www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

HEBREARREI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Beihala asko aldiz eta asko moldez gure arbasoei profeten arartekoz mintzatu zaioten ondoan Jainkoa, azkenik

        2. Egun haukietan mintzatu izan zaiku bere Semearen ahoz, zeina ezarri baitu gauza guzien premu, zeinaren bidez egin baititu mendeak ere;

        3. Zeina, haren ospearen distiradura eta haren izantzaren itxura den bezala, gauza guziak bere hitzaren indarraz jasaiten dituena; bekhatuen xahupena eginik, jarria baitago maiestatearen eskuinean zeru gorenetan,

        4. Hanbatenaz aingeruen garai, zenbatenaz-ere harek izatu duen izenak aingeruenaren gainean baiteramaka.

        5. Ezen aingeruetarik zeini egundaino erran izan dio Jainkoak: Ene Semea zare, egun aitatu naiz zutaz? Eta oraino: Ni izanen natzaio Aitatzat, eta hura semetzat izanen zait?

        6. Eta oraino ere, lurrera dakharrenean bere lehen-sorthua, erraten du: Adora bezate Jainkoaren aingeru guziek.

        7. Eta aingeruez, hau dio: Izpirituak egiten ditu bere aingeru, eta su garrak bere zerbitzari.

        8. Bainan Semeari: Jainkoa, zure tronua menderen mendetako izanen da; zure errege makhila, zuzenbideko makhila.

        9. Maithatu duzu zuzena, eta higuindu makhurra; hargatik, oi Jainkoa, zure Jainkoak zaitu bozkariozko olioaz gantzutu, zurekin phartedun direnen gainetik.

        10. Eta oraino: Hastapenean, Jauna, zuk egin duzu lurra bere asentuen gainean, eta zure eskuetako lanak dire zeruak.

        11. Galduko dire hekiek; zuk ordean iraunen duzu, eta hekiek oro soineko bat bezala ihetxetuko dire;

        12. Eta aldagarri bat bezala aldaturen ditutzu, eta aldatuak izanen dire; zu ordean bethi bat zare, eta ez dire akhituren zure urtheak.

        13. Berriz, aingeruetarik zeini egundaino erran izan dio: Jar zaite ene eskuinean, zure etsaiak ezar detzadan arteo zure oinpeko alkhi?

        14. Aingeruak ez othe dire izpiritu zerbitzariak, salbamenduko primantza ardietsiko dutenen gatik bidaliak, eginbide zerbaiten bethetzera?

 

II. KAP.

        1. Hargatik behar ditugu entzun ditugunak hobeki begiratu, ez gaitezen ura bezala suntsi.

        2. Ezen aingeruek erran hitza gogor egotu balin bada, eta lege hauste eta bihurrialdi guziek izan badute beren saria;

        3. Nola itzuriko gare gu, baldin bazterrerat uzten badugu irakhaspen hain salbagarria, zeina Jaunak berak erantzuten abiatu ondoan hastean, aditu dutenek baitute gure baithan seguratu;

        4. Jainkoak lekhukotasun egiten zuelarik, hanbat ezagutkariz, sendagailaz, eta mirakuluz, eta Izpiritu saindua berak nahi duenaren gainerat ixuriz?

        5. Jainkoak alabainan ez du aingeruen azpiko ezarri, aiphatzen dugun mundu ethorkizunekoa.

        6. Bertze toki batean berriz, norbaitek lekhukotasun hau egiten du, dioelarik: Zer da gizona, hartaz orhoit zaitezentzat; edo gizasemea, ikhustera ethor zakizkioentzat?

        7. Aingeruak baino aphur batentzat gutiago egin duzu; ospez eta ohorez khoroatu, eta zure eskuetako lanen gainean nausi ezarri duzu.

        8. Oinen-peko ezarri diozkatzu gauza guziak. Bada, haren-peko ezarri dituenaz geroz gauza guziak, ez du deusere utzi hari azpikotua ez denik. Orai ordean ez dugu ikhusten oraino haren azpian direla guziak.

        9. Bainan Jesus, aingeruak baino aphur batentzat aphalagotua izan zena, ospez eta ohorez khoroatua ikhusten dugu, jasan duen heriotzearen ariaz; Jainkoak, bere ontasunean, nahi izan baitu guzientzat hil zadien.

        10. Bazagokion ezen Jainkoari, zeinarentzat eta zeintaz baitire gauza guziak, zeinak ospera nahi baitzuen eraman bere haurren ostea, beharamendutik ospera oinhazearen bidez altxa zezan salbamenduaren eragilea.

        11. Alabainan saindutzailea eta saindutua dena, guziak ethorki batetarik dire. Hargatik ahalkerik ez du, hekiek anaia izenaz deitzeko, dioenean:

        12. Ene anaiei erantzunen diotet zure izena, Elizaren erdian zaitut laudaturen.

        13. Eta berriz: Haren gainean fida izanen naiz. Eta oraino: Huna ni, eta Jainkoak eman darozkidan haurrak.

        14. Nola beraz odolean eta haragian phartedun baitziren haurrak, hura ere hala izatu da; arren-eta bere heriotzeaz xahu zezan heriotzearen botherea zuena, erran-nahi-da debrua;

        15. Eta libra zetzan, beren bizi guzian heriotzearen larderiaren azpian bizi behar zirenak.

        16. Ezen ez ditu aingeruak hartu, bainan Abrahamen umeei lothu zaiote.

        17. Hargatik gauza guzietan behar izan da bere anaien iduriko, egin zadientzat urrikalmendutsu eta Jainkoaren aitzinean zinezko aphez nausi, populuaren bekhatuen barkhamenduaren ardiesteko.

        18. Ezen jasan duenaren eta frogatua izan denaren aria beraz da ahaldun frogetan direnei laguntza egiteko.

 

III. KAP.

        1. Hargatik, anaia saindu, zeruetarako deiean barne zaretenak, begien aitzinean idukazue Jesus, guk aithortzen dugun fedeko apostolu eta aphez nausia.

        2. Zeina ezarri duenari fidel baitzaio, hala- nola Moises ere haren etxe guzian.

        3. Ezen hanbatenaz ospe handiagoren merezdun idukia izatu da, zenbatenaz ohore gehiago baitu etxea egin duenak, etxeak berak baino.

        4. Alabainan etxe bakhotxak badu norbait egile; bainan gauza guzien egilea, Jainkoa da.

        5. Moisesez denaz, fidel izan da Jainkoaren etxe guzian, zerbitzari bezala, erran behar ziren gauza guzien lekhukotasunaren egiteko;

        6. Kristo fidel izan da ordean, semea bere etxean bezala; eta etxe hura gu gare, baldin azkeneraino gogorrik idukitzen badugu gure fidantzia eta igurikimen ospetsua.

        7. Hargatik, Izpiritu sainduak dioen bezala: Baldin egun, haren mintzoa entzuten baduzue,

        8. Ez gogor zuen bihotzak, hala-nola mortuko sumintaldian, tentazioneko egunean;

        9. Noiz-ere tentatu baininduten zuen arbasoek, eta ene egintzak frogatu eta ikhusi baitzituzten

        10. Berrogoi urthez; aria hortaz sephan egon natzaio populu horri, eta erran dut: Makhur dabila bethi horien bihotza. Ene bideak berriz, ez dituzte horiek ezagutu;

        11. Horrela ere ene hasarrean zin egin dut: Ala! ene phausuan sartzen badire.

        12. Berautzue, anaiak, zuetarik norbaiten baithan ez dadien gertha sinhesgogorkeriako izpiritu gaixtoa, Jainko biziaren ganik urrunarazteraino;

        13. Bainan egun oroz elkhar bero zazue, Egun deitzen den mugak diraueno; zuetarik nihor gogor ez dezan bekhatuaren zoramenduak.

        14. Ezen Kristoren phartzuner eginak gare, baldin bizkitartean azkeneraino gogorrik idukitzen badugu haren izantzaren hastapena.

        15. Erraten deno: Egun, haren mintzoa entzun badezazue, ez gogor zuen bihotzak, hala-nola sumintaldi hartan.

        16. Ezen aditzaileetarik batzuek sumintarazi zuten Jainkoa, bainan ez Moisesekin Egiptotik abiatu ziren guziek.

        17. Nori bada, gaizturik egon zen berrogoi urthez? Ez othe bekhatu egin zutenei, hekien gorphutzak mortuan etzanak gelditu baitziren?

        18. Nori berriz, zin egin zuen etzela haren phasuan sarthuko, ez bazen sinhesgogor gelditu zirenei?

        19. Eta ikhusten dugu ezin sarthu zirela beren sinhesgogortasunaren gatik.

 

IV. KAP.

        1. Beldur izan gaiten beraz ezen, Jainkoaren phausuan sartzeko agintzaz ardurarik ez eginez, kanpo geldi dadien zuetarik norbait.

        2. Alabainan erantzuna izan zaiku guri ere hekiei bezala; bainan hekiei etzaiote deusere baliatu aditu duten hitza, etzelakoz lagundua aditzaileen fedeaz.

        3. Gu bada, sinhetsi dugunak, sarthuko gare phausuan, hekiez errana izan zaiotenaz geroztik: Ene hasarrean zin egin dudan bezala, ala! sartzen badire ene phausuan; erran nahi da mundua eginik, lan guziak akhabatu ondoko phausuan.

        4. Ezen hau errana izan da nonbait zazpigarren egunaz: Eta Jainkoa bere lan guzietarik phausatu zen zazpigarren egunean.

        5. Eta dio berriz ere: Ala! sartzen badire ene phausuan.

        6. Direnaz geroztik batzu hartan sartzekoak, eta lehenbiziko aditzaileak ez direnaz geroz sarthu beren sinhesgogortasunaren ariaz;

        7. Berezten du Jainkoak halako egun bat, Egun deitzen duena, Dabiden ahoz dioenean hanbat denboren buruan, gorago errana den bezala: Egun entzuten baduzue ene mintzoa, ez gogor zuen bihotzak.

        8. Josuek alabainan eman izan baliote phausua, ez liteke geroz-goiti bertze egunik aipha.

        9. Jainkoaren populuari gelditzen zaio beraz bestatzeko phausua.

        10. Ezen Jainkoaren phausuan sarthua denak, harek ere bere lanetarik phausu hartu du, Jainkoak bereetarik bezala.

        11. Lehia gaitezen beraz phausu hartan sartzera, gutarik nihor ez dadien eror halako sinhesgogorkeriara.

        12. Ezen Jainkoaren hitza bizia da eta eragilea, eta bi ahotako edozein ezpata baino sarkorragoa, eta heltzen dena arimaren eta gogoaren arteraino, giltzetara ere eta muinetara, eta bihotzeko asmu eta xedeak berezten dituena.

        13. Eta haren aitzinean ez da ezin-ikhusizko kreaturarik, eta gauza guziak ageriak eta zabalduak dire guk aiphatzen dugunaren begien azpian.

        14. Dugunaz geroz aphez handitzat zeruetan sarthu dena, Jesus Jainkoaren Semea, gogorrik gaudezen gure aithorreko fedeari.

        15. Ez dugu ezen gure malbutasunez urrikal ez dezakeen aphez nausirik; bainan badugu gu bezala gauza guzietan tentatua izan dena, bekhatuan bertzalde.

        16. Lotsarik gabe hurbil gaitezen beraz graziazko tronuaren aitzinera, ardiets dezagun urrikalmendu eta gure behar-orduetan aurkhi dezagun grazia.

 

V. KAP.

        1. Alabainan ere gizonen artetik hartua den edozein aphez nausi, gizonentzat ezarria da Jainkoa ukitzen duten gauzetan, bekhatuentzat eskain detzan emaitzak eta sakrifizioak,

        2. Eta urrikal ahal dakioten jakingabetasunean eta makhurrean dabiltzanei; zeren-eta malbutasunez baita inguratua bera ere;

        3. Eta hargatik, populuarentzat bezala beretzat ere eskaini behar ditu bekhatuarentzateko sakrifizioak.

        4. Eta nihor ez da ohore hortaz jabetzen, baizik-ere Aaron bezala Jainkoaz deithua dena.

        5. Haletan ere Kristok ez du berak hartu apheznausitasuneko kargu ohoragarria; bainan hainak eman dio, zeinak erran baitio: Zu zare ene Semea, nik egun aitatu naiz zutaz.

        6. Hala-nola ere baitio bertze toki batean: Bethiko zu zare aphez Melkisedeken arara.

        7. Harek, bere gizontasuneko egunetan, heriotzetik itzurraraz zezakeenari eskaini baitziozkan bere othoitz-errekeiak, oihu-min eta nigarrekin, entzuna izan da Aitari ekhartzen zioen agurraren gatik.

        8. Eta Jainkoaren Seme zen arren, jasan dituen gauzen bidez ikhasi du ethorkortasuna;

        9. Eta bere sakrifizioan ahituz bilhakatu da ethordun zaizkion guzientzat bethiko salbamenduaren eragile,

        10. Jainkoak deithu zuen bezala Melkisedeken araberako aphez nausia.

        11. Hortaz baginduke hitz handi eta ederrik, bainan gaitzegiak errateko, ilhaunduak zaretelakoz aditzeko.

        12. Alabainan-ere aspaldi duelakoz argitzen zaituztetela, oraiko nausi izan behar bidean, Jainkoaren hitzaren lehenbiziko abiaduren ikhasteko beharra duzue oraino; eta egin zarete halako, non esnez haztekoak baitzarete eta ez jaki sendoz.

        13. Bada, esnez hazten dena, zuzentasunaren gaineko solasaren ardiesteko ez da gai; haurregi da ezen.

        14. Bainan gizon eginentzat da jan sendoa, hainentzat zeinen adimenduak ohiduraz ikhasiak baitire on-gaitzen ezagutzen.

 

VI. KAP.

        1. Utziz beraz Kristoren legearen irakhaspeneko abiadurak, goazen bethetasunera, berriz hari gabe asentutzat ematen eginkari hilen urrikia, eta Jainkoaren baithako fedea,

        2. Bathaioaren gaineko irakhasmena, eskuen ema tekoa, hilen biztekoa eta bethiko juiamendukoa.

        3. Eta hori eginen dugu, Jainkoak uzten bagaitu.

        4. Alabainan ezina da, behin argitu izan direnak, zeruko dohainak ere dastatu dituztenak, eta Izpiritu sainduan phartedun egin izan direnak,

        5. Jainkoaren hitz onari eta ethorri behar den mendeko gauza harrigarriei gozo hartu diotenak,

        6. Eta gero erori direnak, oraino itzul ditezen urrikiaz berritzera, noiz-ere berritan hari baitire beren buruei gurutzefikatzen Jainkoaren Semea, eta laidagarri erakhusten.

        7. Ezen lur batek edaten duenean gainera maiz heldu zaioen uria, eta ematen duenean hura lantzen dutenentzat on den belharra, Jainkoaren benedizionea izaten du.

        8. Bainan elhorri eta astokharlorik baizen ez dakharrenean, gaitzetsia eta madarizioneari hurbil dago; sutik goanen zaio azken burua.

        9. Bainan, guziz maiteak, horrela mintzo garen arren, zuetaz eta zuen salbamenduaz sinheste hobea dugu.

        10. Ezen Jainkoa ez da makhurri ahanztekotzat zuek egin duzuena, eta haren izenean sainduei egin eta egiten ditutzuen laguntzez erakhutsi duzuen karitatea.

        11. Bada, gure lehia da zuetarik batbederak azkeneraino erakhuts dezan ardura bera, bethe dadien zuen pheskiza,

        12. Eta etzaitezten nagi, bainan beren fede eta jasankortasunaren bidez agintzen premu egin direnen imitari izan zaitezten.

        13. Alabainan-ere Abrahami agintzen egitean, Jainkoak ez baitzuen nihor bera baino handiagorik hartaz zin egiteko, bere buruaz zin egin zuen,

        14. Zioelarik: Ala benedikatuz benedikaturen eta berhatuz berhaturen zaitudala.

        15. Eta horrela jasankorki igurikiz, Abrahamek ardietsi du agindua izan zitzaioena.

        16. Izatez-ere gizonek berak baino handiagoaz egiten dute zin, eta zina ere da hekien makhur guzien akhabantza, gauzaren finkatzeko.

        17. Hala-hala Jainkoak agintzaren premuei erakhutsi nahiz ezin-khordokatuzkoa zela haren xedea, hitzari eratxiki zioen zina,

        18. Arren-eta Jainkoak ukha ez detzazkeen bi gauza ezin-khordokatuzko horien bidez, gozakaririk sendoena izan dezagun, aitzinerat emana zaikun pheskiza ihestokitzat hartzen dugunek,

        19. Hura baitugu arimaren aingura hazkar eta segur bat bezala, belaren barneraino sartzen dena,

        20. Jesus gure aitzin-bidaria sarthu den tokiraino, Melkisedeken arara egina zelakoz bethiereko aphez nausi.

 

VII. KAP.

        1. Ezen Melkisedek hura, Salemgo errege, Jainko handiaren apheza, zeina biderat atheratu baitzitzaioen Abrahami, erregeak xahuturik itzultzen zenean, eta benedikatu baitzuen;

        2. Zeinari ere Abrahamek eman baitziozkan harrapakin guziaren hamarrenak, zeinaren izenak behintzat erran nahi baitu zuzenbidezko errege, eta gero baitzen Salemgo errege, erran nahi bakezko errege;

        3. Zeinari ez baitzaio aiphatzen ez aitarik, ez amarik, ez iraulgirik, ez biziaren haste eta akhabantzarik, horrela Jainkoaren Semearean iduriko egina, bethiereko aphez gelditzen da.

        4. Ikhusazue bada zenbat handi zen haina, zeinari Abraham patriarkak eman baitziozkan bere gauza hoberenen hamarrenak.

        5. Haletan Lebiren umeetarik apheztasunera heltzen direnek, zuzen dute legearen arabera hamarrenen altxatzea populuaren ganik, erran nahi da beren anaien ganik, nahiz haukiek ere Abrahamen sabeletik ilkhitzen diren.

        6. Bainan hekien iraulgian aurkhitzen etzenak Abrahamen ganik hartu zituen hamarrenak, eta benedikatu zuen agintzen jabe zena.

        7. Ezin ukha daiteke bada, xumeago denak handiago denaren ganik hartzen duela benedizionea.

        8. Eta hemen, hamarrenen hartzaileak gizon hilkizun batzu dire; han berriz, lekhukotasun egiten da bizi dela.

        9. Eta (errateko moldez) Lebik, zeinak altxatzen baititu hamarrenak, berak ere eman izan ditu Abrahamen bidez;

        10. Ezik oraino bere aitaren sabelean zen, haren bidera goan zenean Melkisedek.

        11. Bada, Lebiren apheztasunaren bidez (ezik haren azpian izan zuen populuak legea) gizonak hel balin bazitezkeen zuzentasun osora, geroz-goiti zer premia zen bertze aphez bat altxa zadien Melkisedeken arakoa eta ez Aaronen arakoa?

        12. Alabainan aldatu denaz geroztik apheztasuna, premia da egin dadien legearen aldapena ere.

        13. Ezen nortaz-ere horiek erranak baitire, bertze leinu batetarik da, hartarik egundaino nihor ez baita aldarean zerbitzatu.

        14. Ageri da alabainan gure Jauna ilkhi dela Judaren leinutik, zeinarentzat Moisesek ez baitu apheztasunean ikhustekorik batere aiphatu.

        15. Eta hori ageriago da oraino, Melkisedeken arara ilkhitzen denaz geroztik bertze aphez bat,

        16. Ezarria ez dena haragiari manatzen duen legearen arabera, bainan-bai ezin-ahituzko bizitzearen berthuteak agintzen duen bezala.

        17. Errana da ezen: Bethiko aphez zare zu, Melkisedeken arara.

        18. Khendua da beraz aitzineko legea, hutsal eta alferra delakoz;

        19. Ez du alabainan deusik osotasunera ekharri; ethorri zaiku ordean igurikimen hobe bat, Jainkoaren ganat hurbilarazten gaituena.

        20. Eta zenbatenaz-ere baita jarria, ez zinik gabe (bertzeak bada zinik gabe aphez eginak izan dire,

        21. Hau ordean zinekin egina izan da hainaz, zeinak erran baitio: Zin egin du Jaunak eta etzaio urrikituren; bethiko aphez zare zu);

        22. Hanbatenaz batasun hobearen berme jarri izan da Jesus.

        23. Bertzeetarik orai arteo izatu da asko aphez, zeren-eta heriotzeak ez baitzituen bethi irautera uzten;

        24. Hunek ordean dirauelakoz bethi, bethirainoko apheztasuna badu.

        25. Hargatik, gure ararteko izateko bethi bizi denak, bethi salba detzazke haren bidez Jainkoaren ganat hurbiltzen direnak.

        26. Egoki zen alabainan izan ginezan halako aphez nausi bat, saindua, hobengabea, khutsatugabea, bekhatoreetarik berezia, eta zeruetarik gorago altxatua;

        27. Zeinak ez baitu bertze aphezek bezala egun oroz bitimarik eskaini behar, lehenik bere bekhatuentzat, eta gero populuarenentzat; ezen hau behin egin izan du bere burua eskaintzean.

        28. Legeak aphez egin ditu alabainan gizon erphil batzu; bainan legeaz geroztik zinekin atheratu den hitzak, Seme perfet dena.

 

VIII. KAP.

        1. Horren gaineko solas guzia huntan da: Halako aphez nausi bat dugula, non zeruetan jarria baitago Guziz-Handiaren tronuaren eskuinean,

        2. Saindutegiko eta Jaunak (ez gizonak) egin duen egiazko tabernakle hartako ministro delarik.

        3. Ezik edozein aphez nausi emaitza eta bitima eskaintzeko ezartzen da; aria hortaz premia da izan dezan hunek ere eskaintzekorik zerbait.

        4. Izan ez balitz beraz lurraren gainekotzat baizik, etzen batere izanen aphez, emaitzak legearen arabera eskaintzen zituztenak bazirenaz geroztik,

        5. Zeinen zerbitzuak erakhusten baititu zeruko gauzen itxurapen eta itzalak, Moisesi errana izan zitzaioen bezala akhabatzen zuenean tabernaklea: Ohartemazu gauza guziak egin dedatzun mendi gainean erakhutsi zaitzun moldearen arabera.

        6. Orai ordean hanbatenaz izatu du gure aphezak ministerio hobea, zenbatenaz-ere baita batasun hobearen, eta batasun agintza hobeen gainean jarria denaren bitharteko.

        7. Ezen baiarik gabe izan balitz lehenbiziko batasuna, bigarren baten ezar beharrik etzitekeen.

        8. Bada, Israeldarrei gaizkiak erratean, hunela mintzo da Jainkoa: Hara ethorriko direla egunak, dio Jaunak, eta batasun berri bat eginen dut Israelgo etxearekin eta Judako etxearekin;

        9. Ez horien aitekin (eskutik hartu nituenean Egiptoko lurretik atheratzeko) egin nuen batasuna bezalakoa; ezen ez dire enekilako batasunean egotu, eta bazterrerat utzi ditut nik ere; dio Jaunak;

        10. Ezen hau da egun haukien ondotik Israelgo etxearentzat xuxendu dudan batasuna, dio Jaunak: Ene legeak sarthuko ditut horien gogoan, eta iskribatuko ditut horien bihotzean; eta ni izanen naiz horien Jainkoa eta horiek ene populua;

        11. Eta batbedera ez da hariko bere lagunari irakhasten, eta bere lagunari erraten: Ezagut zazu Jauna; zeren xumeenetik handienera orok ezagutuko bainaute;

        12. Barkhatuko diozkatet ezen beren gaizkiak, eta hekien bekhatuez ez naiz gehiago orhoituren.

        13. Aldiz batasun berriaz aiphatu duenean, zahar erakhutsi du lehenekoa; eta zahartzen eta noizbaitkotzen hari den gauza, akhabantzatik hurbil da.

 

IX. KAP.

        1. Egia da ere lehenbiziko batasunak izan dituela Jainkoaren zerbitzuko legeak eta mendeko saindutegia.

        2. Tabernakleari ezen egin izan zioten aitzindegi bat, Saindua deitzen zena, zeintan baitziren ganderailua, mahaina eta ogi eskainiak.

        3. Berriz, bigarren belaren gibelean zen sainduren Saindua deitzen zen bertze tabernakle bat;

        4. Han baitziren urhezko isentsuntzia, batasuneko arkha, alde orotarik urhez estalia, eta haren barnean urhezko untzi bat manaz bethea, Aaronen zigor hostatu zena eta batasuneko lauzak,

        5. Eta gainean ziren Kerubin ospetsuak, propiziatorioari itzal egiten ziotenak; bainan ez da hemen gauza bakhotxaz aldizka mintzatu beharrik.

        6. Horiek hola xuxendu ondoan, aphezak, sakrifzioetako eginbideen bethetzean, noiz-nahi sartzen ziren aitzineko tabernaklean.

        7. Bainan bigarren tabernaklean, aphez nausia bakharra sartzen da urthean behin, ez odolik gabe, zeina eskaintzen baitu bere eta populuaren bekhatuentzat;

        8. Hortaz erakhusten baitzuen Izpiritu sainduak, egiazko saindutegiaren bidea etzela oraino idekia, lehenbiziko tabernakleak ziraueno.

        9. Horiek ziren oraiko denboraren itxurapena, zeinaren arabera eskaintzen baitire emaitzak eta bitimak, ohore hekien bihurtzailea kontzientziaren arabera garbitasun osoan ezin eman zezaketenak, janhari eta edari batzuez bakharrik,

        10. Eta garbiketa eta bertze zeremonia, legearen berritzeko orduraino ezarriak ziren batzuez.

        11. Bainan ethorri denean Kristo, ethorkizuneko ontasunetako aphez nausia, tabernakle handiago eta perfetago batetarik, ez eskuz eginetik, erran nahi da hemen egiten direnak bezalakotik,

        12. Saindutegian sarthu da behin, eta ez akher edo aratxeen odolaren bidez, bainan ber-beraren odolaren bidez, bethiereko berrerospena guretzat ardietsirik.

        13. Ezen baldin akher eta zezenen odolak eta miga hauts urztatuak, haragiaren garbipenetan sainduesten baditu khutsatu direnak;

        14. Zenbatez hobeki Kristoren odolak, Kristo zeinak bere buru nothagabea Izpiritu sainduaz eskaini baitio Jainkoari, gure kontzientzia garbituko du eginkari hiletarik, Jainko biziaren zerbitzatzera gure ekhartzea gatik.

        15. Eta haletan da testament berriaren ararteko; arren-eta, testament zaharraren azpian egin diren bekhatuen berrerostekotzat jasan duen heriotzeari esker, deithuak direnek ardiets dezaten agindua den primantza bethierekoa.

        16. Ezen testament bat den tokian, premia da hiltzera ethor dadien testamentaren egilea.

        17. Heriotzeak alabainan ematen dio testamentari bere indarra; bertzela ez da balios, testamentaren egilea bizi deno.

        18. Hargatik lehenbiziko testamenta ere etzen odolik gabe finkatua izan.

        19. Ezen, populu guziari irakurtu ondoan legeko manamendu guziak, Moisesek urarekin harturik aratxeen eta akherren odola, eta batean ile eskarlatez gorritua eta hisopoa, ihinztatu zituen liburua bere eta populu guzia,

        20. Zioelarik: Hau da Jainkoak begiratzera eman darotzueten testamenteko odola.

        21. Tabernaklea ere eta Jainkoaren zerbitzuko tresna guziak odolez ihinztatu zituen.

        22. Eta legearen arabera, hurran gauza guziak odolarekin garbitzen dire, eta odol ixurketarik gabe ez da barkhamendurik egiten.

        23. Premia zen beraz zeruko gauzen itxurak izan zitezen holako bitimen bidez garbituak, bainan zeruko gauzak berak horiek baino bitima hobeagoez.

        24. Jesus ezen, ez da eskuz eginikako saindutegian sarthu, egiazko Saindutegiaren itxura zen hartan; bainan zeruan berean sarthu da, orai guretzat agertzeko Jainkoaren aitzinera;

        25. Eta ez askotan eskaintzeko bere burua, hala-nola aphez nausia urthe bakhotx saindutegian sartzen baita bereaz bertzeen odolarekin;

        26. Bertzela, behar zitekeen Kristok askotan jasan zezan munduaren hastetik hunat; orai ordean behin mendeen akhabantzan agertu da, bitimatzat bere burua eskainiz bekhatuaren ezeztatzeko.

        27. Eta nola gizonei erabakia baitzaiote behin hiltzea, horren ondotik berriz juiamendua;

        28. Halaber Kristo ere behin izan da eskainia, hainitzen bekhatuen iraungitzeko; bertze aldi bat agertnko da, bekhatu ariarik gabe, haren iguri daudezenen salbatzeko.

 

X. KAP.

        1. Legeak alabainan ethorkizuneko ontasunen itzala baitzuen, eta ez gauzen moldea bera; urthe oroz baratu gabe eskaintzen dituzten bitima berez ez ditezke garbitasun osorat ekhar hurbiltzen direnak;

        2. Bertzenaz, baratuko ziren eskaintzetik, zeren-eta eskaintzaileek ez baitzuten, behin garbituz geroztik, beren baithan gehiago hautemanen bekhatua;

        3. Eta bizkitartean urthe oroz sakrifizio hekietan egiten da bekhatuen orhoitzapena.

        4. Alabainan zezenen eta akherren odolaz bekhatuen khentzea, ezin den gauza da.

        5. Hargatik dio Kristok mundura sartzean: Ez duzu nahi izan ez bitimarik ez eskaintzarik, bainan gorphutz bat egin darotadazu;

        6. Bekhatuarentzateko holokaustak ez dire zure gogarako izatu.

        7. Erran dut orduan: Huna heldu naizela, nitaz liburuaren buruan iskribatua den bezala: Heldu naiz, Jainkoa, zure nahiaren egitera.

        8. Behin erran ondoan: Ez duzu nahi izan bekhatuarentzateko bitimarik, eskaintzarik eta holokaustarik, eta legearen araberako sakrifizioak ez dire zure gogarako;

        9. Erran dut orduan: Huna non heldu naizen, oi Jainkoa, zure nahiaren egitera. Jainkoak haletan khentzen du lehenbiziko sakrifizioa, bigarrenaren jartzeko.

        10. Jainkoaren nahi horrek sainduetsi gaitu, Jesu-Kristoren gorphutzaren eskaintza behingoaren bidez.

        11. Eta noiz-ere egun oroz aphez guziak sakrifizio egitera goaten baitire, askotan eskainiz, bekhatua niholaz-ere ezin khen dezaketen bitima ber batzu;

        12. Hura aldiz, bitima bakhar bat bekhatuarentzat eskaini ondoan, Jainkoaren eskuinean bethikotzat jarria dago,

        13. Gainerako bethetzekoak direnen iguri, bere etsaiak oinpeko alkhi ezarriak izan dakizkion arteo.

        14. Alabainan eskaintza bakhar batez osoki garbitu ditu bethiko sainduetsi dituenak.

        15. Bada, Izpiritu sainduak berak hortaz ematen daroku lekhukotasun. Ezik erran ondoan:

        16. Hau da berriz, horiekin eginen dudan batasuna egun hekien buruan, dio Jaunak: Ene legeak ezarriko ditut horien bihotzetan eta iskribatuko horien gogoetan;

        17. Eta horien bekhatu eta gaixtakeriez ez naiz ordutik orhoituren gehiago.

        18. Bada, bekhatuak barkhatuak direnean, bekhatuarentzat ez da gehiago eskaintzarik egiteko.

        19. Beraz, anaiak, gogoa ondurik, Kristoren odolaren bidez sar gaiztekeela saindutegian

        20. Bide bizi eta berritik, zeina berak lehenik ideki baitu belaren itxuran, hura baita haren gorphutza;

        21. Eta badugula aphez handi bat Jainkoaren etxearen buruan;

        22. Hurbil gaitezen bihotz laino batekin eta fede zabalean, kontzientzia gaixtoaren khutsuetarik xahuturik bihotzak, eta ur garbiz garbiturik gorphutza;

        23. Gure pheskizaren aithorra iduk dezagun khordokatuko ez den bezala (zina da ezen guri agintzak egin darozkiguna),

        24. Eta elkharri begira dezagun, batak bertzearen berotzeko karitatera eta egintza onetara;

        25. Ez utziz gure bilkhuak, zenbaitek ohi duten bezala; bainan elkhar berotuz, eta hanbatenaz hobeki, zenbatenaz-ere ikhusten baituzue hurbiltzen eguna.

        26. Alabainan egiaren ezagutza izanez geroztik, egiten badugu berariaz bekhatu, bekhatuarentzat ez da gehiago bitimarik gelditzen;

        27. Bainan-bai juiamenduaren igurikitze ikharagarri bat, eta Jainkoaren etsaiak iretsi behar dituen su gaitza.

        28. Moisesen legea hausten duena, guphiderik gabe heriotzera igortzen da bi edo hirur lekhukoren erranaren gainean;

        29. Zenbat uste duzue oinhaze garratzagoak dituela merezi hainak, zeinak oinkatu baituke Jainkoaren Semea, gauza zikhin bat bezala erabili batasuneko odola, zeintaz izan baita sainduetsia, eta hidoi egin baitio graziazko izpirituari?

        30. Ezen badakigu nork erran duen: Niri dago aspertzea; nik bihur saria. Eta oraino: Jaunak juiaturen du bere populua.

        31. Ala izigarri baita erortzea Jainko biziaren eskuen artera!

        32. Gogorat erakhar zatzue bada beihalako egunak, argituak izanik jasaiten zinutenean atsekabeen gudu gogorra;

        33. Alde batetik zinetenean laido eta jazarketen ariaz munduaren ikhusgarri eginak; bertzetik berriz, halako hesturetan zaudezenen lagun bilhakatuak.

        34. Alabainan ere burdinetan zirenei urrikaldu zatzaizkiote, eta bozkariorekin ikhusi ditutzue zuen buruak zuen ontasunetarik larrutzen, baitzinakiten izate hobearen eta irauten duenaren jabe zaretela.

        35. Ez beraz gal, sari handia izanen duen zuen fidantzia hori.

        36. Jasankortasuna ezen premiazkoa da zuentzat; arren-eta Jainkoaren nahia eginez, ardiets dezazuen agindua zaitzuena.

        37. Ezik oraino aphurtto bat, eta ethortzekoa dena ethorriren da, eta ez du beranduko.

        38. Bada, fedetik bizi da enea den prestua; baldin gibelerat egiten badu, ez da ene arimaren gogarako izanen.

        39. Gu ordean, ez gare gure galpenetan gibelerat hari garen umeak; bainan arimaren salbatzeko fedeari garraizkionak gare.

 

XI. KAP.

        1. Bada, fedea da igurikitzeko diren gauzen izantza, eta ageri ez direnen erakhuspena.

        2. Haren ariaz ezen ardietsi dute zaharrek lekhukotasun ona.

        3. Fedeaz dakigu Jainkoaren hitzak egin duela mundua; haletan non ageri etzirenetarik egin baitire ageri diren gauzak.

        4. Fedearen ariaz Abelek Jainkoari eskaini zioen Kainek baino bitima hobea; hartaz ardietsi zuen prestua zelako lekhukotasuna, Jainkoak erakhutsi baitzuen onhesten zituela haren eskaintzak; eta fedeaz, hila den arren, mintzo da oraino.

        5. Fedearen ariaz altxatua izan zen Henok, etzezan ikhus heriotzea; eta etzen gehiago ageri, zeren-eta Jainkoak eraman baitzuen; ezik tokiz aldatua izan baino lehen izan zuen Jainkoaren gogara ibili zelako lekhukotasuna.

        6. Bada, Jainkoaren gogara egitea, fedea gabe ezin den gauza da. Alabainan Jainkoari hurbiltzen denak sinhetsi behar du, badela Jainkoa, eta bilhatzen dutenen sariztatzaile dela.

        7. Fedearen ariaz Noek, zerutik oraino ageri etziren gauzez mezu izanik, beldurra hartu eta arkha bat egin zuen bere etxearen salbatzeko, hartaz kondenatu baitzuen mundua, eta egin baitzen fedetik heldu den zuzentasunaren premu.

        8. Fedearen bidez, Abraham deitzen denak onhetsi zuen goatea primantzaz izan behar zuen toki batetara, eta ilkhi zen norat zihoan jakin gabe.

        9. Fedearen ariaz, lur arrotz batean bezala egotu zen lur aginduan, olhetan eginez bere egoitza Isaakekin eta Jakobekin, agintza beraren premukhideekin.

        10. Igurikitzen zuen ezik asentuak dituen hiria, zeinaren egilea eta aphaintzailea Jainkoa baita.

        11. Fedeari esker Sarak ere, agorra zelarik, izan zuen amatzeko ahala, nahiz adinetan iragana ere zen, sinhetsi zuelakoz zina zela agintzaren egilea.

        12. Hargatik gizon bakhar baten ganik (eta ezindua zelarik hura) ilkhi ziren zeruan izar den bezenbat ume, eta itsas-bazterrean diren ezin-khondatuzko legar izpiak bezenbat.

        13. Hekiek oro fedean hil izan dire, agindu gauzak izatu gabe; bainan urrunera ikhusten eta agur egiten ziotelarik, eta aithortuz lurraren gainean arrotz eta bideant zirela.

        14. Alabainan hala mintzo direnek erakhusten dute beren herriaren bilha dabiltzala.

        15. Eta zein herritarik ere ilkhiak baitziren, hura izan balute gogoan, segurki bazuketen itzultzeko astia.

        16. Bainan hobeago baten, erran nahi da zerukoaren lehia zuten. Hargatik Jainkoa ez da ahalke, hekien Jainkoa deithua izateaz, zeren hiri bat hekientzat aphaindu baitu.

        17. Isaak fedearen ariaz eskaini zuen Abrahamek, frogapenaren azpian zelarik, eta bere seme bakharra eskaintzen zuen agintzen jabe zenak,

        18. Zeinari errana izan baitzitzaioen: Isaaken ganik ilkhiko da zure izeneko iraulgia.

        19. Bainan Abrahamek bere baithan egiten zuen Jainkoak hilen artetik ere bitzaraz zezakeela; hargatik ere hartu zuen gero gerthatuko zenaren itxurapen bat bezala.

        20. Fedearen eragintzaz Isaakek ere eman zioten Jakoberi eta Esauri ethorkizunari zagokion benedizione bat.

        21. Fedearen eragintzaz Jakobek hiltzerakoan aldizka benedikatu zituen Josepen semeak, eta agur ekharri zioen haren manamenduko makhilari.

        22. Fedearen eragintzaz Josep mintzatu zen Israelen umeen ilkhipenaz, eta mezutu zituen bere hezurrez.

        23. Fedearen eragintzaz, sorthu zenean Moises, haren burhasoek ikhusirik haren edertasuna, gorde zuten hirur hilabethez, eta etzituen erregeren erabakiak lotsatu.

        24. Fedearen ariaz Moisesek, handitu zenean, ukho egin zioen Faraonen alabaren seme izenari,

        25. Nahiagoz Jainkoaren populuarekin atsekabetan egon, ezen-ez bekhatuko atsegin iragankorraz gozatu;

        26. Egiptoarren aberastasunak baino ontasun handiagotzat baitzadukan Kristoren laidoa; ezik sariari begiratzen zen.

        27. Fedearen bidez, utzi zuen Egiptoa, erregen sephaz axolarik gabe; ezik egotu zen gogor, ikhus ez daitekeena ikhusten balu bezala.

        28. Fedearen ariaz egin zituen Bazko besta eta odolaren ixurpena; arren-eta lehen-sorthuak xahutzen zituenak etzetzan uki Israelen umeak.

        29. Fedearen eragintzaz iragan zuten itsaso Gorria, leihor idor bat bezala; eta Egiptoarrak, bide beraz abiaturik, iretsi zituen itsasoak.

        30. Fedearen eragintzaz erori ziren Jerikoko harrasiak, zazpi egunez Israeldarrek hekien ingurua egin zuten ondoan.

        31. Fedearen ariaz etzen sinhestegabekoekin galdu Errahab lilitxoa, zelatariak gorde zituena.

        32. Eta zer erranen dut oraino? Astiak eskas egin legiket aipha banetza Jedeon, Barak, Sanson, Jephte, Dabid, Samuel eta profetak,

        33. Zeinek fedearen eragintzaz garhaitu baitituzte erresumak, zuzenari eman bere bidea, agintzen ondoreak ardietsi, lehoinen ahoak hertsi,

        34. Suaren indarra iraungi; zeinak ezpataren ahoari itzuri baitire, gaitzetarik sendatu, gerlan hazkar egin; zeinek xahutu baitituzte etsaien armadak;

        35. Zeinek emaztekiei beren haur hilak bizturik bihurtu baitiozkate. Batzu estiretan erabiliak izan dire, etzutelakoz beren bizia erosi nahi, hobeago baten aurkhitzeko berriz biztearekin.

        36. Bertze batzuek aldiz jasan dituzte trufak, azoteak, burdinak eta presondegiak;

        37. Izatu dire harrikatuak, zathikatuak, frogatuak, ezpataz hilak; iheska ibili izan dire, ardi eta ahuntz larruz jauntziak, orotaz gabetuak, hesturetan eta atsekabeetan;

        38. Mundua etzelarik hekien dina, mortu, mendi, harpe, lurreko zilhoketan gaindi gordeka zabiltzan.

        39. Eta hekiek guziek, fedearen lekhukotasunaz frogatuak izan ondoan, ez dute halere ardietsi agindu saria;

        40. Jainkoak guretzat baitzadukan hoberik zerbait, gu gabe etzezaten izan zorion osoa.

 

XII. KAP.

        1. Aitzinean dugunaz geroztik hanbateko lekhuko araldea, athera gaiten sortha guzien azpitik; utz dezagun inguratzen gaituen bekhatua; eta jasankortasunaren bideaz dugun laster egin guretzat dagoen gudura;

        2. Begiratuz Jesusi, fedearen emaileari eta bethetzaileari, zeinak bizitze gozo bat bere eskuko zuelarik, ahalkea arbuiatuz jasan baitu gurutzea, eta orai jarria baitago Jainkoaren tronuaren eskuinean.

        3. Bekhatoreen ganik hanbateko bihurrikeria jasan duena ekharrazue beraz gogoan; beldurrez eta eror dakizuen bihotza eta ahiturik geldi zaitezten.

        4. Ezen ez duzue oraino, bekhatuaren kontra gudukatuz, odoleraino iharduki;

        5. Eta ahantzi duzue zuei, ume batzuei bezala, errana den hitz gozagarri hau: Ene haurra, Jaunaren ganikako kridantzamenduaz ez izan axolagabe; eta akiduran ez eror azurriatzen zaituenean.

        6. Ezen Jaunak gaztigatzen du maite duena, eta azotatzen bere umetzat aithortzen duena.

        7. Ihardukazue kridantzamenduko orduan. Jainkoak ume batzuei bezala erakhusten darotzue bere burua; zein da ezen haurra bere aitak azurriatzen ez duena?

        8. Baldin ez bazarete azurriatuak, bertze guziak hala direnean, bazterrekoak zarete beraz, eta ez zuzenbideko umeak.

        9. Gure gorphutzaren aitei, azurriatu gaituztenean, ikhustate ekharri badiotegu, zenbatez jautsiago ez dugu izateko izpirituen Aitaren alderat, hala ardietsiko baitugu bizia?

        10. Bada, gure aitek, egun laburretako bizi hunen arietan, kridantzatzen gintuzten, iduritzen zitzaiotenaren arabera; Jainkoak ordean, on denaren arabera, kridantzatzen gaitu, gu bere saindutasunean sarraraztea gatik.

        11. Bada, kridantzaldiak orduaren gainean ez du bozgarri iduri, bainan-bai atsekabegarri; gerorat ordean hartaz froatuak direnei ekhartzen diote zuzentasuneko fruiturik soseguzkoenak.

        12. Goiti zatzue beraz zuen esku ahituak eta zuen belhaun eroriak,

        13. Eta zuen oinei eragiozuete urhatsa xuxen; arren-eta nihork ez dezan mainguturik zeiherrerat egin, bainan lehenago finka dadien onean.

        14. Guziekin bakea bilha zazue eta biziaren saindutasuna, zeina gabe nihork ez baitu ikhusiren Jainkoa;

        15. Begiratuz nihork ez diozon Jainkoaren graziari hutsegin; beldurrez-eta erro kharats zenbaitek, aldaskak arthikiz goiti, poxelu egin dezan, eta hartaz khutsatuak izan ditezen hainitzak.

        16. Berautzue nihor izan ez dadien lizunik edo tzarrik hala-nola Esau, zeinak jaki batentzat saldu baitzuen bere premutasuna.

        17. Jakizue ezen, nola ondoan nahi baitzuen benedizionearen primantza, hastandua izan zela; etzuen alabainan aitaren urrikiarazteko biderik aurkhitu, nigarrekin galda zezan arren.

        18. Etzarete hurbildu uki daitekeen mendi bati, erretzen duen su bati, xirimola, hedoi eta phesia batzuei,

        19. Turuta baten durrundari, eta halako mintzo bati, non aditu zutenek galdatu baitzuten hitza etzakioten gehiago berei buruz athera.

        20. Alabainan ezin jasan zezaketen solas hau: Abere batek berak ukitzen badu mendia, harrikatua izanen da.

        21. Eta ageri zena hain zen lazgarri, non Moisesek erran baitzuen: Izitua eta ikharatua nago.

        22. Zuek ordean hurbildu zarete Siongo mendiari, eta Jainko biziaren hiriari, zeruko Jerusalemeri, eta asko miletako aingeru multzoaren gana,

        23. Eta zeruetan iskribatuak diren lehen-sorthuen Elizara, eta guzien juie den Jainkoaren gana, eta zorionera helduak diren prestuen izpirituen gana,

        24. Eta batasun berriko arartekoaren gana, Jesusen gana, eta ixuri den odolera, zeina mintzo baita Abelena baino gorago.

        25. Berautzue arbuia mintzo zaitzuena. Alabainan lurraren gainean mintzo zenean arbuiatu zutenak ezin itzuri badire, hanbatez gutiago, zerutik mintzo denean baztertzen garenak.

        26. Haren mintzoak orduan ikharatu zuen lurra; orai aldiz agintza berri bat egiten du, dioelarik: Oraino behin ikharatuko dut, ez bakharrik lurra, bainan zerua ere.

        27. Bada, dioenean: Oraino behin, garbiki dio aldakizun diren gauzak aldatuko dituela, beren aldia egina duten bezala, ezin-aldatuzkoak direnak iraun dezaten bakharrik.

        28. Hargatik ezin-aldatuzko erresumaren gozamena hartzean, badugu grazia zeinaren bidez Jainkoa bere gogara zerbitzatu behar baitugu beldur eta ikhararekin.

        29. Ezen su erregarri bat da gure Jainkoa.

 

XIII. KAP.

        1. Anaien alderako karitatea zuen baithan egon bedi.

        2. Ez ahantz arrotzei leihor ematea; ezen haletan batzuek jakin gabean aingeruak etxerat hartu dituzte.

        3. Orhoit zaitezte burdinetan direnez, hekiekin burdinetan bazinete bezala; eta borroketan nekhatzen direnez, zerorrek ere gorphutz beharkor batean zaudezten bezala.

        4. Niholere ezkontzak iduk beza bereedertasuna, eta espos ohea bedi notharik gabe. Jainkoak ezen juiaturen ditu lohiak eta bertzeen oheen khutsatzaileak.

        5. Zuen bizia jaramankeriarik gabea izan bedi, duzuenaz gogoari doi eginez; ezen Jainkoak berak erran du: Etzaitut utziko, ez-eta bazterrerat emanen.

        6. Aria hortaz derragu gogoa zabalik: Jainkoa dut laguntzaile; gizonak egin diazakedanaren beldur ez naiz izanen.

        7. Orhoit zaitezte zuetaz kargutuak zirenez, zeinek erantzun baitarotzuete Jainkoaren hitza; eta begiratuz nolakoa izan den hekien biziaren akhabantza, imita zazue hekien fedea.

        8. Jesu-Kristo atzo zen, egun ere da, eta hura bera mendeetan izanen da.

        9. Irakhaspen askotara eta atzetara ez utz zuen buruak. Alabainan hoberenik da graziaz gothortzea bihotza, eta ez bermatzea janhari berezietan, zeinak deusetako ez baitire baliatu hekien arabera ibili direnei.

        10. Aldare bat dugu, zeintarik beren buruen hazteko eskua ez baitute tabernaklean zerbitzatzen direnek.

        11. Alabainan olhetarik kanpoan erretzen dire azienden gorphutzak, zeinen odola bekhatuarentzat saindutegira eramaten baitu aphez nausiak.

        12. Aria hortaz Jesusek ere, populua sainduets zezan bere odolaz, heriotzea athez kanpoan jasan du.

        13. Ilkhi gaiten beraz olhetarik kanpo haren ganat, soinean daramagularik haren gurutzearen laidoa.

        14. Ezen ez dugu hemen hiri iraungarririk, bainan ethortzekoa denaren bilha gabiltza.

        15. Jesusen bidez baratu gabe eskain diozogun beraz laudoriozko sakrifizioa, erran nahi da haren izenari aithor bihurtzen dioten ezpainen fruitua.

        16. Ez ahantz aldiz ongiaren egitea eta duzuenetik bertzeei ematea, ezen holako sakrifizioez merezitzen da Jainkoa.

        17. Ethordun izan zakizkiote zuen buruzagi ezarriak direnei eta izan zaitezte hekien erranetara eroriak; ezen hekiek daude atzarriak, zuen arimez on egin beharko duten bezala; arren-eta bozkariorekin bethe dezaten beren eginbidea, eta ez hasbeherapenka, ezen hori ez liteke zuen onetan.

        18. Othoitz egizue guretzat; ezik barneak lekhukotasun ona ematen daroku, gauza guzietan sainduki nahi garela ibili.

        19. Eta oraino horren egiteaz minkiago othoizten zaituztet, Jainkoak zuei bihur nezan lasterrago.

        20. Bakezko Jainkoak berriz, zeinak bethirainoko batasuneko odolari esker, hilen artetik atheratu baitu ardien artzain handia, Jesu-Kristo gure Jauna,

        21. Eginkari on guzietarako aphain betza zuen izpirituak; egin dezazuen haren nahia, berak zuen baithan bere gogarako duena egiten duelarik Jesu-Kristoz, zeinari ospe zor baitzaio menderen mendetan. Halabiz.

        22. Bertzalde othoizten zaituztet, anaiak, onhets dezazuen gozakarizko solas hau, hitz gutirekin iskribatu darotzuedan arren.

        23. Jakizue libratua dela gure anaia Timotheo; zeinarekin, laster heldu bada, ethorriko bainatzaitzue ikhustera.

        24. Agur egiozuete zuen buruzagi eta saindu guziei; Italiatik goraintziak gaztiatzen darozkitzuete anaiek.

        25. Zuekin ororekin izan bedi grazia. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa