www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

JESU-KRISTOREN EBANJELIO SAINDUA
MARKEN ARABERA

 

I. KAP.

        1. Jesu-Kristo, Jainkoaren Semearen Ebanjelioaren hastapena.

        2. Isaias profeta baithan iskribatua den bezala: Huna nik zure begithartearen aitzinean bidaltzen dudala ene aingerua, zeinak aphainduren baitu zure aitzinean zure bidea.

        3. Mortuan oihuz dagoenaren mintzoa: Aphain zazue Jaunaren bidea, xuxen zatzue haren bidexkak.

        4. Joanes mortuan egotu da bathaiatuz eta urrikizko bathaioa erantzunez bekhatuen barkhamendutan.

        5. Eta harengana bazihoazen Judealde guzia eta Jerusalemdar guziak; eta beren bekhatuen aithorra eginez, Joanesez bathaiatuak ziren Jordaneko urean.

        6. Eta Joanes kamelu ilez jauntzia zen, eta larruzko uhal bat zuen gerrian, eta jaten zituen xartalak eta oihanetako eztia. Eta predikatzen zuen erranez:

        7. Ni baino ahaldunagoa ene ondotik dathor, ez bainaiz, lurrean jarriz, haren oinetako lokharrien barraiatzeko bethe.

        8. Nik uraz zaituztet bathaiatu; harek ordean bathaiaturen zaituzte Izpiritu sainduaz.

        9. Eta gerthatu zen orduko egunetan Jesus ethorri zela Nazareth Galileakotik, eta Joanesek bathaiatu zuen Jordanean.

        10. Eta uretik ilkhitzearekin batean, ikhusi zituen zeruak zabalduak, eta Izpiritua, uso bat iduri, jausten eta haren beraren gainean gelditzen.

        11. Eta zerutik aditu zen mintzo bat: Zu zare ene seme maitea, zure baithan baitadukat ene gozoa.

        12. Eta Izpirituak berehala eragin zioen morturat.

        13. Eta egotu zen mortuan berrogoi gau-egunez; eta satanez tentatua zen, eta bizi zen basabereekin, eta aingeruek zerbitzatzen zuten.

        14. Bada, Joanes preso arthikia izan zen ondoan, Jesus Galileara ethorri zen, Jainkoaren erresumaren Ebanjelioa erantzunez,

        15. Eta zerralarik: Egunak betheak baitire eta Jainkoaren erresuma hurbildua, urrikitan sar zaituzte, eta sinheste Ebanjelioari emozue.

        16. Eta Galileako itsas-bazterraz iragaiten zelarik, ikhusi zituen Simon eta Andres, haren anaia, itsasora sare arthikitzen (ezik arrantzariak ziren),

        17. Eta erran zioten Jesusek: Zatozte ene ondotik, eta nik eginen dut gizon arrantzale bilhakaturen zaretela.

        18. Eta berehala, sareak utzirik, jarraiki zitzaizkon.

        19. Eta aitzinaxago goanik, ikhusi zituen Jakobe Zebedeorena, eta Joanes, haren anaia, untzi batean sare ontsatzen hari zirela.

        20. Eta deithu zituen berehala. Eta beren aita Zebedeo untzian saritako langileekin utzirik, jarraiki ziren Jesusi.

        21. Eta sartzen dire Kapharnaumen: eta larunbata baitzen, sinagogan sarthurik Jesus hari zitzaioten irakhasten.

        22. Eta harritzen ziren haren irakhasmenaz; ezik irakhasten hari zitzaioten esku duena bezala, eta ez Iskribauen arara.

        23. Eta hekien sinagogan bazen gizon bat izpiritu lohiak zadukana, eta oihu egin zuen,

        24. Zerralarik: Zer da zure eta gure arteko, Jesus Nazaretharra? gure galtzera ethorri zare? Badakit nor zaren, Jainkoaren Saindua.

        25. Eta Jesusek larderiatu zuen erranez: Mutu hadi, eta gizon horren baitharik ilkhi.

        26. Eta gizona phorrokatuz eta orroa handi bat eginez, izpiritu lohia ilkhi zen haren ganik.

        27. Eta ederretsiak zauden oro, haletan non elkharri galdeka hari baitziren erranez: Zer da hau? irakhasmen berri hau zer da? ezen eskudantziarekin manatzen diote izpiritu lohiei ere, eta entzuten dute.

        28. Eta berehala hartazko haroak jo zuen Galileako herrialde guzia.

        29. Eta ordu berean, sinagogatik ilkhirik, Jakoberekin eta Joanesekin ethorri ziren Simonen eta Andresen etxera.

        30. Bada, Simonen amaginarreba ohean zatzan sukharrez erretzen; eta hartaz mintzatu zitzaizkon berehala.

        31. Eta hurbildurik, eskutik hartu eta jaikarazi zuen; eta han berean utzi zuen sukharrak, eta zerbitzatzen zituen.

        32. Gero, arratsa egin zenean eta iguzkia etzan ondoan, Jesusi ekhartzen ziozkaten eri eta debrudun guziak.

        33. Eta hiri guzia athera bildua zagoen.

        34. Eta sendatu zituen hainitz, asko eritasunez joak zirenak, eta iraizi zituen hainitz debru, eta etzituen uzten erratera bazakitela nor zen.

        35. Eta goizean goizik jaikirik, ilkhi zen eta goan toki mortu batera, eta han othoitzean zagoen.

        36. Eta ondotik goan zitzaizkon Simon eta harekin zirenak.

        37. Eta aurkhitu zutenean, erran zioten: Oro zure bilha dabiltza.

        38. Eta ihardetsi zaroeten: Goazen hurbileko herri eta hirietara, han predika dezadan; ezen hortara naiz ethorria.

        39. Eta hari zen predikatzen hango sinagogetan eta Galilea guzian, eta debruen khentzen.

        40. Eta ethorri zitzaioen legentsu bat othoizka, eta belhaunikaturik erran zioen: Nahi baduzu, garbi nezakezu.

        41. Bada, urrikaldurik, Jesusek hedatu zuen bere eskua, eta hura ukituz, erran zioen: Nahi dut, zaren xahu.

        42. Eta erran orduko, legena goan zen berehala haren gainetik, eta garbitua gelditu zen.

        43. Eta dixidatu zuen, eta berehala igorri,

        44. Eta erran zioen: Berautzu nihori erran; bainan zoaz, ager zaite aphezen buruzagiari; eta zure xahupenaren arietan eskaint zatzu Moisesek manatu dituenak, lekhukotasunetan detzazten izan.

        45. Bainan hura, ilkhi zeneko abiatu zen erantzuten, eta solasaren orotan barraiatzen, haletan non Jesus ez baitzitakeen gehiago ageriki sar hirian, bainan kanpoan zagoen basa bazterretan, eta alde orotarik jendeak bazihoazen haren gana.

 

II. KAP.

        1. Zenbait egunen buruan, berriz sarthu zen Kapharnaumen,

        2. Eta nabaritu zuten etxean zela, eta hanbateko ostea bildu izan zen, non ez etxeak, ez-eta athe aintzinak ezin iduk baitzezazketen; eta erantzuten zioten Jainkoaren hitza.

        3. Eta haren gana ethorri ziren gizon batzu, enblai bat zakhartena, lau lagunek hagetan ekhartzen baitzuten.

        4. Eta nola aitzinera ezin eman baitziozoketen jende murruaren ariaz, agertu zuten hura zagoen etxeko hegaztegia; eta zilho bat eginik, beheiti jautsi zuten ohea, zeintan baizatzan enblaia.

        5. Bada, Jesusek ikhusi zuenean hekien sinhestea, erran zioen enblaiari: Semea, barkhatuak zaizkitzu zure bekhatuak.

        6. Han baziren, berriz, Iskribauetarik zenbait jarriak, eta beren baithan zerasatenak:

        7. Hau nolaz da horrela mintzo? burho egiten du. Nor da bekhatuak barkha detzazkeenik, baizik-ere Jainkoa bakharrik?

        8. Jesusek ordu berean bere izpirituaz ezaguturik nolako gogoetak zerabiltzaten beren baithan, erraten diote: Zergatik alhatzen ditutzue gogoeta horiek zuen bihotzetan?

        9. Zer da errexago, enblaiari erratea: Barkhatuak zaizkitzu zure bekhatuak; ala erratea: Jaiki zaite, har zazu zure ohea, eta ibil zaite?

        10. Bada, jakin dezazuen gizonaren Semeak lurraren gainean baduela bekhatuen barkhatzeko eskua (enblaiari erraten dio):

        11. Nik derratzut: Jaiki zaite, har zazu zure ohea, eta zoaz zure etxera.

        12. Eta hura xutitu zen berehala; eta ohea harturik goan zen guzien aitzinean; eta oro harritzen ziren, eta goresten zuten Jainkoa, ziotelarik: Egundaino ez dugu holakorik ikhusi.

        13. Eta berriz ilkhi zen itsas-aldera, eta populu guzia bazihoakion, eta argitzen zituen.

        14. Eta iragaiten zelarik, ikhusi zuen Lebi Alpheorena, zerga bildegian jarria, eta erran zioen: Jarraik zakizkit. Eta xutiturik, jarraiki zitzaioen.

        15. Eta gerthatu zen, gizon haren etxean jaten zatzalarik, hainitz zergazale eta bekhatore Jesusekin batean eta haren dizipuluekin mahainean zirela; ezik asko hari jarraikitzen ere ziren.

        16. Eta Iskribauek eta Farisauek ikhustenez zergazale eta bekhatoreekin jaten zuela, erraten zioten haren dizipuluei: Zuen nausiak zertako jaten eta edaten du zergazale eta bekhatoreen baltsan?

        17. Hori aditurik, Jesusek erran zioten: Osasundunek ez dute midiku beharrik, bainan bai gaizdunek; ez naiz alabainan prestuen deitzerat ethorri, bai ordean bekhatoreen.

        18. Bada, Joanesen dizipuluak eta Farisauak barur egileak ziren; eta badathortzi, eta Jesusi erraten diote: Zergatik barurtzen dire Joanesen dizipuluak eta Farisauenak, eta zure dizipuluek ez dute barur egiten?

        19. Jesusek ihardesten diote: Ezteiliarrek barur egin othe dezakete jaun esposa hekiekin deno? Esposa duteno berekin, barurik egin ez dirote.

        20. Bainan ethorriko dire egunak, zeinetan esposa khenduko baitzaiote; eta orduan, egun hekietan eginen dute barur.

        21. Philda ihetxeari nihork ez dio oihal berrizko pedaxurik ematen; bertzela berriak zaharrari khentzen dio bertze puska bat, eta zilhoa handiago egiten da.

        22. Eta arno berria, nihork ez du zahagi zaharretan ematen; bertzela arnoak leherraraziko ditu zahagiak, eta arnoa ixuriko, eta zahagiak galduko dire; bainan arno berria, zahagi berrietan behar da ezarri.

        23. Gerthatu zen berriz, Jauna larunbat egun batez iragaiten zelarik ogi landetarik, haren dizipuluak, bide nabar, hasi zirela ogi buru bihitzen.

        24. Bada, Farisauek erraten zioten Jesusi: Horra, zertako egiten dute zilhegi ez dena?

        25. Eta ihardetsi zioten: Ez duzue egundaino irakurtu zer egin izan zuen Dabidek behar orduan, hura eta haren lagunak gosetuak ziren batez?

        26. Nola sarthu zen Jaunaren etxean, Abiathar aphez handiaren egunetan, eta berak jan zuen eta lagunei eman eskaintzako ogietarik, zeinen jatea aphezei baizik ez baitzaiote zilhegi?

        27. Eta Jesusek erran zioten: Larunbata gizona gatik da egina, eta ez gizona larunbata gatik.

        28. Aria hortaz, gizonaren Semea larunbataren ere nausi da.

 

III. KAP.

        1. Eta Jesus berriz sarthu zen sinagogan, eta han bazen gizon bat esku iharrarekilakoa.

        2. Eta Farisauek begiz zadukaten, hean larunbat egunarekin sendatuko othe zuen, hartaz jazar ziozoten gero.

        3. Eta Jesusek dio gizon esku-ihardunari: Jaiki zaite guzien erdira.

        4. Eta Farisauei derrote: Larunbat egunez ongi egitea, ala gaizki egitea da haizu? biziaren ematea, ala khentzea? Eta ixilik zauden.

        5. Eta hekiei inguruan hasarrerekin begiratuz; hekien bihotzeko itsutasunaz atsekabetan, gizonari erraten dio: Heda zazu eskua. Eta hedatu zuen, eta ontsatu zitzaioen.

        6. Bada, handik ilkhirik, Farisauek berehala Herodestarrekin batzarre egin zuten haren kontra, hean nola galaraz othe zezaketen.

        7. Bainan Jesus bere dizipuluekin aldaratu zen itsas-bazterrera; eta oste handia jarraiki zitzaioen Galileatik, Judeatik,

        8. Jerusalemetik, Idumeatik, eta Jordanez hainditik; eta Tirreko eta Sidongo inguruetakoek nabariturik harek egiten zituen guziak, jendetze handi bat ethorri zen haren gana.

        9. Eta bere dizipuluei erran zioten, iduk ziozoten untzixka bat, hartaz baliatzeko ostearen ariaz, lehertua ez izateko.

        10. Ezik hainitz sendatzen zituen, haletan non zerbait gaitz zutenak oldarrean gainera baitzihoazkion, hura ukitu beharrez.

        11. Eta izpiritu lohiak ahuspekatzen zitzaizkon, ikhusten zutenean, eta oihuka erraten ziotelarik:

        12. Zu zare Jainkoaren Semea. Eta gogorki larderiatzen zituen, nor zen etzezaten salha.

        13. Eta mendi batera igaitean, deithu zituen berak nahi zituenak, eta goan zitzaizkon.

        14. Eta hamabi egin zituen berekilako, eta predikatzera igortzeko.

        15. Eta eman zioten gaitzen sendatzeko eta debruen iraizteko ahala:

        16. Eta Simoni eman zioen izena Piarres.

        17. Bertzeak ziren Jakobe Zebedeorena, eta Joanes Jakoberen anaia, eta deithu zituen Boanerjes, erran nahi baita, Ihurtzuriaren semea;

        18. Eta Andres, eta Filipe, eta Bartholome, eta Mathiu, eta Thomas, eta Jakobe Alpheorena, eta Thadeo, eta Simon Kanaandarra,

        19. Eta Judas Iskariot, zeinak, saldu baitzuen.

        20. Eta itzuli ziren etxerat, eta berriz bildu izan zen oste bat gaitza, haletan non jateko arterik ere ez baitzuketen.

        21. Eta Jesusen ahaideek aditu zutenean, ethorri ziren haren hartzera, ezik zioten, burutik jauzia zela.

        22. Eta Jerusalemetik jautsi ziren Iskribauek erraten zuten: Beelzebubek hartua da, eta debruen buruzagiaz iraizten ditu debruak.

        23. Eta Jesusek deithurik, hitz estalitan erraten zioten: Nolaz satanek iraiz dezake satan?

        24. Eta erresuma bat bi aldetara badago, erresuma harek ez dezake iraun.

        25. Eta etxe bat bere kontra bi aldetara badago, etxe harek ez dezake iraun.

        26. Eta baldin debrua bere buruaren kontra jauzten bada, bi aldetara dago, ez dirauke eta akhabatzera dihoa.

        27. Nihork ez diotzozke gizon hazkarrari, etxean sarthurik, dituenak eraman, non ez duen lehenik estekatzen bera, eta orduan biluziren dio etxea.

        28. Egiaz derratzuet nik, gizonen umeei barkhaturen zaizkotela bekhatu guziak eta egin dituzketen burhoak;

        29. Bainan Izpiritu sainduaren kontra burho arthikitzen duenak ez du nihoiz-ere barkhamendurik izanen; bainan hobendun izanen da bethirainoko hobenaz.

        30. Ezen hekiek zioten: Gaixtoa du berekin.

        31. Eta ethorri ziren haren ama eta anaiak; eta kanpoan xutik zaudelarik, norbait bidali zioten deitzera.

        32. Eta ostea haren inguruan jarria zen, eta erran zaroten: Hor daude zure ama eta zure anaiak athean zure galdez.

        33. Eta ihardestean, erran zuen: Nor dire ene ama eta anaiak?

        34. Eta bere inguruan jarriak zituenen gainean begiak erabiliz, erran zuen: Huna ene ama eta ene anaiak.

        35. Alabainan edozeinek egin dezan Jainkoaren nahia, haina da ene anaia, eta ene arreba, eta ene ama.

 

IV. KAP.

        1. Eta berriz ere irakhasten hasi zen itsas-bazterrean, eta bildu zen haren gana hanbateko ostea, non untzi batera iganik, itsasoan jarri baitzen eta oste guzia itsas-hegian leihorretik ziagon.

        2. Eta paraboletan asko gauza irakhasten, eta bere irakhaspenean erraten zioten:

        3. Adi zazue: Hara erailea eraitera ilkhi zela.

        4. Eta eraiten hari zelarik, hazialde bat bide bazterrera zen erori, eta ethorri ziren zeruko xoriak eta jan zuten.

        5. Bertze bat berriz, erori zen toki harritsuetara, zeinetan ez baitzuen lur hanbat; eta atheratu zen berehala, lurrak etzuelakotz barnatasunik.

        6. Eta iguzkia ilkhi zenean, erre zuen; eta errorik ez baitzuen, ihartu zen.

        7. Eta bertze bat erori zen lapharretara; eta lapharrak handitu ziren, eta itho zuten, eta etzuen fruiturik ekharri.

        8. Eta bertze bat erori zen lur onera, eta ekharri zuen burua, zeina goratu eta larritu baitzen, eta erran zuen, zeinak hogoi eta hamar bihi, zeinak hirur hogoi, eta zeinak ehun.

        9. Eta Jesusek erran zioten: Beharririk duenak aditzeko, adi beza.

        10. Eta bakharrik izan zenean, harekin ziren hamabiek galdatu zioten zer zen parabola hori.

        11. Eta ihardetsi zioten: Zuei mana izan zaitzue ezagutzea Jainkoaren erresumaren misterioa; bainan kanpokoentzat, hitz estalitan dihoaz oro;

        12. Ikhusten dutelarik, egin dezaten ikhus eta ez ohart; eta aditzen dutelarik, adi eta ez ardiets, arren-eta ez ditezen onera bihur eta beren bekhatuak ez dakizkioten barkha.

        13. Erran zioten gero: Ez duzue parabola hori aditzen? nola beraz ardietsiren ditutzue bertze guziak?

        14. Eraileak, hitza eraiten du.

        15. Bide bazterrekoak, hainak dire zeinen baithan eraiten baita hitza; eta aditu duteneko, berehala dathor debrua, eta badarama hekien bihotzetan eraina zen hitza.

        16. Halaber, toki harritsuetara eraiten zaiotenak, hainak dire, zeinek hitza aditu bezain sarri, berehalakoan bozkarioz onhesten baitute;

        17. Bainan beren baithan ez dute erroaren lekhurik, ordutiar dire; gero hitzaren ariaz hestura eta jazarpen zerbait ethorri deneko, behaztopatzen dire.

        18. Eta bertzeak, elhorrietara eraiten zaioetenak, hainak dire zeinek entzuten baitute hitza,

        19. Eta mendeko ardurek, eta aberastasunetarikako liluramenduek, eta bertzeen gainera, zalekeriek, barnera sarthuz, ithotzen dute hitza, eta deus ekhartzetik debekatzen.

        20. Eta hainak dire lur onean erain zaiotenak, zeinek aditzen baitute hitza, eta onhesten, eta fruitu ekhartzen, batak hogoi eta hamar, bertzeak hirur hogoi, eta bertzeak ehun.

        21. Eta erraten zioten: Kriselua bizten othe da gaitzerupean edo ohearen azpian ezartzeko? ala ez othe ganderailuaren gainean emateko?

        22. Alabainan deus ez da gorderik agerturen ez denik; eta ixilik deus ez da egin, guzien aitzinerako ez denik.

        23. Aditzeko beharririk duenak, adi beza.

        24. Eta erraten zioten: Burutan har zazue entzuten duzuena. Zer-ere neurriz neurtu baitukezue, hartaz neurturen zaitzue zeroniri, eta populurekin.

        25. Ezen dunari emanen zaio; eta ezdunari, dukeentto hura ere khenduko.

        26. Eta erraten zioten: Da Jainkoaren erresumaz, lurrera hazi arthikitzen hari den gizonaz bezala.

        27. Dagoen lo, ala jaikirik, gau eta egun ibil dadien; hazia sortzen eta handitzen da, harek ez dakielarik.

        28. Ezen lurrak berenez ematen du lehenik belharra, gero burua, eta gero ogia, buruaren bethe.

        29. Eta fruituak egin dukeenean bere indarra, ihitegia berehala ezartzen zaio, zeren uztaro baita.

        30. Eta erraten zuen: Zeren iduriko emanen dugu zeruko erresuma, edo zer itxurapenen bardin?

        31. Iduri duke mustarda bihia, zeina lurrean diren hazi guzietarik xeheena baita eraiten denean;

        32. Eta erain ondoan igaiten eta bertze baratzekhari guziak baino larriago egiten baita; eta adarrak egiten ditu hain handiak, non zeruko xoriak haren itzalean egon baititazke.

        33. Eta holako asko paraboletan atheratzen zioten solasa, adi zezaketen heinean;

        34. Etzitzaioten ordean parabolarik gabe mintzatzen; bainan bere dizipuluei, bakhartasunean xehatzen zaroezten guziak.

        35. Eta egun hartan, ilhundirian erran zioten: Goazen uraz haindira.

        36. Dizipuluek igorririk populua, eta untzian zen bezala, eraman zuten; eta bertze untziak harekin baziren.

        37. Eta egin zen haize xirimola handi bat, eta jauzarazten zituen uhinak untzi barnera, haletan non untzia bethetzen hari baitzen.

        38. Eta bere untzi-burukitan zagoen, bururdi baten gainean lo. Eta atzartzen dute, eta erraten diote: Nausia, galtzera goaz, eta etzaitzu axola?

        39. Eta jaikirik, larderiatu zuen haizea, eta itsasoari erran zioen: Ixil hadi, mutu hadi. Eta baratu zen haizea, eta jabaldura handi bat egin zen.

        40. Eta erran zioten Jesusek: Zeren zarete beldurti? Ez duzue bada sinhesterik oraino? Eta laztura gaitzaz hartuak zirenð eta zioten elkharri: Nor othe da hau, haizeak eta itsasoak entzuten baitute?

 

V. KAP.

        1. Eta goan ziren itsasoz haindira, Jerasatarren eremuetara.

        2. Eta Jesus untzitik ilkhi orduko, hobietarik aitzinera agertu zitzaioen izpiritu lohiak zadukan gizon bat,

        3. Zeinak hobietan baitzuen bere egoitza; eta nihork etzezakeen burdinaz ere estekaturik iduk;

        4. Ezen oin burdinaz eta gathez askotan lothua izanik, trenkatu zituen gatheak, eta oin burdinak xehakatu, eta nihork etzezakeen zeba.

        5. Eta bethi hobietan eta mendietan zabilan gau eta egun oihuka eta bere burua harriekin sakhituz:

        6. Bada, urrundik ikhustearekin Jesus, laster egin zuen, eta adoratu zuen;

        7. Eta heiagoraka erran zuen: Zer da zure eta ene artean, Jesus, Jainko guziz goraren Semea? Jainkoaren izenaz errekeitzen zaitut, ez nezazun oinhazta.

        8. Ezen Jesusek erraten zioen: Gizon hortarik ilkhi hadi, izpiritu lohia.

        9. Eta galdatzen zioen: Zer duk izena? Eta ihardesten dio: Araldea da ene izena, zeren asko garen.

        10. Eta othoitz errekeika hari zaion, aurkhintzatik etzezan iraiz.

        11. Bada, han bazen urdalde bat alhan mendi ingurunean.

        12. Eta izpirituak othoizka hari zitzaizkon erranez: Urdeetara igor gaitzatzu, barnera sar gatzaizkioten.

        13. Eta berehala Jesusek onhetsi zioten. Eta ilkhirik, izpiritu lohiak urdeetan sarthu ziren, eta aralde guzia tarrapata gaitzean itsasora jauzi zen, bi mila bururen ingurutsua, eta itsasoan itho ziren.

        14. Hekien alharazleek berriz, ihes egin zuten, eta berria heldu zuten hirira eta bazterretara. Eta jendea ilkhi zen ikhustera zer zen gerthatu;

        15. Eta heldu dire Jesusen gana, eta ikhusten dute debruak oinhazetan zerabilkan hura, jarria, soinekoz jauntzia, eta adimendu onean; eta izatu ziren.

        16. Eta ikhusleek erran zaroeten nola zitzaioten gerthatu debrudun izatuari eta urdeei.

        17. Eta othoizka abiatu zitzaizkon, goan zadien hekien eremuetarik.

        18. Eta untzira igaiten zelarik Jesus, debruaz erabilia izatu gizona hall zitzaioen errekeika utz zezan harekin.

        19. Eta etzuen onhetsi, bainan erran zaroen: Zoaz zure etxera, zure ahaideetara, eta ezagutaraz diozozute zenbateko gauzak egin dituen zuretzat Jaunak, eta nola zaitzun urrikaldu.

        20. Eta goan zen, eta Dekapolisean erantzuten abiatu zen nolako ongiak egin izan ziozkan Jesusek; eta guziak ederretsiak zauden.

        21. Eta Jesus untzian berriz iragan zenean hunaindira, eta itsas-hegian zelarik oraino, oste handi bat bildu zen haren gana.

        22. Eta sinagoga buruzagietarik bat, Jairo deitzen zena, ethorri zen, eta ikhusirik Jesus, erori zitzaioen oinetara.

        23. Eta minki zuen othoizten erranez: Azken hatsetan baitut ene alaba, zato, ezarrozu eskua gainean, senda dadien eta bizi.

        24. Jesus goan zen harekin. Oste gaitza zarraikion eta hertsatzen zuten bidean.

        25. Eta emazteki bat, hamabi urthe hartan odol galtze batekin zena,

        26. Eta asko midikutarik hainitz jasan, eta bere izate guzia, hoberik izan gabe xahutu, eta aitzitik kalte gehiago izan zuena,

        27. Jesusez aiphatzen aditurik, jendepean goan zen gibeletik, eta ukitu zioen soinekoa;

        28. Bazerran ezik: Soinekoa bederen ukituko badiot, sendatua naiteke.

        29. Eta han berean agortu zitzaioen odol jaria, eta bere baithan ezagutu zuen bere gaitzetik sasualdua zela.

        30. Hainbertzenarekin Jesusek bere baithan ezaguturik bere ganik ilkhi zitzaioen indarra, itzuli zen osteari buruz, eta erran zuen: Nork ukitu ditu ene soinekoak?

        31. Eta bere dizipuluek ihardetsi zioten: Zure burua ikhusten duzu osteaz hertsatua, eta diozu: Nork ukitu nau?

        32. Eta inguruka begira zagoen, hori egin zuenaren ikhusteko.

        33. Orduan emaztekia, beldurrez eta ikharan, baitzakien zer gerthatu zitzaioen bere baithan, ethorri eta Jesusen oinetara erori zen, eta aithortu zioen egia guzia.

        34. Bainan Jesusek erran zioen: Ene haurra, zure sinhesteak salbatu zaitu; zoaz bakean eta zaren zure gaitzetik osagarritan.

        35. Oraino mintzo zelarik, sinagoga buruzagiari ethorri zitzaizkon erratera: Hil da, zure alaba; zertako akhiaraz gehiago Nausia?

        36. Bainan Jesusek aditurik hekien solasa, erran zioen sinagoga buruzagiari: Ez izan beldurrik; bakharrik idukazu sinheste.

        37. Eta berari jarraikitzera etzuen nihor utzi, baizik-ere Piarres, Jakobe eta Joanes, Jakoberen anaia.

        38. Eta sinagoga buruzagiaren etxera badoazi, eta Jesusek han ikhusten du buila bat, eta nigar eta heiagora handitan zaudela.

        39. Eta sarthurik erraten diote: Zer ditutzue asaldu eta marraska horiek? nexka ez da hila, bainan lo dago.

        40. Eta hekiek irri egiten zioten. Jesusek ordean guziak ilkhiarazirik, hartzen ditu haurraren aita eta ama, eta berekin zituenak, eta haurra zatzan tokira sartzen da.

        41. Eta eskutik harturik haurra, erraten dio: Talitha kumi; erran nahi baita: Neskatxa, (zuri nago) jaiki zaite.

        42. Eta ordu berean nexka jaiki zen eta bazabilan; ezik hamabi urthe bazituen; eta guziak harritu ziren ezin gehiago.

        43. Eta zorrozki manatu zioten, nihor etzadien hortaz jakintsun izan, eta erran zuen jatera eman ziozoten haurrari.

 

VI. KAP.

        1. Jesus, ilkhirik handik, goan zen bere herrira, eta ondotik zituen bere dizipuluak.

        2. Eta larunbata ethorri baitzen, abiatu zen sinagogan irakhasten; eta entzutean, asko espantitzen ziren haren irakhasmenaz, ziotelarik: Nondik dathorzkio horiek guziak? eta nolakoak dire huni emana zaioen zuhurtzia eta hunen eskuz egiten diren sendagaila horrenbatekoak?

        3. Hau ez othe da dakigun zurgina, Mariaren semea, Jakoberen, Josepen, Judaren eta Simonen anaia? horren arrebak ere ez othe dire guthartean? Eta gaizkira behaztopatzen ziren haren ariaz.

        4. Eta Jesusek erraten zioten: Profeta ez da ohoratua izan gabe, baizik-ere bere herrian, bere etxean eta bere ahaidegoan.

        5. Eta han ezin egin zuen sendagailarik batere, non-ez eri bakhar batzu sendatu zituela, eskuak gainean ezarriz.

        6. Eta hekien sinhesgogortasunaz harritzen zen, eta bazabilan inguruetako herrietan irakhatsiz.

        7. Eta deithu zituen hamabiak, eta birazka hekien igortzen abiatu zen, eta eman zaroeten izpiritu lohien gaineko eskua.

        8. Eta manatu zioten deusere bidekotzat makhila baizik etzezaten eraman, ez murtxila, ez ogi, ez-eta dirurik gerrikoan;

        9. Bainan goan zitezen oinetakoak soinean, eta bi xamar hartu gabe.

        10. Eta erraten zioten: Edozein etxetan sar zaitezten, zaudezte hartan, tokitik ilkhi arteo.

        11. Eta edozeinek etzezazten ez onhets, ez entzun, handik goatean iharrosazue zuen oinetako herrautsa, hekien kontrako lekhukotasunetan.

        12. Eta ilkhirik erantzuten zuten, batbederak urrikiari ziozon eragin;

        13. Eta iraizten zuten debru hainitz, eta eri asko olioz gantzutzen eta sasualtzen zituzten.

        14. Bada, Herodes erregeak nabaritu zuen Jesusez (ezik lelotan zen haren izena), eta erraten zuen: Hiletarik biztu da Joanes Baptista, eta hargatik egiten dire haren eskuz sendagailak.

        15. Berriz, bertze batzuek zioten: Elias da; bertze batzuek aldiz: Profeta da, beihalako profetetarik bat bezalakoa.

        16. Horiek aditurik, Herodesek erran zuen: Nik lephoa motzarazi nioen Joanes hura da hiletarik biztua.

        17. Ezen Herodesek berak igorri izan zuen Joanesen hartzera eta iduki zuen preso burdinetan, Herodias, bene anaia Filiperen emaztea gatik, zeina berak hartu baitzuen andretzat.

        18. Alabainan Joanesek erraten zioen Herodesi: etzaitzu zilhegi zure anaiaren emaztea idukitzea.

        19. Herodias horren gatik, Joanes galdu beharrez zabilan, eta hilarazi nahi zuen, bainan etzezazten;

        20. Zeren Joanesen beldur baitzen Herodes, zakielakoz gizon prestu eta saindua zela; eta zaintzen zuen; egiten ere zituen asko gauza haren erranetik, eta gogo onez entzuten zuen.

        21. Bada, egun egoki bat gerthaturik, Herodesek bere sorteguneko afaria eman zioten kargudun, aitzindari eta Galileako handi-mandiei.

        22. Eta nola Herodiasen alaba sarthu baitzen eta dantzatu, eta Herodesi eta batean haren barazkaltiarrei egin baitzaroeten atsegin, erregek neskatxari erran zioen: Nahi dukezuna galda dizadazu, eta emanen darotzut.

        23. Eta zin egin zioen huneletan: Edozein gauza galda dizadazun, emanen darotzut, balitz ere ene erresumaren erdia.

        24. Eta ilkhirik, neskatxak erran zioen bere amari: Zer galdeginen dut? Eta hunek ihardetsi zioen: Joanes Baptistaren burua.

        25. Eta berehala herresakan sarthurik erregeren aitzinera, galde hau egin zioen: Nahi dut azpil batean orai berean eman dizadazun Joanes Baptistaren burua.

        26. Erregek atsekabe hartu zuen; bainan zin egin zuelakoz, eta batean bere bestaliarren ariaz, damurik etzioen egin nahi izan;

        27. Aitzitik bere zainetarik bat igorri zuen manaturik azpil batean ekhar zezan Joanesen burua. Eta harek lephoa moztu zioen presondegian,

        28. Eta burua ekharri zuen azpilean, eta neskatxari eman, eta neskatxak bere amari.

        29. Hori aditurik, Joanesen dizipuluak ethorri ziren, eta haren gorphutza hartu, eta hobi batean ezarri zuten.

        30. Bizkitartean Jesusen gana bildurik, Apostoluek jakintsun egin zuten egin eta irakhatsi zituzten guziez.

        31. Eta Jesusek erran zioten: Bazterrerat zathozte mortu toki batera eta phausu aphur bat har zazue. Etzuten alabainan, ostearen goan-ethorrien erdian, jateko astirik ere.

        32. Eta untzi batera iganik, goan ziren bakharrik mortu toki batera.

        33. Bainan batzuek ikhusi zituzten goaten, eta askok nabaritu, eta oinez hiri guzietarik laster egin zuten harat, eta aitzindu zituzten.

        34. Eta untzitik jaustean, Jesusek ikhusi zuen oste handi bat, eta urrikaldu zitzaioten, zeren ziren artzain gabeko ardiak iduri, eta abiatu zen hekiei asko gauzaren irakhasten.

        35. Eta nola ordukoz, berantzen hari baitzen, dizipuluak hurbildu zitzaizkon, ziotelarik: Mortu tokia da hau, eta jadanik goan da eguna.

        36. Igorratzu beraz goantezen hurbileko herri eta herrixketara, zerbait jateko eros dezaten.

        37. Eta ihardestean, Jesusek erran zioten: Zuek emozuete jatera. Hekiek erran zioten: Goazen, eros dezagun berrehun denarioren ogia, eta emanen daroegu jatera.

        38. Eta Jesusek galdatzen diote: Zer ogi duzue? zoazte, eta ikhusazue. Eta jakin ondoan, erraten dute: Bortz ogi eta bi arrain.

        39. Orduan manatu zioten, jarraraz zetzazten guziak, zein bere lagunekin, sorropil ferdearen gainean.

        40. Eta jarri ziren andanaka, ehunka eta berrogoi eta hamarka.

        41. Jesusek hartu zituen bortz ogiak eta bi arrainak, eta zerura goitituz begiak, benedikatu zituen; eta ogiak hautsirik, eman ziozkaten bere dizipuluei, ezar zetzazten hekien aitzinean, eta bi arrainetarik ere eman zaroeten guziei.

        42. Eta guziek jan zuten, eta ase ziren.

        43. Eta ogi ondarretarik eta arrainetarik goititu ziren hamabi saskitara.

        44. Bada, jale baziren bortz mila gizon.

        45. Eta berehala iganarazi zituen untzira bere dizipuluak, aitzina har zezaten itsasoz haindira, Bethsaidako aldera, berak populua gibelerat igorriko zuen artean.

        46. Eta hura igorri ondoan, bera mendira goan zen othoitz egitera.

        47. Eta ilhundu zenean, untzia itsasoaren erdian zen, eta Jesus bakharrik leihorrean.

        48. Eta ikhusirik arrau indarka nekhatzen zirela (ezik luian zen untzia), gauazko laugarren beilaren inguruan ethorri zitzaioten itsasoaren gainean ibiliz, eta aitzindu nahi zituen.

        49. Bainan hekiek itsasoaren gainean ikhusi zutenean ibiltzen, uste izan zuten zerbait mamu zela, eta izkirituka hasi ziren;

        50. Alabainan orok ikhusi zuten, eta asaldatu ziren. Eta mintzatu zitzaioten berehala, eta erran zioten Deskantsa zaitezte, ni naiz, ez izi.

        51. Eta hekien gana igan zen untzira, eta baratu zen haizea; eta are gehiago harrituak zauden beren baithan.

        52. Ezik etzuten ezagutu ogietan gerthatu zena, itsu baitzen hekien bihotza.

        53. Eta itsasoa iragan zutenean, jo zuten Jenesaretheko lurra, eta leihorrera igan ziren.

        54. Eta untzitik atheratu zireneko, jendeek ezagutu zuten Jesus;

        55. Eta ephaitza guzia gaindi ibiliz, eriak beren oheetan alde orotarik inguruan ekhartzen abiatu ziren, hura aurkhitzen zela aditzen zuten tokira.

        56. Eta non-nahi sar zadien, herri, herrixka edo hiri, plazetara atheratzen zituzten eriak, eta othoizten zuten, utz ziozoten bere soinekoaren litsa bederen ukitzera, eta ukitzen zutenak oro sendatzen ziren.

 

VII. KAP.

        1. Eta Farisauak eta Iskribau zenbait, Jerusalemdik zathortzenak, bildu ziren Jesusen gana.

        2. Eta ikhusirik haren dizipulu batzu, jateko ogiaren hartzen, arronteko eskuekin, erran nahi da garbitu gabeekin, erasia egin zuten.

        3. Alabainan Farisauek eta Judu guziek ere, ez dute jaten, non ez dituzten eskuak maiz xahutzen, zaharren irakhaspenaren arabera;

        4. Eta plazatik dathortzenean, ez dute jaten, lehenik garbitu gabe; eta badituzte bertze asko eginbide begiratzera emanak zaizkotenak; ophor, pitxer, duphina eta ohe xahuketak.

        5. Eta Farisau eta Iskribauek galdatzen zioten Jesusi: Zure dizipuluak nolaz ez dabiltza aitzinekoen irakhaspenaren arabera, aitzitik arronteko eskuekin jaten dute ogia?

        6. Aldiz Jesusek ihardestean, erran zioten: Isaiasek ongi profetisatu du zuetaz, itxuralariak, iskribatua denaren arabera: Populu horrek ezpainez nau ohoratzen, bainan horien bihotza urrun dago ni ganik.

        7. Hutsalki naute ohoratzen, gizonetarikako irakhaspen eta manamenduak irakhatsiz.

        8. Ezen Jainkoaren manamendua bazterrerat utziz, gizonen ganikako irakhaspenari zatxeizkote, pitxer eta ophor xahutzeei; eta horrelako bertze asko duzue egiten.

        9. Eta erraten zioten: Bai ederki alfer eragiten duzue Jainkoaren manamendua, zuen ohitzaren begiratzeko.

        10. Alabainan erran izan du Moisesek: Ohora zatzu zure ait-amak. Eta hau ere: Aitari edo amari ahapaldi arthikiren dioena, heriotzez izan bedi hila.

        11. Zuek derrazue aldiz: Aski da gizon batek aitari edo amari erraten badio: Nik Jainkoari egin Corbana (erran nahi da emaitza), baliaturen zaitzu.

        12. Eta ez duzue gehiago uzten deusen egitera bere aitaren edo amarentzat,

        13. Horreletan ezeztatuz Jainkoaren hitza, zeronek ezarri duzuen aztura baten bidez; eta bertze horrelako asko duzue egiten.

        14. Eta populua bere gana berriz deithurik: erraten zaroen: Entzun nezazue guziek, eta adi nezazue ongi.

        15. Deusere ez da gizonaren kanpotik haren barnera sartzen denik, zeinak hura baitezake khutsa; bainan gizonaren baitharik ilkhitzen direnak, hekiek dire hura khutsatzen dutenak.

        16. Aditzeko nihork balin badu beharririk, adi beza.

        17. Gero, populua utzirik, etxerat sartu zenean, bere dizipuluek galdatzen zioten, zer erran nahi zuen parabola horrek.

        18. Eta ihardesten diote: Zer! zuek ere horren adimendu aphurrekoak zarete? Ez duzue bada ardiesten zer-nahi kanpotik gizonaren barnera sar dadien, ezin khutsa dezakeela;

        19. Zeren ez den haren bihotzean sartzen, baizik-ere sabelean, eta gero jan hari guzien xahukina zokho batean uzten baita?

        20. Erraten zioten, berriz, gizonaren beraren ganik ilkhitzen direnek, hekiek khutsatzen dutela gizona.

        21. Ezen barnetik, gizonen bihotzetik dathortzi asmu tzar, neskatxekin eta bertzeen emazteekin khutsatze, gizon hiltze,

        22. Ohorgo, jaramankeria, gaixtakeria, zimarkhu, lohikeria, bekhaizgo, burho, burgoikeria, zorokeriak.

        23. Gaizki horiek oro barnetik dathortzi, eta gizona dute khutsatzen.

        24. Eta handik jaikirik, goan zen Tirreko eta Sidongo hegaletara; eta etxe batean sarthua, etzuen nahi izan nihork jakin zezan, bainan ezin gorde zen;

        25. Ezen emazteki batek, zeinaren alabak baitzuen izpiritu lohia, aditu zueneko Jesus han zelako aiphua, sarthu zen eta haren oinetara erori.

        26. Bada, emaztekia paganoa zen, eta sortzez Siropheniziarra. Eta errekeitzen zuen, alabaren baitharik iraiz zezon debrua.

        27. Jesusek erran zioen: Utzatzu lehenik asetzera haurrak; ezen ez da ongi haurren ogiaren hartzea, eta zakhurrei arthikitzea.

        28. Harek berriz, ihardetsi eta erran zioen. Hala da, Jauna; xakhurttoek ere ordean mahain azpian jaten dute haurren paporretarik.

        29. Eta Jesusek erran zioen: Zoaz, debrua hitz horren ariaz ilkhi da zure alabaren ganik.

        30. Eta etxera goan zenean, atzeman zuen neskatxa ohean etzana, eta debrua ilkhi zela.

        31. Jesus, berriz atheraturik Tirreko aurkhintzetarik, Sidonen gaindi ethorri zen Galileako itsas-aldeetara, Dekapolisako eremuak barna.

        32. Eta erakhartzen diote gizon bat gor eta mutua; eta othoizten zuten, eskua eman ziozon gainean.

        33. Eta ostetik bazterrerat harturik, Jesusek bere erhiak beharrietan ezarri ziozkan, eta ahogozoz ukitu zioen mihia;

        34. Eta zerura begiratuz, hasgorapen batekin erran zuen: Ephphetha, erran nahi baita: Idek hadi.

        35. Eta han berean haren beharriak ideki ziren, amor egin zuen haren mihiko lokharriak, eta mintzo zen garbiki.

        36. Eta manatu zioten etzezaten nihori erran; bainan zenbatenaz harek debekatuago, eta hanbatenaz gehiago erantzuten

        37. Eta gehiago ederresten zuten, ziotelarik: Guziak ongi egin ditu, gorrei adia eman diote eta mintzarazi ditu mutuak.

 

VIII. KAP.

        1. Orduko egunetan, nola bertze behin ostea handia baitzen, eta ez baitzuten zer jan, Jesusek deithurik bere dizipuluak, erran zioten:

        2. Urrikaltzen zait populu hau; ezen huna jadanik hirur egun ez nautela uzten, eta jatekorik ez dute;

        3. Eta barurik igor banetza beren etxetara, ahi laizteke bidean; badire ezen horietan urrundik ethorriak direnak.

        4. Dizipuluek ihardetsi zioten: Nork eta nondik horiek ogiz ase hemen, mortu huntan?

        5. Jesusek galdegin zioten: Zenbat ogi ditutzue? Ihardetsi zuten: Zazpi.

        6. Orduan osteari manatu zioen jar zadien lurrean; eta harturik zazpi ogiak, eta eskerrak bihurturik, hautsi zituen eta bere dizipuluei eman, populuaren aitzinean ezartzeko, eta ezarri zituzten.

        7. Eta bazituzten arraintto bakhar batzu, eta benedikatu zituen, eta emanarazi.

        8. Eta jan zuten, eta ase ziren; eta gelditu pusketarik, goititu zituzten zazpi saskitara.

        9. Baziren bada jan zutenak, lau milaren heina; eta etxerat igorri zituen.

        10. Eta berehala, untzi batera iganik bere dizipuluekin, ethorri zen Dalmanuthako eremuetara.

        11. Eta Farisauak atheratu zitzaizkon eta ihardukitzen abiatu, galdatuz, haren frogotzea gatik, zerutikako zerbait ezagutkari.

        12. Jesusek barnetik hasbeherapen bat atheratuz, erran zuen: Gizalde hau zergatik dago ezagutkari galdez? Egiaz derratzuet, ala ematen bazaio gizalde huni ezagutkaririk.

        13. Eta hekiek utzirik, berriz igan zen untzira, eta itsasoz haindira goan zen.

        14. Bada, dizipuluei ahantzi zitzaioten ogien hartzea, eta bat bakharra baizik etzuten untzian berekin.

        15. Eta Jesusek manatzen zituen, hunela mintzatuz: Zaudezte erne, eta begira zaitezte Farisauen altxagarritik eta Herodesen altxagarritik.

        16. Eta beren artean gogoeta eginez, erraten zuten: Ogirik ez dugulakoz mintzo da.

        17. Hori ezaguturik, Jesusek erran zioten: Zer ditutzue gogoeta horiek, ogirik ez duzuela? zer, ez duzue oraino ez ezagutzarik ez adigarririk? itsu duzue oraino bihotza?

        18. Begiak izan eta ez duzue ikhusten? beharriak izan eta ez duzue aditzen? eta etzarete orhoitzen ere?

        19. Bortz ogi hautsi naroztenean bortz mila gizoni, zenbat saski puskaz betheak goititu zintuzten? Eta diote: Hamabi.

        20. Eta zazpi ogi hautsi diozkatenean lau mila gizoni, pusketarik zenbat saski altxatu ditutzue? Zazpi, diote.

        21. Orduan erran zaroeten: Nolaz ez duzue aditzen oraino?

        22. Eta goan ziren Bethsaidara, eta Jesusi erakhartzen diote itsu bat, eta othoizten zuten uki zezan.

        23. Itsua eskutik hartu eta hiriz kanporat eraman zuen; eta ahogozoz haren begiak hezatuz eta eskuak gainean emanez, galdegin zioen, zerbait ikhusten zuenez.

        24. Eta harek begiratuz, erran zuen: Gizonak arbolak iduri ikhusten ditut badabiltzala.

        25. Gero Jesusek berriz ezarri ziozkan eskuak begietan, eta gizona hasi zen ikhusten; eta sendatua izan zen, hala non garbiki ikhusten baitzituen oro.

        26. Eta Jesusek bere etxerat igorri zuen erranez: Zoaz zure etxerat, eta herrian sartzen bazare, nihori ez erran hunelakorik.

        27. Eta Jesus ilkhi zen handik bere dizipuluekin Filiperen Zesareako herrietara, eta bidean galdeka haritu zitzaioten bere dizipuluei erranez: Gizonek nor naizela diote?

        28. Hekiek ihardetsi zuten: Joanes Baptista, bertze batzuek berriz Elias, bertzeek aldiz profetetarik bat bezalakoa.

        29. Orduan berei erraten diote: Zuek berriz, nor naizela diozue? Piarresek ihardetsiz erraten dio: Kristo zare zu.

        30. Eta larderiarekin debekatu zioten, hartaz etziozoten nihori holakorik erran.

        31. Eta abiatu zen hekien argitzen, nola beharko zuen gizonaren semeak hainitz egarri; zaharrez, aphez nausiez eta Iskribauez arbuiatua izan; heriotzea jasan, eta hirur egunen buruan berriz biztu,

        32. Eta garbiki mintzo zitzaioten. Eta bazterrerat harturik, Piarres erantzukika abiatu zitzaion.

        33. Jesusek, itzulirik, eta dizipuluei begiratuz, larderiatu zuen Piarres erranez: Gibelerat egik, satan; zeren Jainkoaren gauzez ez haizen zale, bainan bai gizonenez.

        34. Eta dizipuluekin ostea deithurik, erran zioten: Nihor jarraiki nahi bazait, bere buruari ukho egin biozo, soinera har beza bere gurutzea, eta jarraik bekit.

        35. Ezen bere burua begiratu nahiko duenak, galduko du; aldiz bere buruaz arnegatuko duenak ni gatik eta Ebanjelioa gatik, salbatuko eginen du.

        36. Alabainan gizonari zer ekhar liozoke mundu guziaren irabazteak, bere arimaren galtzerat heldu balitz?

        37. Edo zer emanen du gizonak bere arimaren ordain?

        38. Ezen jendaki lizun eta gaixto hunen erdian, norbaitek nitaz eta ene hitzez ahalke hartzen badu, gizonaren Semeak ere hainaz ahalke izanen du, bere Aitaren ospean bere aingeru sainduekin ethorriren denean.

        39. Eta erraten zaroeten: Nik derratzuet egiaz, orai hemen daudezenetarik badirela, herioaren hazta jasanen ez dutenak, non ez duten ikhusi Jainkoaren erresuma bere indarrean dathorla.

 

IX. KAP.

        1. Handik sei egunen buruan, Jesusek hartu zituen Piarres, Jakobe eta Joanes; bakharrik eraman zituen mendi gora batetako basa bazterrera, eta itxuraldatu zen hekien aitzinean.

        2. Argi-argiak egin ziren haren soinekoak eta elhurra bezain xuri, lurrean bolazainik ez baita hain xuririk eginen duenik.

        3. Eta agertu zitzaioten Elias Moisesekin, eta Jesusekin zauden solasean.

        4. Eta hitza hartuz, Piarresek erraten dio Jesusi: Nausia, ongi gare hemen; detzagun egin hirur etxola, bat zure, bertzea Moisesen, bertzea berriz Eliasen.

        5. Etzakien alabainan zer zerasan, ezik ikharak hartuak ziren.

        6. Eta jarri zen hedoi bat, itzaltzen zituena, eta hedoietik ilkhi zen mintzo bat, zerrana: Hau da ene seme guziz maitea; hau biazazue entzun.

        7. Eta berehala inguruan begiraturik, etzuten gehiago nihor ikhusi, Jesus bera baizik hekiekin.

        8. Eta menditik jausten hari zirelarik, Jesusek manatu zituen nihori ere etziozozten erran ikhusi zituzten gauzak, gizonaren Semea hiletarik biztu zitakeenean baizik.

        9. Eta beren baithan iduki zuten solasa, beren artean bilhatzen zirelarik hau zer othe zen: Hiletarik biztua zitakeenean.

        10. Eta Jesusi galdeka hari zitzaizkon erranez: Zer diote bada Farisauek eta Iskribauek, ezen Elias lehenik ethorri behar dela?

        11. Ihardestean, Jesusek erran zioten: Eliasek, lehenik ethorri ondoan, ontsaturen ditu gauza guziak; eta jasanen du hainitz eta arbuiatua izanen da, gizonaren Semeaz iskribatua izan den bezala.

        12. Bainan nik derratzuet, ethorri izan dela Elias (eta nahi zuten guzia egin diotela), hartuz iskribatua denaren arabera.

        13. Eta bere dizipuluetara ethortzean, ikhusi zuen oste handi bat hekien inguruan, eta Iskribauak ihardukitzen hekiekin.

        14. Eta berehala populu guzia, Jesus ikhustean, harritu eta balditu zen, eta laster eginez agur egiten zioten.

        15. Jesusek galdatu zaroeten: Zer ihardukitzen duzue zuen artean?

        16. Eta bertzeen artetik batek ihardetsiz, erran zuen: Nausia, erakharri darotzut ene semea, izpiritu mutu batek baitaduka.

        17. Non-nahi har dezan, lurrerat arthikitzen du, eta haurra jartzen da harrapoa dariola eta hortzak karraskatuz eta ihartzen hari da; eta othoiztu ditut zure dizipuluak khen diozoten debrua eta ezin egin dute.

        18. Jesusek hekiei ihardetsiz, erran zuen: Oi ume sinhesgogorrak, zuekin noiz arteo izanen othe naiz? noiz arteo zaituztet jasanen? Erakhar dizadazue haurra.

        19. Erakharri zioten, eta ikhusi zueneko Jesus, izpirituak nahasi zuen haurra; eta lurrerat arthikia, heldorra zariola, ihauska zabilan.

        20. Eta Jesusek haren aitari galdegin zioen: Noizdanik gerthatzen zaio hau? Aldiz harek erran zuen: Haurretik;

        21. Eta galarazi beharrez, gaixtoak surat eta urerat arthiki izan du askotan. Bainan nihondik ahal baduzu, gutaz urrikaldurik lagun gaitzatzu.

        22. Jesusek aldiz erran zioen: Sinhets ahal badezazu, sinhestedunarentzat ezinik ez da.

        23. Eta berehala haurraren aitak, oihuz eta nigarrez erran zuen: Sinhesten dut, Jauna; hel zakizkio ene sinheste eskasari.

        24. Eta Jesusek ikhusten baitzuen fharrastaka zathorla jendea, izpiritu lohia dixidatu zuen erranez: Izpiritu gor eta mutua, nik daiat manatzen, haur hortarik ilkhi hadi, eta gehiago ez sar horren baithan.

        25. Eta orroa batekin, eta haurra zalaparta gaitzetan erabilirik, haren ganik ilkhi zen, eta haurra egin zen hila iduri, haletan non askok baitzioten hila zela.

        26. Jesusek orduan eskutik hartuz, eraiki zuen, eta xutitu zen haurra.

        27. Eta Jesus etxera sarthu zenean, bere dizipuluek ixilean galdatzen zioten: Zergatik guk ezin khendu dugu debru hori?

        28. Eta ihardetsi zioten: Debru mota hori niholaz-ere ezin ilkhiaraz daiteke, baruraz eta othoitzaz baizik.

        29. Eta abiaturik handik, Galileaz haindira zihoaten eta Jesusek etzuen nahi jakin zezan nihork-ere.

        30. Bada bere dizipuluen argitzen hari zen, eta erraten zaroeten: Gizonaren Semea arthikia izanen da gizonen eskuetara, eta hilen dute, eta hil ondoan, hirugarren egunean bizturen da.

        31. Hekiek ordean etzuten ardiesten solasa, eta lotsa ziren galdeka haritzeko.

        32. Eta ethorri ziren Kapharnaumera, eta etxera zirenean, Jesusek galdatu zioten: Zertaz ihardukitzen zinduten bidean?

        33. Bainan ixil zauden hekiek, bidean beren arteko hitzak zituztelakoz, zein zen hekietan gehiena.

        34. Eta jartzearekin, Jesusek deithu zituen hamabiak, eta erran zioten: Batek nahi balin badu lehena izan, orotarik azkena da, eta guzien muthil.

        35. Eta haur bat harturik, ezarri zuen hekien erdian, eta besarkatu zuenean, erran zaroeten:

        36. Nork-ere hunelako haurttoetarik bat hartzen baitu ene izenean, ni hartzen nau; eta nork-ere hartzen bainau, ez nau ni hartzen, bainan bai ni bidali nauena.

        37. Joanesek ihardetsi zioen, zerralarik: Nausia, ikhusi dugu norbait zure izenean debruak iraizten zituena, haina ez baita guri jarraikitzen, eta debekatu diogu.

        38. Jesusek ordean erran zioen: Ez debeka hura, ezen nihor ez da ene izenean sendagaila bat egiten duenik, eta berehala nitaz gaizki mintza ditakeenik.

        39. Alabainan zuen kontra ez dena, zuen alde da.

        40. Ezen nork-ere baso bat ur edatera emanen baitarotzue ene izenean, Kristorenak zaretelakoz, egiaz derratzuet ez duela hainak bere saria galduko.

        41. Eta nor-ere izanen baita nitan sinheste duten xumetto haukietarik batentzat gaizbide, hainak hobe luke, ihara harri bat lephotik estekaturik, itsasora arthik balezate.

        42. Eta zure eskua balin baduzu gaizbide, ebakazu; hobe duzu esku-motz sar zaitezen bizitzean, ezenez bi eskuekin goatea ifernura, ezin iraungizko sura,

        43. Zeintan hekien harra ez baita hiltzen, ez-eta sua iraungitzen.

        44. Eta zure oina balin baduzu gaizbide, ebakazu; hobe duzu bethiereko bizitzean zango-motz sar zaitezen, ezenez bi zangoekin arthikia izatea ifernura, ezin iraungizko sura,

        45. Zeintan hekien harra hiltzen ez baita, ez-eta sua iraungitzen.

        46. Baldinetaria zure begia bada zuretzat gaizbide, iragazazu; hobe duzu okher sar zaitezen Jainkoaren erresuman, ezenez bi begiekin arthikia izatea ifernuko sura,

        47. Zeintan hekien harra ez baita hiltzen, ez-eta sua iraungitzen.

        48. Ezen oro suaz izanen dire gazituak, hala-nola bitima guziak gatzaz baitire gazitzen.

        49. Ona da gatza, bainan geza baledi, zertaz gazi zinezakete? Zuen baithan izan zazue gatza, eta zuen artean bakea.

 

X. KAP.

        1. Handik jaikirlk, ethorri zen Judeako hegaletara, Jordanez haindian; eta berriz ere osteak bildu ziren haren gana; eta ohi zuen bezala, berriz hasi zen hekien irakhasten.

        2. Eta hurbildurik, Farisauek galdatzen zioten (hura zertan khausi): Gizonari haizu othe zaio emaztearen uztea?

        3. Bainan Jesusek ihardestean, erran zioten: Zer manatu darotzuete Moisesek?

        4. Hekiek erran zuten: Moisesek haizu egin du uzten delako ageri baten iskribatzea, eta igortzea gero.

        5. Hekiei ihardestean, Jesusek erran zuen: Zuen bihotz gogortasunaren ariaz iskribatu du zuentzat manamendu hori.

        6. Bainan hastetik Jainkoak gizon bat eta emazteki bat zituen egin.

        7. Hargatik gizonak utziko ditu bere ait-amak, eta bere emazteari eratxikiren da;

        8. Eta haragi batean bia dire izanen. Aria hortaz ez dire ja bia, bainan haragi bat.

        9. Beraz Jainkoak bildua, gizonak ez beza berez.

        10. Eta etxean dizipuluek berriz galdatu zioten gauza beraz.

        11. Eta Jesusek erran zioten: Norkere utzi baituke bere emaztea, eta bertze bat hartu, lohikeria darama lehenbizikoaren eretzera.

        12. Eta emazteak bere senharra utzi, eta bertze bat hartu badu, lohitzen da.

        13. Eta haurtto batzu erakhartzen ziotzaten, uki zetzantzat; bainan dizipuluek larderiatuz gibelatzen zituzten erakharleak.

        14. Jesusek ikhusi zuenean hori, gaizki hartu zuen, eta erran zioten: Utzatzue haurttoak ene gana, eta ez debeka; ezik holakoena da Jainkoaren erresuma.

        15. Egiaz derratzuet: Nork-ere ez baitu haurtto batek bezala harturen Jainkoaren erresuma, ez da bera hartarako.

        16. Eta besarkaturik, eta eskuak gainean emanez, benedikatu zituen.

        17. Eta goateko ilkhi zenean, gizon batek laster egin zuen haren gana, eta aitzinean belhaunaz lurra joz, othoiztu zuen, zerralarik: Nausi ona, zer eginen dut bethiereko bizitzearen ardiesteko?

        18. Bada, Jesusek ihardetsi zioen: Zergatik deitzen nauzu ona? Onik ez da nihor, Jainkoa bera baizik.

        19. Badakizkitzu manamenduak: Bertzeen emazterik ez uki; Ez hil; Ez ebats; Gezurrezko lekhukotasunik ez egin; Maularik ez egin; Zure ait-amak ohora.

        20. Harek aldiz ihardestean erran zioen: Nausia, gaztedanik iduki ditut horiek oro.

        21. Orduan Jesusek begiraturik, maithatu zuen, eta erran zaroen: Gauza bat duzu eskas: zoaz, ditutzun guziak sal zatzu eta beharrei eman, eta ontasuntze bat izanen duzu zeruan; zato gero, eta jarraik zakizkit.

        22. Bainan hura, solas hortaz atsekabetan, minez goan zen, zeren-eta ontasun handien jabe baitzen.

        23. Eta Jesusek ingurura begiratuz, erran zioten bere dizipuluei: Ala nekez aberatsak Jainkoaren erresuman sarthuren baitire

        24. Dizipuluak aldiz, solas horiez harritzen ziren. Bainan berriz mintzatuz, Jesusek erran zioten: Ene haurrak, ala baita neke, aberastasunetan beren gogoa dadukatenak sartezen Jainkoaren erresuman!

        25. Errexago da orratz xilotik iragan dadien kamelua, aberatsa Jainkoaren erresuman sar dadien baino.

        26. Harritzenago ziren hekiek, zerratelarik beren artean: Eta nor salba daiteke bada?

        27. Eta begiratuz, Jesusek erran zioten: Ezina da gizonentzat, bainan ez Jainkoaren; ezen Jainkoarentzat oro dire eginkizun.

        28. Eta Piarres abiatu zitzaion erraten: Huna guk oro utzi eta zuri jarraiki garela.

        29. Jesusek ihardestean erran zuen: Egiaz derratzuet nik: Ez da nihor utziko dituenik bere etxea, edo anaiak, edo arrebak, edo aita, edo ama, edo haurrak, edo lurrak, ene gatik eta ebanjelioaren gatik,

        30. Zeinak ez baitu izanen ehunetan bertze hainbertze etxe, eta anaia, eta arreba, eta ama, eta haur, eta lur, mende huntan berean, jazargo guzien artetik, eta bethiereko bizitzea ethorkizuneko mendean.

        31. Hainitzak ordean izanen dire lehen zirenak azken, eta azkenak lehen.

        32. Bada, bidean ziren, Jerusalemera igaiten, eta aitzinean zihoan Jesus; eta hekiek harrituak, eta izituak ondotik ziren jarraikitzen. Eta hamabiak berriz harturik berekin, Jesus hekiei abiatu zen erraten zer behar zitzaioen gerthatu.

        33. Huna bagoazela Jerusalemera, eta gizonaren Semea saldua izanen da aphez nausiei, Iskribauei eta zaharrei, eta hiltzera kondenaturen dute eta paganoen eskuetara emanen;

        34. Eskarnio eta thu eginen diote, azotatuko eta hilen dute; eta hirugarren egunean biztuko da..

        35. Eta haren gana hurbildu ziren Jakobe eta Joanes, Zebedeoren semeak, ziotelarik: Nausia, nahi ginduke egin bazinezagu guk galdaturen duguna.

        36. Jesusek berriz, ihardets zioten: Zer nahi duzue egin dezazuedan?

        37. Eta erran zuten: Iguzu bat zure eskuinean eta bertzea zure ezkerrean jar gaitezen zure ospeko lekhuan.

        38. Aldiz Jesusek erran zioten: Ez dakizue zer galdatzen duzuen: Bazarete nik hustu behar dudan kalitzaren edateko, eta ni bathaiatuko naizen bathaioaz bathaiatuak izateko?

        39. Eta ihardetsi zuten: Bai, bagare. Jesusek berriz, erran zioten: Egia da nik edaten dudan kalitza edanen duzuela, eta ni bathaiatzen naizen bathaioaz izanen zaretela bathaiatuak:

        40. Bainan ene eskuinean edo ezkerrean jartzea, ez dago niri ematea;, bainan toki hekiek hainentzat dire zeinentzat aphainkuak baitire.

        41. Eta aditzearekin hamarrak sumintzen abiatu ziren Jakoberen eta Joanesen alderat.

        42. Bainan Jesusek deithurik erran zioten: Badakizue populuen buruan agertzen direnek nausitasunekin manatzen diotela, eta hekietako aitzindariek esku badutela hekien gainean.

        43. Bainan ez da hola zuen artean; aitzitik nork-ere nahiko baitu handiena izan, haina zuen zerbitzari beharko da jarri;

        44. Eta nork-ere nahiko baitu zuen artean izan lehena, guzien zerbitzari izan beharko da.

        45. Alabainan gizonaren Semea ere ethorri da, ez zerbitzatua izateko; bai ordean zerbitzatzera, eta hainitzen berrerospenetan bere biziaren ematera.

        46. Eta ethorri ziren Jerikora. Eta handik abiatu zenean bere dizipuluekin eta oste handi batekin, Timeoren semea, Bartimeo itsua, eske jarria zagoen bide bazterrean.

        47. Harek aditu zuenean, Jesus Nazaretharra han zela, hasi zen oihu egiten eta erraten: Jesus, Dabiden semea, urrikal zakizkit.

        48. Eta larderiatzen zuten askok, ixilarazi beharrez. Bainan harek hainitz gorago egiten zuen oihu: Dabiden semea, urrikal niri.

        49. Eta gelditurik, Jesusek manatu zuen deith zezaten. Deitzen dute beraz, erraten diotelarik: Ago bihotza onik; jaik hadi, galdatzen hau.

        50. Hura, bere soineko philda arthikirik, jauzi zen eta Jesusen ganat ethorri.

        51. Eta Jesusek hitza harturik, erran zioen: Zer nahi duzu egin dezazudan? Itsuak berriz, erran zuen: Ikhus dezadan, Jauna.

        52. Aldiz Jesusek erran zioen: Zoaz, zure sinhesteak salbatu zaitu. Eta ordu beretik ikhusi zuen, eta bidean jarraikitzen zitzaioen.

 

XI. KAP.

        1. Jerusalemera, eta Bethaniara Olibetako mendi aldera, hurbiltzen hari baitziren, bere dizipuluetarik igorri zituen bia,

        2. Eta erran zioten: Zoazte zuen aitzinean den herritto hortara, eta hor sartzean berehala, estekatua atzemanen duzue astokume bat, zeinaren gainean gizonik ez baita oraino jarri, laxa zazue eta erakhar.

        3. Eta baldin norbaitek erraten badarotzue: Zer hari zarete? errozue: Jaunak hunen beharra du: eta berehala utziko du hunat.

        4. Eta goanik, aurkhitu zuten astokumea athe baten aldean kanpoan estekatua bidegurutze batean, eta laxatu zuten.

        5. Eta han zirenetarik zenbaitek erran zaroeten: Zer hari zarete, astokume hori laxatuz?

        6. Hekiek ihardetsi zuten Jaunak manatu bezala, eta bertzeek utzi zioten astoa.

        7. Jesusi erakharri zaroten; eta bizkarrean ezarri ziozkaten beren soinekoak, eta gainean jarri zen.

        8. Hainitzek berriz, bidearen gainean hedatu zituzten beren soinekoak; bertze batzuek aldiz, hausten zituzten arbola hostoilak eta bidean hedatzen zituzten.

        9. Eta aitzinean zihoazenek eta gibeletik heldu zirenek oihu egiten zuten erranez: Hosanna.

        10. Benedikatua, Jaunaren izenean dathorrena; benedikatua, gure aita Dabiden erreinu dathorkiguna: Hosanna zeru gorenetaraino.

        11. Jesus horrela sarthu zen Jerusalemen tenploan; eta inguruan orotara begiratu ondoan, nola beranta baitzen orduko, Bethaniara goan zen hamabiekin.

        12. Biharamunean, Bethaniatik ilkhitzen zelarik, gosetu zen.

        13. Eta nola urrundik ikhusi baitzuen pikondo bat hostoekin, goan zen ikhustera hean atzemanen zioen deusere; eta hurbildu zenean atzeman zuen hostoz bertzerik deusere etzuela; etzen alabainan piko aroa.

        14. Orduan pikondoari erran zioen: Oraitik egun-eta-iguzki nihork ez beza jan hitarikako fruiturik. Eta dizipuluek aditzen zuten.

        15. Ethorri ziren Jerusalemera. Eta tenploan sarthu zenean Jesus, abiatu zen tenploan ziren saltzaileen eta erosleen iraizten, eta uzkaili zituen diru aldatzaileen eta uso saltzaileen mahainak.

        16. Eta nihor etzuen uzten tenploa gaindi trastu erabiltzera.

        17. Eta irakhasten zuen, hekiei erranez: Ez othe da bada iskribatua: Ene etxea, jendaki guzietan deithuko da othoitzeko etxea? Zuek ordean huntarik ohoin zilho bat egin duzue.

        18. Hori aditurik, aphez nausiak eta Iskribauak bilha zabiltzan hean gal othe zezaketen; ezik haren beldur ziren, populu guzia haren irakhasmenaren gainean ederretsia zagoelakoz.

        19. Arrats aphalean, ilkhi zen hiritik.

        20. Biharamun goizean, iragaiten zirelarik, ikhusi zuten pikondoa erroetaraino ihartua.

        21. Eta orhoiturik, Piarresek erran zioen Jesusi: Nausia, huna zuk madarikatu pikoa; ihartu da.

        22. Jesusek ihardestean erran zioen: Jainkoaren baithan izan zazue sinheste.

        23. Egiaz derratzuet nik: Edozeinek mendi horri erran diozon: Egik hortik, eta itsasora jauz hadi, eta bere bihotzean duda-mudarik erabiltzen ez badu, bainan sinhestean badago erranen duen guzia gerthaturen dela, eginen zaio.

        24. Hargatik derratzuet, edozein gauza othoitzean galda dezazuen, sinhetsazue izanen duzuela, eta izanen duzue.

        25. Bainan othoitzean jarriko zaretenean, norbaiten kontra balin baduzue zerbait, barkha zazue, zuen Aita zeruetan denak ere barkha detzatzuen zuen gaizkiak.

        26. Zuek ez baduzue barkhatzen, zuen Aita zeruetan denak ere ez darozkitzue zuen gaizkiak barkhatuko.

        27. Eta berriz ethortzen dire Jerusalemera, eta tenploan dabilalarik Jesus, hurbiltzen zaizkio aphez nausiak, Iskribauak eta zaharrak,

        28. Eta erraten diote: Zer indarrez egiten ditutzu horiek eta nork eman darotzu horien egiteko ahala?

        29. Ihardestean aldiz, Jesusek erran zioten: Nik ere galdeginen darotzuet hitz bat, eta ihardets darotazue, eta erranen darotzuet gero, zer eskuz egiten ditudan haukiek.

        30. Joanesen bathaioa zerutikakoa othe zen, ala gizonen ganikakoa? Ihardets darotazue.

        31. Bainan gogoetaka zauden beren baithan, egiten zutelarik: Baderragu: Zerutikakoa; erranen daroku: Zergatik ez diozue beraz eman sinheste?

        32. Erran bagineza: Gizonen ganikakoa; populuaren beldur izateko ginduke; guziek alabainan egiazko profetatzat zadukaten Joanes.

        33. Jesusi ihardetsi zioten beraz: Ez dakigu. Eta Jesusek erran zaroeten: Ez darotzuet bada erranen nik ere zer ahalez ditudan haukiek egiten.

 

XII. KAP.

        1. Orduan Jesus abiatu zitzaioten paraboletan mintzatzen. Gizon batek landatu zuen mahasti bat, berriz inguratu, lurrean dolhare bat egin, dorre bat altxatu eta etxetiar batzuei eman zioten mahastia, eta bidaietan goan zen.

        2. Eta ordua ethorri zenean, etxetiarretara bidali zuen sehi bat, mahastiko fruituetarik har zezan hari zagokiona.

        3. Hekiek sehia hartu, jo eta hutsik igorri zuten.

        4. Berriz bidali zioten bertze sehi bat, eta hari sakhi bat egin zioten buruan eta irainez gainditu zuten.

        5. Berriz ere bidali zioten bertze bat; eta hil zuten hura; eta bertze asko, batzu jo eta bertzeak hil zituzten.

        6. Beraz nola baitzuen oraino seme bakhar bat bere bihotzekoa, hura ere igorri zioten, zerralarik: Ene semearentzat herabe izanen ahal dire.

        7. Bainan etxetiarrek elkharri erran zuten: Hau da premua: Zatozte, dezagun hil, eta gurea izanen da primantza.

        8. Eta harturik, hil zuten eta mahastitik kanporat arthiki.

        9. Zer eginen du bada mahastiaren jabeak? Ethorriko da, xahutuko ditu etxetiar horiek, eta bertze batzuei emanen diote mahastia.

        10. Iskribatua den hau ere ez othe duzue irakurtu: Harginek tzartzat utzi harria, egin izan da etxe buruko izkina harri:

        11. Jaunak egin izan du hori, eta gure begietan ederresgarri da?

        12. Eta Jesusen hartzea bilhatzen zuten; ezagutu zuten ezik, hekiek zituela begitan parabola horren erratean; bainan populuaren ziren beldur, eta hura han utzirik, goan ziren beren alde.

        13. Gero bidaltzen diozkate Farisauetarik eta Herodestiarretarik zenbait, hura bere hitzetan atzeman beharrez.

        14. Haukiek, ethorririk, erraten diote. Nausia, badakigu zina zarela; ezik etzare gizonen begitharteari begiratzen, bainan zintasunean irakhasten duzu Jainkoaren bidea. Zilhegi da Zesarri zergaren bihurtzea, ala ez diogu emanen?

        15. Jesusek ezagutzen baitzuen hekien maltzurkeria, erraten diote: Zergatik nauzue bilhatzen? Emadazuet denario bat, ikhus dezadan.

        16. Hekiek eman zioten; eta Jesusek erran zaroeten: Norenak dire gaineko itxura hau eta iskribua? Zesarrenak, diote.

        17. Orduan Jesusek ihardetsiz, erran zaroten: Bihur zatzue beraz Zesarri Zesarrenak, eta Jainkoari Jainkoarenak. Eta ederresten zuten haren errana.

        18. Saduzearrak, birphizterik ez dela derratenak, ethorri ziren gero Jesusen gana, eta galdeka hari zitzaizkon, ziotelarik:

        19. Nausia, iskribuz utzi izan daroku Moisesek: Norbaiten anaia hiltzera heldu bada, eta uzten badu emaztea eta haurrik ez, hainaren anaiak har beza haren emaztea, eta ondore eman biozo bere anaiari.

        20. Baziren bada zazpi anaia: lehenbizikoak hartu zuen emazte, eta hil izan zen haurrik utzi gabe.

        21. Eta bigarrenak hartu zuen emazte bere; eta hil izan zen, eta harek ere etzuen haurrik utzi. Eta hirugarrenak orobat egin zuen.

        22. Halaber hartu zuten zazpiek emazte hura eta etzuten haurrik utzi. Guzien ondotik, emaztekia ere hil izan zen.

        23. Birphizteko egunean beraz, biztuko direnean, zeinen emazte izanen da hura? zazpiek alabainan emaztetzat izan dute.

        24. Eta ihardestean Jesusek erran zioten: Makhur ez othe daramazue urhatsa, ardietsi gabez Iskriturak eta Jainkoaren ahala?

        25. Ezen birphizteko egunean, gizonek ez dute emazterik hartuko, ez-eta emaztekiek senharrik; bainan izanen dire zeruetan aingeruak bezala.

        26. Eta hilen biztearen gainean, ez duzue Moisesen liburuan irakurtu, nola mintzatu zitzaioen Jainkoa sasiaren erditik erranez: Ni naiz Abrahamen Jainkoa, eta Isaaken Jainkoa, eta Jakoben Jainkoa?

        27. Ez da hilen Jainkoa, bainan bai biziena. Zuek beraz makhur handia daramazue.

        28. Eta Iskribauetarik bat, zeinak aditu baitzituen Jesusen bilhatzen, eta ikhusi baitzuen zein ongi ihardetsi zaroeten, hurbildu zen eta Jesusi galdatu zioen, zein zen manamendu guzietarik lehena.

        29. Jesusek berriz, ihardetsi zioen: Manamendu guzietarik lehena da: Adi zazu, Israel: Zure Jainko Jauna, Jainko bakharra da;

        30. Eta maithaturen duzu zure Jainko Jauna, zure bihotz osoaz, eta zure arima guziaz, eta zure gogo betheaz eta zure ahal oroz. Hori da lehenbiziko manamendua.

        31. Bigarrena berriz, horren idurikoa da: Zure laguna maithaturen duzu zure burua bezala. Bertze manamendu bat ez da horiek baino handiagorik.

        32. Eta Iskribauak erran zioen: Ongi, Nausia; egia erran duzu, bakharra dela Jainkoa, eta hartaz bertzerik ez dela;

        33. Eta maithatu behar dela bihotz osoaz; eta adigarri betheaz, eta arima guziaz, eta ahal oroz; eta bere laguna bere burua bezala maithatzea, holokausta eta sakrifizio guziak baino gehiago dela.

        34. Jesusek aldiz, ikhusirik zuhurki ihardetsi zuela, erran zioen: Jainkoaren erresumatik etzare urrun. Eta geroztik nihor etzitzaioen galderik egitera ausartatzen.

        35. Eta tenploan irakhasten hari zelarik, erran zuen Jesusek: Noletan diote Iskribauek, Kristo Dabiden semea dela?

        36. Ezen Dabidek berak dio Ispiritu sainduaren eragintzaz: Jaunak ene Jaunari erran izan dio: Jar zaite ene eskuinean, zure oinen alkhi ezar detzadan arteo zure etsaiak.

        37. Beraz Dabidek berak Jaunetan deitzen du, eta nondik daiteke haren semea? Eta oste handi bat gogotik zagoen haren entzuten.

        38. Eta irakhasten hari zelarik, Jesusek erraten zioten: Berautzue Iskribauetarik, zeinek aldagarri luzetan lakhet baitute ibiltzea, eta plazetan agurren izatea;

        39. Eta jartzea, sinagogetan alkhi gorenen gainean, eta afarietan, mahain buruan;

        40. Zeinek, othoitz luzeen aitzakian iresten baitituzte alhargunen etxeak; hargatik hartuko dute juiamendu zorrotzagoa.

        41. Eta Jesus tenploko khutxaren aldean jarria baitzen, begira zagoen nola populuak khutxara arthikitzen zuen dirua, eta asko aberatsek hainitz ematen zuten.

        42. Emazteki alhargun behartto bat ethorri zenean bere aldian, harek eman zituen bi kornado, erran nahi baita ardit bat.

        43. Eta bere dizipuluak deithurik, Jesusek erran zioten: Egiaz derratzuet, alhargun behar horrek gehiago eman duela, ezenez khutxara eman duten guziek.

        44. Alabainan bertze guziek nasai dutenetik eman dute; horrek ordean, bere eskasiatik zituen guziak, bizitzeko behar zuena oro eman izan du.

 

XIII. KAP.

        1. Eta nola tenplotik ilkhitzen baitzen, bere dizipuluetarik batek erran zioen: Nausia, begira zer harriak eta nolako leihorrak!

        2. Eta ihardestean Jesusek erran zioen: Ikhusten ditutzu leihor handi horiek? Ez da harria harriaren gainean urratu gabe geldituko.

        3. Gero Olibetako mendian, tenploaren parrean jarria zagoelarik, Piarres, Jakobe, Joanes eta Andres berezean haritu zitzaizkon galde hunen egiten:

        4. Erraguzu noiz gerthatuko diren horiek, eta zer ezagutkari izanen den horiek oro bethetzera dihoazela?

        5. Eta ihardestean, Jesus erraten abiatu zitzaioten: Beratzue nihork atzeman etzezazten;

        6. Ezen asko ene izenean ethorriko dire, diotelarik: Ni naiz Kristo; eta hainitzak dituzte atzemanen.

        7. Berriz, adituko ditutzuenean gerlaketa gerla haroak, ez izi; ezen gerthatu beharrak dire horiek, bainan ez da oraino izanen akhabantza.

        8. Ezen jauziko da populua populuaren kontra, erresuma erresumaren gainera; eta tokika izanen dire lur-ikharak eta goseteak. Horiek izanen dire minen hastapenak.

        9. Zuek ordean zuen buruen gainean zaudezte erne; ezen atheraturen zaituztete biltzarren aitzinera, eta zehatuak izanen zarete sinagogetan; buruzagien eta erregeen aitzinera agerturen zarete ene ariaz hekiei lekhukotasun egiteko.

        10. Eta lehenik Ebanjelioak behar du jendaki orotan izan erantzuna.

        11. Eta noiz-ere hekien eskuetara eramanen baitzaituztete, aitzinetik ez erabil gogoetarik hean zer erranen duzuen; bainan zer-ere burura ordu hartan emana izanen baitzaizue, errazue hura; etzarete alabainan zuek mintzatzen, bainan Izpiritu saindua.

        12. Orduan berriz, heriotzeari emanen dio anaiak anaia, eta aitak semea; eta haurrak jauziko dire burhasoen gainera, eta heriotzez joko dituzte.

        13. Eta guziei gaitzirizkotan izanen zarete ene izenaren ariaz. Bainan bururaino ihardukiren duena, hura izanen da salbatua.

        14. Bada ikhusiren duzuenean desmasiako hasgarrikeria, behar ez den tokian jarria (irakurtzen duenak adi beza); orduan Judean direnak bihoaz mendietara ihes;

        15. Eta hegaztegi gainean dena ez bedi jauts etxera, ez-eta barnera sar bere etxetik zerbaiten hartzeko;

        16. Eta landetan izanen dena ez bedi gibelerat itzul bere soinekoaren bilha.

        17. Zorigaitz, egun hekietan izorra edo unhide izanen direnei.

        18. Othoitz egizue horiek ez ditezen neguan gertha.

        19. Ezen egun hekietan izanen dire hanbateko hesturak, nolakorik Jainkoak egin munduaren hastapenetik hunat ez baita izan, ez izanen.

        20. Eta Jaunak laburtu ez balitu egunak, gizon bat etzitakeen salbaturik; bainan egun hekiek laburtu ditu, hautatu dituen hautetsien ariaz.

        21. Eta orduan norbaitek erraten badarotzue: Huna Kristo, hemen da, edo hara; ez sinhets.

        22. Ezen jaikiko dire kristo-aizunak eta profeta-aizunak, zeinek eginen baitituzte sendagailak eta gauza harrigarriak, enganatzeko, ahal balitz, hautetsiak berak ere.

        23. Zuek beraz berautzue; horra guzietaz aitzinetik argitu zaituztedala.

        24. Bainan egun hekietan, hestura haren ondotik, ilhunduko da iguzkia, eta ilhargiak ez du emanen bere argia;

        25. Eta zeruko izarrak erortzen abiatuko, eta zeruetan diren bothereak khordokaturen dire.

        26. Eta orduan ikhusiren da gizonaren Semea hedoien gainean heldu dela, indar eta ospe handiren erdian.

        27. Eta orduan bidaliren ditu bere aingeruak, eta bere hautetsiak bilaraziren ditu lau haizeetarik, lurraren bazterretarik zeruetako gaineraino.

        28. Bada, pikondotik har zazue iduripen bat. Haren adarra guritu eta hostoak sorthu direneko, ezagutzen duzue hurbil dela uda;

        29. Halaber zuek ere, horiek gerthatzen direla ikhusiko duzuenean, jakizue, hurbil, athean dela gizonaren Semea.

        30. Egiaz derratzuet nik, gizate hau ez dela goanen, non horiek oro ez diren gerthatzen.

        31. Iraganen dire zeru-lurrak, bainan ene hitzak ez dire iraganen.

        32. Egun hura ordean, edo orena, nihork ez dakizki, ez aingeruek zeruan, ez-eta Semeak, Aitak berak baizik.

        33. Berautzue, zaudezte atzarririk, othoitz egizue, ez baitakizue noiz ethorriko den ordua.

        34. Izanen da hala-nola bidaietan goan zen gizona; utzi zuen bere etxea eta bere sehiei eman zioten zeini bere lana egiteko, eta athalzainari manatu zioen, zagoen erne.

        35. Zaudezte beraz atzarririk (ez dakizue ezen noiz ethorriren den etxeko jauna, arratsean, ala gauaren erdian, ala oilaritean, ala goizean);

        36. Beldurrez-eta ustekabean ethorriz, lotan atzeman zaitzazten.

        37. Bada zuei derradana, guziei erraten daroet: Zaudezte atzarririk.

 

XIV. KAP.

        1. Bada, bi egunen buruan ziren Bazko eta Airisak; eta aphez nausiak eta Iskribauak bilha zabiltzan hean zer amarruz atzemanen eta hilaraziko zuten Jesus.

        2. Eta zioten: Ez besta egunean, populuan zerbait tarrapata egin dadien beldurrez.

        3. Eta nola Bethanian baitzen Simon legentsuaren etxean, eta mahainean jarria, ethorri zen emazteki bat, albatrazko untzi bat zakharla, nardo buruzko gantzugailu balios batez bethea; eta untzia hautsirik, Jesusi ixuri zioen buruaren gainera.

        4. Baziren bada, hori beren baithan gaizki khausitu zutenak, eta zerratenak: Zertako gal horrela gantzugailu hori?

        5. Ezen hori, hirur ehun denario baino gehiagotan sal zitakeen eta beharrei eman. Eta emaztekiarentzat erasian hari ziren.

        6. Bainan Jesusek erran zioten: Utzazue; zergatik egiten diozue damurik? Niri hunek egina, ongi egina da.

        7. Ezen zuekin baditutzue bethi beharrak, eta ongia egiten ahal diozuete, nahi dukezuenean; ni ordean ez nauzue izanen bethi.

        8. Hunek egin du bere ahal guzia; aitzindu da ene gorphutzaren gantzutzera ehortzi behar deneko.

        9. Egiaz derratzuet: Ebanjelio hau erantzuna izanen den toki orotan, mundu guzian, hunek egin duena ere aiphatua izanen da hunen orhoitzapenetan.

        10. Orduan Judas Iskariot, hamabietarik bat, aphez nausietara goan zen, hekiei saltzeko Jesus.

        11. Aditzearekin boztu ziren hekiek, eta agindu zioten emanen ziotela diru; eta Judas arte on baten bilha zabilan hekiei eskuetara emateko Jesus.

        12. Eta airisetako lehen egunean, zeintan imolatzen baitzen Bazko bildotsa, dizipuluek erraten diote Jesusi: Norat nahi duzu goan gaitezen behar denaren zuri aphaintzera, jan dezazun Bazkoa?

        13. Eta bidali zituen dizipuluetarik bia, eta erran zaroten: Zoazte hirira, eta aitzinera ethorriko zaitzue gizon bat, pegar bat ur buruan; zoazkiote ondotik;

        14. Eta non-ere sarthuko baita, errozue etxeko jaunari: Nausiak dio: Non da ene tokia, zeintan ene dizipuluekin janen baitut Bazkoa?

        15. Eta harek erakhutsiko darotzue salha handi bat aphaindua, eta han xuxent darokuzue Bazkoa.

        16. Eta dizipuluak goan ziren, hirian sarthu eta oro khausitu zituzten Jesusek erran bezala, eta aphaindu zuten Bazkoa.

        17. Arratsa erori zenean berriz, Jesus ethorri zen hamabiekin.

        18. Eta mahainean zirelarik eta jaten hari, Jesusek erraten diote: Egiaz derratzuet, zuetarik enekin jaten hari den batek salduko nauela.

        19. Eta hekiek abiatu ziren atsekabetan sartzen, eta aldizka erraten: Nik othe?

        20. Ihardesten diote: Hamabietarik batek, azpilean enekin eskua bustitzen duenak.

        21. Eta zinez-ere badoha gizonaren Semea, hartaz iskribatua izan denaren arabera; bainan zorigaitz gizon hari, zeintaz saldua izanen baita gizonaren Semea; hainak hobe zukeen sorthu ez balitz ere.

        22. Eta jaten hari zirelarik, Jesusek hartu zuen ogia; eta benedikatu ondoan, hautsi eta eman zioten, eta erran zuen: Har zazue, hau da ene gorphutza.

        23. Eta edateko untzia harturik, hekiei eman zioten, eskerrak bihurtu ondoan; eta hartarik edan zuten guziek.

        24. Eta Jesusek erran zioten: Hau da batasun berriko ene odola, hainitzentzat ixuriko dena.

        25. Egiaz derratzuet, ez dudala gaureroz edanen aihenaren gozo huntarik, Jainkoaren erresuman berria edanen dudan egun hartaraino.

        26. Eta eskerrak erranik, ilkhi ziren Olibetako mendira.

        27. Eta Jesusek erran zioten: Gau huntan guziek ene ariaz izanen duzue gaizbide; ezen iskribatua da: Joko dut artzaina, eta barraiatuko dire ardiak.

        28. Bainan hiletarik biztuko naizen ondoan, aitzinduren natzaitzue Galileara.

        29. Bada Piarresek erran zioen: Bertze guziak behaztopa baleitez ere zure ariaz, ni ez bederen.

        30. Eta Jesusek erran zioen: Egiaz derratzut, egun, gau huntan, oilarrak bietan jo baino lehen, zuk hiruretan ukhaturen nauzula.

        31. Bainan harek are gehiago ihardukitzen zuen: Behar ere banintz hil zurekin batean, etzaitut ukhaturen. Aldiz guziek ere orobat zioten.

        32. Badoazi gero Jethsemani deitzen den bazter batera, eta Jesusek erraten diote bere dizipuluei: Jar zaitezte hemen, nik othoitza egin arteo.

        33. Eta berekin hartu zituen Piarres, Jakobe eta Joanes, eta abiatu zen lotsatzen eta gogoz behartzen.

        34. Eta erran zioten: Beltz dago ene arima hiltzeko heineraino; igurikazue hemen, eta atzarririk zaudezte.

        35. Eta aitzinaxago goanik, erori zen lurrera, eta othoitz egiten zuen, oren hura, ahal bazen, urrun zadien haren ganik;

        36. Eta erran zuen: Abba aita, ez da zuretzat ezinik; urrun zazu kalitza hau ene ganik; bainan ez bedi egin ene nahia, bai ordean zurea.

        37. Eta ethorri, eta lo atzeman zituen dizipuluak. Eta Piarresi erran zioen: Simon, lo zaude? Oren bat ezin iraun duzu atzarririk?

        38. Zaudezte erne eta othoitz egizue, sar etzaitezten lerrabidetan; ezen izpiritua gurbil da, bainan haragia erorkor.

        39. Eta berriz goanik, othoitz egin zuen, hitz berak erranez.

        40. Eta bihurturik, bigarrenean atzeman zituen lo (alabainan nagituak zituzten begiak), eta etzakiten zer ihardets.

        41. Eta ethorri zen hirugarrenean, eta erran zioten: Orai egizue lo, eta phausu har. Aski da; ethorri da ordua; huna non gaixtaginen eskuetara emana izatera dihoan gizonaren Semea.

        42. Xuti zaitezte, goazen. Huna ni saldu behar nauena, hurbil da.

        43. Eta mintzo zelarik oraino, agertu zen Judas Iskariot, hamabietarik bat, eta harekin batean gizon moltzo handi bat ezpatekin eta makhilekin, aphez nausi, Iskribau eta zaharrek igorririk.

        44. Bada Jesusen saltzaileak ezagutkari hau eman zaroeten: Zeinari-ere emanen baitiot musu, hura izanen da; loth zakizkiote eta ernerik eramazue.

        45. Eta ethorri zenean, berehala hurbildurik erran zioen: Agur, Nausia. Eta eman zioen musu.

        46. Eta hekiek eskua eman zuten Jesusen gainean, eta hartu zuten.

        47. Berriz, harekin zirenetarik batek, ezpata atheratuz, jo zuen aphez handiaren sehi bat, eta beharria moztu zioen.

        48. Eta Jesus mintzatu zitzaioten, erraten ziotelarik: Ohoin baten gana bezala ezpatekin eta makhilekin ilkhi zarete ene hartzera.

        49. Egun oroz zuen erdian nintzen, tenploan irakhasten hari, eta ez nauzue hartu. Bainan Iskriturak bethe behar dire.

        50. Orduan bere dizipuluek utzi zuten, eta ihesari eman ziren guziak.

        51. Eta gizon gazte bat jarraikitzen zitzaioen, mihise bat bizkarretik larru hutsaren gainean, eta lothu zitzaizkon hari.

        52. Hainan hura, mihisea utzirik, biluzgorri itzuri zitzaioten.

        53. Aphez handiaren aitzinera eraman zuten Jesus, eta bildu ziren aphez guziak, Iskribauak eta zaharrak.

        54. Bada, urrundik jarraiki zitzaioen Piarres, aphez handiaren ezkaratz barneraino; eta su bazterrean sehiekin jarria, berotzen zagoen.

        55. Bizkitartean aphez nausiak eta batzarre guzia Jesusen kontra lekhukotasunketa zabiltzan, hura hilarazi beharrez, eta etzuten aurkhitzen.

        56. Ezen hainitzek gezurrezko lekhukotasunak atheratzen zituzten haren kontra; bainan lekhukotasunak etziren hitz-batekoak.

        57. Azkenean, zenbaitek, jaikirik ekharri zuten gezurrezko lekhukotasun bat, ziotelarik:

        58. Guk aditu diogu erraten: Nik urratuko dut eskuz eginikako tenplo hau, eta hirur egunen buruko altxaturen dut bertze bat, eskuz egina izanen ez dena.

        59. Bainan hekien lekhukotasuna etzen egokia.

        60. Orduan, biltzarraren erdian xutiturik, aphez handiak erran zioen Jesusi: Ez duzu deusere ihardesten haukiek zure kontra atheratzen dituzten lekhukotasunei?

        61. Bainan Jesus ixilik zagoen, eta etzuen hitz bat ihardetsi. Aphez handia berriz lothu zitzaioen galdeka, eta erran zioen: Kristo zare zu, Jainko benedikatuaren semea?

        62. Orduan Jesusek ihardetsi zuen: Bai, ni naiz; eta ikhusiren duzue gizonaren Semea, Jainko indardunaren eskuinean jarria, eta zeruko hedoien gainean heldu dela.

        63. Horren gainean, aphez handiak urratu zituen bere soinekoak, eta erran zuen: Zer dugu oraino lekhuko beharrik?

        64. Aditu duzue burhoa; zer zaitzue? Eta orok egin zuten, heriotzea zitzaioela zor.

        65. Eta abiatu zitzaizkon, batzu thuka, eta hari begithartea estaliz, joka, ziotelarik: Errak nork jo hauen. Eta sehiak hari zitzaizkon mazelakoka.

        66. Eta behereko ezkaratzean zelarik Piarres, aphez handiaren sehietarik bat ethorri zen;

        67. Eta ikhusi zuenean Piarres berotzen hari zela, begiratu eta erran zioen: Zu ere Jesus Nazaretharrarekin zinen.

        68. Bainan harek ukhatu zuen, zioelarik: Ez dut-eta ezagutzen, eta ez dakit zer diozun. Eta athetik ilkhi zen ezkaratz aitzinerat, eta jo zuen oilarrak.

        69. Bertze neskato bat ere oharturik, han zaudenei erraten abiatu zen: Horietarik da hau ere.

        70. Eta ukhatu zuen bigarren aldiko, aphur baten buruan berriz, han zirenek erran zioten Piarresi: Bai-eta horietarik baitzare zu; ezik Galilearra ere zare.

        71. Orduan hura abiatu zen arneguka eta zinka erranez: Ez dut-eta ezagutzen ere zuek diozuen gizon hori.

        72. Eta berehala oilarrak jo zuen bigarren aldiko. Eta orhoitu zen Piarres Jesusek erran izan zioen hitzaz: Oilarrak bietan jo baino lehen, ukhatuko nauzu hiruretan. Eta jarri zen nigarrez.

 

XV. KAP.

        1. Eta goizean berehala aphez nausiak, zaharrekin, Iskribauekin eta biltzar guziarekin egon ziren, Jesus, estekatu zuten eta eraman, eta Pilatoren eskuetan ezarri zuten.

        2. Pilatok galdatu zioen: Juduen errege zare zu? Eta ihardestean, Jesusek erran zioen: Diozu.

        3. Eta aphez nausiek asko gauzaz hobendun egiten zuten.

        4. Eta Pilatok berriz galdatuz, erran zioen: Ez duzu deus ihardesten? Ikhusazu zenbat gaizki jazartzen darozkitzuten.

        5. Jesusek ordean etzuen gehiago deusere ihardetsi, haletan non harritzen baitzen Pilato.

        6. Bada, besta egunean ohi zuen populuari uztea burdinetan zirenetarik bat, edozein, galdatzen zutena.

        7. Eta bazen orduan Barrabas erraten zioten bat, bihurri egile batzuekin burdinetan zena, bihurrialdian heriotze bat eginik.

        8. Eta populua ethorri zenean, abiatu zitzaioen galdatzen, egin ziozon bethi bezala.

        9. Pilatok aldiz ihardetsi eta erran zioten: Nahi duzue utz dezazuedan Juduen errege?

        10. Bazakien alabainan aphez nausiek bekhaizgoz ezarri ziotela hura eskuetan.

        11. Aphezek ordean hizitatu zuten ostea, galdegin zezan hobeki utz ziozoten Barrabas.

        12. Aldiz Pilatok berriz ihardetsiz, erran zioten: Zer nahi duzue bada egin dezadan Juduen erregeaz?

        13. Bainan hekiek oihu egin zuten berriz: Gurutzefika zazu.

        14. Eta Pilatok erraten zioten: Zer gaizki egin du bada? Bainan hekiek izkola gorago zaramaten: Gurutzefika zazu.

        15. Azkenean Pilatok, populuari atsegin egin beharrez, utzi zioen Barrabas; eta Jesus, ordukoz azotatua, eman zioten gurutzefikatua izateko.

        16. Aldiz soldadoek eraman zuten pretorioko ezkaratzera; bilarazten dute beren andana guzia,

        17. Purpuraz jaunzten dute, eta elhorriz khoro bat bihurrikaturik, ezartzen diote buruan.

        18. Eta khurka hasi zitzaizkon, erranez: Agur, Juduen errege.

        19. Eta buruan jotzen zuten khanabera batez, eta thu egiten zioten, eta belhaunikatuz adoratzen zuten.

        20. Eta burlatu zuten ondoan, khendu zioten purpura, jauntzi ziozkaten bere soinekoak, eta gurutzefikatzera eraman zuten.

        21. Eta handik iragaiten zen gizon bat, Simon Zirenearra, Alexandroren eta Erruforen aita, bere bazterretarik heldu zena, bortxatu zuten Jesusen gurutzearen hartzera.

        22. Eta eraman zuten Golgotha deitzen den lekhura, erran nahi baita Kalbarioko tokia.

        23. Eta edatera eman zioten arno mirraztatua bainan etzuen hartu.

        24. Eta gurutzefikatu zutenean, haren soinekoak berezi zituzten, zorthea arthikiz, nork zer eraman.

        25. Bada, hirugarren orena zen, gurutzefikatu zutenean.

        26. Eta haren heriotzearen aria hunela iskribatua zen: JUDUEN ERREGE.

        27. Eta harekin gurutzefikatu zituzten bi ohoin, bata eskuinetarik, eta bertzea ezkerretarik.

        28. Hola bethe zen iskritura, zeinak baitio: Eta gaixtaginekilako ekharria izan da.

        29. Eta han iragaiten zirenak burhoka hari ziren, dardaratuz beren buruak, eta erranez: Hean Jainkoaren tenploa urratzen, eta hirur egunez berritzen dukana,

        30. Gurutzetik jautsiz, athera zak hire burua.

        31. Aphez nausiek ere halaber, trufatuz, Iskribauekin elkharri erraten zuten: Bertzeak salbatu ditu, bere burua ezin.

        32. Kristo, Israelgo errege, orai jauts bedi gurutzetik, ikhus eta sinhets dezagun. Harekin gurutzefikatuak zirenek ere irain zioten egiten.

        33. Eta seigarren orena ethorri zenean, ilhunbeak jarri ziren lur guziaren gainean bederatzigarren oreneraino.

        34. Eta bederatzigarren orenean, Jesusek oihu handi batekin erran zuen: Eloi, Eloi, lamma sabaxthani? erran nahi baita: Ene Jainkoa, ene Jainkoa, zeren nauzu utzi?

        35. Eta inguruan zaudenetarik zenbaitek aditurik, erraten zuten: Horra Elias deitzen duela.

        36. Eta batek laster eginik, esponja bat minagrez bethe, eta khanabera baten muthurrean ezarririk, edatera ematen zioen, erranez: Bego, ikhus dezagun hean Elias ethorriko zaion hortik khentzera.

        37. Bada, Jesusek oihu handi bat eginik, eman zuen hatsa.

        38. Eta tenploko bela bi erdi egin zen gainetik behereraino.

        39. Aldiz Ehuntariak, zeina Jesusen parrean xutik baitzagoen, ikhusirik, hala heiagora egitean hil zela, erran zuen: Egiazki gizon hau Jainkoaren Semea zen.

        40. Bada, baziren emazteki batzu ere urrundik begira zaudenak, zeinen artean Maria Magdalena, eta Maria, Jakobe xumearen eta Josepen ama, eta Salome;

        41. Galilean zenean jarraikitzen zitzaizkonak eta zerbitzatzen zutenak; eta baziren bertze hainitz harekin batean Jerusalemera ethorri zirenak.

        42. Eta arratsa egin zeneko (nola aphainketako eguna baitzen, erran nahi da larunbat aitzinekoa),

        43. Ethorri zen Josep Arimathearra, kargudun ohorezko bat, zeina bera ere Jainkoaren erresumaren iguri baitzagoen, eta bihotzoiki sarthu zen Pilatoren aitzinera, eta galdatu zioen Jesusen gorphutza.

        44. Pilato berriz, harritu zen hean hain laster hil othe zen. Eta Ehuntaria deithurik, galdatu zioen, hean jadanik hila zen.

        45. Eta haren ganik jakin zuenean, Josepi eman zioen gorphutza.

        46. Josepek aldiz, mihise bat erosirik, jautsi zuen gorphutza eta mihisean inguratu; ezarri zuen harri kotorrean egina zen hobi batean, eta hobi ahora anbildu zuen harri bat.

        47. Berriz, Maria Magdalena, eta Maria Josepen ama, begira zauden hean non ezartzen zuten.

 

XVI. KAP.

        1. Eta larunbata iragan zenean Maria Magdalenak, eta Maria Jakoberenak, eta Salomek baltsamuak erosi zituzten, Jesusen gantzutzera goateko.

        2. Eta asteko lehen egunean, goizean goizik ethorri ziren hobira iguzkia atheratu orduko.

        3. Eta zioten beren artean: Nork aldaratuko daroku hobi sartzetik harria?

        4. Gaitza zen alabainan. Eta begiratzearekin ikhusi zuten harria aldaratua.

        5. Eta hobian sartzean, ikhusi zuten gizon gazte bat, eskuineko aldean jarria, soineko xuritan, eta laztu ziren.

        6. Gizon gazteak erraten diote: Ez izi; Jesus Nazarethekoa, gurutzefikatua izan dena, bilhatzen duzue; biztua da, ez da hemen, huna non ezarri zuten.

        7. Bainan zoazte, errozuete dizipuluei eta Piarresi, aitzintzen zaituztela Galileara; han duzue ikhusiren, berak erran izan darotzuen bezala.

        8. Hekiek ordean ilkhitzearekin, hobitik ihes egin zuten; alabainan izialdura eta ikhara lothu zitzaizkoten; eta nihori etzioten deusere erran, ezen beldurrak zaduzkan.

        9. Bada, Jesus goizean bizturik, asteko lehen egunean, lehenbizikorik agertu zitzaioen Maria Magdalenari, zeinaren baitharik iraizi izan baitzituen zazpi debru.

        10. Hura goan zen eta berria eman zioten Jesusekin izatu zirenei, zeinak nigar eta deithoretan baitzauden.

        11. Eta aditu zutenean bizi zela, eta harek ikhusi zuela, etzuten sinhetsi.

        12. Geroztik bada, bertze itxura batean agertu zitzaioten hekietarik bieri, bidean zirelarik eta bazterralde batera zihoazelarik.

        13. Eta goanik, bertzeei ekharri zioten berria; bainan etzituzten hekiek ere sinhetsi.

        14. Azkenik agertu zitzaioten hamekei, mahainean zirelarik; eta gaizkiak erran ziozkaten beren sinhesgaiztasunaz eta bihotz gogortasunaz, zeren biztua zela ikhusi zutenei etzioten sinhesterik eman.

        15. Eta erran zioten: Zoazte mundu guzia gaindi eta gizon guziei erantzun diozozuete Ebanjelioa.

        16. Sinhetsiko duena eta bathaiatua izanen dena, salbatua izanen da; aldiz, sinhetsiko ez duena, galdua.

        17. Bada, haukiek dire sendagailak sinhetsiko dutenei jarraikiren direnak: Ene izenean iraiziko dituzte debruak, eta mintzaia berriz mintzaturen dire;

        18. Erabiliren dituzte sugeak, eta zerbait hiltzeko edari edan balezate ere, ez liozokete kalterik egin; erien gainean ezarriko dituzte eskuak eta osasunera bihurturen dire.

        19. Eta Jesus Jauna, hekiei mintzatu ondoan, zerurat izan zen altxatua, eta Jainkoaren eskuinean jarria dago.

        20. Hekiek berriz, goan ziren eta toki guzietan predikatu zuten, Jaunak lagunduz, eta gogortuz hitza ondotikako sendagailez.

 

aurrekoa hurrengoa