www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

TIMOTHEORI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

BIGARREN GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo, Jesu-Kristoren apostolua, Jainkoaren nahitik, Jesu-Kristoren baithan dugun bizitzeko agintzaren arabera;

        2. Timotheo seme guziz maiteari. Jainko Aitak eta Jesu-Kristo gure Jaunak eman biazazute grazia, urrikalmendu eta bake.

        3. Ene arbasoetarik nik ere bihotz garbiz zerbitzatzen dudan Jainkoari diozkat eskerrak bihurtzen, zeren gabaz eta egunaz hutsik gabe zutaz orhoitzen naizen ene othoitzetan;

        4. Ezik orhoit baititut zure nigarrak, zure ikhusteko lehian nago, bozkarioz bethe nadien,

        5. Gogoratuz zure baithan den fede zina, lehenik Loide zure amasoren eta Unize zure amaren baithan izan dena, eta zure baithan ere dagoela segur naizena.

        6. Hargatik berritan bitzaraz zazu othoi, Jainkoaren grazia, nik zure gainean eskuak ezarririk, zure baithan dena.

        7. Jainkoak ezen ez daroku eman uzkurtasuneko izpiritu bat, bainan khabuzkoa, amodiozkoa eta zuhurtziazkoa.

        8. Ez izan beraz ahalkerik aithor emateko Jaunari ez-eta niri, haren gatik burdinetan naizenari, bainan jasan zazu zuk ere ebanjelioaren gatik, Jainkoak eman indarraren arabera;

        9. Harek salbatu eta bere dei sainduaz deithu baikaitu; ez gure egintzen ariaz, bainan bere asmuz, eta mendeetako egunak baino lehen Jesu-Kristoren bidez emana izan zaikun graziaren arabera.

        10. Bada, argitara ethorria da orai grazia hura, agertu denaz geroztik Jesu-Kristo gure Salbatzailea, zeinak heriotzea ezeztatu, bizia aldiz eta andea-ezintasuna ebanjelioaz agerrarazi baititu.

        11. Hargatik ezarria naiz ni jendaien erantzule, apostolu eta irakhasle.

        12. Aria hortaz ere jasaiten ditut burdina haukiek; bainan ez naiz ahalke. Badakit ezen nori fidatu naizen, eta segur naiz gai dela nik haren eskuetan ezarriaren begiratzeko egun handikotzat.

        13. Modelatzat har zatzu ene ganik aditu ditutzun solas onak fedearen eta Jesu-Kristoren baithako amodioaren gainean.

        14. Gure baithan dagoen Izpiritu sainduaren laguntzaz zain zazu zure baithan emana den depot baliosa.

        15. Badakizue ene ganik aldaratu direla Asian diren guziak; hekietarik baitire Phiyelo eta Hermoienes.

        16. Jaunak Onesiphororen etxearen gainerat ixur beza bere urrikalmendua; zeren askotan hura izan baita niri gozakari eman darotadana, eta ene burdinez ez baitu ahalkerik izan;

        17. Aitzitik, Erromara ethorri denean, ardurarekin bilhatu bainau eta kausitu.

        18. Jaunak bere aitzinean urrikalmendu aurkhiaraz biozo bertze egun hartan; nihork baino hobeki ezen badakizu zenbateko laguntzak egin darozkidan Epheson.

 

II. KAP.

        1. Zu beraz, ene semea, hazkar zaitezi Kristo Jesusen baithan den grazian;

        2. Eta hainitz lekhukoren aitzinean ene ganik entzun ditutzun gauzak, mezu zatzu gizon fededun eta bertzeen argitzeko gai direnei.

        3. Berma zaite Kristo Jesusen soldado on bat bezala.

        4. Jainkoaren alde gudukatzen dena, ez da mendeko egitekoen poxeluan sartzen, hainari aurkhi ahal diozon zeinari eman baitio bere burua.

        5. Alabainan ere gudu-tokian gudukatu denak ez du khoroa izaten, non ez den bidezki gudukatu.

        6. Lanean hari den laborariak lehenbizikorik behar du fruituetarik berea izan.

        7. Adi zazu erraten darotzudana; ezen Jaunak gauza guzietan emanen darotzu adigarria.

        8. Orhoit zaite Jesu-Kristo Jauna, Dabiden odoletik dena, hiletarik biztu dela, erraten dudan bezala ene ebanjelioan,

        9. Zeinaren ariaz jasaiten baitut burdinetan izateraino, gaizki egile bat iduri; bainan Jainkoaren hitza ez da estekatua.

        10. Aria hortaz zer-nahi jasaiten dut hautetsien gatik, hekiek ere ardiets dezaten Jesu-Kristoren baithan den salbamendua, zeruetako ospearekin.

        11. Hitz segura da, Jesusekin hiltzen bagare, harekin biziko garela;

        12. Harekin jasaiten badugu, harekin erreginatuko garela; ukhatzen badugu, harek ere ukhatuko gaituela;

        13. Guk federik ez izanik ere, hura fidel egonen da; ezin ukha dezake bere burua.

        14. Horiek ematzu begietara, lekhuko hartuz Jainkoa. Ez eraunts eztabadaka, hori ez baita on deusetako, ezbada entzuleen galgarri.

        15. Ardurarekin berma zaite zure burua Jainkoari aithorkizun erakhustera, hala-nola ahalkagarri ez den langile, egiaren hitza zuzenki derabilkana.

        16. Solas arrotz eta huts erraleei urrun egiozute, ezen lasterrean daramate tzarkeriara;

        17. Eta hekien elhea, min-bizia bezala emeki-emeki bide eginez dihoa: halakoetarik dire Himeneo eta Phileto,

        18. Zeinak egiatik aldaratu baitire, hilen biztea jadanik egina dela erranez, eta zeinek fedea galarazi baitiote zenbaiti.

        19. Bainan gogorrik dago Jainkoaren asentua, zigilutzat duelarik hitz hau: Jaunak ezagutzen ditu zein dituen bereak; eta hau ere: Edozeinek dei egin diozon Jaunaren izenari, ihes egin biozo gaizkiari.

        20. Bada, etxe handi batean badire ez ezik urrezko eta zilharrezko untziak, bainan zurezkoak eta lurrezkoak ere, eta batzu dire ohorezko zerbitzuetako, eta bertzeak eder ez direnetako.

        21. Baldin beraz gaizki hekietarik norbaitek zaintzen badu bere burua, izanen da ohorezko zerbitzuetako sainduetsia den untzi bat, Jaunaren zerbitzuko on dena, eginkari on guzietako aphaindua.

        22. Ihes egiozute bada gogo gazteei, eta Jaunari bihotz garbiz dei egiten dutenekin zarraizkiote zuzentasunari, fedeari, karitateari eta bakeari.

        23. Urrun zaite aldiz solasbide zoro eta zuhurtzia gabekoetarik, dakizulakoz ez direla eskatimen sorrarazteko baizik.

        24. Bada, Jaunaren zerbitzaria ez da izan behar eztabadakari, bainan guzien alderat ezti, irakhasle gai eta jasankor,

        25. Egiari bihurtzen direnen kridantzatzaile eme, Jainkoak noizbait emanen diotelakoan urrikia, egiaren ezagutzeko,

        26. Eta debruaren arteetarik itzuriko direlakoan, harek gathibu baitaduzka, hekietaz nahi duenaren egiteko.

 

III. KAP.

        1. Bada, hau jakizu, azken egunetan jautsiko direla aldarte gaitzak;

        2. Izanen direla beren buruak baizik maite ez dituzten gizon batzu, jaraman, hanpurutsu, mihi gaixto, burhasoei bihurri egile, eskergabe, gaixtagin,

        3. Bihotz gogor, bakearen etsai, belztaile, barraiatu, mokhor, prestuen etsai,

        4. Traidore, ozar, beren buruaz hantuak, eta Jainkoa baino atsegina maiteago dutenak;

        5. Jainkotiartasunaren itxura dutenak bai, haren indarra ordean hausten dutenak. Hekiei ere ihes egiozute;

        6. Hekietarik dire ezen etxeetara sartzen direnak eta gathibu daramazkatenak ematxar batzu, bekhatuz maldatuak, beren lehiek derabilzkatenak;

        7. Bethi ikhasten hari, eta egiaren ezagutzara behinere heltzen ez direnak.

        8. Bada, nola Janesek eta Manbresek beihala iharduki baitzioten Moisesi, orobat ere ihardesten diote egiari, izpiritu galduko gizon fedetik zeihertu hekiek ere.

        9. Bainan ez dute hobeagorik atheratuko; ezen guzientzat ageri izanen da haukien erhokeria, bertze hekiena ere izan zen bezala.

        10. Zuk ordean badakizkitzu nolakoak diren ene irakhasmena, bizitzea, xedeak, fedea, jasankortasuna, amodioa, pairua;

        11. Egarri ditudan jazargo, atsekabeak; nolako gogorkeriak eginak izan zaizkidan Antiokian, Ikonion, Listran; nolako jazargoak ditudan jasan, eta orotarik athera nauela Jaunak.

        12. Halabadere jainkotiarki Jesu-Kristoren baithan bizi nahi dutenek izanen dute jazargo egartzeko.

        13. Bainan gizon tzar eta enganatzaileak gaizkian barnago sarthuko dire, berak makhurrean ibiliz eta bertzeei makhurrerat eraginez.

        14. Zu ordean zaude gogorrik ikhasi ditutzun eta zure gomendioko emanak diren gauzetan, orhoituz noren ganik ikhasi ditutzun,

        15. Eta haurretik jakintsun egin zarela Iskritura sainduetan, zeinek salbamendukotzat argi ahal baitzezazkete, Kristo Jesusen baithako fedearen bidez.

        16. Jainkoaren ganikako helduratik diren iskritura guziak on dire irakhasteko, azurriatzeko, kridantzatzeko, eta zuzenbidean argitzeko;

        17. Jainkoaren gizona izan dadientzat perfet eta lan on guzietarako ikhasia.

 

IV. KAP.

        1. Jainkoaren aitzinean, eta Jesu-Kristoren aitzinean, zeinak bere ethorpeneko eta bere erreinuko egunean juiaturen baititu hilak eta biziak, errekeitzen zaitut,

        2. Erantzun zazu hitza, alde-ta-molde hertsa zatzu gizonak; azurria, errekeit, larderia zatzu behar den emetasunarekin eta ongi argituz.

        3. Ezen egun bat ethorriko da non ez baitute jasanen irakhasmen ona; bainan beren beharri kilikatu nahien gatik, bilaraziko dute irakhasle oste bat,

        4. Eta egiatik beren beharriak aldaratuko eta elhe xaharretara itzuliko dituzte.

        5. Zu ordean, zaude gauza guzietara atzarria, jasan zazu, egizu ebanjelist on baten lana: bethe zatzu zure eginbideak. Gurbil izan zaite.

        6. Jadanik ezen ni imolatzera noha; gainean dut hilen naizen ordua.

        7. Gudu onean egin dut gudu, akhabatu dut bidea, fedea begiratu dut.

        8. Gainerakoan, enetzat berezia dago zuzentasuneko khoroa, Jaunak, juie zuzenak egun hartan emanen darotana, ezbada niri bakharrik, bainan ere haren ethorpena maite dutenei. Higi zaite ene gana laster ethortzera.

        9. Ezen utzi nau Demasek, maite baitu mende hau, eta Thesalonikara goan da;

        10. Krezente berriz Galatiara, Tito Dalmatiara.

        11. Luk da bakharrik enekin. Har zazu Mark eta erakhar zurekin; ezen hainitz on zait eginbidekotzat.

        12. Tikiko berriz, Ephesora bidali dut.

        13. Hunatekoan zurekin ekhar zazu, Troaden, Karporen baithan utzi dudan kapa; liburuak ere bai, eta-bereziki paperak.

        14. Alexandro kobreginak asko bidegabe jasanarazi darozkit; Jaunak bihurtuko dio bere egintzen arabera.

        15. Bazterrerat egiozu zuk ere; ezen gogorki enferra egin diote gure hitzei.

        16. Nihork ez nau lagundu ene egitekoaren xuritzen lehenbiziko aldian; bainan utzi naute guziek: hori ez bekiote iratxik.

        17. Jaunak ordean lagundu eta hazkartu nau, ene bidez bethe dadientzat erantzupena, eta adi dezaten, jendaia guziek; eta lehoinaren ahotik libratua izan naiz.

        18. Eskukhaldi gaixto guzietarik libratu nau Jaunak, eta salburik eramanen nau zeruetako bere erresumara; hari ospe menderen mendetan. Halabiz.

        19. Agur egiozute Priskari eta Akilari, eta Onesiphororen etxekoei.

        20. Korinthon gelditu da Erasto. Trophimo berriz, Mileton utzi dut eri.

        21. Higi zaite, negu aitzinean ethortzeko. Eubulok, Pudentek, Linok, Klaudiak eta anaia guziek goraintzi.

        22. Jesu-Kristo Jauna zure izpirituarekin izan bedi. Grazia zuekin izan bedi. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa