezazuentzat eta sendorik egon gauza guzietan.

        14. Zaudezte beraz gogor, egiaz gerria tinkaturik, eta zuzentasuneko gerruntzea soinean,

        15. Eta oinetakoak jauntzirik, bakezko Ebanjelioaren bidean aitzinatzeko;

        16. Ordu oroz fedearen erredola eskuan, hartaz iraungi ahal detzatzuen etsai gaixtoaren suzko geziak;

        17. Eta har zazue salbamenduko kaska, eta ezpata ispirituala (hura baita Jainkoaren hitza),

        18. Noiz-nahi gogoz othoitz eta errekeika hariz, ardura handirekin atzarriak egonez othoitz egitera saindu guzientzat

        19. Eta enetzat; arren-eta, ahoa idekitzen dudanean, Jainkoak hitza eman dezadan, heraberik gabe erantzuteko Ebanjelioaren misterioa,

        20. Zeintako izan kargua, burdinetan. bethetzen baitut orai; haletan non mintzo bainaiz behar den khabu guziarekin.

        21. Berriz, zuek ere jakin detzatzuen ene inguruko egitekoak eta zer hari naizen, horietaz orotaz argituko zaituzte Tikikok, anaia guziz maite eta Jaunaren zerbitzari zinak;

        22. Zeina hortako bereko igorri baitarotzuet, jakintsun izan zaitezten gure inguruko gauzez, eta gozakari eman diozoten zuen bihotzei.

        23. Bakea anaiei, eta fedearekin karitatea Jainko Aitaren eta Jesu-Kristo gure Jaunaren ganik.

        24. Amodio garbiz Jesu-Kristo gure Jauna maite duten guziekin izan bedi grazia. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa