www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

FILIPESTARREI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo eta Timotheo, Jesu-Kristoren zerbitzariak, Jesu-Kristoren baithako saindu Filipesen diren guziei, aphezpiku eta diakreekin.

        2. Grazia zuei eta bakea, Jainko gure Aitaren ganik, eta Jesu-Kristo gure Jaunaren ganik.

        3. Zuetaz orhoitzen naizen aldi oroz, ene Jainkoari bihurtzen diozkat eskerrak,

        4. Bethi ene othoitz guzietan zuentzat ororentzat bozkariorekin othoitz eginez,

        5. Kristoren Ebanjeliokotzat lehenbiziko egunetik orai arteo egiten ditutzuen laguntzen ariaz;

        6. Sinhestea dudalarik ezen, zuen baithan lan ona hasi duenak osaturen duela Kristo Jesusen eguneraino,

        7. Zuzen den bezala zuetaz orotaz sinheste hori izan dezadan, bihotzean zaituztedalakoz, zeren Ebanjelioaren geritzatzeko eta gogortzeko ariaz burdinetan izateaz dudan bozkarioan sarthu baitzarete guziak.

        8. Alabainan lekhuko dut Jainkoa, zuek oro Jesu-Kristoren galtzarrean zenbat zaituztedan maite.

        9. Eta huntaz othoizten dut, argiz eta adimendu osoz geroago eta gehiago aberastuz dihoala zuen karitatea;

        10. Ezagut dezazuen zer den hoberenik, egon zaitezten zin eta hobenik gabe Kristoren eguneraino,

        11. Eta zuzentasuneko fruituez betheak Jesu-Kristoren eragintzaz, Jainkoaren ospe eta laudoriotarako.

        12. Nahi dut bada jakin dezazuen, anaiak, niri gerthatu zarozkidanak, Ebanjelioaren gehiago hedarazteko ethorri direla;

        13. Haletan non ene burdinak pretorio guzian eta bertze lekhu orotan Kristoren ospagarri baitire aiphutan;

        14. Eta Jaunaren baithako anaietarik askok, ene burdinen ariaz bihotz harturik, khabu gehiago baitute beldurrik gabe Jainkoaren hitzaren erantzuteko.

        15. Batzu, hala da, bekhaizgoz eta eskatimako izpirituz mintzo dire; bertzeek ordean gogo zabalez erantzuten dute Kristo;

        16. Eta badire karitateak derabilzkanak, dakitelakoz Ebanjelioari geriza egiteko naizela ezarria;

        17. Badire berriz, liphixtaz, zintasunik gabe Kristo erantzuten dutenak, niri ene burdinetan atsekabe eman ustez.

        18. Bainan zer axola da? nahiz gerthakariz, nahiz kharraren zintasunez, Kristo nolazbait erantzuten den ber, hortaz bozten eta bozturen ere naiz oraino.

        19. Badakit alabainan hori ene salbamendurako baliaturen dela, zuen othoitzei esker eta Jesu-Kristoren Izpirituaren eragintzaz;

        20. Igurikitzen eta uste dudan bezala, ez naizela deusetan ahalketara eroriko; bainan sinheste osoa baitut, bethi bezala orai ere ene gorphutzean, edo ene bizitzeaz, edo heriotzeaz goretsiren dela Kristo.

        21. Ezik enetzat Kristo bizitzea da, eta hiltzea probetxu.

        22. Gorphutz huntan bizitzeaz ene lanak zerbait onik eman behar badarot, ez dakit orduan zer hauta.

        23. Horreletan bi aldeetarik hestura dut; ezen hiltzeko eta Kristorekin izateko lehietan naiz, hori bailiteke hoberenik;

        24. Bizirik egon nadien, hori berriz zuentzat premienik.

        25. Eta uste horrekin, buruan dut egonen naizela eta iraunen dudala zuen guzien onarentzat eta fededunen bozkarioarentzat;

        26. Arren-eta, ni berriz zuetara ethorriko naizenean, ene ariaz Jesu-Kristori nasai bihur diozotzuen eskerrak.

        27. Bakharrik, Kristoren Ebanjelioari dagokion bezala bizi zaitezte; edo ethorririk ikhus, edo urrundik zuetaz adi dezadan, guziak izpiritu batean gogor zaudeztela, guziak Ebanjelioko fedearentzat bermatuz;

        28. Eta etsaiek etzaituztela batere lotsatzen, hori baita hekien galpeneko aria, zuentzat aldiz salbamendukoa, eta hori Jainkoaren ganik;

        29. Zeren Kristori esker emana izan baitzaitzue, ez ezik haren baithan sinhestea, bainan jasaitea ere haren gatik;

        30. Duzuenaz geroz ene baithan ikhusi eta nitaz aditu duzuen gudu bera.

 

II. KAP.

        1. Balin bada beraz gozorik Kristoren baithan, on zerbait karitatean; balin bada izpirituzko batasunik, bihotzeko urrikalmendurik,

        2. Oso egizue ene bozkarioa, gauza berei gozo hartuz, karitate bera izanez, gogo berean eta olde beretan egonez,

        3. Hisiaka eta espantuka deusere ez eginez; bainan aphaltasuneko izpirituz bertzeak bera baino handiagotzat idukiz;

        4. Ez bakhotxa bereari, bainan bertzeenari begiratuz.

        5. Zuen baithan olde berak izan zatzue nola Jesu-Kristok,

        6. Zeinak, Jainkoaren iduriko zelakoz, baitzakien zuzenbidez Jainkoaren bardin zela,

        7. Eta halere bere burua ezdeustu baitu, sehi baten itxura hartuz, gizona bezalakatuz, eta ageri zenetik gizontzat iraganez.

        8. Aphaldu du bere burua, ethordun eginez heriotzeraino; bada, gurutzeko heriotzeraino.

        9. Hargatik-ere altxatu du Jainkoak, eta eman dio izen bat izen guziez goragokoa;

        10. Jesusen izenera, beheiti ditezen belhaun guziak zeru-lur-ifernuetan;

        11. Eta aho guziek aitor dezaten Jainko Aitaren ospean dela Jesu-Kristo Jauna.

        12. Hargatik, ene guziz maiteak (bethi ethordun izan zareten bezala), hari zaitezte, ez ezik ene aitzinean, bainan hobeki oraino zuekin ez naizenean, beldur eta ikharekin zuen salbamenduaren egiten.

        13. Alabainan Jainkoa da, bere olde onaren arabera, zuen baithan sorrarazten dituena nahi izatea eta egitea.

 

        14. Gauza guziak egizkitzue bada arrangurarik eta duda-mudarik gabe;

        15. Estakurugabeak izan zaitezten eta Jainkoaren ume lainoak, errateko gabeak jendaki tzar eta gaixtagin baten erdian, zeinaren artean distiratzen baituzue, hala-nola argizagi batzuek munduan,

        16. Zuen baithan baitekharrazue bizitzeko hitza, ene ospetarako Jaunaren egunean, ez naizelakoz alferretan ibili ez-eta alferretan lanean haritu.

        17. Bainan imolatu ere behar banaiz zuen sakrifizioaren eta eskaintzaren gainera, bozten naiz eta zuekin ororekin atsegin hartzen dut.

        18. Aldiz, zuek ere boz zaitezte eta enekin atsegin har zazue.

        19. Bada, uste dut, Jesus Jaunak nahi duelarik, laster bidaliko darotzuedala Timotheo; arren-eta nik ere, zuen berriak jakinez izan dezadan bihotza onik.

        20. Ez dut ezen bertze bat, enekin hain gogo batekorik, zuetaz amodio zinez arduratsu denik.

        21. Alabainan guziak beren onaren ondoan dabiltza, ez Jesu-Kristoren ondoan.

        22. Ikhusazue, berriz, nola frogatua izan den, ezik Ebanjelioaren hedatzean, zerbitzatu nau seme batek bere aita bezala.

        23. Uste dut bada, hau zuei igor, ene inguruko egitekoak ikhusi ditukedan bezain sarri.

        24. Berriz, Jainkoaren ganik ene buruari agintzen diot, neroni ere zuen ganat ethorriko naizela laster.

        25. Berriz, Epaphrodito anaia, lan eta udutan ene laguna, aldiz zuen apostolua eta ene behar-orduetan zerbitzatu nauena, uste izan dut premia zela zuetara bidal nezan,

        26. Zeren zuen guzien ikhusteko lehian baitzen, eta khexuz baitzagon, eritu zela aditu zindutelakoz.

        27. Izatez-ere, hiltzeko heineraino izatu da eri; bainan hartaz urrikaldu da Jauna; eta ez hartaz bakharrik, bainan nitaz ere, izan ez nezan atsekabea atsekabearen gainera.

        28. Hargatik beraz igorri darotzuet lehen-bai-lehen, hura ikhusiz bozkario har zinezaten berriz, eta ni ere atsekaberik gabe izan nindadien.

        29. Har zazue beraz Jaunaren araberako bozkario guzietan, eta ohore emozuete horrelako gizonei.

        30. Ezen Kristorentzateko lanaren ariaz hiltzeko heinean izan da, bethetzea gatik zerorrek niri ezin bihur zinetzazketen zerbitzuak.

 

III. KAP.

        1. Gainerakoan, anaiak, boz zaitezte Jaunaren baithan. Gauza beren iskribatzea, niri etzait damu; bainan axola da zuentzat.

        2. Berautzue zakhurrei, berautzue langile tzarrei, berautzue ingurebaki gaixtoei.

        3. Ezen ingurebaki onak, gu gare, izpirituz Jainkoa zerbitzatzen dugunak, eta Jesu-Kristoren baithan espantatzen garenak, eta haragian gure gogoa ontzen ez dugunak,

        4. Nahiz haragitik ere athera dezakedan lelo. Norbaitek uste badu haragiaz badukeela sendagaila, nik gehiago,

        5. Naizenaz geroz zortzigarren egunean ingurebakia, Israelen odoletik, Benjaminen aldakatik, Hebrearra Hebrear aitetarik, lege arara Farisaua;

        6. Khar arara, Jainkoaren Elizari jazarlea; legetikako zuzen arara, notharik gabe bizi izan naizena.

        7. Bainan orduko onak, gaiztzat daduzkat orai Jesu-Kristoren ariaz.

        8. Eta gehiago dena, gaiztzat daduzkak guziak Jesu-Kristo ene Jaunaren ezagutza oroz gaineko hunen aldean; haren gatik ezen utzi ditut oro, eta gorotzaren bardin daduzkat, irabaztea gatik Kristo,

        9. Eta haren baithan aurkhitua izatea gatik, ez legetikako ene zuzentasunaren gabe, bainan Jesu-Kristoren baithako fedetik heldu denarekin, zeina fedearen bidez Jainkoak ematen duen zuzentasuna baita,

        10. Ezagutzeko Jesu-Kristo eta haren heriotzearen indarra, eta haren oinhazeen phartzunergoa, haren heriotzearen ereduko bilhakaturik,

        11. Nolazbait hiletarikako arrebiztera heltzen ahal banaiz.

        12. Ez bada ardietsi dudala oraino, edo oraikoz perfet naizela; banarraikio ordean, hean nondik helduko naizen buru hartara, zeintarako hartu bainau Jesu-Kristok.

        13. Ez, anaiak, ez dut uste heldua naizela oraino. Bainan bati narraio; ene gibelean direnak ahantziz, eta aitzinean ditudanetara eginez,

        14. Xede burura laster egiten dut, Jainkoak Jesu-Kristoz zeruetan erakhutsi saria atzeman beharrez.

        15. Bizkitartean, ardietsi ditugunez bezenbatean, gauden gure huntan, eta iduk diozogun gure erregelari.

        16. Perfet garenek beraz hori haute-eman dezagun, eta bertzelako asmutan bazarete, haren gainean ere argituko zaituzte Jainkoak.

        17. Anaiak, izan zaitezte ene imitari, eta hainei begira zaitezte, zeinak baitabiltza gure baithan ikhusten duzuen moldearen arabera.

        18. Alabainan badire, maiz aiphatzen narozkitzuen asko (eta orai ere nigarrekin erraten dut), Kristoren gurutzearen etsai dabiltzanak,

        19. Zeinen azken burua heriotzea baita, zeinen Jainkoa beren sabela, zeinek beren leloa beren ahalkean baitadukate, zeinek lurreko gauzei baizik ez baitiote gozorik hartzen.

        20. Gure bizia ordean zeruetan da; handik ere igurikitzen dugu Salbatzailea, Jesu-Kristo gure Jauna,

        21. Zeinak aldaturen baitu gure lurrezko gorphutza bere gorphutz ospezkoaren moldera, ahal haren eragintzaz, zeinaren bidez gauza guziak bere azpiko ezar baitetzazke.

 

IV. KAP.

        1. Hargatik, anaia guziz maite, guziz onhetsiak, ene bozkario, ene khoroak, horrela gogor zaudezte, maiteak, Jaunaren baithan.

        2. Othoizten dut Ebodia eta errekeitzen Sintika, gogo ber batean egon ditezen Jaunaren baithan.

        3. Othoizten zaitut zu ere, ene lagunkhide zina, lagunt detzatzun, enekin Ebanjelioarentzat lanean haritu diren emaztekiak, enekin, Klementekin eta bertze ene laguntzaileekin, zeinen izenak bizitzeko liburuan iskribatuak baitire.

        4. Bozkaria zaitezte Jaunaren baithan; berriz ere diot, bozkaria zaitezte.

        5. Zuen modestia gizon guziez ezagutua izan bedi. Hurbil da Jauna.

        6. Ez izan deusetaz khexu; bainan gauza orotan zuen galdeak Jainkoaren aitzinera hel zatzue zuen othoitz eta errekeiez, zuen esker onekin.

        7. Eta Jainkoaren bake, iduripen guziak gainditzen dituenak zaint betza zuen bihotz eta izpirituak Kristo Jesusen baithan.

        8. Gainerakoan, anaiak, zer-ere baita egiarik, zer-ere onhestik, zer-ere zuzenik, zer-ere saindurik, zer-ere maithagarririk, zer-ere omen onekorik, zer-ere berthutezkorik, zer-ere laudagarririk, hekiez alha zatzue zuen gogoak.

        9. Zer-ere ene gatik baituzue ikhasi, hartu, entzun, ikhusi, hura egizue, eta zuekin izanen da bakezko Jainkoa.

        10. Bada, bozkario handia izatu dut Jaunaren baithan, zeren noizbait bederen zuen baithan atzarri den berriz ene alderako gogoa, lehenago zinduten bezala; bainan poxelatuak zineten.

        11. Ez dut erraten hori zerbaitez eskas banintz bezala; ikhasi dut ezen dudanaz doi egiten.

        12. Badakit aphurki bizitzen; badakit nasaiean nasaieko arara egiten; non-nahi eta gauza orotara jarria naiz, aseari eta goseari, nasaiziaren eta eskasaren egartzeari.

        13. Orotako gai naiz indar ematen darotadanaren baithan.

        14. Guzia gatik ongi egin duzue ene hesturari laguntza ekhartzea.

        15. Etzarete berriz, Filipestarrak, zuek ere jakin gabe, Ebanjelioaren hastapenean, Mazedoniatik goan naizenean, nihongo Elizak, eman eta hartuaren ariaz, ez darotadala bere onetarik eman, zuek berek baizik;

        16. Ezen behin eta bietan ere Thesalonikara igorri darotadazue behar nuena.

        17. Ez nabila bada emaitzen ondoan; bainan zuentzat sari on baten lehia dut.

        18. Bada, orai hemen ditut oro, eta nasaitasunean naiz. Gaindi naiz, Epaphroditoren eskutik izanik zuek igorri ditutzuenak, usain oneko eskaintza bat bezala, Jainkoak onhesten duen eta haren gogorako den bitima bat bezala.

        19. Aldiz, ene Jainkoak, bere aberastasunen arabera, zuen nahikari guziak bethe betza bere ospean Jesu-Kristoz.

        20. Berriz, ospe Jainkoari, gure Aitari, menderen mendetan. Halabiz.

        21. Saindu guziei ene izenean agur egiozuete Jesu-Kristoz.

        22. Enekin diren anaiek agur egiten darotzuete. Agur egiten darotzuete saindu guziek, bereziki Zesarren etxekoek.

        23. Jesu-Kristo gure Jaunaren grazia zuekin izan bedi. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa