www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

KOLOSTARREI
JAUN DONE PAULO APOSTOLUAREN

GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo, Jainkoaren nahitik Jesu-Kristoren apostolua, eta Timotheo anaia,

        2. Kolosen diren saindu eta anaia zinei Kristo Jesusen baithan.

        3. Grazia zuei eta bake Jainko gure Aitaren ganik eta Jesu-Kristo Jaunaren ganik. Eskerrak bihurtzen diozkagu Jainkoari, Jesu Kristo gure Jaunaren Aitari, zuentzat bethi othoitz egiten dugularik,

        4. Jakin dugunaz geroztik zuen fedea Kristo-Jesusen baithan, eta saindu guzien alderat duzuen karitatea,

        5. Zeruetan zuentzat dauden ontasunen igurikimenaren ariaz, zeinen gainean argitu baitzaituzte Ebanjelioko egiaren hitzak;

        6. Ebanjelioa zuetara heldu izan baita, hala-nola mundu guzirat ere, eta orotan fruitu ematen baitu, eta berhatzen baita, zuen artean bezala, Jainkoaren grazia egiaren arabera entzun eta ezagutu duzuen egunetik,

        7. Ikhasi duzuen bezala gure lagun guziz maite Epafrasen ganik, zeina baita zuentzat Jesu-Kristoren ministro zina,

        8. Zeinak ezagutarazi ere baitaroku zuen karitate izpirituzkoa.

        9. Hargatik gu ere, aditu dugun egunetik ez gure baratzen zuentzat othoitz egitetik eta Jainkoari galdatzetik bere nahiaren eragutzaz bethe zaitzazten zuhurtzia oso eta izpirituko adimenduarekin;

        10. Jainkoari dagokion bezala ibil zaitezten, orotan haren gogara eginez, eginkari on guzietan fruitu ekharriz, Jainkoaren ezagutzan aitzinatuz,

        11. Haren ospezko ahalaren eragintzaz hazkarturik indarrean, jasankortasun eta eztitasun iraunkor eta bozkariotsu batean;

        12. Eskerrak bihurtuz Jainko Aitari, zeinak bere argiaz egin baikaitu sainduen primantzan pharte hartzeko bethe;

        13. Zeinak ilhunbeen nausitasunaren azpitik atheratu eta bere Seme maitearen erresumara iraganarazi baikaitu;

        14. Seme, zeinaren odolari esker baititugu gure berrerospena eta bekhatuen barkhamendua;

        15. Hura baita ezin-ikhusizko Jainkoaren itxura, kreatura guzietarik lehen-sorthua;

        16. Ezen harek eginak dire zeru-lurretan gauza guziak, ikhuskizun direnak eta ez direnak, ala tronu, ala nausite, ala printzete, ala bothere, oro harek eta harentzat eginak dire.

        17. Eta bera oro baino lehenagokoa da, eta orok haren bidez diraute.

        18. Eta bera da Elizaren gorphutzeko burua, hastapena, hiletarik lehen-sorthua, bera izateko guzien buruzagi.

        19. Ezen Aitaren gogarako izatu da haren baithan datzan bethetasun osoa,

        20. Eta bere baithan haren bidez gauza guzien baketzea, haren gurutzeko odolaz baketuz, ala lurrean, ala zeruetan direnak.

        21. Eta zuek lehen atzetuak zineten arren, eta izpirituz etsai zuen egintza gaixtoen ariaz,

        22. Orai aldiz, bere haragizko gorphutzean heriotzeaz baketu zaituzte, zuek bere aitzinean saindu, garbi eta estakurugabe atheratzea gatik;

        23. Baldin bizkitartean fedean asentatuak eta gogor egoten bazarete, eta Ebanjelioko igurikimenetik higitu gabe, zuek entzun eta zeruaren azpian diren kreatura guzietara heldua izan den Ebanjeliotik, zeinaren ministro ezarria bainaiz ni, Paulo,

        24. Zuen gatik jasaiten ditudan gaitzez bozten naizena, Kristoren oinhazeek eskas zutena ene gorphutzean bethetzen dudana, haren gorphutzaren orde, hura baita Eliza,

        25. Zeinaren ministro ezarria izan bainaiz, Jainkoak niri zuen gainean eman karguaren arabera, bethe dezadantzat Jainkoaren hitzaren erantzuteko eginbidea,

        26. Ezagutaraziz egundainotik eta gizamende guzietan gordea egon den misterioa, eta orai agertua dena haren sainduei,

        27. Zeinei Jainkoak ezagutarazi nahi izan baitiozkate jendaietan misterio hartako aberastasun ospezkoak, misterio hura baita Kristo, zuen ospeko pheskiza.

        28. Guk hura erantzuten dugu, gizon guziak kridantzatuz, eta gizon guziak zuhurtzia oso batean argituz, Jesu-Kristoren baithan perfet eragiteko gizon guziak.

        29. Hargatik-ere lanean hari naiz, gudukatuz haren eragintzaren arabera, zeinak hazkarki eragiten baitu ene baithan.

 

II. KAP.

        1. Nahi dut alabainan jakin dezazuen nolako ardura dudan zuzentzat, Laodizean direnentzat, eta ene begithartea haragitan ikhusi ez dutenentzat,

        2. Gozakari izan dezaten hekien bihotzek, karitateaz argiturik eta adimenduaren bethetasunaz aberasturik, ezagut dezaten ongi Jainko Aitaren misterioa eta Jesu-Kristorena,

        3. Zeinaren baithan bilduak baitire zuhurtziaren eta jakintasunaren aberastasun guziak.

        4. Bada, hori erraten dut, nihork solasen edertasunaz engana etzezazten.

        5. Ezen gorphutzez hor ez banaiz ere, gogoz zuekin naiz, bozkariorekin ikhusten dudalarik zuen arrimu ederra, eta Kristoren baithan duzuen fedearen hazkartasuna.

        6. Jesu-Kristo Jauna onhetsi duzuen bezala, ibil zaitezte beraz haren bideetan,

        7. Haren gainean zuen erroa eginik, eta zuen asentuak ezarririk, fedean gogorturik, ikhasiak ere zareten bezala, eta zuen esker onen bidez haren baithan aberastuz.

        8. Berautzue nihork amaina zetzazten filosofiaz eta itxurapen huts zerbaitez, gizonen arteko errankizunen arabera, munduko sinhesteen arabera, eta ez Kristoren arabera;

        9. Ezen jainkotasunaren bethetasun guzia gorphutzez datza haren baithan;

        10. Eta haren baithan betheak zarete, hura denaz geroztik printzete eta bothere guzien burua.

        11. Haren baithan ere ingurebakiak zarete, ez eskuz eginikako ingurephaitzaz, haragia biluziz eginaz, bainan Kristoren ganikako ingurephaitzaz;

        12. Harekin ehortziak izanik bathaioaz, zeintan ere berriz biztu baitzarete zuen fedearen bidez Jainkoaren eragintzan, zeinak hiletarik biztu baitu Kristo.

        13. Eta zuek bekhatupean eta haragiko ingurephaitzarik gabe hilak zinaudeztenean, Jesu-Kristok berekin bitzarazi zaituzte, bekhatu guziak barkhatzen zarozkitzuetelarik,

        14. Urratuz gure kontra zena, gure kontrako erabakiaren ageria, eta gurutzeari itzatuz khendu du gure erditik;

        15. Eta printzete eta bothereei ahal guziak khendurik, munduaren ikhusgarri ezarri ditu, ageriki bere indarraz trionfan eramanez.

        16. Nihork ez bezaitzazte beraz juia jan-edanen ariaz, edo besta egunen, edo ilhargi berrien, edo larunbaten ariaz,

        17. Zeinak ethorkizuneko gauzen itxurapen batzu baitire, Kristo aldiz izantza.

        18. Nihork ez bezaitzazte engana alegiazko aphalguratasun eta aingeruen alderako erlijione batez, ez dakienaz mintzatuz, bere izpiritu haragitarraz hutsalki hantuz,

        19. Eta iratxikia ez egonez buruari, zeintarik gorphutz guzia, giltzez eta lotkurez bildua eta zerbitzatua, handitzen baita Jainkoak ematen dioen berhatzapenaz.

        20. Baldin beraz munduaren lehenbiziko irakhaskariei hilak bazarete Kristorekin, nolaz oraino, munduaz bizi bazinete bezala erabakitzen duzue,

        21. Diozuelarik: Hau ez uki, hori ez dasta, ez khutsa hartan?

        22. Horiek oro, erabiliz galtzen diren gauza batzu dire, gizonen erranetik eta ustekerien arabera debekatuak,

        23. Zuhur itxura zerbait halabadere dutenak, sino eta sardunazko aphalguratasun batzuen bidez, bainan gorphutza urrikari ez dutenak, eta haragiari hazteko behar duena ematen ez diotenak.

 

III. KAP.

        1. Beraz Kristorekin biztu balin bazarete, zeruko gauzen ondoan ibil zaitezte, zeruan baita Kristo Jainkoaren aldean jarria;

        2. Zeruko gauzei gozo har biozozuete, eta ez lurrekoei.

        3. Ezen hilak zarete, eta zuen bizia Kristorekin Jainkoaren baithan gordea dago.

        4. Kristo, zuen bizia, agertuko denean, orduan zuek ere harekin agertuko zarete ospearen erdian.

        5. Hilarazkitzue beraz zuen baithan den gizon lurtiarraren alderdiak, lohikeria, likhiskeria, muthilkoikeria, zalekeria tzarrak, eta jaramankeria, zeina idola zerbitzu bat baita.

        6. Horiek jautsarazi dute Jainkoaren hasarrea sinhestegabeko umeen gainera;

        7. Eta horietan zuek ere ibili zarete beihala, horietan bizi zinetenean.

        8. Orai ordean, halaber utzatzue guziak, hasarre, gaitzirizko, maltzurkeria, ahapaldi, solas itsusiak zuen ahotik.

        9. Elkharri gezurrik ez egin; erauntz gizon zaharra bere eginkariekin,

        10. Eta jauntz gizon berria, bere kreatzailearen idurira berritzen dena haren ezagutzan aitzinatuz;

        11. Han ez baita, ez pagano, ez Judurik; ez ingurephaitzadun, ez inurephaitzagaberik, ez Basatarrik, ez Eskiarrik, ez gathiburik, ez pelutik; bainan oro eta orotan Kristo da.

        12. Beraz Jainkoaren hautetsi, saindu eta maiteek bezala, jauntzatzue barneko urrikalkortasuna, aphalguratasuna, herabetasuna, jasankortasuna;

        13. Elkhar egarriz, batzuek bertzeei barkhatuz balin baduzue elkharren arteko arrangurarik; nola Jaunak ere barkhatu baitarotzuete, hala egizue zuek ere.

        14. Bainan horien ororen gainetik, izan zazue karitatea, zeina baita perfetasunaren lokharria;

        15. Eta zuen bihotzetan gaina emozue Kristoren bakeari, zeintara deithuak izan baitzarete, guziek gorphutz bakhar bat baizik ez egiteko; eta izan zaitezte eskerdun.

        16. Kristoren hitza zuen aho-mihitan izan bedi usu, zuhurtzia oso batekin, elkhar argitzen eta berotzen duzuelarik psalmo, himno eta kantika ispiritualez, Jainkoari eskerrekin bihotzetik kantatuz.

        17. Edozein gauza egin dezazuen edo hitzez, edo egitatez, oro Jesu-Kristo Jaunaren izenean egizkitzue, haren bidez Jainko Aitari eskerrak bihurtuz.

        18. Emaztekiak, zuen senharrei jauskor izan zakizkiote, behar ere den bezala Jaunaren arabera.

        19. Gizonak, maitha zatzue zuen emazteak, eta ez izan hekien alderat uher.

        20. Haurrak, zuen burhasoei orotan izan zakizkiote ethorkor; hori da ezen Jaunaren gogarako.

        21. Aitak, ez sumintaraz zuen haurrak, ez dakioten hil gogoa.

        22. Sehiak, haragiaren araberako zuen nausiek manatua egizue, ez begiko zerbitzatuz, gizonei aurkhitu beharrez bezala; bainan bihotzeko lainotasunean Jainkoaren beldurrarekin.

        23. Edozein gauza egin dezazuen, bihotzetik egizue, Jaunarentzat bezala, ez gizonentzat,

        24. Baitakizue Jaunaren ganik izanen duzuela primantzako saria. Kristo Jauna zerbitza zazue.

        25. Alabainan gaizkia egiten duenak, gaizki saria izanen du; eta nor-nor-den begiratzerik ez da Jainkoaren baithan.

 

IV. KAP.

        1. Nausiak, zuzen eta bidezko dena bihurrozuete sehiei, baitakizue zuek ere Nausi bat baduzuela zeruan.

        2. Jarraik othoitzari eta hartara atzarriak egon, eskerrak bihurtuz;

        3. Batean guretzat ere othoitz eginez, Jainkoak idek dezagun hitzaren bidea erantzutekotzat Kristoren misterioa (zeinaren gatik ere bainaiz burdinetan),

        4. Eta erantzun ahal dezadan, mintzatu behar naizen moldean.

        5. Kanpoan direnekin ibil zaitezte zuhurki eta denborari atzemanez.

        6. Zuen solasak izan betza bethi esker ederra eta zuhurtziaren gatza, jakin dezazuen nola bakhotxari behar diozuen ihardetsi.

        7. Ene inguruko gauza guziez jakintsun eginen zaituzte Tikiko anaia guziz maiteak, ministro zin eta Jaunaren baithan ene lagunkhide denak.

        8. Nola zareten jakitera, eta zuen bihotzei gozakari ematera bidali darotzuet,

        9. Onesimo anaia guziz maite eta zinarekin, zeina zuen herritarra baita. Horien ahotik jakinen ditutzue hemengo gora-beherak.

        10. Agur egiten darotzuete Aristarkok, burdinetako ene lagunak, eta Markok, Barnabasen kusiak, zeinaren gainean zerbait gaztiatu baitarotzuet; zuen ganat heldu bada, egiozue ongi-ethorri.

        11. Jesus, Justua deitzen denak ere goraintzi. Ingurebakietarik dire horiek, eta bakharrak Jainkoaren erresumaren aitzinarazten laguntzen nautenetan ene gozagarri izatu direnak.

        12. Agur egiten darotzuete Epafrasek, zeina zuen herritarra baita, Jesu-Kristoren zerbitzaria, bere othoitzetan bethi zuetaz ardura duena, Jainkoaren nahi guzietan egon zaitezten osoki eta betheki.

        13. Ezen lekhukotasun ekhartzen diot nekhe hainitz baderabilala zuen gatik, Laodizear eta Hierapolistarren gatik.

        14. Agur egiten darotzuete Luk, midiku guziz maiteak, eta Demasek.

        15. Agur egiozuete Laodizeako anaiei, Ninphasi eta haren etxeko elizari.

        16. Eta gutun hau zuen artean irakurtu ondoan, irakurraraz zazue Laodizearren elizan; eta zuek irakurrazue Laodizearrentzatekoa.

        17. Eta Arkipori errozute: Jaunak zer kargu eman darotzun ikhusazu, bethe dezazun ongi.

        18. Ene agurra, Pauloren eskutikakoa. Orhoit zaitezte ene burdinez. Grazia dela zuekin. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa