www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

KORINTHOARREI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

BIGARREN GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo, Jainkoaren nahitik, Jesu-Kristoren apostolua, eta Timotheo anaia, Korinthon den Jainkoaren elizari, eta Akaia guzian diren saindu guziei.

        2. Jainko gure Aitaren ganik, eta Jesu-Kristo Jaunaren ganik zuei grazia eta bake.

        3. Benedikatua izan bedi Jainkoa, Jesu-Kristo gure Jaunaren Aita, urrikalmenduetako Aita, eta gozakari guzietako Jainkoa,

        4. Zeinak gozatzen baikaitu gure atsekabe orotan; guk ere goza ahal detzagun hesturetan diren guziak, geronek Jainkoaren ganik izaten dugun gozakari beraz.

        5. Ezen Kristoren eramankizunak gure baithan nasaitzen diren eredura, halaber Kristoren bidez nasaitzen dire gure gozakariak.

        6. Bada, atsekabeak erabiltzen bagaitu, hori zuen argitzeko eta salbatzeko; eta gozo balin badugu, hori zuen gozatzeko; eta berotuak balin bagare, hori zuen berotzeko eta zuen salbamenduko, zeinaren ariak egiten baitu jasaiten ditutzuela geronek ere jasaiten ditugun eramankizunak;

        7. Haletan non zuentzat igurikimen sendo bat baitugu, dakigulakoz jasankizunetan zareten bezala, halaber gozakarietan ere izanen zaretela.

        8. Ezen ez dugu nahi izan zaitezten jakin gabe zer atsekabe gerthatu zaikun Asian; alabainan neurriz eta gure indarrez goiti ehoak gaude, hartarainokoan non bizia bera higuintzen baitugu.

        9. Bainan herioaren larderiak gure baithan hauteman ditugu, ez dezagun gure buruen gainean ezar gure sinhestea, bainan-bai hilak bizten dituen Jainkoaren gainean;

        10. Zeinak hanbateko galmentetarik atheratu eta atheratzen baikaitu; zeinak oraino ere atheratuko gaituela uste baitugu,

        11. Zuek ere zuen othoitzez laguntzen gaituzuelarik; arren-eta hainitzen ariaz izan dugun dohainaz hainitzek esker bihur dezaten guretzat.

        12. Alabainan gure ospea hau da, gure barneak egiten darokun lekhukotasuna, bizi izan garela mundu huntan, eta gehienik zuentzat, bihotzeko lainotasunean, eta zintasun jainkotiar batean, ez haragiaren zuhurtziaren arabera, bainan Jainkoaren grazian.

        13. Ez darotzuet izatez iskribatzen, lehenago irakurtu eta ezagutu ditutzuenez bertzerik. Ene igurikimena da berriz, azkeneraino ezaguturen duzuela,

        14. Erdi ezagutu ere duzuen bezala, gu garela zuen ospea, hala-nola zuek ere gurea, Jesu-Kristo gure Jaunaren eguneko.

        15. Eta fidantzia hortan nahi izan dut orai baino lehen zuen ganat ethorri, bigarren grazia bat izan zinezaten,

        16. Eta zuetan gaindi Mazedoniara iragan, Mazedoniatik berriz zuetara itzuli, eta zuetaz lagundua izan Judeara.

        17. Xede hori nuenean beraz, arinkerian ibili othe naiz? Ala asmu zerbait dudanean, haragiaren araberakoa othe da ene asmua, haletan non baia eta eza ene baithan aurkhitzen baitire?

        18. Bainan Jainko zina lekhuko, zuei eman hitzean ez dela ez-bairik.

        19. Ezen nitaz, Silbanoz eta Timotheoz zuen erdian erantzuna izan den Jesu-Kristo Jainkoaren Semea, etzen bai eta ez; baia da ordean haren baithan.

        20. Ezen zenbat-ere baita Jainkoaren agintza, bai da haren baithan; hargatik ere Jainkoari haren bidez Amen da gure ospetan.

        21. Berriz, gu zuekin Kristoren baithan finkatzen gaituena, eta gu gantzutu gaituena, Jainkoa da;

        22. Eta hura da gu zigilatu gaituena, eta gure bihotzetan Izpiritua bahi ezarri duena.

        23. Aldiz, nik Jainkoa lekhuko deitzen dut ene arimaren gain, zuen guphidez ez naizela oraino Korinthorat ethorri; ez, zuen fedearen gainean nausitasunik erabiltzen dugulako ariaz, bainanbai zuen bozkarioari eragile baikare, fedean gogor zaudeztelakoz.

 

II. KAP.

        1. Ene baithan gogoan hartu dut beraz, zuen gana ez dudala ethorri behar, beldurrez zuen bihotzak eri berriz.

        2. Ezen ilhunduran ezartzen bazaituztet, nor da niri bozkariorik eman dezakeena, non ez neronek ilhunduran ezarri dukedan hura bera?

        3. Eta hori da ere iskribatu darotzuedana, ez izatea gatik, ethorriko naizenean, atsekabea atsekabearen gainera hainetarik, zeinetaz boztu behar bainuke, zuen guzien baithan sinheste baitut ene bozkarioa zuen guzien bozkarioa dela.

        4. Alabainan bihotzeko atsekabe eta hesturan eta nigar hainitzekin iskribatu darotzuet, ez zuei uhertasunik eman beharrez, bainan jakin dezazuen zer karitate nasaia dudan bereziki zuentzat.

        5. Zuetarik batek atsekabe eman izan badarot, ez nau hanbateraino atsekabetu, non zuen guzien gain eginen baitut.

        6. Horrelako izan denak aski du baten baino gehiagoren ganik izan duen azurrialdi hori;

        7. Haletan non hoberena baita barkha diozozuen eta gozakari eman, beldurrezeta atsekabe handiegiak azpira dezan horrelako lanaren egilea.

        8. Hargatik othoizten zaituztet haren alderat erakhuts dezazuen zuen karitatea.

        9. Aria hortaz ezen iskribatu darotzuet ere, zuek frogatuz, ezagutzea gatik hean gauza guzietan ethordun zareten.

        10. Berriz, zerbait barkhatu diozuenari, nik ere egiten diot; izatez barkhatu dudana nik ere, zerbait barkhatu balin badut, zuen gatik egin dut Kristoren izenean;

        11. Atzeman ez gaitzan satanek, ezen badakizkigu haren asmuak.

        12. Bada, Kristoren ebanjelioaren ariaz Troadera ethorri naizenean, eta Jaunak zabal zezadan arren athea,

        13. Grina ezin khendu dut ene gogotik, zeren ez nuen aurkhitu Tito ene anaia; bainan hangoei agur eginik, Mazedoniara jo dut.

        14. Bada, eskerrak bihurtzen diozkat Jainkoari, zeinak Jesu-Kristoren bidez garaia ematen baitaroku bethi, eta gure bidez toki orotan agerrarazten baitu bere ezagutzaren usaina;

        15. Ezen gu gure Jainkoaren aitzinean Kristoren usain ona, salbatzen direntzat, bai-eta galtzen direnentzat;

        16. Batzuentzat herio usaina hilarazteko; bertzeentzat berriz, bizi usaina biziarazteko. Eta horietako nor da hain egoki?

        17. Ezen ez gare asko bezala Jainkoaren hitzaren andeatzaile; bainan zintasunean, bainan Jainkoaren ahotik bezala, Jainkoaren aitzinean, Kristoren izenean gare mintzo.

 

III. KAP.

        1. Berritan abiatzen othe gare gure buruak gomendatu beharrez? edobertze zenbait bezala, zuetara edo zuen ganik gomendiozko gutun beharretan othe gare?

        2. Zuek zarete gure gutuna, gure bihotzetan iskribatua, gizon guziek ezagutzen eta irakurtzen dutena;

        3. Erakhutsi baituzue, Kristoren gutuna zaretela, gure arartekoz egina, eta iskribatua ez thinduz, bainan Jainko biziaren izpirituarekin; ez harlauzetan, bainan haragizko bihotzetan.

        4. Kristoren bidez dugu berriz, hanbateko fidantzia Jainkoaren baithan;

        5. Ez doi garelakoan gure burutarik asmu zerbaiten egiteko, geronen ganikakoa balitz bezala; bainan gure doitasuna dathor Jainkoaren ganik,

        6. Zeinak halaber egoki egin izan baikaitu batasun berriko ministro izateko, ez hitzaren arabera, bainan Izpirituaren arabera; hitzak ezen hiltzen du, Izpirituak ordean bizia ematen.

        7. Baldin heriotzea ematen zuen hitzaren ministerio harlauzetan iskribatua, hanbateko ospez bethea izan bada, non Israelen umeek Moisesi ezin begira baitziozoketen bekhoz bekho, haren begitharteak zuen ospe iragankorraren ariaz;

        8. Nolaz ez da Izpirituaren ministerioa ospetsuago izanen?

        9. Alabainan ospedun izan bada kondenamendurako ministerioa, zuzenpenerako ministerioa ospez hainitz nasaiago da.

        10. Ezik zerk-ere orduko gauzetan argitu izan baitu, ez daiteke aipha oraiko ospe guzizkoaren aldean.

        11. Iraungitzen den gauza alabainan ospetsu izan badaiteke, hainitzez ospetsuago irautekoa dena.

        12. Horrelako igurikimena dugunaz geroztik, fidantzia handitan mintzo gare;

        13. Eta ez dugu egiten Moisesek bezala, zeinak bela bat ezartzen baitzuen begithartean, Israelen umeek ezin jasan zezaketelakoz haren begitharteko argi iragankorra;

        14. Eta hala thoil gelditu da hekien aditza. Ezen egungo eguna arteo bela hura bera, testament zaharra irakurtzen dutenean, altxatu gabe gelditzen da (Kristo baita hura khentzen duena);

        15. Bainan egungo eguna arteo, irakurtzen zaiotenean Moises, bela hedatua egoten da hekien bihotzen gainean.

        16. Bainan Jaunaren gana itzuliko denean Israel, khenduko da bela ere.

        17. Bada, Izpiritu da Jauna; berriz, non-ere baita Jaunaren Izpiritua, han ere da libertatea.

        18. Gu ordean, begitharteak ageririk Jaunaren ospeari begira gaudezenak, iduri berera aldatzen hari gare argitasunetik argitasunera, Jaunaren Izpirituaren eragintzaz bezala.

 

IV. KAP.

        1. Hargatik, ardietsi dugun urrikalmenduaren arabera, kargu bat dugunek ez dugu amor egiten,

        2. Bainan urhats itsu ahalkagarriei ukho egiten diotegu, amarrurik gabe ibiliz eta Jaunaren hitza andeatu gabe, bainan Jainkoaren aitzinean egiaren garbitasunaz gure buruak gomendatuz gizon guzien kontzientziari.

        3. Baldin itzalean bada oraino gure ebanjelioa, galtzen direnentzat da itzalean,

        4. Fedegabe horientzat, zeinen izpirituak, mende huntako Jainkoak itsutu baititu, Jainkoaren iduria den Kristoren ospezko ebanjelioaren argiak argi ez dezan hekien begietara.

        5. Guk ezen ez ditugu gure buruak erantzuten, bainan Jesu-Kristo gure Jauna erantzuten dugu; gu berriz, zuen zerbitzari egiten gure Jesusen gatik;

        6. Zeren argiari, ilhunbeetarik argi dezala erran dioen Jainkoak berak izarniatu baitu gure bihotzetan, Jesu-Kristoren begitharteaz argiarazteko Jainkoaren argiaren jakitatea.

        7. Bada lurrezko untzitan dakharzkagu aberastasun horiek, ezagun izan dadientzat gure baithan den handitasuna Jainkoaren ahaletik dathorla eta ez gure ganik.

        8. Hesturak orotan aurkhitzen ditugu, bainan ez gure athekan gelditzen; poxeluen erdian gare, bainan ez gare sarthuak baratzen;

        9. Jasaiten dugu jazarkunde, bainan ez gure laguntzarik gabe; lurrerat arthikiak gare, bainan ez gare galtzen;

        10. Gure gorphutzetan Jesusen heriotzea derabilkagu bethi, Jesusen bizia ere ager dadientzat gure gorphutzetan.

        11. Ezen bethi gu, bizi garenak, heriotzeari Jesusen gatik emanak gare, gure gorphutz hilkizunean ager dadien Jesusen bizia ere.

        12. Herioa beraz guri hari zaiku, zuei berriz, bizia.

        13. Eta fedezko izpiritu bera dugulakoz, iskribatua den bezala: Sinhetsi dut, hargatik naiz mintzatu; sinhetsi dugu guk ere, eta hargatik gare mintzo,

        14. Zeren baitakigu Jesus biztu duenak, gu ere Jesusekin biztuko gaituela, eta zuekin ospetan ezarriko.

        15. Zuentzat dire alabainan horiek oro; arren-eta berhatuz dihoan grazia, hainitzen eskerren bidez berha dadien oraino Jainkoaren ospagarri.

        16. Hargatik ez du gure gogoak amor egiten; bainan gal dadien arren gutan kanpotikako gizona, halere egunetik egunera berrituz dihoa barnetikakoa.

        17. Ezen gure atsekabeari oraiko orduan darraikion jasankizun labur eta axitak, neurriz goiti gure baithan eraginen du nihonereko ospe baten hazta bethi iraunen duena,

        18. Zeren ez baitiotegu ikhuskizun diren gauzei begiratzen, bainan-bai ikhuskizun ez direnei; ageri direnak alabainan oraietakoak dire, ageri ez direnak ordean bethirainokoak.

 

V. KAP.

        1. Badakigu ezen, urratzera heldu bada gauden toki huntako etxe lurrezkoa, leihor bat emanen darokula Jainkoak, ez eskuz eginikakoa, bainan bethi iraunen duen etxe bat zeruetan.

        2. Hargatik-ere auhenetan gaudezi, zerutikakoa den gure leihor hura soinera beharrez,

        3. Baldin bizkitartean jauntziak aurkhitzen bagare, eta ez larru gorritan.

        4. Alabainan ere etxola huntan garenak, kargaren azpian auhendatzen gare, zeren ez baitugu nahi biluziak izan, bainan gainetik jauntziak, gutan hilkizun dena biziaz izan dadien iretsia.

        5. Bada, hortakotzat egin gaituena, Jainkoa da, zeinak eman baitaroku izpiritua bahi.

        6. Gogoak bethi hazkar daduzkagu beraz, dakigulakoz, gorphutz huntan gareno arrotz gabiltzala.

        7. (Fedearen argitara gabiltza ezen, eta ez begienetara);

        8. Gogoak hazkar ditugu beraz, eta lehiatzen gare gehiago gorphutz huntarik ilkhitzera Jaunaren aitzinean egoteko.

        9. Hargatik-ere haren gogoko izatera bermatzen gare, nahiz izan gaitezen harekin, nahiz ez.

        10. Ezen oro behar gure Kristoren tribunalaren aitzinera agertu, batbederak bere gorphutzean zelarik egin ongien edo gaizkien araberako saria izan dezan.

        11. Ezagutzen baitugu beraz Jainkoaren beldurra, gizonen baithan sarraraztera hari gare. Bada, Jainkoak badaki nor garen, eta uste dugu zuen barneek ere ezagutzen gaituztela.

        12. Oraikoan ere ez gabiltza gure buruak zuen sinhestean sarrarazi beharrez, bainan gure ariaz zuen buruen goratzeko bidea ematen darotzuegu, izan dezazuen zer ihardets ageriko gauzez khe dutenei eta ez barnekoez.

        13. Ezen edo jauz ditezen gure izpirituak, hori Jainkoaren ariaz da; edo jabal egon gaitezen, hori zuen gatik da.

        14. Alabainan Kristoren amodioak hertsatzen gaitu; hau baitadukagu ezen, bat hil izan balin bada guzientzat, hil izan direla beraz guziak;

        15. Eta guzientzat hil dela Kristo, bizi direnak ez ditezen gaurgero berentzat bizi, bainan hekien gatik hil eta biztu denarentzat.

        16. Hargatik gehiago ez dugu nihor haragiaren arabera ezagutzen. Eta baldin haragiaren arabera ezagutu izan badugu Kristo, orai ez dugu hala ezagutzen.

        17. Beraz Kristorena balin bada nihor, kreatura berri bat da; beihalako gauzak goanak dire, huna non berrituak diren oro.

        18. Bada, oro heldu dire Jainkoaren ganik, zeinak Kristoren bidez berekin baketu baikaitu, eta guri eman daroku bakepeneko kargua.

        19. Alabainan Kristoren baithan zen Jainkoa, berekin baketzen zuenean mundua, gizonei gehiago beren hobenak iratxiki gabe; eta gutan ezarri du bakepeneko hitza.

        20. Kristorentzat bidalkin eginbidea bethetzen dugu beraz, Jainkoak gure ahoz hertsatzen bazintuzte bezala. Kristoren izenean errekeitzen zaituztegu, Jainkoarekin bake zaitezten.

        21. Bekhatua ezagutzen etzuenaren gain ezarri du gure gatik bekhatua, haren bidez guri emateko Jainkoaren araberako zuzentasuna.

 

VI. KAP.

        1. Jainkoaren laguntzaile garen bezala, hertsatzen zaituztegu ez dezazuen alferretan har Jainkoaren grazia.

        2. Dio berak ezen: Ordu onean entzun zaitut, eta salbamenduko egunean lagundu. Huna orai dela ordu on hura, huna orai salbamenduko eguna.

        3. Gaizbiderik ez diogu nihori ematen, baiarik ez diozoten iratxik gure lanari;

        4. Bainan gauza guzietan gure buruak Jainkoaren ministro bezala erakuts detzagun jasankortasun handi batez, atsekabe, premia, hesturetan;

        5. Ukhaldi, presondegi, bihurrialdi, nekhe, beila, baruretan;

        6. Garbitasunaz, jakitateaz, eztitasun iraunkorraz, Izpiritu sainduaren dohainez, karitate alegiagabekoaz;

        7. Egiazko hitzaz, Jainkoaren ganikako khabuaz, zuzentasuneko harmez ezker eta eskuin;

        8. Ospe, laidotan; aiphamen on eta tzarretan; batzuen ahotan enganatzaile, bertzeenetan egiati; behin ezagutugabeak, bertzean ezagutuak,

        9. Batean hiltzera dohazenak iduri, bertzean hara bizi; joak bezala, eta hara ez hilak;

        10. Ilhun direnak iduri, bainan bethi bozkariotan; beharrak iduri, bainan askoren aberasle; buluz hutsak iduri, eta ororen jabe.

        11. Zuentzat, oi Korinthoarrak, idekia dago gure ahoa, zabaldua gure bihotza.

        12. Gure bihotzean etzarete hertsiki, zuena da ordean enetzat hertsi.

        13. Bihur darotadazuet bada ordaina; ume batzuei bezala derratzuet, zuek ere zabal zatzue bihotzak.

        14. Ustarri ber bat ez erabil fedegabekoekin. Alabainan zer phartzunergo daiteke zuzentasunaren eta tzarkeriaren artean? Edo zer baltsa argiaren eta ilhunbeen artean?

        15. Zer patu Kristoren eta Belialen artean? Edo zer ikhusteko fededunaren eta fedegabearen artean?

        16. Zer aria Jainkoaren tenploaren eta idolen artean? Zuek zarete ezen Jainko biziaren tenploak, Jainkoak berak dioen bezala: Horien baithan egonen; horien erdian ibiliko naiz; eta ni izanen naiz horien Jainkoa, eta horiek ene populua.

        17. Hargatik ilkhi zaitezte gaixtaginen artetik; beraz zaitezte, dio Jaunak, eta lohi denik berautzue uki;

        18. Eta nik besoetara hartuko zaituztet; eta ni izanen natzaitzue aita, eta zuek izanen zarozkidate seme eta alaba, dio Jaun ahalorotakoak.

 

VII. KAP.

        1. Horrelako agintzak ditugunaz geroztik, oi anaia guziz maiteak, gure baitharik haragiko eta izpirituko khutsadura tzar guziak xahu detzagun, Jakikoaren beldurrean osatzen dugularik gure sainduespena.

        2. Har gaitzatzue. Nihori ez diogu bidegaberik egin, nihor ez dugu galdu, nihor ez dugu enganatu.

        3. Hori ez dut zuen kontra erraten. Aitzinean erran darotzuegu ezen, hileko eta biziko gare bihotzetan zaretela.

        4. Zuen baithan fidantzia handia dut, zuen ganik ospe handia dathorkit, gozoz ez nagoke, bozkarioak gaindi egiten darot gure atsekabe guzien erdian.

        5. Alabainan ere Mazedoniara ethorri garenean, niholazko phausurik ez du gure haragiak izatu, kanpoan guduak, ikharak barnean.

        6. Aphalei ordean gozakari emaile denak, Jainkoak gozo erran daroku Titoren ethortzeaz;

        7. Eta ez ezik haren ethortzeaz, bainan oraino zuen erdian aurkhitu duen gozamenduaz, ezagutarazi baitarozkigu zuen lehia, zuen nigarrak, ene alderat duzuen kharra, haletan non gehiago boztu bainaiz oraino.

        8. Ezen atsekabe eman balin badarotzuet ere, ez naiz urrikitan; urriki izan badut ere, ikhusirik atsekabe eman zarotzuetela ene gutunak (nahiz aphur batentzat),

        9. Bozkario dut orai, ez atsekabe zindutelakoz, bainan zeren urrikitara ekharri zaituzteten zuen atsekabeak. Ezen Jainkoaren araberakoa izatu da zuen atsekabea, gure ganik niholazko bidegaberik jasan ez duzuen bezala.

        10. Jainkoaren araberako atsekabeak alabainan, salbamendurako iraunkor den urrikia deragi; mendeko atsekabeak aldiz, heriotzea dakhar.

        11. Horra ezen, Jainkoaren arabera atsekabe hartzeak berak, zenbateko grina duen biztu zuen baithan; eta oraino, zer khexua zuen buruen xuritzeko, gaizkiaren kontra zer sumindura, Jainkoarentzat zer beldurra, zer lehia, zer kharra, tzarkeriaren kontra zer asperra. Alde oroz erakhutsi duzue etzinetela halako lanean khutsatzen.

        12. Beraz, iskribatu balin badarotzuet ere, ez dut egin, ez gaizkia egin duenaren ariaz, ez-eta jasan duenaren gatik; bainan-bai erakhustekotzat zer ardura dadukagun zuentzat

        13. Jainkoaren aitzinean; horrek eman dio gure barneari gozo. Bainan gure gozoan, Titoren bozkarioaz gurea gehiago berhatu da oraino, ikhusiz, guziek onthu diozuela gogoa.

        14. Eta zuetaz ongi zerbait erran izan badiot, ez dut hortaz ahalkerik; bainan nola egiaren arabera erran baitarozkitzuegu gauza guziak, haletan ere zuetaz Titori erran diogun ona, egiazko atheratu da;

        15. Eta zuen alderat gehiago eragiten dio bihotzak, orhoitzearekin zuen guzien ethorkortasunaz, eta nolako beldur eta ikharetan hartu duzuen.

        16. Bozten naiz beraz zeren gauza guzietan fida naitekeen zuen gainean.

 

VIII. KAP.

        1. Berriz, zuen egazutzara ekhartzen dugu Jainkoak Mazedoniako Elizei eman dioten grazia,

        2. Atsekabearen frogapen handiaren erdian, nasaia izan baita hekien bozkarioa, eta hekien behartasun gaitza, lainotasuneko aberastasunetan gainditu baita;

        3. Ezen lekhukotasun bihurtzen diotet, beren ahalaren araberako eta ahalaz goitiko oldea ere erakhutsi dutela,

        4. Othoitz errekeika hertsatu gaituztenean har ginetzan hekien amoinak eta sainduei egiten zaizkoten laguntzetako phartea.

        5. Eta egin dute, ez ezik igurikitzen ginduena, bainan beren buruak ere eman dituzte, Jaunari lehenik, eta gero guri, Jainkoaren nahiaren arabera,

        6. Haletan non othoiztu baitugu Tito, hasi duen bezala, zuen artean akhaba dezan eginkari on hori;

        7. Arren-eta, gauza oroz aberats zareten bezala, fedez, hitzez, jakitatez, zernahi arduraz, eta bertzalde gure ganako amodioz, horrelako graziaz ere orobat izan zaitezten aberats.

        8. Ez naiz mintzo manatuz bezala; bainan zuei erakhutsiz bertzeek duten ardura, halaber eraginez zuen karitatearen jaidura onari.

        9. Ezagutzen duzue alabainan Jesu-Kristo gure Jaunaren karitatea; aberats zelarik, gure gatik behar egin dela, haren behartasunaren bidez izan zintezten aberats.

        10. Eta hortan kontseilu bat ematen darotzuet; hori ezen ona da zuentzat, zeinak jazdanik abiatu baitzarete, ez ezik egiten, bainan nahi izaten ere.

        11. Orai beraz akhaba zazue lan hori; arren-eta, lehiatzera erne izatu den bezala zuen oldea, duzuenetik akhabatzera ere orobat izan dadien.

        12. Ezen nahikari bizi bat denean, Jainkoak onhesten du, batbederak duenaren, eta ez ez duenaren arabera.

        13. Ez dut nahi alabainan bertzeek izan detzazten eztitasun guziak, zuek aldiz hesturak, bainan oro bardin izan zaitezten.

        14. Oraiko orduan, zuen nasaiziak estal beza hekien eskasia; zuek eskas duzuena halaber estalia izan dadien hekiek nasai dutenetik, eta egin dadien bardintasuna, iskribatua den bezala:

        15. Hainitz bildu zuenak, etzuen gaindi; eta guri bildu zuenak, etzuen eskas.

        16. Bada, eskerrak bihurtzen diozkat Jainkoari, zeinak ezarri baitu Titoren bihotzean nik zuentzat dudan ardura bere;

        17. Onhetsi du ezen ene othoitza, bainan ardura handiagoa zuelakoz, bere baitharik lothu da zuen ganateko bideari.

        18. Harekin bidali dugu halaber anaia bat, zeinak ebanjelioaren ariaz laudorioak baititu eliza guzietan;

        19. Eta ez hori bakharrik, bainan oraino elizez berezia izan baita gure laguntzat derabilzkagun urhatsetan, anaientzat amoina biltzeko Jainkoaren ospetan eta olde onari bide ematean,

        20. Horrela begiratzen garelarik nihork erratekorik ez dezan aurkhi, gure eskuz egiten diren amoina handi haukietan.

        21. Atzarriak gaude ezen ongiaren egitera, ez ezik Jainkoaren aitzinean, bainan gizonen begietan ere.

        22. Hekiekin igorri dugu bada, bertze anaia bat ere, maiz asko gauzetan ezagutu duguna arduratsu, oraikoan aldiz hainitz arduratsuago dena, zuen gaineko sinheste handiaren ariaz

        23. Ongi ethorri eginen diozuetela, nahiz Titoren gatik, zeina ene laguna baita, eta zuen onetan laguntzen nauena; nahiz bertze anaien gatik, zeinak Elizetako Apostolu eta Kristoren ospe baitire.

        24. Elizen aitzinean erakhutsozuete beraz nolakoa den zuen karitatea, eta ospe atheratzen ahal dugula zuetarik.

 

IX. KAP.

        1. Alfer liteke luzekiago zuei iskribatzea sainduentzateko laguntzaren gainean;

        2. Ezagutzen dut ezik zuen gogo suharra, zeintaz ospe atheratzen baitut Mazedoniarren aitzinean, Akaia jazdanik eginbidetan jarria zelakoz, eta zuen kharrak atzarri dituelakoz bertze asko.

        3. Bada, bidali darozkitzuet gure anaiak, buru hortarik urmaria ez dadien zuetarik atheratu dudan sendagaila, eta neurritan izan zaitezten, erran izan dudan bezala;

        4. Beldurrez-eta, enekin ethorriko direnean Mazedoniarrak, eta zuek neurritan ez aurkhitu, gauza hortan ahalkea gure gainera eror dadien (zuen gainera ez errateko).

        5. Uste izan dut beraz premia zela anaiak othoiztea, aitzina har zezaten zuen ganat, eta izan dezaten agindu amoinaren xuxentarazteko artha, egiazko karitate bat bezala, eta ez zekhenkeria bat iduri.

        6. Hau diot bada: Xuhur eraiten duenak, xuhur ere bilduko du; eta nasai eraiten duenak, nasai ere du bilduko.

        7. Bakhotxak beraz gogoan hartu duen hura eman beza, ez ilhunik, edo ezin bertzez bezala; Jainkoak ezen emaile goiherea du maite.

        8. Bada, Jainkoak zuen baithan grazia guziak nasaiaraz detzazke; arren-eta, gauza guzietan izanez bethi behar den guzia, eginkari on guzietako izan dezazuen nasai,

        9. Iskribatua den bezala: Barraiatzen haritu da; beharrei laguntza egin diote; menderen mendetan iraunen du haren zuzentasunak.

        10. Berriz, eraileari hazia ematen dioenak, ogia ere jateko emanen darotzuete, eta popularaziko du zuen hazia, eta berharaziko ditu zuen zuzentasunaren fruituak;

        11. Arren-eta, orotaz aberats, karitatea lainotasun osoarekin egiteko ahala izan dezazuen, horrek gure ahotik Jainkoarentzat atheratzen baititu esker onak.

        12. Ezen amoina haukien emaitzak, ez ezik estaltzen ditu sainduen beharrak, bainan oraino Jainkoari bihurrarazten dio esker on hainitz;

        13. Gure arartekoz egiten den ongiaren frogantzaren ariaz, sainduek ospatzen baitute Jainkoa, Kristoren Ebanjelioari ekhartzen diozuen aithor ethorkorraren gatik, eta hekiei eta bertze guziei lainoki egiten ditutzuen karitateen gatik;

        14. Eta zuentzat egiten dituzten othoitzez erakhusten dute zenbat diren zuen alderat ekharriak, Jainkoak eman darotzuen grazia ederrestekoaren ariaz.

        15. Eskerrak Jainkoari haren ezin-erranezko dohainaren gatik.

 

X. KAP.

        1. Bada, Kristoren eztitasun begiratuaren izenean errekeitzen zaituztet nik Paulok, zuen artean, diotenaz, itxuraz eme, bainan urrundik buruiopetsu agertzen naizenak zuen alderat.

        2. Othoizten zaituztet bada, ez nezazuen bortxa hor izanen naizenean erraten duten buruiopea erabiltzera gizon batzuen kontra, zeinek uste baitute haragiaren arabera gabiltzala.

        3. Halabadere haragian gabiltzalarik, ez gure haragiaren arabera gudukatzen.

        4. Ezen gudutako gure harmak ez dire haragizkoak, bainan Jainkoaren ganik indar dutenak hazkargailuen urratzeko, hekiekin urmariarazten baititugu gizonen asmuak,

        5. Eta Jainkoaren jakitatearen kontra goratzen diren buruiope guziak; eta Kristoren azpian gathibu ezartzen baititugu izpiritu guziak,

        6. Eta bihurrikeria guzien gaztigatzeko ahala baitugu, zuek ethorduntasuneko eginbideak bethe dituzketzuen ondoan.

        7. Ageri diren bezala ikhusatzue gauzak. Norbaitek Kristorena badaduka bere burua, hau ere gogoan iragan beza, ezen bera Kristorena den bezala, gu ere hala garela.

        8. Ezen ene buruari eman banezo ere esker zerbait gehiago Jaunak zuen onbidetan eta ez galbidetan eman izan darokun ahalaz, ez nuke batere ahalkatzeko.

        9. Bainan gutunez zuek izitu beharrez bezala nabilalako ustekeriarik ez dadien izan

        10. (Ezen Pauloren gutunak, diotenaz, zorrotzak dire eta borthitzak; bainan bera ikhusten denean, itxuraz txar eta solasez erdeinagarri),

        11. Hortako denak burutan iragan beza ezen, nolakoak baikare urrundik hitzez gutunetan, hala-halakoak garela aldetik egintzetan.

        12. Ez gare ausartatzen beren buruak edertzen dituztenen arteko jartzera, edo gure buruak hekien aldeko ezartzera; bainan garenarekin neurtzen ditugu gure buruak, eta gure burua gure buruarekin erkhatzen dugu.

        13. Ez ditugu bada gure buruak neurriz goiti ederretsiko, bainan Jainkoak eman izan darokun neurriaren heinean zuen ganat heldu izan garela, hori da gure ospearen neurria.

        14. Ez gure alabainan gure zedarrietarik haratago hedatzen, iduri ez garela zuen ganat heldu izan, ezen zuetaraino heldu izan gare Kristoren Ebanjelioarekin.

        15. Ez gare, bertzeen lanez jabetuz, neurriz goiti handitzen; bainan gure pheskiza da, berhatuz goanen dela zuen fedea, eta zuen ariaz ospe nasaia atheratuko dugula, emana zaikun eremuan,

        16. Eta zuen ganik haratago diren aurkhintzetan en: erantzunen dugula ebanjelioa, bertzeen eremuetan eginak diren lanez jabetu gabe.

        17. Ospe atheratzen duenak beraz, Jaunaren baithan athera beza.

        18. Ez da ezen bere buruaren aithorra duena ontzat ezagutua, bainan-bai haina zeinari Jainkoak aithor ematen baitio.

 

XI. KAP.

        1. Oxala aphur bat jasan bazinezate ene sendokeria! bainan ni ere jasan nezazue;

        2. Ezen Jainkoaren gatik ekhartzen darotzuet amodio bekhaizkorrena. Alabainan nik senhar bati ezkontzaz agindu zaituztet, neskatxa garbi bat bezala emateko Kristori.

        3. Bainan beldur naiz, sugeak Eba amarruka enganatu zuen bezala, andea ditezen zuen izpirituak ere, eta makhur ditezen Kristoren araberako lainotasunetik.

        4. Ezen heldu den batek erantzun balezazuete bertze Kristo bat guk erantzun ez duguna; edo izan bazinezate izpiritu bat izatu ez duzuena, edo Ebanjelio bat zuek izatu gabea; zuzenbidean jasan zinezakete.

        5. Ez dut ordean uste apostolu handiek baino deusere gutiago egin izan dudala.

        6. Mintzatzeko, antzegabea banaiz ere, ez naiz jakitategabea; eta gauza guzietan zuen artean erakhutsi ditugu gure buruak.

        7. Ala gaizki egin othe dut, zuen goratzeko ene buruaren beheratzea, zeren urrurik erantzun darotzuedan Jainkoaren Ebanjelioa?

        8. Bertze elizei khendu diotet, hekien ganik hartuz zuen zerbitzatzeko saria.

        9. Eta zuen baithan nintzenean, eta beharretan, ez naiz nihoren bizkar izatu, ezen Mazedoniatik ethorri anaiek estali dituzte ene eskasak; eta deusetan-ere zuen behargarri izan gabe, zerbitzatu zaituztet, eta oraino eginen ere.

        10. Kristoren egia ene baithan denaz hitz darotzuet, ospe hori ez dudala galduko Akaiako eremuetan.

        11. Zergatik? Zeren etzaituztedan maite? Jainkoak badaki.

        12. Bainan egiten dudana, eginen ere dut; arren-eta hauts diozotedan bidea bideketa dabiltzanei, ospe atheratzen duten gauzetan hekiek gure iduriko aurkhituak izateko.

        13. Ezen halako apostolu-aizunak, langile amarrutsu batzu dire, Kristoren apostoluen itxura jaunzten dutenak

        14. Eta ez da harritzeko; ezik satanek berak ere hartzen du aingeru argidunaren itxura.

        15. Ez da beraz handia, haren zerbitzariek ere hartzen badute zuzenaren zerbitzarien itxura; bainan beren egintzen araberako akhabantza izanen dute.

        16. Diot berriz ere (nihork ez beza uste izan buru harro bat naizela, bertzenaz buru harro bezala har nezazue, nik ere ene buruari lelo zerbait eman diozodan),

        17. Lelo aria hortan erraten dudana bihoa ez dudala Jainkoaren arabera erraten, bainan buru harrokeriaz bezala.

        18. Askok haragiaren araberako espantuak dituztenaz geroztik, nik ere hala eginen dut.

        19. Alabainan zuhurrak zareten arren, gogo onez jasaiten ditutzue harroak.

        20. Jasaiten duzue ezik, norbaitek azpikotzen bazaituzte, norbaitek iresten, norbaitek larrutzen, norbaitek burgoiki erabiltzen, norbaitek begithartean jotzen.

        21. Laidoaren ariaz diot, horren gainean ilhaun izan bagine bezala. Bertzeak ausartatzen diren gauzetara (harrokerian mintzo naiz) ausartatzen naiz ni ere.

        22. Hebrearrak dire? Ni ere bai. Israeldarrak dire? Ni ere bai. Abrahamen odoletik dire? Ni ere bai.

        23. Kristoren ministro dire? (Zoroa bezala mintzo naiz), ni hobeki; izatu naiz nekhe gehiagotan, presondegitan maizago, zaurthua eragabeki, ardura heriotzearen menean.

        24. Juduen ganik azote ukhaldiak hartu ditut berrogoi, bat guti.

        25. Hiruretan zaharoz joa izan naiz; behin harrikatua; itsasoan kosta jo dut hiruretan; gau bat eta egun bat eman ditut itsaspean.

        26. Maiz izatu naiz bide gainetan, galmentetan ibaien gainean, galmentetan ohoinen artean, ene herritarren aldetik galmentetan, jendaien aldetik galmentetan, hirian galmentetan, mortuan galmentetan, itsasoan galmentetan, anaia maltzurren artean galmentetan.

        27. Ibili naiz nekhe, akhidura, beila, gose, egarri, barur asko, hotz, buluztasunen erdian.

        28. Kanpotikakoak diren gaitz horiez bertzalde, egun guzietako egitekoak, Eliza guzien grina enekin erabili ditut.

        29. Nor eritzen da, eta ni ere ez banaiz eritzen? nor da bidakhaizten, ni ere ez banaiz erretzen?

        30. Espantu egin behar bada, jasan ditudan gaitzez sendagaila eginen dut.

        31. Jainkoak, Jesu-Kristo gure Jaunaren Aitak badaki ez naizela gezurrez mintzo.

        32. Aretas erregearentzat Damaseko populuaren buruzagi zenak, ene harrapatzeko zaintzen zuen Damaseko hiria;

        33. Eta leiho batetarik saski batean jautsi ninduten hiriko harrasia behera, eta haletan itzuri nintzen haren eskuetarik.

 

XII. KAP.

        1. Lelo atheratu behar bada (ez da bada on ere), Jaunaren ganikako ikhuspen eta agerpenen aiphatzen abiatuko naiz.

        2. Kristoren baithan badakit halako gizon bat, duela hamalaur urthe hirugarren zeruraino altxatua izan dena; ala bere gorphutzarekin, ala gorphutzik gabe, hori ez dakit, Jainkoak daki.

        3. Eta badakit halako gizon hura (edo bere gorphutzarekin, edo gorphutza gabe, ez dakit, Jainkoak daki),

        4. Parabisura altxatua izan dela, eta solas gorde batzu aditu dituela, hekien erratea gizonari ez baitzaio zilhegi.

        5. Halako gizonarentzat sendagaila egin dezaket; enetzat ordean, ene gaitzez baizik ez dut eginen batere.

        6. Alabainan ene burua goratu nahi banu, ez liteke zorokeriarik ene baithan, zeren egia bainerrake; herabez uzten dut ordean, beldurrez-eta, norbaitek, nitan ikhusten edo nitaz aditzen duenetik zerbait gehiago banaizela uste izan dezan.

        7. Eta ez nezan hantaraz agerpenen handitasunak, haragian emana izan zait akhulo bat, Satanen aingeru, joka hari zaitan bat.

        8. Hargatik hiruretan othoiztu dut Jauna, ene ganik urrun dezan;

        9. Eta ihardetsi izan darot: Aski duzu ene grazia; ezen herbaltasunak ekhartzen du osotasunera indarra Gogotik eginen dut beraz ene herbaleriaz sendagaila, ene baithan egon dadien Kristoren indarra.

        10. Aria hortaz lakhet naiz ene gaitz, laido, behar, jazarri, hesturetan Kristorengatik; ezen herbal naizenean, orduan naiz hazkar.

        11. Zoratu naiz; zuek bortxatu nauzue. Zuei zen alabainan ene goratzea; ez dut ezen deusere egin apostolu handienek baino gutiago, deusik ez naizen arren.

        12. Halabadere zuen artean agertu dire ene apostolutasuneko ezagutkariak, ene jasankortasun osoaz, sendagaila, mirakulu eta harritzeko gauzez.

        13. Ezen bertze elizek baino zer izan duzue gutiago, ez bada zuen bizkar ez naizela izatu? Hoben hori barkha dizadazuet.

        14. Huna hirugarren aldia zuen ikhustera abian naizela; eta oraikoan ere ez naiz zuen bizkar izanen. Ezen ez nabila zuenaren ondoan, bainan zuek bilhatzen zaituztet. Halabadere ez da haurrei ontasun biltzea burhasoentzat, bainanbai burhasoei haurrentzat.

        15. Nik aldiz zuen arimentzat, ditudanak eman netzazke, eta ene arima gainetik; nahiz gehiago maithatzen zaituztedanean, gutiago naizen maithatua.

        16. Bainan bihoa! Zuen bizkar ez naiz izatu; xothila bainaiz, amarruka atzeman zaituztet.

        17. Zuen gana bidali ditudanetarik norbaitez enganatu othe zaituztet bada?

        18. Othoiztu dut Tito, eta harekin bidali dut bertze anaia bat. Titok enganatu othe zaituzte? ez othe gare izpiritu berean ibili? hatz berei jarraiki?

        19. Uste othe duzue oraino, zuen begietan gure buruak garbitu beharrez han garela? Jainkoaren aitzinean Kristoren baithan mintzo gare; eta gure hitz guziak, anaia maiteak, zuen onetako dire.

        20. Beldur naiz ezen, etzezaztedan aurkhi, ethorriko naizenean, nahi zintuzketedan bezalakoak; eta zuek ere ni aurkhi nezazuen nahi ez nindukezuen bezalakorik; beldur naiz zuen artean ikhus detzadan khimerak, bekhaizgoak, aiherkundeak, eskatimak, erauntsia gaixtoak, salhuak, hanpuruskeriak, bihurrialdiak;

        21. Eta berriz zuen baithara ethorriko naizean, aphal nezan Jainkoak, eta nigar beharko dudan egin askoren gainean hainetarik, zeinek, lehenago bekhatutan erori, eta penitentzia ez baitute egin erabili dituzten lohikeria, khutsatze eta likhiskeriez.

 

XIII. KAP.

        1. Huna hirugarren aldiko zuetara nathorla; bi edo hirur lekhukoren ahotik goanen da gauza guzia.

        2. Lehenago erran dut, eta erraten dut oraino hor ez naizelarik, hor banintz bezala, berriz ethortzen balin banaiz, ez ditudala guphidetsiko aitzinean bekhatu egin izan dutenak, ez-etare bertze guziak.

        3. Ala frogatu beharrez zabiltzate Kristoren indarra, Kristo, zeina ene ahoz mintzo baita, zeina ez baita zuen artean hebain agertu, bainan-bai ahaldun zuen erdian?

        4. Ezik haragiko herbaltasunaren arabera gurutzefikatua izan da; bainan Jainkoaren indarraz bizi da. Halaber gu ere harekin herbal gare, bainan harekin biziko gare, Jainkoak zuen artean erakhusten duen indarraz.

        5. Ikhar zatzue zuen buruak, hean fedean zareten; froga zatzue zuen buruak. Ala ez duzue ezagutzen zuen baithan dela Kristo Jesus? ez bazarete bederen bide onetik makhurtuak.

        6. Bainan uste dut ezagutuko duzuen, ez garela gu makhurtuak.

        7. Bada, othoizten dugu Jainkoa, niholaz ez dezazuen gaizkirik egin; ez hori gu prestutzat ikhusiak izan gaitezen, bainan zuek egin dezazuen ongi dena; nahiz guk prestu itxurarik ez izan.

        8. Alabainan ahalik ez dugu egiaren kontra, bainan-bai egiaren alde.

        9. Halabadere bozten gare, zeren herbal garen gu, zuek aldiz hazkar. Hau ere galdegiten diogu Jainkoari, eman diezazuen perfetasuna.

        10. Hemendik iskribatzen darozkitzuet gauza horiek, horratu-eta ez nahiz gogorki erabili Jaunak eman darotan ahala, altxatzeko eta ez arthikitzeko.

        11. Gainerakoan, anaiak, boz zaitezte, izan perfet, bero elkhar, izan gogo bereko, bizi bakean, eta bakezko eta amodiozko Jainkoa zuekin izanen da.

        12. Musu saindu batez elkharri agur egizue. Saindu guziek igortzen darotzuete goraintzi.

        13. Zuekin guziekin izan beitez Jesu-Kristo gure Jaunaren grazia, eta Jainkoaren amodioa, eta Izpirituaren dohaina. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa