www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

KORINTHOARREI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

LEHENBIZIKO GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo, Jainkoaren nahiaren bidez Jesu-Kristoren apostolu deithua, eta Sosthenes anaia;

        2. Korinthon den Jainkoaren Elizari, Jesu-Kristoren baithan sainduetsiei, saindu deithuei, hekien eta gure tokietan non-nahi Jesu-Kristo gure Jaunaren izenari dei egiten diotenei.

        3. Jainko gure Aitaren ganik eta Jesu-Kristoren ganik grazia eta bake zuei.

        4. Ene Jainkoari esker bihurtzen hari natzaio bethi, Jesu-Kristoren bidez zuei emana izan zaitzuen Jainkoaren grazia gatik;

        5. Jesu-Kristoren bidez aberastuak izan baitzarete dohain guziez, zer-nahi mintzaia eta jakitatez;

        6. Kristoren lekhukotasuna zuen baithan zin atheratu den bezala;

        7. Haletan non dohainik batere ez baituzue eskas, Jesu-Kristo gure Jaunaren agerpenari begira zaudeztenek.

        8. Jainkoak halaber azkeneraino finkaturen zaituzte, hobengabe aurkhi zaitezten, Jesu-Kristo gure Jauna ethorriko den egunean.

        9. Zina da Jainkoa, zeinak deithu baitzaituzte Jesu-Kristo bere seme gure Jaunaren lagunkhidetasunera.

        10. Bada, Jesu-Kristoren izenean errekeitzen zaituztet, anaiak, mintzaia berbatez mintza zaitezten oro, eta ez dadien zuen artean izan bereztamenik, bainan izan zaitezten bat, gogo eta sinheste berekin.

        11. Ezen, anaiak, Kloeren etxekoek ene ezagutzara ekharri dute, eskatimak zuen artean badirela.

        12. Bada, hori diot, zeren zuetarik bakhotxak erraten duen: Ni Paulorekilako naiz; ni berriz, Apoloren aldeko; ni aldiz Zephasekilako; eta ni, Kristorena.

        13. Erdizkatzen da Kristo? Zuentzat gurutzefikatua izan othe da Paulo? ala Pauloren izenean bathaiatuak izan othe zarete?

        14. Eskerrak Jainkoari bihurtzen diozkat, zuetarik ez dudalakoz nihor bathaiatu, Krispo eta Kaio baizik;

        15. Nihork ez dezan erran ene izenean bathaiatuak zaretela.

        16. Berriz bathaiatu izan dut Estephanasen etxea ere; eta gainerakoan ez dakit hean bertze nihor bathaiatu dudanez.

        17. Kristok ezen ez nau bathaiatzera igorri, bainan Ebanjelioaren erantzutera, eta ez solasaren zuhurraz, ezdeustua izan ez dadien Kristoren gurutzea.

        18. Galtzen direnei alabainan zorokeria bat zaiote gurutzearen ariazko solasa; salbatzen direntzat berriz, erran nahi da guretzat, Jainkoaren indarra da.

        19. Haletan da iskribatua: Urmariaturen dut zuhurren zuhurtasuna, eta eragotziren umoen umotasuna.

        20. Non da zuhurra? non legearen irakhaslea? non da mende huntako gizon argiketaria? Jainkoak ez othe du zoro atherarazi mundu hunen zuhurtasuna?

        21. Ezik munduak bere zuhurtziarekin ez baitu Jainkoa ezagutu, Jainkoaren eginkarien zuhurtasunean; Jainkoak bere gogarako izan du erantzupenaren zorokenaz sinhestunen salbatzea.

        22. Nola Juduek sendagailak galdatzen baitituzte, eta Greziarrek zuhurtzia bilhatzen;

        23. Guk berriz, Kristo gurutzefikatua erantzuten dugu, Juduentzat gaizbide, jendaientzat zorokeria;

        24. Bainan deithuak diren Judu eta Greziarrentzat, Kristo Jainkoaren indarra eta Jainkoaren zuhurtzia;

        25. Zeren Jainkoaren baithan zoro dirudiena, zuhurrago baita gizonen asmu guziak baino; eta malbu dirudiena, gizonen ahal guziak baino hazkarrago.

        26. Alabainan ikhusazue, anaiak, nola zareten deithuak, gutiak zaretela gizonaren arabera zuhur, gutiak ahaldun, gutiak handi.

        27. Bainan munduaren begiko zoro direnak hautatu ditu Jainkoak zuhurren ahalkatzeko; eta herbal direnak, hazkarren ahalkatzeko;

        28. Eta munduaren begiko aphal, eta erdeinagarri, eta ezdeus direnak, zerbait direnen ezeztatzeko;

        29. Arren-eta ez dadien izan gizonik bere buruaz haren aitzinean espantu eginen duenik.

        30. Bada, zareten guzia, haren ganik zarete Jesu-Kristoren bidez, zeina eman baitaroku Jainkoak gure zuhurtziatzat, zuzenbide, sainduespen eta berrerospentzat;

        31. Arren-eta, iskribatua den bezala, bere burua goresten duenak, Jaunaren bidez gorets dezan.

 

II. KAP.

        1. Eta ni, anaiak, zuetara ethorri naizenean, ez natzaitzue solas eta zuhurtzia zoragarriekin ethorri Kristoren lekhukotasunaren erantzutera.

        2. Ez dut ezik zuen aitzinean buruioperik erakhutsi zerbait badakidala, Jesu-Kristo baizik, eta hura gurutzefikatua.

        3. Eta ni, zuen artean, herbaltasun, beldur eta ikhara handitan izatu naiz;

        4. Eta ene solasa eta ene irakhaspena ez zauntzan gizonen zuhurtziaren araberako hitz sarkorretan, bainan izpiritu eta eraginduraren erakuspenean;

        5. Zuen fedea ez dadien izan gizonen zuhurtziaren gainean jarria, bainan-bai Jainkoaren indarrean.

        6. Guzia gatik gaienei aiphatzen diotegu zuhurtzia, ez ordean mende hunen araberakoa, ez-eta mende huntako handien zuhurtzia, zeinak iraungitzen baitire;

        7. Bainan erantzuten dugu Jainkoaren misteriozko zuhurtzia, gordea dagoena, Jainkoak egundainotik gure osperako berezia,

        8. Mende huntako handietarik nihork ezagutu ez duena; ezen ezagutu izan balute, nihoiz etzuketen gurutzefikatu ospearen Nausia.

        9. Bainan iskribatua den arren: Begiak ez du ikhusi, beharriak ez du aditu, gizonaren bihotzak ez du nabaritu zer aphaindu duen Jainkoak hura maithatzen dutenentzat;

        10. Guri ordean bere Izpirituaz agertu daroku Jainkoak; Izpirituak ezen ikhartzen ditu guziak, Jainkoaren barne minenak ere.

        11. Alabainan gizonaren baithan zer den, gizonetarik zeinek daki, baizik-ere gizonaren izpiritu bere baithan duenak? hala ere nihork ez du ezagutzen Jainkoaren baithan dena, Jainkoaren Izpirituak berak baizik.

        12. Guk aldiz ez dugu mundu huntako izpiritua izatu, bainan-bai Jainkoaren ganikako Izpiritua, ezagut detzagun Jainkoak eman darozkigun dohainak,

        13. Zeinak erantzuten ere baititugu, ez gizonkarako zuhurtziaren solas jakintsunez, bainan Izpirituaren irakhasmenaren arabera, ispiritualak ispiritualki xehatuz.

        14. Bada, gizon abereak bere aditzan ez ditu ardiesten Jainkoaren Izpirituaren arako gauzak; ezen erhokeriak zaizko, eta ez da aditzeko gai, zeren ispiritualki behar baitzaiote begiratu.

        15. Bainan ispiritual denak oro juiatzen ditu, eta bera ez da nihortaz juiatua.

        16. Alabainan nork ezagutzen du Jaunaren Izpiritua, nork hari irakhats? Bada guk, Kristoren aditza dugu.

 

III. KAP.

        1. Eta ni, anaiak, ezin mintzatu natzaitzue gizon izpiritutsu batzuei bezala, bainan haragitsu batzuei bezala. Hala-nola Jesu-Kristoren baithan haurtto direnei,

        2. Esnea eman darotzuet edatera; ez darotzuet jatekoa eman, ez baitzineten oraino gai; eta orai ere etzarete hala, zeren haragitsu baitzarete oraino.

        3. Alabainan bekhaizgo eta makhurrak zuen artean bizi direnaz geroztik, ez othe zarete haragitsu, eta ez othe zabiltzate gizarara?

        4. Ezen batek dioenaz geroztik: Ni Paulorekilakoa naiz; bertze batek berriz:, Ni Apolorekilakoa; ez othe zarete gizon? Zer da bada Apolo? aldiz, zer da Paulo?

        5. Hainaren ministroak, zeinaren baithan sinhetsi baituzue, eta Jaunak bakhotxari eman izan dioenaren arabera.

        6. Ni landatzen haritu naiz, Apolo urztatzen; bainan Jainkoa handiarazten.

        7. Hargatik, ez landatzailea, ez urztatzailea, ez dire zerbait; bainan handiarazten duena, Jainkoa, hura da guzia.

        8. Berriz, landatzailea eta urztatzailea, biak bat dire. Bakhotxak ordean bere saria izanen du, bere lanaren eredura.

        9. Alabainan Jainkoaren laguntzaileak gare gu; zuek, Jainkoaren laborantza, Jainkoak egiten dituen etxeak zarete.

        10. Nik, emana zaitan graziaren arabera, etxegile zuhur batek bezala jarri du asentua; bertze batek berriz, gainean altxatzen du etxea. Batbederak ordean ikhus beza nola daraman gaineko lana.

        11. Ezen nihork asenturik ezin arthik dezake, jarria denaz bertzerik, zeina Jesu-Kristo baita.

        12. Baldin norbaitek asentu horren gainean altxatzean, ezartzen badu urhe, zilhar, harri balios, zur, belhar, edo lasto,

        13. Ageriko da bakhotxaren lana; ezen Jaunaren egunak ezagutaraziko du, zeren suak agertuko baitu, eta suak erakhutsiko du nolakoa den bakhotxaren lana.

        14. Norbaitek asentuaren gainean eginduen lana gelditzen bada, hainak izanen du saria.

        15. Erretzen bada norbaiten lana, hainak kaltea jasanen du; bera ordean salbatua izanen da; hunela bizkitartean, sua gaindi bezala.

        16. Ez dakizue Jainkoaren tenplo zaretela, eta zuen baithan dagola Jainkoaren Izpiritua?

        17. Bada, norbaitek khutsatzen badu Jainkoaren tenploa, haina galduko du Jainkoak. Alabainan saindua da Jainkoaren tenploa, eta zuek zarete tenplo hura.

        18. Nihork ez beza bere burua engana. Zuen artean balin bada norbait zuhur iduririk mende hunen arabera; erho bedi, zuhur izatekotzat.

        19. Ezen mundu hunen zuhurtzia, erhokeria bat da Jainkoaren begiko. Iskribatua da alabainan: Zuhurrak beren zuhurkeriaz atzemanen ditut.

        20. Eta oraino: Ezagutzen du Jainkoak, hutsalak direla zuhurren asmuak.

        21. Nihork ez beza beraz gizonetarik lelo athera.

        22. Zuenak dire alabainan nahiz Paulo, nahiz Apolo, nahiz Zephas, ala mundua, ala bizia, ala heriotzea, ala oraiko gauzak, ala gerokoak; zuenak dire alabainan oro.

        23. Zuek berriz, Kristorenak zarete; Kristo aldiz Jainkoarena.

 

IV. KAP.

        1. Hunela har begaitzate gizonek, Kristoren ministroak eta Jainkoaren misterioen erabiltzaileak bezala.

        2. Bada, gauzen erabiltzaileetan hau nahi da, haina fidel aurkhitzea.

        3. Aldiz, axola guti da enetzat, zuetaz edo gainerako gizonez juiatua izatea; halabadere ez dut ene burua juiatzen.

        4. Barneak ezen ez darot arrangurarik egiten; bainan ez naiz horren gatik garbi; ezen ene juie dena, Jauna da.

        5. Aria hortaz, muga baino lehen juiatzera ez abia, Jauna ethorri arteo; harek argituko ditu ilhunbetan gordeak diren gauzak, eta agerira emanen ditu bihotzetako asmuak; eta orduan izanen du batbederak zor zaion laudorioa.

        6. Solas hau, anaiak, erakhutsi dut Apoloren eta ene artean zuen gatik, gure gainean ikhas dezazuen, batzuek bertzeen kontra buruioperik ez atheratzen norbaiten izenetik, aitzinean errana den bezala.

        7. Nork ezen bereztamenik egiten du zuen artean? Zer duzu alabainan izan ez duzunik? Duzuna beraz izana baduzu, nolaz hantzen zare, izana ez bazindu bezala?

        8. Oraikoz betheak, oraikoz aberats zarete; erreginatzen zarete gu gabe; eta oxala erregina bazindezte, gu ere zuekin erregina gintezen!

        9. Iduritzen zait Jainkoak gu, apostoluak, azken lerroko erakhusten gaituela, hiltzeko xedatuak direnak bezala; ezen munduari, aingeruei eta gizonei ikhuskaritan emanak gare.

        10. Gu Kristoren gatik erho, zuek ordean Kristoren baithan gurbil zarete; gu hebain, zuek aldiz hazkar; zuek ohoragarri, gu berriz arbuiagarri.

        11. Oraidino gose-egarriek gabiltzate gu, buluz gare, zaflakoak hartzen ditugu, eta ez dugu non bara;

        12. Eta gure eskuz nekherekin hari gure lanean; bertzeek gu madarika, guk benedika; bertzeek guri jazar, guk egar;

        13. Guri burhoak, guk othoitzak; mundu huntako samatsa bezala, guzien xahukina iduri, eginak gare orai arteo.

        14. Haukiek ez darozkitzuet ahalkearen emateko iskribatzen; bainan ohartematen darotzuet ene bihotzeko ume maiteei bezala.

        15. Ezen hamar mila irakhasle Kristoren baithan balin bazinituzte ere, ez duzue ordean asko aita. Ni naiz ezen Ebanjelioaz Kristo-Jesusen baithan aitatu zaituztedana.

        16. Othoi beraz ene imitari izan zaitezte, nola ni Kristorena.

        17. Hargatik bidali darotzuet Timotheo, ene seme guziz maite eta zina Jaunaren baithan, harek ezagutaraziko baitarozkitzuete ene bideak Kristo Jesusen legean, orotan, eliza guzietan irakhasten dudanaren arabera.

        18. Gehiago zuetara ethortzekoa ez banintz bezala, haletan handituak zarete zenbait.

        19. Laster ordean zuetaratuko naiz, Jaunak nahi balin badu; eta ez dut begiratuko hantuak direnen solasei, bainan hekien eginkariei.

        20. Ezen ez datza hitzetan Jainkoaren erresuma, bainan-bai egintzetan.

        21. Zer nahi duzue? Zaharoarekin ethor nakizuen, ala karitatez eta eztitasuneko izpirituz betherik?

 

V. KAP.

        1. Garbiki entzuten da lohikeria zuen artean dabilala, eta halako lohikeria, nolakorik paganoen artean ere ez baita, huntarainokoan non baita norbait bere aitaren emazteaz gozatzen dena.

        2. Eta hantuak zarete; eta lehenago, ez duzue nigarrik izan, zuen erditik khen dadien lan horren egilea

        3. Bada nik, gorphutzez urrun, bainan izpirituz zuekin, hor banintz bezala juiatu dut holako lana egin duena,

        4. Jesu-Kristo gure Jaunaren izenean zuek eta ene izpiritua bildu ondoan, Jesus gure Jaunaren indarraz,

        5. Holako gizona izan dadien satani emana, hil dakion haragia, arimaren salbatzeko Jesu-Kristo gure Jaunaren egunean.

        6. Ez duzue zeren zuen buruez espantu athera. Ez dakizue altxagarri izpi batek galtzen duela orhe guzia?

        7. Altxagarri zaharretik garbi zaitezte, orhe berri izateko, airisak zareten bezala. Alabainan gure Bazkotzat imolatu da Kristo.

        8. Hargatik besta egin dezagun, ez altxagarri zaharrarekin, ez-eta maltzurkeria eta tzarkeriako altxagarriarekin, bainan zintasuneko eta egiako airisekin.

        9. Ene gutunean iskribatu darotzuet: Lohiekin ez nahas.

        10. Hori ez dut erran mundu huntako lohi, jaraman, harrapari, edo idola zerbitzaileez; bertzela mundu huntarik ilkhi behar zintezkete.

        11. Ez nahastekatzeaz orai iskribatu darotzuedana hau da: balin bada anaia deitzen den bat, edo lohi, edo jaraman, edo idola zerbitzari, edo ahapaldikari, edo hordi, edo harrapari; ez jan halako gizonarekin.

        12. Ezen zer ikhusteko dut kanpoan direnen juiatzeko? Ez dire barnekoak juiatzeko ditutzuenak?

        13. Alabainan kanpo direnak, Jainkoak juiatuko ditu. Zuek, tzarkeria khen zazue zuen erditik.

 

VI. KAP.

        1. Zuetarik norbaitek anaiaren kontra xuritzeko bat duenean, nolaz ausartatzen da gaixtaginen aitzinera justizian deitzera, eta ez sainduen aitzinera?

        2. Ala ez dakizue sainduek juiatzekoa dela mundu hau? Eta zuek juiatu behar baduzue mundu hau, ez othe zarete orai gauza aphurtto batzuen juiatzeko?

        3. Ez dakizue aingeruen beren juie izanen garela? Zenbatez hobeki mendeko gauzen?

        4. Balin baditutzue mendeko egitekoz hauziak, elizan aphaltto direnak ezar zatzue juiatzen.

        5. Zuen ahalketara diot: Zuetan nihor ez othe da zuhurrik, anaien artean juie izateko?

        6. Bainan anaia anaiarekin hauzitan hari da, eta hori fedegabekoen aitzinean.

        7. Zuen artean hauziak izatea bera, jadanik bekhatu garbia da. Zergatik lehenago ez duzue bidegabea jasaiten? Zergatik lehenago maula ez egar?

        8. Bainan zerorrek zarete bidegabe eta maula egileak, eta hori anaiei.

        9. Ez dakizue bidegabe egileek ez dutela Jainkoaren erresuma gozatuko? Berautzue engana: ez lohiek, ez idola zerbitzatzaileek, ez bertzeren emaztearekin khutsatzen direnek,

        10. Ez beratzek, ez muthilkoiek, ez ohoinek, ez jaramanek, ez hordiek, ez ahapaldikariek, ez harrapariek ez dute gozatuko Jainkoaren erresuma.

        11. Eta halako izanak zarete zenbait; bainan garbituak izan zarete, bainan saindutuak, bainan zuzen eginak zarete, Jesu-Kristo gure Jaunaren izenean, eta gure Jainkoaren Izpirituaren eragintzaz.

        12. Oro baizu zaizkit, bainan ez dire guziak on; oro haizu bai, bainan ez naiz niholazko ahalaren azpian jarriko.

        13. Jakia sabeleko, sabela jakiaren; Jaunak ordean biak xahutuko. Gorphutza berriz, ez da lohikeriaren, bainan Jaunaren, eta Jauna gorphutzaren.

        14. Jainkoak bada, hiletarik biztu du Jauna; eta gu ere bere ahalaz bizturen gaitu.

        15. Ez dakizue zuen gorphutzak Kristoren alderdi direla? Kristori beraz bere alderdiak khendurik, eginen othe ditut lilitxo baten alderdi? Ez holakorik.

        16. Ez dakizue lilitxoari iratxikitzen dena, harekin gorphutz bat egiten dela? Ezen errana da: Bia izanen dire gorphutz batean.

        17. Aldiz Jaunari iratxikitzen dena, harekin izpiritu bat da.

        18. Ihes lohikeriari. Gizonak eginen duen bertze edozein bekhatu, gorphutzetik kanpoan da; bainan lohitzen denak bere gorphutzari egiten dio hoben.

        19. Ala ez dakizue zuen gorphutza Izpiritu sainduaren tenplo dela; zuetan dagoela Izpiritu saindua, Jainkoaren ganik duzuela, eta zuen buruak ez ditutzuela zerorrenak?

        20. Handia da alabainan zuek erosiak zareten saria. Jainkoa gorets eta zuen gorphutzean erabil zazue.

 

VII. KAP.

        1. Niri iskribatu daroztadatzuenen gainean erranen dut: On du gizonak emaztekiari ez hurbiltzea;

        2. Bainan lohikerian ez khutsatzeko, gizon bakhotxak izan beza bere emaztea, emazteki bakhotxak bere senharra.

        3. Zor duena gizonak emazteari bihur biozo, eta halaber emazteak ere gizonari.

        4. Emaztea ez da bere gorphutzaren nausi, bainan senharra da nausi; gizonak ere halaber ez du eskuko bere gorphutza, bainan emazteak.

        5. Elkharri ez egin ukho, non ez onezonean ephe batentzat, othoitzari zuen buruen emateko; gero itzul zaitezte lehengo urhatsera, satanek ez dezazuen gaitzerat eragin zuen zalekoitasunaz baliatuz.

        6. Bainan beraztasunez derratzuet hori, ez manatuz.

        7. Nahi nuke ezen guziak ni bezala izaten bazinezte; bainan batbederak Jainkoaren ganik du bere dohaina, batak hula, bertzeak berriz hala.

        8. Diot aldiz ezkongei eta alhargun direnei, hala egotea on dutela, ni neroni ere nagoen bezala.

        9. Ezin iduk badetzazkete beren buruak, ezkont beitez; erretzea baino ezen, hobe da ezkontzea.

        10. Ezkontzaz batuak direnei berriz, ez diotet nik manatzen, bai ordean Jaunak, emazteak ez dezan utz senharra;

        11. Uzten badu, ezkondu gabe geldi, edo bere senharrarekin bake dadien. Eta gizonak ere ez beza igor bere emaztea.

        12. Bertzeei aldiz, ni mintzo natzaiote, ez Jauna. Anaia zenbaitek emaztea balin badu fedegabea, ez beza igor, egon nahi bazaio.

        13. Eta emazte fededun batek senhar fedegabea balin badu, eta hura, egon nahi bazaio, ez beza utz.

        14. Senhar fedegabea alabainan emazte fededunaz sainduesten da, eta emazte fedegabea senhar fededunaz; bertzela zuen haurrak lohi litezke, orai, ordean saindu dire.

        15. Baldin fedegabe dena goaten bada, bihoa; ezen horrelako gerthakarian, anaia edo arreba ez da zorraren azpiko gelditzen; bainan bakean bizitzera deithu gaitu Jaunak.

        16. Alabainan, emaztea, zer dakizu hean salbaraziko duzun senharra? edo zuk, gizona, hean salbaraziko duzun emaztea?

        17. Bainan batbedera ibil bedi Jaunak eman dioenaren arabera, Jainkoak bakhotxa deithu duen bezala, eta holakoa da eliza guzietan ene irakhaspena.

        18. Ingurebakia den norbait federa deithua da? ez beza itsu ingurephaitzako hatza. Ingurebakigabe bat deithua da? ez bedi ingurebak.

        19. Deusere ez da ingurephaitza, deusere ez da ingurebakigabetasuna; bainan Jainkoaren manamenduen begiratzea, hura da guzia.

        20. Batbedera geldi bedi deithua izan denean zen bezala.

        21. Gathibu zinelarik deithua izan zare? ez hortaz khexurik izan; bainan libratzen ahal balin bazare are hobeki balia zaite.

        22. Jaunak deithu duen gathibua ezen, Jaunaren pelut da; halaber deithua izan den peluta, Kristoren gathibu da.

        23. Hainitz gostaiak zarete; ez jar gizonen gathibu.

        24. Zer heinetan ere, anaiak, batbedera deithua izan baita, hartan geldi bedi Jainkoaren aitzinean.

        25. Ezkongeiez denaz, ez dut Jaunaren ganik manamendurik; bainan kontseilu ematen dut, fidel izateko grazia Jaunaren ganik ardietsi dudan bezala.

        26. Uste dut beraz hori on dela, egun orotako premiaren ariaz, gizonak on duela hola egotea.

        27. Emazte baten lokharria hartu duzu? urratzea ez bilha. Emazte lokharririk gabe zare? emazterik ez bilha.

        28. Aldiz emazte bat hartu baduzu, ez duzu bekhaturik egin; eta neskatxa bat ezkondu bada, ez du bekhaturik egin. Izanen dituzte hargatik gorphutzeko atsekabeak. Nik bada, guphide zaituztet.

        29. Anaiak, hau diot beraz: Laburra da denbora; geroz-goiti emaztedun direnak, bizi beitez gabe balire bezala;

        30. Eta nigarrez daudezenak, nigarrik egiten ez balute bezala; eta bozten direnak, bozten ez balire bezala; eta erosten dutenak, gozatzen ez balute bezala;

        31. Eta munduko gauzak eskuetan erabiltzen dituztenak, erabiltzen ez balituzte bezala; ezen iragaiten da mundu hunen itxura.

        32. Nik nahi dut bada, grinarik ez dezazuen izan. Emazterik gabe denak Jaunaren gauzez du ardura, hean nola eginen dioen atsegin.

        33. Ezkondua denak aldiz, munduko gauzez du ardura, atsegin emazteari nola egin, eta bi aldetara dago erdizka.

        34. Eta emazteki ezkondugabe batek eta birjina batek, Jaunaren gauzak dituzte gogoan, gorphutzez eta izpirituz saindu izatea gatik. Aldiz eskonduak munduko gauzez du asmu, hean nola aurkhituko dioen bere senharrari.

        35. Bada, zuen onetan naiz horrela mintzo; ez zuei sare baten arthikitzeko, bainan zuen ekhartzea gatik bizitze sainduago batera, eta Jaunari poxelamendurik gabe othoitz egiteko ahala emanen darotzuenetara.

        36. Norbaiti ordean iduritzen bazaio laido duela alaba ezkondu gabe adinetan goan dakioen, eta aria hortaz ezkondu behar dela; nahi duena egin beza; ez du bekhaturik, ezkontzen bada ere.

        37. Bainan nihondik premiarik ez, eta bere nahiaren nausi izaki, eta bere bihotzean gogo sendo bat harturik bere baithan erabaki duenak ezkondu gabe alaba begiratu behar duela, ongi egiten du.

        38. Horreletan, bere alaba ezkontzen duenak ongi egiten du; eta ezkontzen ez duenak, hobeki.

        39. Senharra bizi duena, legearen lokharrietan da; emaztea hiltzen bazaio, libratua da; nahi duenarekin ezkont bedi; Jaunaren arabera egiten den ber.

        40. Dohatsuago izanen da ordean hala-hala geldituz, ene kontseiluaren arabera: uste dut bada, nik ere Jainkoaren Izpiritua badudala.

 

VIII. KAP.

        1. Idolei sakrifikatzen diren gauzez denaz aldiz, badakigu guziak jakitate badugula. Jakitateak hantzen du, karitateak ordean onbidatzen.

        2. Bada, norbaitek uste badu badakiela zerbait, ez du oraino ezagutzen nola behar ere den jakin.

        3. Bainan norbaitek Jainkoa maite badu, haina ezagatua da Jainkoaz.

        4. Idolei imolatzen diren jatekoez bezenbatean, badakigu idola deusik ez dela munduan, eta nihor ez dela Jainko, bat bakharra baizik.

        5. Ezen, nahiz zeruan, nahiz lurrean balin badire ere jainko deitzen direnak (hola balitezke asko jainko eta asko nausi);

        6. Guretzat halere Jainko bat da, Aita, zeinaren ganik heldu baitire gauza guziak, eta zeinak beretzat egin baikaitu; eta Jaun bakhar bat, Jesu-Kristo, zeinaren bidez baitire gauza guziak, eta gu ere haren bidez.

        7. Bainan ez da guzien baithan jakitatea. Ezen batzuek, oraino ere idola zerbait badela ustez, idolari eskaini haragitik jaten dute, eskainia izan delakoan; eta malbu baitute kontzientzia, khutsaturik gelditzen da.

        8. Ez gare bada, janaz Jainkoaren gogarako. Ezik janez ez gare ontzen, jan gabez ez gare aphurtzen haren begiko.

        9. Begira ordean zuen trebekeria hori egin dadien malbuen behaztopagailu.

        10. Alabainan norbaitek ikhusten badu argitua den bat idolategian mahainean jarria; kontzientzia malbu izan-eta, ez othe da hura ere ekharria izanen idolei eskainirikako gauzetarik jatera?

        11. Eta zure jakintasunari esker galduko da zure anaia malbu dena, zeinarentzat hil izan baita Kristo.

        12. Bada, horreletan anaien kontra bekhatu eginez, eta hekien kontzientzia malbuak zaurthuz, Kristoren kontra egiten duzu bekhatu.

        13. Hargatik janak behaztoparazten badu anaia, bizian ez dut haragirik janen, ez dadien gaitzerat eror ene anaia.

 

IX. KAP.

        1. Ez naiz libro? Ez naiz apostolu? Ez dut ikhusi Jesu-Kristo gure Jauna? Etzarete haren baithan ene lana?

        2. Bertzeentzat ez banintz ere apostolu, zuentzat bederen hala naiz; ezen zuek zarete Jaunaren baithan ene apostolutasuneko zigilua.

        3. Bilhatzen nautenei hau idardesten diotet:

        4. Ez dugu jan-edanen zuzenik?

        5. Emazteki arreba baten garekin inguruan erabiltzeko zuzenik ez dugu, hala-nola apostoluek, eta Jaunaren anaiek, eta Zephasek?

        6. Ala nik eta Barnabasek ez dugu bakharrik horren egiteko eskurik?

        7. Nor egundaino bere gostuz hari da gerlan? Nork landatzen du mahastia, eta hartako fruituetarik ez jaten? Nork alhatzen du arthaldea, eta ardien esnetik ez edaten?

        8. Hola ez othe naiz gizonaren arabera mintzo, edo legeak ere ez othe du hori erraten?

        9. Ezik Moisesen legean iskribatua da: Bihi jotzen hari den idiari, ez ahoa traba. Idiez othe du Jainkoak bere ardura?

        10. Ala hobeki, ez othe du gure gatik erran hori? Bai, gure gatik dire horiek iskribatuak. Ezen iraultzen hari denak, geroko pheskizan behar du irauli; eta bihitzailea, fruitu atheratzeko pheskizan bihitzen hari.

        11. Ontasun ispiritualak zuen baithan erain baditugu, handia othe da zuen mendeko onetarik biltzen badugu?

        12. Bertzeak zuen ahaletan phartedun badire, zeren ez gu hobeki? Ez gure ordean ahal hortaz baliatu; bainan zernahi jasaiten dugu, den-gutieneko trabarik ez emateko Kristoren Ebanjelioari.

        13. Ez dakizue tenploan lanean hari direnek, tenploko gauzetarik jaten duela; eta aldareko eginbideak egiten dituztenak, aldarearekin phartedun direla?

        14. Horrela ere manatu diote Jaunak ebanjelioaren erantzuleei, ebanjeliotik ditezen bizi.

        15. Ni ordean ez naiz batere horietaz baliatu. Bada, ez darozkitzuet horiek iskribatzen, hola egin dadientzat ene alderat; ezen nahiago nuke hil, ene ospea norbaitek galaraz lezakedan baino lehen.

        16. Alabainan Ebanjelioaren erantzuten hari balin banaiz, ez da enetzat ospe bat; ezik premiak hertsatzen nau; eta zorigaitz niri ez banaiz erantzuten haritzen

        17. Alabainan gogo onez egiten badut hori, badut ene saria; ordean gogo gaitzez hari banaiz, karguz izanaren ematea egiten dut.

        18. Zer da bada ene saribidea? Ebanjelioaren erantzutean, urrurik hedatzea ebanjelioa, baliatu gabe ebanjeliotik dudan ahalaz.

        19. Ezen nihoren lokharririk ez izan-eta, ororen zerbitzari egin naiz, gizon gehiagoren biltzea gatik.

        20. Juduekin Juduekilako egin naiz, Juduen irabaztea gatik.

        21. Legearen azpiko direnekin egin dut legearen azpian banintz bezala (ez nintzen arren legearen azpiko), legearen azpian zirenen irabaztea gatik; legegabekoekin egin dut, legerik izan ez banu bezala (ez nintzen arren Jainkoaren legerik gabe, aitzitik Kristoren legearen azpian nintzen), legerik gabe zirenen irabaztea gatik.

        22. Malbuekin malbu egin naiz, malbuen irabaztea gatik. Guziekin guziekilako egin naiz, guzien salbatzea gatik.

        23. Berriz, oro egiten ditut ebanjelioaren ariaz, hartan phartedun izatea gatik.

        24. Ez dakizue lasterkatokian laster egiten dutenek, orok laster egiten dutela, batek ordean daramala saria? Haletan laster egizue beraz, non atzemanen baituzue.

        25. Berriz, plazetako borrokari guziak, gauza orotan xuhur egoten dire; eta bada, hekiek andeakor den khoro bat izaten dute; guk ordean ezin-galduzkoa.

        26. Nik bada, hunela laster egiten dut, ez itsu-mandoka bezala; hunela gudukatzen naiz, ez aireari joka bezala;

        27. Bainan zehatzen dut ene gorphutza, eta gathibu ezartzen dut; beldurrez-eta bertzeei erantzun ondoan, neroni Jainkoaz iraizia geldi nadien.

 

X. KAP.

        1. Bada, ez dut nahi, anaiak, ez dezazuen jakin, gure arbasoak hedoiaren azpian izatu eta itsasoa iragan dutela guziek;

        2. Eta guziak, Moises buruzagi, izan direla hedoiean eta itsasoan bathaiatuak;

        3. Eta orok janhari ispiritual bera jan izan dutela;

        4. Eta orok edari ispiritual beretik edan izan dutela (edaten zuten bada ondotik zarraikioten harri ispiritualetik, harri hura Kristo baitzen);

        5. Etziren ordean hekietarik gehienak Jainkoaren gogarako izatu; ezik mortuan eroriak gelditu ziren.

        6. Bada, gauza horiek gutaz denaren iduripenetan egin izan dire, gu ez gaitezen izan zalekeria tzarrei aiher, hekiek izatu diren bezala.

        7. Ez-eta ez bilhaka idola adoratzaile, hekietarik batzu bezala, hala-nola iskribatua baita: Populua jarri zen jaten eta edaten, eta dostatzera jaiki zen.

        8. Lohikeriara ere ez gaitezen lerra, hekietarik batzu erori ziren bezala, eta egun bakharrean hogoi eta hirur milak jo baitzuten lurra.

        9. Eta ez dezagun behar Kristo, hekietarik batzuek egin zuten bezala eta sugeek hil izan baitzituzten.

        10. Ez-eta arranguraka ez abia, hekietarik batzu arranguratu ziren bezala, eta aingeru xahutzailearen eskutik galdu baitziren.

        11. Bada, horiek oro itxurapen aretan gerthatzen zitzaizkoten, eta iskribatuak izan dire mendeen buruan bizi garenen argitzeko.

        12. Hargatik gogor dagoela uste duenak, begira beza ez dadien eror.

        13. Gizontasunari darraizkion tentazionez bertzerik ez bekizue loth; aldiz, zina da Jainkoa; etzaituztete zuen indarrez goiti tentatzerat utziko, bainan oraino tentazionetik irabazia atheratuko du, izan dezazuen ihardukitzeko ahala.

        14. Hargatik, ene guziz maiteak, idolen adoratzeari ihes egiozue.

        15. Gizon umoei bezala mintzo natzaitzue; zerorrek ikhusazue zer diodan.

        16. Benedikatzen dugun benedizionezko kalitza, ez othe da Kristoren odoleko komunionea? eta hausten dugun ogia, ez othe da Jaunaren gorphutuko komunionea?

        17. Ezen asko garelarik, ogi bat eta gorphutz bat gare, ogi batetik pharte hartzen dugun guziak.

        18. Haragiaren arabera ikhusazue Israel: bitimetarik jaten dutenak, ez othe dire aldarean phartedun?

        19. Zer beraz? idolei imolatua, zerbait dela othe diot, edo zerbait dela idola bera?

        20. Ez, bainan paganoek imolatzen dutena, debruei imolatzen dutela, eta ez Jainkoari. Ez dut bada nahi debruen phartzuner egin zaitezten; ezin edan dezakezue Jaunaren kalitzan eta debruen kalitzatik;

        21. Ezin izan zaitezkete phartedun Jaunaren mahainean eta debruen mahainean.

        22. Ala Jauna bekhaitzarazi beharrez hari gare? Hura baino hazkarrago othe gare? Oro haizu ditut, bainan ez dire guziak on.

        23. Oro haizu ditut, bainan ez dute guziak onbidatzen.

        24. Nihor ez bedi bere oldearen ondotik ibil, bainan bertzeenaren ondoan.

        25. Merkhatuan saltzen diren guzietarik jan zazue, barneko arranguraz deusere galdatu gabe.

        26. Jaunarenak dire lurra eta hartan direnak oro.

        27. Fedegabekoetarik norbaitek mahainera deitzen bazaituztete, eta goan nahi baduzue, jan zazue zer-ere aitzinera emanen baitzaitzue, barneko arranguraz deusik galdatu gabe.

        28. Norbaitek ordean erraten balin badu: Hau idolei imolatua izana da; ez jan errailearen ariaz, eta barneko arranguraz;

        29. Ez diot zuenaren, bainan bertzeenaren ariaz. Alabainan zergatik hobendun egin ene libertatea bertzeen begira?

        30. Eskerrak emanez harmen badut jaten dudana, zergatik ene kontra elhe gaixtoei emanen diotet bide, eskerrak bihurtzen ditudan gauzen burutik?

        31. Beraz, edo jan, edo edan, edo bertze zerbait egin dezazuen, oro Jainkoaren ospetarako egizkitzue.

        32. Behaztopabiderik ez eman ez Juduei, ez paganoei, ez Jainkoaren Elizari;

        33. Hala-nola neroni ere gauza guzietan guzien gogarako izatera hari bainaiz, ez enetzat on dena bilhatuz, bainan hainitzentzat on dena, salba ditezen ariaz.

 

XI. KAP.

        1. Ene imitari izan zaitezte, neroni ere Kristoren imitari naizen bezala.

        2. Laudatzen zaituztet, berriz, anaiak, zeren orotan nitaz orhoitzen zareten, eta nik eman bezala begiratzen ditutzuen ene manamenduak.

        3. Bainan nahi dut jakin dezazuen Kristo dela gizonaren burua; gizona berriz, emaztearen burua; aldiz Jainkoa Kristoren burua.

        4. Edozein gizonek othoitz egin, edo profetisa dezan burua estalirik, laidatzen du bere burua.

        5. Edozein emaztekik ordean othoitz egin, edo profetisa dezan burua estali gabe, bere burua itsusten du, ezen murriztua balitz bezala da orobat.

        6. Haletan, estaltzen ez bada emaztekia, murriztua izan bedi. Bainan itsus bazaio emaztekiari murriztua edo khartzoildua izatea, estal beza burua.

        7. Gizonak ez du estali behar burua, zeren den Jainkoaren itxura eta ospea; emaztekia ordean, gizonaren ospea da.

        8. Gizona alabainan ez dathor emaztekitik, bainan-bai emaztekia gizonetik.

        9. Izatez-ere gizona ez da emaztekiaren gatik izan kreatua, bainan emaztekia gizonaren gatik.

        10. Aria hortaz emaztekiak behar du aingeruen gatik buruan ekharri gizonaren nausitasunaren ezagutkaria.

        11. Guzia gatik gizona ez da Jaunaren baithan emaztekia gabe, ez-eta emaztekia gizona gabe.

        12. Alabainan nola emaztekia gizonaren ganik ethorri baita, hala emaztekiaren ganik dathor gizona; aldiz guziak Jainkoaren ganik.

        13. Zerrorrek ikhusazue: emaztekiari othe dagokio, estali gabe Jainkoaren othoiztea?

        14. Ethorkiak berak ez darotzue erakhusten ahalkegarri litekeela gizonarentzat bere ile guziaren haztea?

        15. Emaztekiarentzat ordean eder da ilaiaren haztea, zeren ileak belatzat emanak dituen.

        16. Aldiz khimerari iduri badu norbaitek, ez guk, ez Jainkoaren elizak ez dugu horrelako azturarik.

        17. Berriz, ez baitzait ongi ibil zaitezten ez zuen onetan, bainan zuen gaitzetan, hau manatzen dut.

        18. Behintzat elizara biltzen zaretenean, berezgoak zuen artean badirela aditua naiz, eta hein bateraino sinhesten dut.

        19. Ezik heresiak izan ditezen premia da, zuen artean alfer ditezen berthute frogatukoak direnak.

        20. Horrela elkharretara biltzea, ez da geroz-goiti Jaunaren afariaren jatea.

        21. Alabainan bakhotxa aitzinka abiatzen da bere afariaren jaten. Eta horreletan, bat gosez, eta bertzea hordia dago.

        22. Jateko eta edateko, ez ditutzue zuen etxeak? ala Jainkoaren elizari arbuio, eta beharrei ahalkearen ematera hari zarete? Zer erranen darotzuet? Laudatzen zaituztedala? etzaituztet hortan laudatzen.

        23. Alabainan Jaunaren ganik ikhasia dut zuei irakhatsi ere dudana, Jesus Jaunak ezen, saldua izatera zihoan gauean hartu zuela ogia,

        24. Eta eskerrak bihurturik hautsi zuela, eta erran: Har zazue eta jan, hau da ene gorphutza, zuentzat emana izanen dena; hau egizue ene orhoitzapenetan.

        25. Orobat afaldu-eta, kalitza hartu zuen, zioelarik: Hau da batasun berriko kalitza ene odolean. Edanen duzuen aldi oroz, hau egizue ene orhoitzapenetan.

        26. Ezen ogi hau janen eta kalitza hau edanen duzuen guzian, Jaunaren heriotzea erantzunen duzue, ethor dadien eguneraino.

        27. Hargatik edozeinek ogi hura jan, edo Jaunaren kalitza edan dezan gaizki, Jaunaren gorphutzaz eta odolaz hobendun izanen da.

        28. Gizonak beraz ikhar beza bere barnea, eta hala jan beza ogi hura eta edan kalitza hartarik.

        29. Ezen gaizki jaten eta edaten duenak, bere kondenamendua du jaten eta edaten; bertze janharien bardineko ezarriz Jaunaren gorphutza.

        30. Aria hortaz asko zuen artean eri dire eta iraungi, eta asko heriotzeko loaz daude lo.

        31. Bada, geronek juiatzen bagintu gure buruak, ez gintezke juiatuak.

        32. Bainan juiatuak garenean, Jaunak kridantzatzen gaitu, ez gaitezen izan mundu hunekin juiatuak.

        33. Hargatik, anaiak, jateko biltzen zaretenean, elkhar igurikazue.

        34. Baldin gosez badago norbait, etxean jan beza, zuen kondenamendurako etzaitezten bil. Gainerakoak berriz, ethorriko naizenean xuxenduko ditut.

 

XII. KAP.

        1. Aldiz, dohain ispiritualez, ez dut nahi, anaiak, argirik gabe izan zaitezten.

        2. Badakizue, pagano zinetean idola mutuetara goaten zinetela, eramaten zinduzteten bezala.

        3. Hargatik erraten darotzuet nik, Jainkoaren Izpiritutik mintzo den nihork ez dioela Jesusi anathema arthikitzen. Eta nihork ezin erran dezake: Jesus Jauna, non ez Izpiritu sainduaren ganik.

        4. Bada, dohainak asko dire, bainan Izpiritua ber bat;

        5. Karguak asko, bainan Jauna ber bat;

        6. Zerutikako eragintzak asko, bainan Jainko ber bat, oro orotan eragiten dituena.

        7. Bada, Izpirituaren dohain agertzen dena, bakhotxari ematen zaio guzien onetan.

        8. Batek Izpirituaren ganik izaten ditu zuhurtziazko hitzak; bertzeak berriz, Izpiritu beraren ganik jakitatezko hitzak;

        9. Bertze batek Izpiritu beraren ganik, fedea; bertze batek Izpiritu beraren ganik sendatzeko dohaina;

        10. Bertze batek mirakulu egitekoa; bertze batek profeziakoa; bertze batek izpirituen ezagutza; bertze batek mintzaia moten jakitatea; bertze batek hekien adiarazteko dohaina.

        11. Bada Izpiritu ber batek egiten ditu horiek oro, bakhotxari emanez nahi duenaren eredura.

        12. Eta nola bat baita gorphutza, eta asko alderdi baititu; eta gorphutzeko alderdi guziak, asko diren arren, halarik-ere gorphutz bakhar bat baitire, hala-hala da Kristo ere.

        13. Guziak ezen Izpiritu berean bathaiatuak izan gare gorphutz bakhar bat izateko, nahiz Juduak, nahiz paganoak, nahiz gathibuak, nahiz pelutak; eta Izpiritu berean eradanak izan gare guziak.

        14. Haletan ere gorphutza ez da alderdi bat, bainan alderdi asko.

        15. Oinak erran baleza: Ez naizenaz geroztik eskua, ez naiz gorphutzekoa; gorphutzekoa ez othe da halere?

        16. Eta beharriak erran baleza: Ez naizenaz geroztik begia, ez naiz gorphutzekoa; ez othe da halere gorphutzekoa?

        17. Gorphutz guzia begi balitz, non liteke adia? Dena adi balitz, non liteke usna?

        18. Bainan asko alderdi ezarri ditu Jainkoak, eta hekietarik bakhotxa gorphutzean berak nahi izan duen bezala.

        19. Hekiek oro alderdi bat balire, non liteke gorphutza?

        20. Alderdiak ordean asko dire, bainan oro gorphutz bat.

        21. Bada, begiak ez diozoke eskuari erran: Ez diat hire lanaren beharrik; aldiz, buruak oinei: Etzaizkidate premia.

        22. Bainan aitzitik, gorphutzeko alderdi, iduriz ahulenak, hekiek dire premienik;

        23. Eta putrusenentzat daduzkagun alderdiak, hekiek inguratzen ditugu hobekienik; eta gure alderdi ahalkizunek dute ikhustaterik ederrena.

        24. Zein-ere gutan baitire onhestak, hekiek ez dute estalgi beharrik; bainan Jainkoak gorphutzari eman diozka bere heinak, alderdi eskasari bihurtuz ohore gehiago;

        25. Gorphutzean aldebandarik ez dadien izan, bainan alderdiak elkharrentzat ardura izan dezaten.

        26. Eta atsekabe badu alderdi batek, atsekabe dute guziek; edo batek atsegin balin badu, harekin bozten dire guziak.

        27. Bada, zuek Kristoren gorphutza zarete, eta batzu bertzeen alderdi.

        28. Eta horreletan Jainkoak elizan ezarri ditu, lehenbizikorik apostoluak, bigarrenekorik profetak, hirugarrenekorik irakhasteak, gero mirakulu egileak, gero sendatzeko dohaina dutenak, laguntza egileak, hotzemaileak, mintzaietako dohaina dutenak, mintzaien adiarazleak.

        29. Oro apostolu dire? oro profeta? oro irakhasle?

        30. Orok othe dute mirakulu egiteko dohaina? sendatzekoa? mintzaia guzietan mintzatzekoa? mintzaien adiaraztekoa?

        31. Bada, dohainik hoberenetara lehia zaitezte. Eta nik bide bat oraino hobea irakhastera daramakizuet.

 

XIII. KAP.

        1. Gizonen eta aingeruen mintzaia oroz mintza banintz ere, bainan karitaterik ez badut, soinu egiten duen kobre bat edo zinbala burrunbari bat iduri dut.

        2. Eta balin banu ere profeziako dohaina, eta ezagutzen banitu ere misterio guziak eta jakitate guziak, eta balin banu ere fede osoa, haletan non mendiak tokiz aldatuko baititut; ez badut ordean karitatea, deusik ez naiz.

        3. Beharren janharitan pharti banetza ere ene ahal guziak, eta erretzera eman baneza ere ene gorphutza, bainan karitatea ez badut, etzait deusere baliatzen.

        4. Karitatea jasankor da, ongikoi da. Karitatea ez da bekhaizten, ez da ozarki jokhatzen, ez da hantzen;

        5. Ez da irrits-handidun, ez du bere probetxua bilhatzen, ez da gaitzikor, ez idurikor;

        6. Tzarkeriak ez du bozten; goiheretzen du egiak;

        7. Oro jasaiten, oro sinhesten, oro igurikitzen, oro egartzen ditu.

        8. Karitatea behin-ere ez da ahitzen; profeziak ordean iraungiko dire, mintzaietako dohainak geldituko, jakitateak ezeztatuko.

        9. Ezen hein bat dakigu, eta hein batean profetisatzen dugu.

        10. Bainan argitasun osoa ethorri daitekeenean, hein bateko dena itzaliko da.

        11. Haurtto nintzenean, haur arara mintzo nintzen, haurrak bezala ardiesten nuen, haur gogoetak nerabilzkan. Bainan gizondu naizenean, haur lanak utzi ditut.

        12. Orai mirail batetik asmakaritan ikhusten dugu; bainan orduan bekhoz bekho. Orai hein bat ezagutzen dut; bainan ezagutuko dut orduan, neroni ere ezagutua naizen bezala.

        13. Bada, fedea, igurikimena, karitatea, hirur horiek badaudezi orai; handiena ordean, karitatea da.

 

XIV. KAP.

        1. Bilha zazue karitatea; dohain ispiritualetara aiher izan zaitezte; aiherrenik ordean profetisatzera.

        2. Ezen mintzaia arrotzez mintzatzen dena, ez da gizonei mintzo, bainan Jainkoari; alabainan nihork ez du aditzen. Izpirituaren eragintzaz ordean misterioak erraten ditu.

        3. Ezen profetisatzen hari dena, gizonei mintzo da, hekiei ongira eragiteko, berotzeko eta gozakari emateko.

        4. Mintzaia arrotzez mintzo dena, beretzat mintzo da; profetisatzen hari dena aldiz Jainkoaren elizarentzat.

        5. Nahi nuke bada, zuek guziak mintzaia oroz mintza bazintezte, bainan nahiago profetisa bazinezate. Alabainan gehiago da profetisatzailea, ezen-ez asko mintzaiaz mintzo dena, non ez dioten bere solasei argitasun ematen elizaren onbidetan.

        6. Orai bada, anaiak, heldu banintzaitzue mintzaia arrotz bat ahoan, zer on ekhar narokezue, ez banintzaitzue mintzatzen gauzak agertuz, jakitateak emanez, profetisatuz edo irakhatsiz?

        7. Haletan bizirik ez duten tresna ozenek, hala-nola xirola edo gitarrek, ez balute asko soinu berezi ematen, nola jakin xirolan edo gitarran zer aire jotzen den?

        8. Nola-nahika hari bada turuta, nor abiatuko da gudura?

        9. Orobat zuek ere mintzaia batez mintzatzean, non ez ditutzuen ematen aditzen diren solasak, nola jakinen da zer diozuen? Alabainan haizeari hariko zarete mintzatzen.

        10. Izatez-ere, hanbat mintzaia mota mundu huntan bada, eta bat ez da bere arako hitzak ez dituenik.

        11. Bada, ez badakit zer erran nahi duten hitzek, mintzo natzaioenarentzat arrotz izanen naiz, eta mintzatzen zaitana enetzat arrotz.

        12. Haletan zuek ere, dohain ispiritualen lehiatsu zaretenaz geroztik, elizaren onbidetan nasai izatea bilha zazue.

        13. Hargatik mintzaia batez mintzatzen denak, adiarazteko dohaina galda beza.

        14. Ezen mintzaia batez othoitz egiten badut, ene gogoak othoitz egiten du, bainan ez da baliatzen ene adimendua.

        15. Zer egin beraz? Gogoz eginen dut othoitz, adimenduz ere bai; kantatuko dut gogoz, eta kantatuko dut adimenduz.

        16. Bertzela, gogoz laudatzen baduzu Jauna, jende xehearen tokian denak nola erranen du Amen zure othoitzaren gainera? ezen ez daki zer diozun.

        17. Halabadere onak dire zure eskerrak, bainan bertzeek onbiderik ez dute.

        18. Eskerrak diozkat ene Jainkoari zeren zuen ororen mintzaiaz naizen mintzo.

        19. Bainan nahiago dut elizan erran aditzen ditudan bortz hitz bakhar, bertzeak ere argi detzadan; ezen-ez hamar mila erran mintzaia arrotzez.

        20. Anaiak, ez izan adimenduz haur, bainan gaixtotasunean haurtto izan zaitezte; adimenduz berriz, gizon helduak.

        21. Legean iskribatua da: Mintzaia arrotzez, hitz arrotzez populu horri mintzaturen natzaio; eta hala ere ez naute entzunen, dio Jaunak.

        22. Hargatik mintzaien dohaina, ez fededunentzat, bainan fedegabekoentzat da ezagutkari; aldiz profeziena, ez da fedegabekoentzat, bainan-bai fededunentzat.

        23. Beraz baldin eliza guzia batera bil, eta bakhotxa mintzaiez abiatzen bada; sar ditezen berriz, beren mintzaia baizik ez dakitenak edo fedegabeak, ez othe dute erranen erhotu zaretela?

        24. Bainan orok profetisatzen badute, sar dadien berriz, fedegabe bat edo tokiko mintzaia baizik ez dakiena, guziek egia erakhusten diote, guziek juiatzen dute.

        25. Hainaren bihotzeko gauza gordeak agerira heldu dire; eta haletan ahuspez eroririk adoratuko du Jainkoa, Jainkoa zinez zuen erdian dela aithortuz.

        26. Anaiak, zer duzue beraz egiteko? Bilduak zaretenean, bati heldu bazaio psalmo baten deia, bertze bati irakhasteko deia, bertzeari agerpen baten egitekoa, mintzaia batez mintzatzekoa, mintzaien adiaraztekoa; oro onbidetan egin beitez.

        27. Mintzaietako dohaina dutenak balin badire, mintza beitez bia edo gehienera hirur, eta aldizka, eta bat izan bedi solasaren adiarazteko.

        28. Bainan adiarazlerik ez bada, bertzea ixilik egon bedi elizan; bere baithan eta Jainkoari mintza bedi.

        29. Profetak berriz, bia edo hirur mintza beitez, eta bertzeek juia bezate.

        30. Jarria den bertze bati agerpen bat heldu bazaio, lehenbizikoa ixil bedi.

        31. Alabainan guziek aldizka profetisa dezakezue, oro argi ditezen eta ongira bero;

        32. Eta profeten izpirituak, profeten eskuko dire.

        33. Jainkoa ezen ez da lipixtari, bainan baketiar, sainduen eliza guzietan irakhasten ere dudan bezala.

        34. Emaztekiak elizan ixilik egon beitez, ezen etzaiote mintzatzea haizu; bainan ethorkor izan behar dire, legeak ere dioen bezala.

        35. Zerbaitez ordean argitu nahi badute, etxean senharrei galda biozote; emaztekiarentzat ezen itsusi da elizan mintzatzea.

        36. Zuen ganik ilkhi othe da Jainkoaren hitza? ala zuen gana bakharrik heldu izan othe da?

        37. Norbaitek bere burua profeta edo izpirituduntzat idukitzen badu, ezagut beza nik zuei iskribatzen darozkitzuedan gauzak Jaunaren manuak direla.

        38. Bada, norbaitek hori ezagutzen ez badu, bera ere ez da ezagutua izanen.

        39. Hargatik, anaiak, lehia zaitezte profeta dohainaren ardiestera, eta ez debeka mintzaiez mintzatzea.

        40. Bainan gauza guziak, egoki den bezala eta moldez egin beitez.

 

XV. KAP.

        1. Orhoitarazi behar zaituztet, anaiak, erantzun darotzuedan ebanjelioaz, zeina ere hartu baituzue, zeintan ere baitzaudezte,

        2. Zeinaren bidez ere salbatuko baitzarete, nik erantzun bezala idukitzen baduzue, non ez duzuen alferretan sinhetsi.

        3. Ezen lehenik irakhatsi darotzuet neronek ere ikhasi dudana, erran nahi, gure bekhatuen gatik hil izan dela Kristo, Iskrituren arabera;

        4. Eta ehortzia izan, eta hirugarren egunean biztu dela, Iskrituren arabera;

        5. Eta Zephasi agertu zaioela, eta gero hamekei;

        6. Gero agertu dela aldian bortz ehun anaiari baino gehiagori, zeinetarik hainitzak oraino bizi eta zenbait hilak baitire;

        7. Gero agertu zaioela Jakoberi, eta gero apostolu guziei;

        8. Azkenekoz berriz, agertu zaitala niri, guzien artean ilhora bezala naizenari.

        9. Ni naiz alabainan apostoluetarik xumeena, apostolu deithua izateko dina ere ez naizena, zeren jazarri izan diodan Jainkoaren elizari.

        10. Bainan Jainkoaren graziari esker naiz naizen hau, eta haren grazia ene baithan ez da alferra izatu; aitzitik bertze guziek baino lan gehiago erabili dut, ez bada nik, bainan Jainkoaren graziak enekin;

        11. Ezen edo nik, edo hekiek, hori bera erantzuten dugu, eta hori bera sinhetsi duzue.

        12. Bada, Kristo hiletarik biztu dela erantzun bazaitzue, nolaz diote zuetarik batzuek, hilen bizterik ez dela?

        13. Beraz hilen bizterik ez bada, Kristo ere ez da biztu.

        14. Berriz, Kristo biztu ez bada, hutsala da beraz gure erantzutea, hutsala da zuen fedea;

        15. Berriz, Jainkoaren alderat ere gezurrezko lekhuko aurkhitzen gare, Jainkoaren kontra lekhukotasun egin dugulakoz, biztu duela Kristo, zeina ez baitu biztu, hilak bizten ez badire.

        16. Alabainan hilak ez badire bizten, Kristo ere ez da biztu.

        17. Kristo biztu ez bada, hutsala da zuen fedea, ezen oraino zuen bekhatuetan zarete.

        18. Galdu dire beraz Kristoren baithan hil izan direnak.

        19. Bizitze huntako baizen ez badugu Kristoren baithan igurikimenik, gizon guzietarik urrikalgarrienak gare.

        20. Bainan orai biztua da Kristo, heriotzean lohakartu direnen pikain,

        21. Zeren gizon baten bidez ethorri delakoz heriotzea, gizon baten bidez ere heldu da hilen biztea.

        22. Eta nola Adamen gatik hiltzen baitire guziak, hala ere guziak biztuko dire Kristoren gatik;

        23. Bainan bakhotxa bere aldian, Kristo pikain, gero Kristorenak direnak, haren ethorpenean sinhetsi dutenak.

        24. Orduan izanen da akhabantza, Jainko Aitaren eskura eman dukeenean erresuma, ezeztatu ditukeenean buruzagigo, nausigo eta indar guziak.

        25. Erreginatu behar da ezen, oinen azpira eman diotzon arteo bere etsai guziak.

        26. Berriz, xahutua izanen den azken etsaia, herioa da. Alabainan haren oinpeko ezarri ditu guziak. Bainan errana da:

        27. Guziak haren-peko ezarriak dire; dudarik gabe lekhat haina, zeinak oro ezarri baititu haren azpiko.

        28. Gauza guziak izanen direnean beraz haren azpian ezarriak, Semea ere hainaren azpiko izanen da, zeinak azpikotu baitiozka guziak, Jainkoa izan dadien oro ororen gainean.

        29. Bertzela zer eginen dute hilentzat bathaiatzen direnek, hilak niholaz-ere bizten ez badire? zertako bathaiatzen dire hilentzat?

        30. Zertako geror noiz-nahi galmentetan gabiltza?

        31. Anaiak, Jesu-Kristo gure Jaunaren baithan zuetarik dudan ospeaz, egun oroz hiltzen hari naiz.

        32. (Gizonen arara mintzatzeko), Epheson basabereen kontra gudukatu banaiz, zer baliatzen zait baldin ez badire hilak bizten? Dugun jan eta edan, bihar hilen garenaz geroz.

        33. Berautzue utz zuen buruak zoratzera: hizketa tzarrek tzartzen dituzte aztura onak.

        34. Prestuak, ernerik zaudezte eta berautzue bekhatu egin; ezen badire zuetan batzu Jainkoa ezagutzen ez dutenak; zuen ahalkarazteko mintzo naiz.

        35. Bainan norbaitek erranen du: Nola biztuko dire hilak, edo nolako gorphutzetan ethorriko dire?

        36. Zoroa! eraiten duzuna ez da bizten, non ez den hiltzen lehenik.

        37. Eta eraiten duzunean, ez duzu ethorri behar den gorphutza eraiten, bainan hazi hutsa, hala-nola ogiarena edo bertze zerbaitena.

        38. Bainan hari Jainkoak nahi duen bezalako gorphutza ematen dio, eta hazi bakhotxari, berari dagokion gorphutza.

        39. Haragi guziak ez dire haragi ber bat; bainan bat da gizonena, bertze bat abereena, bertze bat hegastinena, bertze bat arrainena.

        40. Badire gorphutz zerutarrak, badire lurtarrak; bainan bat da zerutarren argidura, bertze bat aldiz lurtarrena.

        41. Bat da iguzkiaren argitasuna, bertze bat ilhargiarena, eta bertze bat izarrena. Izarretan berriz, bat bertzea baino argiagoa da.

        42. Hilen bizteaz ere orobat da. Ustel ehortzi gorphutza, ezin-ustelduzko bizturen da.

        43. hara gaitzean da ehorzten, ospetsu da bizturen; iraungi da ehorzten, indartsu da bizturen;

        44. Abere gorphutz da ehorzten, izpirituzko da bizturen. Hala-nola abere gorphutz bat baita, izpirituzko bat ere bada, iskribatua den bezala:

        45. Adam, lehenbiziko gizona, arima biziarekin egina izan da; bigarren Adam, arima biziarazlearekin.

        46. Ez da ordean izpirituzko dena izan lehenik egina, bainan abere dena, eta gero izpirituzkoa.

        47. Lehenbiziko gizona, lurretikakoa lurtar da; bigarren gizona, zerutikakoa zerutar da.

        48. Nola lehenbizikoa lurtar, hala haren umeak ere lurtar; eta nola bigarrena zerutar, haren umeak ere zerutar.

        49. Beraz lurtarraren itxura erabili dugun bezala, erabil dezagun zerutarrarena ere.

        50. Hau da bada, anaiak, nik diodana: Odolak eta haragiak ezin goza dezaketela Jainkoaren erresuma, ez-eta andeakorrak ez duela ezin-andeatuzkoa gozaturen.

        51. Huna misterio baten erratera nohakizuela: Guziak biztuko gare, bainan guziak ez gare aldatuak izanen.

        52. Aphur batez, begi itzuli batean, azken turutaldira (joko du ezen turutak, eta hilak biztuko dire ezin andea ditazkeen bezala), gu ere aldatuak izanen gare.

        53. Alabainan gorphutz andeakor hunek jauntzi behar du andea ezintasuna, eta gorphutz hilkor hunek hilezintasuna.

        54. Eta gorphutz hilkor hunek jauntzi dukeenean hilezintasuna, orduan betheko da iskribatua den hitz hau: Garhaiziak itho du herioa.

        55. Oi herioa, non duk hire garhaizia? oi herioa, non duk hire eztena?

        56. Bada, bekhatua da herioaren eztena; legea berriz, bekhatuaren indarra.

        57. Eskerrak beraz diotzogun Jainkoari bihur, zeren Jesu-Kristo gure Jaunaz darokun eman garhaizia.

        58. Hargatik, ene anaia maiteak, gogor eta khordokatu gabe zaudezte, bethi Jaunaren lanean hazkarki hariz, baitakizue alferra izanen ez dela zuen nekhea Jaunaren baithan.

 

XVI. KAP.

        1. Aldiz sainduentzat egiten diren bilketez bezenbatean, nola nik Galaziako elizei manatu, zuek ere hala egizue.

        2. Zuetarik bakhotxak asteko lehen egunean bere etxean bazterrerat eman beza zerbait, batbederak nahi duena aldaratuz; arren-eta ni ethorri arteo egon ez ditezen bilketen egiteko.

        3. Eta hor izanen naizenean, zuen gutunek berezi dituzketen gizonak Jerusalemera bidaliren ditut zuen amoinen eramatera.

        4. Eta gauzari balin badohakio goan nadin ni ere, enekin ethorriko dire.

        5. Bada horrako naiz zuen gana, Mazedonia iragan dukedanean, ezen han gaindi iraganen naiz.

        6. Berriz, zuen artean geldituko naiz beharbada, edo emanen ere dut negua, lagunt nezazuen gero goanen naizen edozein tokitara.

        7. Ezen etzaituztet bide nabar ikhusi nahi, bainan uste dut zuekin egon aphur bat, Jaunak ene eskuko uzten badu.

        8. Aldiz Mendekosteraino Epheson egonen naiz.

        9. Ezen han badut zabaldua athe bat handia eta ageri dena, eta etsai hainitz ere.

        10. Berriz, Timotheo zuen gana heldu bada, izan zazue artha deuseren beldurrik izan ez dezan; ezen ni bezala, Jaunaren lanari buruz hari da.

        11. Ez biozo beraz nihork arbuiorik egin, lagunt zazue ordean bakezki, eneganat ethor dadien, ezen igurikitzen dut anaiekin.

        12. Aldiz Apolo anaiaz, zinez derratzuet othoitz asko egin diodala, anaia zenbaitekin zuen ikhustera ethor dadien; bainan ez du gogoan orai ethortzea; artea izanen duen batez ethorriko da ordean.

        13. Zaudezte atzarriak eta fedean gogor, gizonki egizue eta hazkartuz zohazte.

        14. Karitatea zuen egintza guzietan sar bedi.

        15. Badakizue, anaiak, Estephanasen, eta Fortunatoren, eta Akaikoren etxekoak direla Akaiako pikainak, eta sainduen zerbitzatzeko kargua hartu dutela;

        16. Othoizten zaituztet zuek ere ethordun izan zaitezten horrelako gizonen alderat, eta beren lan eta nekheez laguntzen gaituztenen alderat.

        17. Bozten naiz, berriz, ethorri baitire Estephanas, Fortunato eta Akaiko, zeren zuen eskasa bethe baitute;

        18. Alabainan gozakari ekharri diote ene izpirituari eta zuenari. Ezagut zatzue beraz horrelako direnak.

        19. Asiako eliza guziek agur egiten darotzuete. Akilak eta Prizilak, zeinen baithan leihorrez bainago, eta hekien etxeko elizak xitki agur egiten darotzuete Jaunaren baithan.

        20. Anaia guziek agur. Musu saindu batez elkharri agur egizue.

        21. Nik, Paulok, ene eskuz iskribatu dut ene agurra.

        22. Norbaitek ez badu maite Jesu-Kristo gure Jauna, anathema izan bedi, Maran Atha.

        23. Zuekin guziekin da ene karitatea Kristo Jesusen baithan. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa