www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

THESALONIKARREI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

LEHENBIZIKO GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo, Silbano eta Timotheo, Thesalonikarren elizari, Jainko Aitaren eta Jesu-Kristo Jaunaren baithan.

        2. Grazia eta bakea beitez zuekin. Zuentzat Jainkoari eskerrak bihurtzen diozkagu bethi, hutsik gabe gure othoitzetan zuetaz orhoitzapen eginez,

        3. Jainko gure Aitaren aitzinean orhoituz zuen fedearen eginkariez, zuen karitateaz, eta Jesu-Kristo gure Jaunaren baithan duzuen igurikimenaren sendotasunaz;

        4. Zeren baitakigu, anaia Jainkoaz maithatuak, nola hautetsiak izan zareten;

        5. Etzaitzue alabainan agertua izan gure Ebanjelioa hitzaz bakharrik, bainan mirakuluez ere, Izpiritu sainduaren dohainez eta grazien bethetasun osoaz, dakizuen bezala zuen alderat nolakoak izan garen zuen onetan.

        6. Eta zuek egin zarete gure eta Jaunaren imitari, asko atsekabeen erdian onhetsiz Jainkoaren hitza Izpiritu sainduaren bozkarioarekin;

        7. Haletan non Mazedonian eta Akaian sinhestun guzien ikhuskari egin baitzarete.

        8. Ezen ez duzue bakharrik Mazedonian eta Akaian lelotan ezarri Jaunaren hitza, bainan oraino Jainkoaren baithan duzuen fedeak toki orotan hanbateko bidea egin du, non zerbaiten erratea ere ez baitzaiku premia.

        9. Alabainan orok erraten dute goraki nolako sartzea izan dugun zuen baithan, idoletarik nola itzuli zareten Jainkoaren ganat, Jainko bizi eta egiazkoaren zerbitzatzeko,

        10. Eta zerutik igurikitzeko Jesus haren Semea, hiletarik biztu duena, eta ethorkizuneko hasarrearen menetik atheratu gaituena.

 

II. KAP.

        1. Ezik zerorrek badakizue, anaiak, zuetara ez garela alferretan sarthu;

        2. Bainan lehenik Filipesen asko jasanik eta hidoi egarririk, dakizuen bezala, gure Jainkoak lagunduz, uzkurtasunik gabe, asko borroken erdian erantzun darotzuegu Jainkoaren Ebanjelioa.

        3. Ezen gure erantzupena ez da, ez makhurretikakoa, ez lohikeriazkoa, ez zimarkhutsua izatu;

        4. Bainan Jainkoak ezagutu gaituen bezala, Ebanjelioaren kargua emateko guri, hala mintzatzen gare, ez gizonei aurkhitzeko gogoarekin, bainan Jainkoari, zeinak ikhusten baititu gure bihotzak.

        5. Ezen, dakizuen bezala, ez gare egundaino balakuzko solasetan aurkhitu, ez-eta jaramankeriako bidean, Jainkoa lekhuko da,

        6. Ez-etare gizonen ganik lelo beharrez, ez zuen, ez bertzeen ganik.

        7. Zuen bizkar egoten ahal ginelarik, Kristoren apostolu bezala, xumetto egin gare zuen artean, bere haurrak mainatzen dituen unhide bat iduri:

        8. Hain lehiatsuki maite zintuztegun, non-nahi baikindukeen zuei eman, ez ezik Ebanjelioa, bainan gure biziak ere, hanbat baitzineten gure bihotzetan barna sarthuak.

        9. Ezen orhoit ahal zarete, anaiak, gure lan eta nekheez, nola zuetarik nihoren behargarri ez izatea gatik, gau eta egun lanean hariz, zuen artean erantzun dugun Jainkoaren Ebanjelioa.

        10. Lekhuko zarete, eta Jainkoa ere bai, zein sainduki, zein zuzen eta errateko biderik gabe ibili garen sinheste hartu duzuenekin;

        11. Eta badakizue nola (aita batek bere haurra bezala) zuetarik batbedera

        12. Othoiztuz eta gozatuz, errekeitu zaituztegun ibil zintezten, bere erresumara eta ospera deithu zaituzten Jainkoari dagokion bezala.

        13. Hargatik guk ere Jainkoari baratu gabe diozkagu eskerrak bihurtzen, zeren gure ahotik onhetsi zindutenean Jainkoaren aiphameneko hitza, hartu zinduten hura, ez gizonen solasa bezala, bainan (hala ere baita egiazki) sinhetsi duzuenen baitan eragiten duen Jainkoaren hitza bezala.

        14. Alabainan, anaiak, Kristoren baithan sinhetsi duten Judeako Jainkoaren Elizen imitari egin zarete; zuek ere ezen zuen herritarren ganik hala-halako atsekabeak jasan ditutzue, nola hekiek Juduen aldetik,

        15. Zeinek Jesus Jauna bera eta profetak hil izan baitituzte, eta guri jazarri; zeinak ez baitire Jainkoaren gogoko, eta gizon guziei bidegabe egiten baitiote

        16. Gu debekatuz jendaiei erantzutetik salbatu behar dituen hitza; hola baratu gabe bethetzen baitute beren bekhatuen neurria; ezen Jainkoaren hasarrea hekien gainera jautsi da azkeneraino.

        17. Guk bada, anaiak, zuen ganik aphur batentzat urrunduak izanik begithartez, ez bihotzez, hanbatenaz lehia gehiago ginduen zuen ikhusteko.

        18. Hargatik nahi izan dugu zuen ganat ethorri; eta nik Paulok gogotan izan dut behin eta bietan ere, bainan satanek poxelu eman daroku.

        19. Alabainan zer da gure pheskiza, gure bozkarioa, gure ospeko khoroa? Ez othe zuek Jesu-Kristo gure Jaunaren aitzinean, ethorriko den eguneko?

        20. Ezen zuek zarete gure ospe bozkarioak.

 

III. KAP.

        1. Hargatik, gehiago ezin ihardukiz, burutan hartu ginduen Athenesen bakharrik gelditzea;

        2. Eta bidali ginarotzuegun Timotheo, gure anaia eta Jesu-Kristoren Ebanjelioko Jainkoaren ministroa, zuen gogortzera eta fedean berotzera;

        3. Nihor etzadien hestura haukietan khordoka; zerorrek ezen badakizue hortako bereziak garela.

        4. Alabainan zuekin ginenean ere, aitzinetik erran ginarotzuegun atsekabeak hertsaturen gintuztela, eta hala gertatu ere da, dakizuen bezala.

        5. Hargatik nik ere, gehiago ezin ihardukiz, bidali dut Timotheo zuen fedearen ezagutzera, beldurrez-eta tentatu zintuzketen tentatzaileak, eta hutsal zadien gure lana.

        6. Orai ordean, zuetarik gutaratu denean Timotheo, eta jakintsun egin gaituenean zuen fedeaz eta karitateaz, eta gutazko orhoitzapen ona dadukazuela bethi, gure ikhusteko lehietan zaretela, hala-nola gu ere zuen ikhustekoan;

        7. Hargatik, anaiak, zuen fedeak gozakari eman daroku gure premia eta atsekabe guzien erdian;

        8. Ezen orai bizi gare, Jaunaren baithan gogor zaudeztenaz geroztik.

        9. Alabainan nolako eskerrak Jainkoari bihurtzen ahal diozkagu zuen ariaz, gure Jainkoaren aitzinean zuen gatik bozten gaituen bozkarioaren erdian,

        10. Gau eta egun othoitz nasaiak egiten ditugularik zuen begithartearen ikhusteko, eta zuen fedeak eskas duenaren bethetzeko?

        11. Jainkoak berak, gure Aitak, eta Jesu-Kristo gure Jaunak, aphain biazategu beraz zuetarako bidea.

        12. Berriz, Jaunak berha eta gaindiaraz beza elkharrentzat eta guzientzat zuen karitatea, hala-nola gurea ere baita zuentzat;

        13. Zuen bihotzak hazkar ditezen, saindutasunean itzalik gabe izateko Jainkoaren aitzinean, Jesu-Kristo gure Jauna bere saindu guziekin ethorriko den egunekotzat. Halabiz.

 

IV. KAP.

        1. Gainerakoan, anaiak, Jesus Jaunaz othoizten eta errekeitzen zaituztegu, gure ganik ikhasi duzuen bezala nola behar zareten ibili, hala ere ibil zaitezten, geroago eta gehiago aitzinatzekotzat;

        2. Badakizue ezik zer manamendu eman izan darotzuetan Jesus Jaunaren izenean.

        3. Hau da ezen Jainkoaren nahia, izan zaitezten saindu, lohikeriatik begira zaitezten,

        4. Jakin dezan zuetarik batbederak bere gorphutzaren saindu eta garbi idukitzen,

        5. Ez zalhekerien oldarrari jarraikiz, Jainkoa ezagutzen ez duten jendaiak bezala;

        6. Eta nihor ez dadien bere anaiaren gainetik ibil, eta ez diozon egitekoetan bidegaberik egin; zeren Jaunak horietaz orotaz asperkunde atheratzen baitu, lehenago erran eta lekhukotasun egin darotzuegun bezala.

        7. Alabainan ez gaitu lohitasunera deithu Jainkoak, bainan-bai saindutasunera.

        8. Hori arbuiatzen duenak beraz ez du gizon bat arbuiatzen, bainan Jainkoa, Izpiritu saindua ere eman izan darokuna.

        9. Anaien arteko amodioaz berriz, iskriba dezazuegun premiarik ez da; ezen Jainkoaren ganik zerorrek ikhasi duzue elkhar maitha dezazuela.

        10. Halabadere anaien guzien alderat hori egiten duzue Mazedonia guzian. Othoizten zaituztegu ordean, anaia maiteak, aitzinago goan zaitezten amodio hortan,

        11. Eta egin dezazuen bakean bizitzera, zeinek zuen egitekoei hotsematera, eta manatu darotzuegun bezala, zuen eskuez hari zaitezten lanean; eta azkenekoz behar den bezala ibil zaitezten kanpokoekin, eta bertzeren gauzaren lehiarik izan ez dezazuen.

        12. Bada, ez dugu nahi, anaiak, heriotzeko loan daudenez deusere jakin gabe izan zaitezten, ez dezazuen ilhundurarik har, igurikimenik ez duten bertzeek bezala.

        13. Sinhesten badugu alabainan hil eta biztu izan dela Jesus, sinhesteko dugu halaber Jesusen baithan lokhartu direnak, harekin erakharriko dituela Jainkoak.

        14. Haletan Jaunaren hitzetik derratzuegu, ezen gu bizi garenak, eta Jauna ethortzen deneko azken gelditu gaiztekeenak, lo daudenei ez garela aitzinduko.

        15. Ezik arkanjeluaren manura eta oihura eta Jainkoaren turutara, Jauna bera zerutik jautsiko da, eta Kristoren baithan hil direnak lehenbizikorik biztuko dire.

        16. Gero gu, bizi eta geldituak gaintekeenak, hekiekin batean airetan eramanak izanen gare hedoietan gora Jaunaren bidera, eta haletan bethiraino Jaunarekin izanen gare.

        17. Hitz horietaz elkharri emozue beraz gozakari.

 

V. KAP.

        1. Bada, mugez eta orduez, ez duzue, anaiak, nik iskribatu beharrik.

        2. Zerorrek ezen badakizue ongi, nola gabaz ohoina, hala ethorriko dela Jaunaren eguna.

        3. Ezik noiz-ere erranen baitute: Bakea, deskantsua, orduan batbateko xahupena gainera ethorriko zaiote, erdiminak izorra denari bezala, eta ez dire itzuriko.

        4. Zuek ordean, anaiak, etzarete ilhunbetan, egun harek ohoinak bezala atzemateko;

        5. Alabainan argiaren umeak zarete guziak eta egunaren umeak; ez gure ez gauaren ez ilhunbeen umeak.

        6. Ez gaitezen beraz bertzeak bezala lo egon; bainan izan gaitezen atzarri eta begiratu.

        7. Ezen lo egileek, gabaz egiten dute lo; eta hordiak gabaz mozkortzen dire.

        8. Gu ordean, egunaren ume garenak, izan gaitezen begiratu, fedeko eta karitateko gerruntzea soinean, eta salbamenduko pheskiza kaskatzat buruan;

        9. Zeren Jainkoak ez baikaitu bere hasarregailu ezarri, bainan-bai salbamenduaren ardietsarazteko Jesu-Kristo gure Jaunaz,

        10. Zeina guretzat hil baita, arren-eta, nahiz gaudezen lo, nahiz atzarriak, harekin batean bizi gaitezen.

        11. Hargatik batak bertzeari emozue gozakari, eta elkhar onbida zazue, egiten ere duzuen bezala.

        12. Berriz, anaiak, othoizten zaituztegu, ikhustate izan dezazuen zuen artean lanean, hotsematen eta atzar ematen hari direnentzat,

        13. Eta karitate nasaiagoa ekhar diozozueten, beren lanaren ariaz; bakea izan zazue hekiekin.

        14. Oraino, anaiak, othoizten zaituztegu, kridantza zatzue khexuak, hazkar khabugabeak, soinka herbalak; guzien alderat izan jasankor.

        15. Begira nihork nihori bihur ez diozon gaizkia gaizkiarentzat; bainan jarraik zaitezte bethi elkharri eta guziei ongiaren egiteari.

        16. Izan zaitezte bethi goihere.

        17. Baratu gabe jarraik othoitzari.

        18. Gauza guziez eskerrak bihur; ezen hori da Jainkoak zuen ganik Jesu-Kristo gure Jaunaren bidez nahi duena.

        19. Ez iraungi izpiritua.

        20. Ez arbuia profeziak.

        21. Oro hazta, on dena iduk.

        22. Bego gaitz itxura duen guzia.

        23. Berriz, bakezko Jainkoak orotan sainduets zaitzatela, zuen izpiritu-arima-gorphutzak, garbi eta notharik gabe egon ditezen, Jesu-Kristo gure Jauna ethorriren deneko.

        24. Zina da zuek deithu zaituztena; harek ere eginen du hori.

        25. Anayak, othoitz egizue guretzat.

        26. Musu saindu batez agur egiozuete anaia guziei.

        27. Jaunaren izenean othoizten zaituztet, gutun hau anaia guziei irakur dadien.

        28. Bedi zuekin Jesu-Kristo gure Jaunaren grazia. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa