www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

JAUN DONE JAKOBE APOSTOLUAREN
GUTUN KATOLIKOA

 

I. KAP.

        1. Jakobek, Jainkoaren eta Jesu-Kristo gure Jaunaren zerbitzariak, hamabi leinu barraiatuak direnei, agur.

        2. Anaiak, guzizko bozkariotzat idukatzue heltzen zaizkitzuen nola-nahiko atsekabeak;

        3. Zeren baitakizue jasankortasuna dakharla zuen fedearen frogapenak.

        4. Jasankortasunak berriz, obra perfeta dakhar, osoki perfet eta itzalgabe izan zaitezten, deuseren eskas izanen etzareten bezala.

        5. Zuetarik norbait zuhurtziaren eskasean bada, galda biozo Jainkoari, zeinak lainoki eta iroirik gabe guzien gainerat ixurtzen baititu bere dohainak, eta emana izanen zaio.

        6. Bainan federekin galda beza, batere khordokatu gabe; khordokatzen denak ezen iduri du itsasoko uhina, haizeak erabiltzen eta inguruka eramaten duena.

        7. Beraz halako gizona ez bedi igurik Jainkoaren ganik zerbaiten izatera.

        8. Gogoa bi aldetara dadukan gizona, aldakor da bere bide guzietan.

        9. Bada, aphala den anaiak ospe athera beza bere goratasunaz;

        10. Aberatsak aldiz bere aphaltasunaz, zeren baita belharraren lorea bezala iraganen.

        11. Ezen ilkhi da iguzkia bere khaldarekin; ihartzen du belharra, erortzen da lorea, eta histen da haren edertasuna; hala-hala bere bideetan iraungitzen da aberatsa ere.

        12. Dohatsu gizona, tentazionea ongi jasaiten duena; zeren-eta, frogatua izan ondoan, emanen baitzaio Jainkoak bere maithatzaileei agindu dioten bizitzeko khoroa.

        13. Nihork, tentatua denean, ez beza erran Jainkoak tentatzen duela; ezen Jainkoa ez da gaizkirat hizitatzaile; harek berriz, ez du nihor tentatzen.

        14. Bainan batbedera bere zalekeriaz da tentatua, bildua eta amainatua.

        15. Gero, gozo hartu ondoan, zalekeria bekhatuaz erditzen da; bekhatuak aldiz, obratua denean, sortzen du heriotzea.

        16. Hargatik, anaia guziz maiteak, makhurrean ez jo.

        17. Gainetikakoak dire grazia guziz on eta dohain bethe guziak; argien Aitaren ganik jausten dire, haren baithan ez baita ez aldatze, ez aldarte itzalik.

        18. Ezen bere oldetara aitatu da gutaz egiaren hitzaz, izan gaitezen haren kreaturen pikainak bezala.

        19. Badakizue hori, anaia guziz maiteak. Berriz, gizona izan bedi aditzerat erne, bainan mintzatzerat herabe, eta hasarretzerat nagi.

        20. Alabainan gizonaren sepha ez dabila Jainkoaren araberako eginkari zuzenetan.

        21. Hargatik hastandurik lizunkeria guziak eta gaixtakeriako urhatsak oro, emetasunekin onhetsazue zuen baithan eraina den hitza, zeinak salba baitetzazke zuen arimak.

        22. Berriz, hitzaren obratzaile izan zaitezte, eta ez bakharrik entzule, zuen buruak enganatuz.

        23. Alabainan aditzaile denak, eta ez egile, iduri du mirail batean bere ahurpegiari begira dagoen gizona;

        24. Ezik bere buruari begira egon, eta goan da, eta nolakoa den ahantzi du berehala.

        25. Bainan nork-ere libertateko lege perfetari begiratuko baitio, eta hartan egonen baita, ez aditzaile ahanzkor, bainan lanaren egile bezala haina bere eginkarien bidez izanen da dohatsu.

        26. Baldin norbaitek bere burua jainkotiar badaduka, bere mihia ez duelarik trabatzen, bai ordean bere bihotza enganatzen; alferra da hainaren jainkotiartasuna.

        27. Jainko Aitaren aitzinean garbia eta nothagabea den jainkotiartasuna, hau da: Umezurtz eta alhargunen ikhustera goatea beren atsekabeetan, eta mende hunen ganik bere burua garbi idukitzea.

 

II. KAP.

        1. Anaiak, Jesu-Kristo gure Jaunaren ospean sinheste duzuen bezala, nor-nor-den niholaz ez begira.

        2. Alabainan-ere zuen bilkhura sartzen bada gizon bat urhe erreztuna erhian eta aldagarri eder bat soinean; berriz, behartto bat ere sartzen bada philda txarrekin;

        3. Eta aldagarri ederra soinean duenari begira jarri, eta erraten badiozue: Ohorezki jar zaite hemen; beharrari aldiz erraten badiozue: Hi, ago hor xutik; edo jar hadi ene oinetako alkhiaren behereko aldean;

        4. Ez othe duzue zuen baithan juiatzen, eta ez othe zarete gogoeta tzarretako juieak egin?

        5. Adi zazue, anaia guziz maiteak, Jainkoak ez othe ditu mundu huntan beharrak hautatu, fedean aberats egiteko, eta maite dutenei agindu dioten erresumaren premutzat?

        6. Zuek aitzitik, beharra arbuiatzen duzue. Ez othe dire aberatsak, beren ahalaren bidez zaphatzen eta juieen aitzinera herrestatzen zaituztenak?

        7. Ez othe dire hekiek, zuen gainera deithua den izen saindua burhoztatzen dutenak?

        8. Baldin bada, Iskrituren arabera bethetzen baduzue errege legea: Zure laguna maitha zazu zure burua bezala; ongi egiten duzue.

        9. Nor-nor-den begiratzen bazarete ordean, bekhatu egiten duzue, eta legeak lege hauste bezala kondenatzen zaituzte.

        10. Bada, nork-ere lege guzia idukitzen baitu, bainan gauza batean dainatzen, guziaz hobendun egin da.

        11. Alabainan erran duenak: Bertzeren emaztearekin etzare khutsatuko, erran du halaber: Ez duzu hilen. Baldin ez bazare khutsatzen, bainan hiltzen baduzu, legearen hausle zare.

        12. Hala mintza eta hala egizue, nola libertateko legeaz juiatuak izatera bazindohazte.

        13. Ezen urrikalmendu gabeko juiamendua dago, urrikalmendurik hartu ez duenarentzat; bainan urrikalmendua juiamenduaren garai da.

        14. Anaiak, zer baliaturen da gizona, fedea baduela erranez, egintzarik ez balin badu? Haren salbatzeko gai othe da fedea?

        15. Bada zure anaia eta arreba biluz balin badire, eta eskas badute egunean eguneko jatekoa;

        16. Eta erran diozoten zuetarik norbaitek: Zoazte bakearekin, bero eta ase zaitezte; bainan gorphutzeko behar dutena ez badiozuete ematen, zer baliatuko dire?

        17. Horrela fedea ere, eginkaririk gabe bada, berenez hila dago.

        18. Bainan erranen du norbaitek: Zuk fedea duzu, eta nik egintzak; erakhuts dizadazut zure fedea eginkaririk gabe, eta nik erakhutsiko darotzut egintzetarik ene fedea.

        19. Zuk sinhesten duzu Jainko bakhar bat dela; ongi egiten duzu: debruek ere sinhesten dute, eta ikharatzen dire.

        20. Oi gizon hutsala, nahi duzu bada jakin, fedea nola den hila eginkaririk gabe?

        21. Abraham gure aita ez othe zen egintzen bidez zuzentzat atheratu, Isaak bere semea zuenean aldarearen gainean eskaini?

        22. Ez duzu ikhusten fedeak laguntzen zituela haren egintzak, eta egintzek fedeari ematen ziotela bethetasuna?

        23. Eta orduan bethe zen Iskriturak dioena: Abrahamek sinhetsi zuen Jainkoa, eta zuzentasuntzat iratxikia izan zitzaioen, eta Jainkoaren adiskide izan zen deithua.

        24. Ikhusten duzue nola eginkarien bidez zuzen atheratzen den gizona, eta ez bakharrik fedearen bidez?

        25. Errahab lilitxoa ere ez othe zen eginkariei esker zuzen atheratu, bere etxerat hartu zituenean berriketariak, eta bertze bide batetik gibelerat igorri?

        26. Alabainan gorphutza nola, arima gabe hila baita, orobat egintzarik gabe hila da fedea.

 

III. KAP.

        1. Anaiak, ez bezaitezte jar asko nausi, dakizuelakoz juiamendu garratzagoaren meneko zaretela jartzen.

        2. Guziak ezen askotan gare behaztopatzen. Norbaitek mihitik ez badu hutsegiten, haina gizon perfeta da; gorphutz guzia ere inguruka erabil dezake kaprestutik bezala.

        3. Bada, zaldiei ahoan ezartzen badiotegu muthurrekoa gure nahiaren eginarazteko, itzulika erabiltzen dugu hekien gorphutz guzia.

        4. Hara untziak ere, zenbat-nahi handiak izan ditezen, eta haize hazkarrek eragin diozoten, lema xumetto batek inguruan derabilzka, lemazainak nahi izanen duen alderdira.

        5. Halaber mihia ere gauza aphurra da, eta handiak eginarazten ditu. Hara zein phindar xumeak, zein oihan handia duen erretzen

        6. Mihia ere su bat da, tzarkeriazko mundu bat. Mihia gure alderdien artean dago, gorphutz guzia nothatzen duena; eta ifernuak khaldaturik, sutan ezartzen du gure biziaren iraupen guzia.

        7. Gizonak ezen, basabere, hegastin, zierpe eta diren bertze guziak hezten ditu eta heziak daduzka.

        8. Bainan ez da gizonik hez dezakeenik mihia, gaitz khexu eta phozoin hilgarriz bethea.

        9. Mihiarekin benedikatzen dugu Jainko gure Aita, eta mihiarekin madarikatzen ditugu gizonak, Jainkoaren idurira eginak direnak.

        10. Aho beretik ilkhitzen dire benedizionea eta madarizionea. Anaiak, ez dire horiek hola behar.

        11. Ithurri batek zirritu beretik ixurtzen othe ditu ur eztia eta ur kharatsa?

        12. Anaiak, pikondo batek ekhar ahal othe detzazke mahatsak, eta aihen batek pikoak? Hala-hala ithurri gaziak ez dezake ur eztirik eman.

        13. Nor da zuen artean zuhurrik eta jakinik? Hainak erakhuts betza bere eginkariak bizitze on batetik zuhurtziaren eztitasunaz.

        14. Bainan bekhaizgo uherra, eta eskatimak balin badaude zuen bihotzetan, espanturik ez erabil, eta egiaren kontra ez izan gezurti.

        15. Ez da hori gainetik jausten den zuhurtzia; bainan-bai lurtiarra, abereen eta debruen araberakoa.

        16. Ezik non-ere baitaude bekhaizgoa eta khimera, han ere dire nahaskeria eta lan tzar guziak.

        17. Bainan gainetik heldu den zuhurtzia, behin garbia da, gero baketiarra, emea, bil-errexa, ongirat erorkor, urrikalmenduz eta eginkari onez bethea, ez juiatzaile, ez alegiakari.

        18. Bada, zuzentasuneko fruitua, bakean eraiten dute, bakezko lanak egiten dituztenek.

 

IV. KAP.

        1. Nondik heldu dire zuen arteko gerla-hauziak? Ez othe huntarik, zuen baithan borrokan hari diren zalekerietarik?

        2. Zale zarete, eta ez duzue izaten; hiltzen duzue, eta bekhaizti zarete, eta ezin ardiets; baderabilazue hauzi eta gathaska, eta ez duzue izaten, zeren-eta ez baituzue galdatzen.

        3. Galdatzen duzue, eta etzaitzue heldu, zeren gaizki galdatzen baituzue, zuen zalekerien asetzea gatik.

        4. Bertzeen oheen khutsatzaileak, ez dakizue mundu hunekilako adiskidegoa, Jainkoarekilako etsaigoa dela? Nor-ere beraz mundu hunen adiskide izan nahi baita, Jainkoaren etsai jartzen da.

        5. Ala uste duzue alferretan dioela Iskriturak: Bekhaiztiki du maite zuen baithan dagoen izpirituak?

        6. Grazia handiagoa ematen du ordean. Hargatik erraten du: Burgoiei gogor egiten diote Jainkoak; aphalei aldiz ematen diote grazia.

        7. Jauskor izan zakizkiote beraz Jainkoari; aitzitik bihur zaitezte debruari, eta zuen ganik ihes eginen du.

        8. Jainkoaren ganat hurbil zaitezte, eta hurbilduko zaitzue. Garbi zatzue eskuak, bekhatoreak; eta xahu zatzue bihotzak, bi aldetara zaudeztenek.

        9. Jar zaitezte minez, auhen eta nigarretan; zuen irria nigarretara itzul bedi, zuen bozkarioa kuintetara.

        10. Aphal zaitezte Jaunaren aitzinean, eta harek goratuko zaituzte.

        11. Anaiak, elkharrentzat ez mintza gaizki; anaiarentzat gaizkika, edo haren juiatzen hari dena, legearentzat gaizkika eta legearen juiatzen hari da. Bada, legea juiatzen baduzu, etzare legearen bethetzaile, bainan juie.

        12. Lege emaile bat bakharra da, eta juie bat, zeinak gal edo salba baitezake.

        13. Nor zare ordean zu, laguna juiatzen duzuna? Huna orai, erraten duzuenak: Egun edo bihar hulako hirira goanen gare; han egonen gare urthe bat, eta hariko gare tratuan, eta eginen dugu irabazi;

        14. Ez dakizue-eta zer izanen den bihar.

        15. Zer da ezen zuen bizia? aphur bat agertzen den bafada, eta gero iraungiko dena, hargatik erran dezazuentzat: Jainkoak nahi izaten badu; eta hau ere: Bizi izaten bagare, eginen dugu hau edo hori.

        16. Orai aitzitik zuen hanpuruskerietan goratzen zarete. Gaixtoak dire horrelako burgoikeria guziak.

        17. Dakienak beraz zer ongi behar duen egin, eta ez egiten halere, hainak bekhatu egiten du.

 

V. KAP.

        1. Hean orai, aberatsak, nigarrari eman zaitezte, orrobiak eginez gerthatzera dihoazkitzuen gaitzen ariaz.

        2. Usteldu dire zuen aberastasunak; biphiek jan dituzte zuen aldagarriak;

        3. Herdoildu dire zuen urhe-zilharrak; eta hekien herdoila lekhuko zuen kontra izanen da, eta suak bezala iretsiko ditu zuen haragiak. Zuen azken egunen gainera murrukatu duzue Jainkoaren hasarrea.

        4. Hara zuen lurretan uzta egin duten langileei ebatsi diozueten sariak oihu egiten duela, eta hekien deihadarrak jo du armadetako Jaunaren beharria.

        5. Gozo-pean bizi izan zarete lurraren gainean, eta atsegin-pean hazi izan ditutzue zuen bihotzak sakrifizioko egunekotzat.

        6. Prestua kondenatu eta hil duzue eta etzaitzue bihurtu.

        7. Zuek bada, anaiak, jasankor izan zaitezte, Jauna ethorriko den eguneraino. Hara laboraria badagoela lurreko fruitu baliosaren iguri, emeki jasanez izan arteo uri goiztiarra eta berantarokoa.

        8. Zuek ere beraz jasankor izan zaitezte, eta hazkar zatzue zuen bihotzak, zeren hurbil baita Jauna ethorriko den eguna.

        9. Anaiak, kuintarik ez egin batak bertzearen kontra, izan etzaitezten kondenatuak. Hara juiea athe aitzinean xutik.

        10. Anaiak, jaunaren izenean mintzatu diren profetak har zatzue, ondorio gaitzen, nekheen eta jasankortasunaren irakhaskari.

        11. Hara jasaileak dohatsu deithuko ditugula. Aditu duzue Joben jasankortasuna, eta ikhusi Jaunaren akhabantza, ezen urrikalkor eta urrikalmendutsu da Jauna.

        12. Bainan, anaiak, oro baino lehen, zinik ez arthik ez zeruaz, ez lurraz, ez-eta edozein bertze gauzaz. Bainan hau izan bedi zuen hizkuntza: Hola da, ez da hola; eror etzaitezten juiamenduaren azpira.

        13. Ilhuntzen da zuetarik norbait? othoitz egin beza. Gozoan da? kantikak kanta betza.

        14. Zuetarik norbait eritzen da? deith betza Elizako aphezak, eta othoitz egin bezate haren gainera, Jaunaren izenean olioz gantzutzen dutelarik;

        15. Eta fedezko othoitzak salbatuko du eria, eta Jaunak arinduko du; eta bekhatutan balin bada, barkhatuak izanen zaizko.

        16. Elkharri egiozue zuen bekhatuen aithorra, eta elkharrentzat othoitz egizue, salba zaitezten; ezik indar handia du prestuaren othoitz jarraikiak.

        17. Elias gizon bat zen gu bezala gaitzaren meneko; eta minki othoitz egin zuen uririk etzadien lurraren gainerat eror, eta hirur urthe eta sei hilabethez etzen uririk egin.

        18. Eta berriz egin zuen othoitz, eta zeruak eman zuen uria, eta lurrak ekharri bere fruitua.

        19. Anaiak, zuetarik bat egiatik makhurtzen bada, eta norbaitek handik itzularazten badu;

        20. Jakiteko du, bekhatorea bere bide zeiherretik itzularaziko duenak, heriotzetik salbatuko duela haren arima, eta bekhatu murru bat estaliko duela.

 

aurrekoa hurrengoa