www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

TIMOTHEORI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

LEHENBIZIKO GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo, Jesu-Kristoren apostolua, Jainko Salbatzailearen, eta Jesu-Kristo gure igurikimenaren manuz;

        2. Timotheori, fedetikako seme maiteari. Grazia, urrikalmendu eta bake zuri Jainko Aitaren eta Jesu-Kristo gure Jaunaren ganik.

        3. Othoizten zaitut, lehen ere Mazedoniarakoan egin zaitudan bezala, Epheson egon zaitezen, eta mezu detzatzun zenbait gizon ez ditezen hari gutaz bertzela irakhasten,

        4. Eta beren ardura ez dezaten ezar elhe xahar eta burugabeko iraulgi bilhaketetan, zeinak hobeak baitire eztabada bizteko, ezen-ez Jainkoaren lanaren aitzinarazteko, hori fedeaz egiten baita.

        5. Bada, manamenduen azken burua karitatea da, bihotz garbi batetik, kontzientzia on eta fede itxurazkoa ez denetik heldu dena.

        6. Batzu, hekietarik makhurtuz, elhe alferretara itzuli dire,

        7. Legearen irakhasle izan nahiz, berek ez dakitelarik ez zer derasaten, ez zer seguratzen duten.

        8. Bada, legea ona dela badakigu, zuzen den bezala erabiltzen badu norbaitek,

        9. Ezagutuz legea ez dela prestuarentzat ezarria, bainan-bai gaizkian eta bihurrikerian dabilizanentzat, inpio eta bekhatoreentzat, gaixtagin eta khutsatuentzat; aita, ama eta gizon hiltzaileentzat;

        10. Emakoi, muthilkoi, gathibuen harrapari, gezurti eta zin hausteentzat, eta irakhaspen onari hoben egiten diotenentzat;

        11. Irakhaspen hau baita Jainko dohatsuaren ospearen araberako Ebanjelioa, eta erantzutera niri emana izan dena.

        12. Eskerrak diozkat bihurtzen ni hazkartu nauenari, Jesu-Kristo gure Jaunari, zeren nauen zintzat iduki, kargu huntan ezartzean

        13. Ni, aitzinean arnegu, jazarpen eta irain egile izan naizena; bainan Jainkoaren urrikalmendua ardietsi dut, zeren jakin gabez eta federik ez izanez hari bainintzen.

        14. Ene gainera ordean graziak gaindi egin du fedearekin eta Kristo Jesusen baithan den karitatearekin.

        15. Gauza egiazkoa eta aria oroz onhestekoa da, mundu huntara ethorri dela Kristo Jesus bekhatoreen salbatzera, hekien artean ni bainaiz lehena.

        16. Bainan huna zertako ardietsi dudan urrikalmendu: Kristo Jesusek ene gainean lehenik erakhuts zezan jasankortasun oso bat, haren baithan sinhetsiko dutenen argigarri, bethiereko bizitzera heltzekotzat.

        17. Bada, mendeetako Errege, ezin hil, ezin ikhus daitekeenari, Jainko bakharrari, ohore eta ospe menderen mendetan. Halabiz.

        18. Hau mezutzen darotzut, Timotheo ene semea, zutaz izan diren profezien arabera, hekiek nahi bezala guduka zaitezen gudulari onen arara,

        19. Idukiz fedea eta kontzientzia ona, zeinetarik urrunduz batzuek fedean kosta jo baitute.

        20. Hekietarik dire Himeneo eta Alexandro, zeinak eman baititut satani, ikhas dezaten burhoaren uzten.

 

II. KAP.

        1. Beraz, gauza orotarik lehena, othoizten zaitut egin ditezen othoitz, errekei, galde, esker onak gizon guzientzat,

        2. Erregeentzat eta kargutan gora diren guzientzat, bizitze jabal eta gozo bat izan dezagun, jainkotiartasun eta garbitasun osoekin.

        3. Ezen hori gauza ona da eta onhetsia Jainko gure Salbatzaileaz,

        4. Zeinak nahi baitu gizon guziak salba eta egiaren ezagutzara hel ditezen.

        5. Ezen Jainko bakhar bat da, ararteko bakhar bat ere Jainkoaren eta gizonen artean, Jesu-Kristo gizona,

        6. Zeinak guzien berrerosteko eman baitu bere burua, muga bereziari lekhukotasunetan.

        7. Hargatik ni izan naiz ezarria (egiaz mintzo naiz eta ez gezurrez) erantzule, Apostolu, jendaien irakhaste fedean eta karitatean.

        8. Nahi dut beraz gizonek toki orotan othoitz egin dezaten, esku garbiak altxatuz, hasarre eta eskatimarik gabe.

        9. Orobat egin bezate emaztekiek ere, behar-bezalako jauntzian, beren buruak aphainduz ahalkesunekin eta zuhurki; ez ile kuskuilatuekin, urhe, perla eta soineko baliosekin;

        10. Bainan eginkari onez jainkotiartasun erakhusten duten emaztekiei dagokioten bezala.

        11. Emaztekia ikhasten egon bedi ixilik eta jauspen osoarekin.

        12. Emaztekiari berriz, irakhasten haritzea ez diot zilhegi uzten, bainan ixilik egon bedi.

        13. Ezen Adam lehenbizikorik egina izan da, gero Eba;

        14. Eta Adam ez da enganatua izan; emaztekia ordean, enganatua izanik, Jainko legearen haustera erori da.

        15. Guzia gatik salbatuko da eginen dituen haurren ariaz, irauten balin badu fedean, karitatean, eta saindutasunean bizi-molde zuhur batekin.

 

III. KAP.

        1. Egia da, norbaitek aphezpikutasunaren lehia balin badu, gauza onaren lehia duela.

        2. Aphezpikua izan behar da beraz baiagabea, behin baizik ez ezkondua, sabel zuhurrekoa, umoa, gurbila, garbia, arrozkina, irakhasle ona;

        3. Ez arnozalea, ez joslea, bainan modesta; ez khimeraria, ez dirukoia, bainan

        4. Bere etxeari ongi hotsemanen dioena, haur ethorkor eta osoki garbiak dituena.

        5. Norbaitek alabainan bere etxeari hotsematen ez badaki, nola hartuko ahal du artha Jainkoaren Elizaz?

        6. Aphezpikutzat ez da kristau berria izan behar, beldurrez-eta hanpuruskerietan iganik debruaren kondenamendura eror dadien.

        7. Bada, aithor ona ere behar du kanpoan direnetarik, laidotara eta debruaren arteetara ez dadien eror.

        8. Diakreak halaber izan behar dire garbiak, ez bi hitzetakoak, ez arnoari emanak, eta irabazi itsusiei darraizkotenak;

        9. Bainan fedeko misterioa bihotz garbian begiratzen dutenak.

        10. Hekiek ere behar dire lehenik frogatu, eta gero kargutan sarthu, hobenik ez badute gainean.

        11. Emaztekiak halaber izanen dire garbiak, ez mihi gaixtokoak, bainan begiratuak eta orotan fidelak.

        12. Diakreak izan beitez, emazte bat baizik hartu ez duten gizonak, beren haur eta etxeei ongi hotsematen dutenak.

        13. Ezik beren eginbideak ongi betheko dituztenek, kargu handiak ardietsiko dituzte eta fidantzia hainitz Jesu-Kristoren baithako fedean.

        14. Haukiek iskribatzen darozkitzut, uste dudan arren laster zure ganat ethorri;

        15. Bainan berantzera heldu balin banintz ere, jakin dezazun zer duzun egin beharrik Jainkoaren etxean, zeina baita Jainkoaren Eliza, egiaren habea eta asentua.

        16. Eta ageri da zerbait handirik dela urrikalmenduzko misterio, haragian erakhutsia izan dena, izpirituaren aithorra duena, aingeruei agertu eta jendaiei erantzuten zaiotena, munduan sinhetsia eta ospetara altxatua izan dena.

 

IV. KAP.

        1. Bada, garbiki dio Izpirituak, ethorkizunean izanen direla fedetik gibelatuko diren batzu, jarraikiz enganiozko izpirituari eta debruen irakhasmenei,

        2. Gezurra itxura ederraren azpian erranen, eta kontzientzia orbainduak dituztenei,

        3. Debekatuko dutenei ezkontza eta jatea haragietarik, fededunek eta egia ezagutzen dutenek esker onak bihurtuz jateko Jainkoak egin dituenetarik.

        4. Ezen onak dire Jainkoak egin gauza guziek, eta esker onekin jaten direnetarik, ez da deusere uzteko;

        5. Jainkoaren ganako hitzaz eta othoitzaz sainduesten dire alabainan.

        6. Horiek anaiei irakhatsiz, izanen zare Jesu-Kristoren ministro on bat, fedeko eta ikhasi duzun irakhasmen oneko hitzaz hazia.

        7. Berriz, elhe xahar eta xoroei urrun egiozute, bainan jainkotiartasunari jarraik zaite.

        8. Ezen deus-gutitako baliatzen da gorphutzaren erabiltzea, bainan orotako on da jainkotiartasuna, hunek baitu oraiko eta geroko bizitzearen agintza.

        9. Egia garbia da hori, eta guziek onhetsi beharra.

        10. Alabainan aria hortaz nekhe eta madarizioneak egartzen ditugu, gure pheskiza delakoz Jainko biziaren baithan, zeina gizon guzien Salbatzailea baita, eta bereziki fededunena.

        11. Horiek erantzun eta irakhatsatzu.

        12. Egizu nihork etzaitzan arbuia zure gaztetasunaren ariaz; bainan fededunen ikhuskari izan zaite zure hitz, urhats, karitate, fede eta garbitasunaz.

        13. Ni ethorri arteo, jarraik zaite irakurtzeari, eta bertzeen berotzeari eta argitzeari.

        14. Ez utz ardurarik gabe zure baithan den grazia, profezia baten ariaz aphezek eskuak zure gainera emanik izan duzuna.

        15. Horiez alha zazu zure gogoa, horietan idukazu; zure aitzinamendua guzientzat izan dadien ageri.

        16. Erne zaude zure buruaren gainera eta bertzeen argitzera; horietan berma zaite; ezen hola eginez salbatuko ditutzu eta zure burua eta zure entzuleak.

 

V. KAP.

        1. Ez azurria gizon zaharra, bainan errekei zazu aita bat bezala; gizon gazteak, anaia batzu bezala;

        2. Emazteki zaharrak, ama batzu bezala; neskatxak, arreba batzu bezala, garbitasun osoarekin;

        3. Ohora emazteki alhargun, zinez alhargun direnak.

        4. Alhargun batek semeak edo arresemeak balin baditu, lehenik ikhas beza bere etxeari hotsematen eta bere burhasoei ordainez eginbideen bihurtzen; hori da ezen Jainkoaren gogarako.

        5. Bainan egiazki alhargun eta zurtz denak, Jainkoaren baithan iduk beza bere igurikimena, eta othoitz-errekeiei jarraik bedi gabaz eta egunaz.

        6. Ezen gurikerien erdian bizi dena, bizi delarik hila da.

        7. Eta hau mana zozute, estakurugabeak izan ditezela.

        8. Norbaitek bere odolekoez, eta bereziki etxekoez artharik ez badu, ukho egin dio fedeari, eta fedegabekoaz areago da.

        9. Hautatzen den alharguna, ez bedi izan hirur hogoi urthez azpikoa, eta senhar bat baino gehiago izan duena;

        10. Izan beza eginkari onen aithorra, hean ongi altxatu dituen bere haurrak, arrotzei leihorra eman, sainduen oinak garbitu, atsekabedunak lagundu; hean eginkari on guziei jarraiki denez.

        11. Bainan ez onhets alhargun gazteagorik; ezen Kristoren zerbitzuan guriki bizi ondoan, ezkondu nahi dute,

        12. Beren kondenamendua biltzen dutelarik, hutsaltzen dutelakoz aitzinean eman fedea.

        13. Hanbatean berriz, ikhasten dute alferrik etxez etxe ibiltzen; ez ezik alfer, bainan oraino elhuntzi, eta oro jakin nahi, behargabeko gauzez mintzatuz.

        14. Nahi dut beraz ezkont ditezen, haurrak egin detzazten, ama familiako izan ditezen, arren-eta ixterbegiei ez diozoten niholaz gaizki mintzatzeko biderik eman.

        15. Jadanik alabainan badire zenbait, satani jarraikitzeko itzuli direnak.

        16. Fededun zenbaitek odolean balin baditu alhargunak, behar dutena eman biozote, Elizaren bizkar ez ditezen geldi, eta Elizak izan dezan egiazki alhargun direnen doia.

        17. Hotsemaile on diren aphezak, bietan izan beitez ohoratuak, bereziki hitzaren eta irakhasmenaren erantzuten hari direnak.

        18. Dio ezen Iskriturak: Bihi jotzen hari den idiari ez diozu muthurrekorik ezarriko; langileak merezi du bere saria.

        19. Aphezaren kontrako eratxikpenik ez onhets, bi edo hirur lekhukoren ahotik baizen.

        20. Bekhatu egileak guzien aitzinean azurria zatzu, beldurra izan dezaten bertzeek ere.

        21. Jainkoaren aitzinean, Jesu-Kristoren eta aingeru hautetsien aitzinean errekeitzen zaitut, horiek iduk detzatzun, aitzinetikako iduripenik gabe, eta batarentzat hartu gabe bertzearen alderat baino ixuri gehiago.

        22. Nihoren gainean eskuak ez ezar berehalakoan, eta bertzeen bekhatuan ez khutsa. Idukazu zure burua garbi.

        23. Ez egon oraino ur hutsa edanez; bainan arno xorta bat har zazu zure urdailaren eta ardurako txarraldien gatik.

        24. Gizon batzuen bekhatuak juiamendua baino lehen ageri dire; bertze batzuenak berriz, hari darraizkola.

        25. Halaber eginkari onak ere ageri dire; eta bertzela direnak, ez ditezke gordeak egon.

 

VI. KAP.

        1. Gathibutasuneko uztarriaren azpian direnek iduk bezate, ohore guziak beren nausiei zor diozkatela; arren-eta Jaunaren izenak eta irakhasmenak ez dezaten ahapaldirik jasan.

        2. Bada, nausi fededunak dituztenek, ez betzate gutiets, anaiak direlakoan; aitzitik zerbitzu hobea egin biozote, fededunak direlakoz eta maithatzekoak, zeren grazian phartedun baitire. Hori irakhatsozute eta hortara deitzatzu.

        3. Baldin norbaitek bertzela irakhasten badu, eta Jesu-Kristo gure Jaunaren solas salbagarrietara eta jainkotiartasunaren araberako irakhasmenera erortzen ez bada,

        4. Hanpurutsu bat da, deusik ez dakiena, bainan gogo eri bat dabilana hitzezko aria eta eztabaden ondoan, zeinetarik ilkhitzen baitire bekhaizgo, makhur, ahapaldi, aiheru tzar,

        5. Khimerak, barne galduko gizonen artean, halakoak egiaz gabetuak baitire, eta uste baitute irabazbide bat dela Jainkoaren zerbitzua.

        6. Bada, gutiaz doi egiten duen jainkotiartasunean datza irabazbide handia.

        7. Alabainan ez dugu mundu huntara deusere ekharri, eta segurki ez dezakegu deusik eraman ere.

        8. Dugunean beraz zer jan eta zertaz estal, aski izan behar zaiku.

        9. Ezen aberastu nahi direnak erortzen dire tentazionera, debruaren arteetara, behargabeko lehia gaixto hainitzetara, zeinek heriotzean eta galpenean pulunpatzen baitituzte gizonak.

        10. Alabainan aberastu nahia, gaitz guzien erroa da; eta hartaz atzemanak diren zenbait, fedetik zeihertu eta atsekabe hainitzen erdira sarthu dire.

        11. Zuk ordean, oi Jainkoaren gizona, holako gauzei ihes egiozute; aitzitik zuzenbideari, jainkotiartasunari, fedeari, karitateari, jasankortasunari, eztitasunari zarraizkiote bethi,

        12. Fedearen gudu onean guduka zaite; loth zakizkio bethiereko bizitzeari zeintara deithua baitzare, eta zeinaren gatik aithor ona eman baituzu hanbat lekhukoren aitzinean.

        13. Jainkoaren aitzinean, zeinak gauza guziei ematen baitiote bizia, eta Jesu-Kristoren aitzinean, zeinak Ponzio Pilatoren aitzinean lekhukotasun eta aithor ona egiari bihurtu izan baitio, manatzen darotzut,

        14. Iduk dezazun ene manamendua notharik gabe eta garbirik, ethor dadien arteo Jesu-Kristo gure Jauna,

        15. Zeina agerraraziko baitu bere mugan dohatsu eta bakharrik ahaldun denak, erregeen Erregeak, jaunen Jaunak,

        16. Zeinak bakharrik baitu hilezintasuna, eta egiten baitu bere egoitza nihor ezin-hurbilduzko argiaren erdian; zeina gizonetarik nihork ez baitu ikhusi, ez-eta ikhus ahal ere; zeinarenak baitire bethi guzian ohorea eta nausitasuna. Halabiz.

        17. Mende huntako aberatsei mana zozute, ez dezaten hanpuruskerian har beren gozoa, ez-eta aberastasun galkorretan ezar beren pheskiza; bainan behar direnak oro nasai gozatzera ematen darozkigun Jainko biziaren arabera;

        18. Ongi ibil ditezen, eginkari onez aberats egin, gogotik eman, dutenetik beharrak lagunt,

        19. Eta gerokotzat beren buruei asentu on bat egin diotzoten, egiazko bizitzearen ardiesteko.

        20. Oi Timotheo, zaintzera emana begira zazu; ihes egiozute hitzetako berrikuntza arrotzei, eta jakitate faltsu baten enferrei;

        21. Haren hedatzen hari diren zenbait, fedetik zeihertu baitire. Grazia dela zurekin. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa