www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERROMARREI
JAUN DONE PAULOREN GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Paulo, Jesu-Kristoren zerbitzaria, deithua Apostolutzat, berezia Jainkoaren Ebanjelioko,

        2. Hura Jainkoak lehenago agindu baitzuen bere profeten arartekoz Iskritura sainduetan,

        3. Aiphatzean bere Semea, zeina, haragiaren arabera Dabiden ethorkitik sorthu baitzaio;

        4. Zeina aitzinetik hautetsia izan baita indarrean Jainkoaren Semetzat, sainduespeneko izpirituaren arabera, hiletarik Jesu-Kristo gure Jaunaren biztearen bidez;

        5. Zeintaz ardietsi baitugu grazia eta apostolutasuna, haren izenean fedeari ethordun eragiteko jendaia guziak,

        6. Zeinen arteko baitzarete zuek ere Jesu-Kristok deithurik;

        7. Erroman diren guziei, Jainkoaren maite, saindu deithuei. Grazia zuei eta bakea Jainko gure Aitaren ganik, eta Jesu-Kristo Jaunaren ganik.

        8. Lehenbizikorik zuen guzientzat Jesu-Kristoren arartekoz Jainkoari eskerrak diozkat bihurtzen, zeren mundu guzian erantzuten hari den zuen fedea.

        9. Alabainan ene gogo guziaz, haren semearen Ebanjelioa erantzunez, zerbitzatzen dudan Jainkoa lekhuko dut, zuetaz hutsarterik gabe orhoitzapen egiten dudala;

        10. Ene othoitzetan galdatuz bethi, hean nolazbait bide onik ez othe dudan Jainkoaren nahiarekin noizbait bedere zuen ganat ethortzeko;

        11. Ezen zuen ikkusteko lehietan nago, zerbait grazia ispiritual zuen gainera jautsaraztea gatik, hazkar zaiteztentzat,

        12. Erran nahi da, elkharrekin zuen baithan gozakari har dezagun zuek eta nik batasunean dugun fedearen bidez.

        13. Ez dut bada nahi, anaiak, egon zaitezten jakin gabetarik, ardura gogoan hartu dudala zuen ganat ethortzea (eta gibelamenduak ditut orai arteo); zerbait fruitu atheratu nahiz zuen artean ere hala-nola bertze jendakien artean.

        14. Greziarren eta Basatarren, jakintsunen eta jakingabeen alderat zordun naiz.

        15. Horrela (nitan den bezenbatean) Erroman zareten zuei ere Ebanjelioaren erantzutera ekharria nago.

        16. Ez naiz ezen Ebanjelioaz ahalke. Hura da alabainan Jainkoaren indarra salbatzeko sinhestun edozein, lehenik Judua, Greziarra gero.

        17. Ezen hartan da agertzen Jainkoaren zuzentasuna, fedetikakoa federa, iskribatua den bezala. Fedeaz da bizi gizon zuzena.

        18. Agertzen da ezen Jainkoaren hasarrea zerutik jautsiko dena ere hainen gogorkeria eta gaixtakeria guziaren gainera, zeinek bidegabekeriaren azpian baitadukate Jainkoaren egia;

        19. Zeren Jainkoaren gainean ezagutua dena, hekientzat ageri baita, Jainkoak ezen agertu diote berak.

        20. Alabainan mundua kreatu denetik eginak diren gauzen bidez ageri dire haren baithako indar ezin-ikhusizkoak; halaber haren bethiereko ahala eta Jainkotasuna; haletan non aitzakiarik gabe baitire gizon hekiek.

        21. Zeren ezagutzen zutelarik Jainkoa, ez baitute Jainko bezala ospatu, edo beren eskerrak bihurtu ez baitiozkate; bainan beren asmuetan ilhaundu baitire, eta ilhundu baita hekien bihotz zoroa.

        22. Alabainan beren buruak zuhur zerraztelarik, erhotu egin dire.

        23. Eta ezin-andeatuzko Jainkoaren ospea, gizon andeakor, hegastin, lau hatzetako abere eta zierpeen itxuretara aldatu dute.

        24. Hargatik utzi ditu Jainkoak beren zalekerietara, lohikeriara; beren buruak desohora detzaztela

        25. Jainkoaren egia gezurretara aldatu dutenek eta nahiago izan dutenek kreatura adoratu eta zerbitzatu, ezenez mendeetan benedikatua den kreatzailea. Halabiz.

        26. Hargatik utzi ditu Jainkoak lehia laidotsuenetara. Hekien emazteek ezik, ethorkiaren araberako erabilkuntza, ethorkiaren kontra den hartara aldatu dute.

        27. Halaber aldiz, emazteekilako erabilkuntza bere bidezkoa utzirik, gizonkiak ere elkharrentzateko lehiez khaldatu dire, gizonek gizonen gainean itsuskeriak erabiliz, eta beren baithara bilduz hekien erhokeriari zor zitzaioen saria.

        28. Eta erakhutsi ez duten bezala, badutela Jainkoaren ezagutzarik, Jainkoak ere beren usna tzarretara utzi ditu, eder ez diren gauzak egin detzaztela,

        29. Zer-nahi bidegabekeriaz, maltzurkeriaz, lohikeriaz, jaramankeriaz, tzarkeriaz betheak; bekhaizgoz, hiltzeketaz, aharraz, zimarkhuz, gaixtakeriaz gaindituak; salhatari,

        30. Mihi-gaixto, Jainkoaki hasgarri, irainti, hanpurutsu, burgoi, gaizki asmatzaile, burhasoentzat bihurri,

        31. Zoro, nahasi, bihozgabe, fedegabe, urrikalmendugabe.

        32. Jainkoaren zorroztasuna ezagutu-eta, ez dute aditu heriotzea dutela merezi horrelakoen egileek; eta ez ezik horrelakoak egiten dituztenek, bainan oraino egileak ongi hartzen dituztenek.

 

II. KAP.

        1. Hargatik, oi gizon juiatzen hari haizena, nor-nahi izan hadien, ez haiz aitzakiadun. Alabainan zertan-ere juiatzen baituk laguna, hartan kondenatzen duk hire burua, ezen herorrek egiten dukan gauza beraren juiatzen hari haiz.

        2. Bazakiagu alabainan, halakoak egiten dituztenen gainean egiaren araberakoa dela Jainkoaren erabakia.

        3. Uste othe duk bada, oi gizona, halakoen egileak juiatzen ditukana, eta herorrek berak halakoak egiten, itzuriko haizela hi Jainkoaren erabakiari?

        4. Ala erdeinu duk haren ontasun, jasankortasun eta luzakortasuneko aberastasunentzat? Ala ez duk ezagutzen Jainkoaren ontasunak urrikira hauela deitzen?

        5. Eta halere hire gogortasunaz eta bihotz damugabeaz hire gainera murrukatzen duk Jainkoaren hasarrea, haren hasarreko eta erabaki zuzenaren agerpeneko egunekotzat;

        6. Harek bakhotxari bere eginen arabera bihurturen baitio,

        7. Bethiereko bizitzea hainei, zeinek eginkari onetan ihardukiz, bilhatzen baitituzte zeruko ospe, ohore, ezin-andeatzeak;

        8. Hasarrea aldiz eta gaitzirizkoa eskatimari, egia ez onhesten eta tzarkeria sinhesten dutenei;

        9. Ondiko, hesturak gaixtakerian dabiltzan gizon guzien arimei, Juduari lehenbizikorik, Greziarrari gero;

        10. Bainan ospe, ohore eta bake ongia egiten duten guziei, Juduari lehenik, gero Greziarrari.

        11. Ezen nor-nor-den begiratzerik ez da Jainkoaren baithan.

        12. Izatez-ere, edozeinek legea gabe egin dukeen bekhatu, legea gabe galduko da; eta legean bekatu egin dukeen edozein, legeaz juiatuko da.

        13. Ez dire alabainan legearen entzuleak Jainkoaren aitzinean zuzen, bainan bethetzaileak atherako dire zuzentzat.

        14. Holetan jendaiek, legea ez dutelarik, berenez egiten dituztenean legezko gauzak, legerik ez duten arren, beren burua dute lege;

        15. Hekiek legeko eginbideak bihotzean iskribatuak dituztela erakhusten dute beren barneak ematen dioten lekhukotasunaz eta beren gogoetez, zeinek elkharri jazartzen edo bertzenaz elkhar garbitzen baitute,

        16. Agertuko den bezala, Jainkoak egun batez Jesu-Kristoren ahoz juiatuko dituenean gizonen gauza gordeak ene Ebanjelioaren arabera.

        17. Bainan, zu, Judu deitzen, eta legearen gainean egoten, eta Jainkoaz buruiopetsu zarena;

        18. Eta haren nahia ezagutzen, eta legeaz argitua zarelakoz zer den hoberenik ikhusten duzuna;

        19. Zure burua dadukazu itsu bidari, ilhunbetan direnen argi,

        20. Ez dakitenen irakhasle, haurren nausi, legetik jakitate eta egiaren arien jabe.

        21. Bizkitartean, bertzeen argitzaile zarena, ez duzu argitzen zure burua; ez dela ebatsi behar erantzuten duzuna, ohointzan hari zare;

        22. Ez dela bertzeen emazteekin ibili behar diozuna, zeror khutsatzen zare; jainko-aizunak hasgarri daduzkatzuna, sakrifioak egiten ditutzu;

        23. Legeaz khe duzuna, legea hautsiz laidoztatzen duzu Jainkoa.

        24. (Zuen ariaz alabainan, iskribatua den bezala, jendaien artean burhoztatzen da Jainkoaren izena.)

        25. Ingurephaitza izatez on da, begiratzen baduzu legea; lege hausle balin bazare ordean, ezeztatzen da zure ingurephaitza.

        26. Baldin beraz ingurebakia ez denak legeko eginbideak begiratzen baditu, haren ingurebakitasuna ez othe da ingurephaitzatzat idukiko?

        27. Eta berenez ingurebakigabea denak, eta legea bethetzen, ez othe zaitu kondenatuko zu, legearen hitza eta ingurephaitza ditutzularik, legea hausten duzuna?

        28. Ezen Judua ez da ageri denetik Judu, ez-etare ingurephaitza haragian ageri denetik.

        29. Bainan Judu da, barnez hala dena; eta bihotzeko ingurephaitza, izpiritutikakoa da, eta ez hitzetikakoa; eta halako Juduak, ez gizonetarik, bainan Jainkoaren ganik du bere aithorra.

 

III. KAP.

        1. Zer da beraz gehiagorik Judua, edo nolakoa da ingurephaitzaren ona?

        2. Handia alde orotara. Behintzat Juduei emana izan zaiote Jainkoaren hitza zaintzera.

        3. Ezen hekietarik batzuek sinhetsi ez badute ere, halakoen sinhets gogortasunak ezeztaturen othe du Jainkoaren zintasuna? Urrun dago.

        4. Jainkoa egiati da bada, gizona berriz gezurti, iskribatua den bezala: Zin ezagutuko zare zure hitzetan, eta garaitiar zutaz atherako diren juiamenduetan.

        5. Aldiz, gure tzartasunak argitanago erakhusten badu Jainkoaren zuzentasuna, zer erranen dugu? Ez othe da bidegabetia gaitzirizkoa derabilan Jainkoa?

        6. (Gizonaren arabera diot). Urrun dago. Bertzenaz Jainkoa nola laiteke mundu hunen juie?

        7. Bainan ene gezurraz Jainkoaren zintasuna haren ospetara bihurtzen bada, zertako bekhatoretzat ni kondena oraino?

        8. Eta zertako ez egin gaizkia ongiaren eraikhitzeko (hori derragula, zenbaitek gure belzteko dioten bezala)? Zuzena da hekien kondenamendua.

        9. Zer beraz, jendaiak baino hobeak othe gare? Batere. Erakhutsi dugu ezen, Judu eta Greziar, oro bekhatuaren azpian direla;

        10. Iskribatua den bezala: Garbi denik nihor ez da;

        11. Adigarria duenik ez da, Jainkoa bilhatzen duenik ez da.

        12. Oro zeihertu, oro alfer bilhakatu dire; ongia egiten duenik ez da, ez bakhar bat ere.

        13. Hobi zabaldu bat da hekien zintzurra; maltzurkerian erabili dituzte beren mihiak, aspikaren phozoina dute ezpain-pean;

        14. Madarizionez eta uherduraz bethea da hekien ahoa;

        15. Odolaren ixurtzera arin dituzte oinak;

        16. Xahutze, asturugaitzak dire hekien bideetan.

        17. Eta bakerako bidea ez dute ezagutzen.

        18. Jainkoaren beldurra ez dago hekien begien aitzinean.

        19. Badakigu bada, legeak diozkanak oro, legearen azpian direnei mintzo direla, tapatuak geldi ditezen aho guziak eta mundu guziak ezagut dezan Jainkoaren azpiko dela;

        20. Zeren nihor ez baita legeko eginkarien bidez Jainkoaren aitzinean garbi atheratuko. Ezen legetik dathorrena, bekhatuaren ezagutza da.

        21. Orai aldiz, legea gabe Jainkoaren ganikako zuzentasuna agertua zaiku; legeak eta profetek lekhukotasun egiten diote.

        22. Jainkoaren ganikako zuzentasuna berriz, Jesu-Kristoren baithako fedearen bidez dathor haren baithan sinhesten duten guzietara eta guzien gainera; ezen berezgorik ez da;

        23. Orok alabainan egin dute bekhatu, eta Jainkoa ganik indar beharretan dire.

        24. Haren graziaz, Jesu-Kristoren ganikako berrerospenaren bidez, dohainik zuzen eraginak dire;

        25. Jainkoak hura eman baitu, jabal garri izateko haren odolaren gaineko fedeaz, bere zuzentasunaren erakhusteko aitzineko bekhatuen barkhamenduaren arietan,

        26. Bere jasankortasunaren ondotik oraiko egunetan erakhustekotzat ber zuzentasuna; bera zuzena baita eta zuzen eragiten baitu Jesu-Kristoren fedeari atxikitzen dena.

        27. Non dire zure espantagailuak? Bazterrerat emanak dire. Zein legez? Eginkarietakoaz? Ez, bainan-bai fedeko legeaz.

        28. Hartzen dugu alabainan, fedeaz zuzentzat dela gizona, legeko eginkaririk gabe.

        29. Ala Juduena da bakharrik Jainkoa? ez othe da jendaiena ere? Segurki, jendaiena ere da.

        30. Alabainan bakharra da Jainkoa, fedearen bidez zuzentzat atheratzen dituena ingurebakiak, eta fedeaz ingurebakigabeak.

        31. Fedeaz ezeztatzen othe dugu bada legea? Urrun dago; aitzitik gogortzen dugu.

 

IV. KAP.

        1. Zer aurkhitu duela erranen dugu beraz Abrahamek, haragiaren araberako gure aitak?

        2. Alabainan eginkariez zuzen bilhakatu bada Abraham, ospe badu, ez ordean Jainkoaren aitzinean.

        3. Zer dio ezen Iskriturak? Abrahamek sinhetsi zuen Jainkoa, eta hori zuzentasunerako iratxikia izan zitzaioen.

        4. Bada, lanean hari denari etzaio saria ematen grazia bezala, bainan zor bezala.

        5. Aldiz lanik egiten ez duenari, bainan bekhatorea garbitzen duenaren baithan sinhesten duenari, bere fedea iratxikitzen zaio zuzentasuntzat, Jainkoaren graziazko erabakiaren arabera.

        6. Hala-nola Dabidek ere baitio, dohatsu dela gizona, zeinari Jainkoak iratxikitzen baitio zuzentasuna eginkaririk gabe:

        7. Dohatsu hainak zeinen gaizkiak barkhatuak baitire, eta bekhatuak estaliak.

        8. Dohatsu gizona, zeinari Jainkoak bekhaturik ez baitio iratxiki.

        9. Bada, dohatsutasun hori ez othe dago ingurebakientzat baizik, ala ingurebakigabeentzat ere? Diogu bada, Abrahami zuzentasuntzat iratxikia izan zaioela bere fedea.

        10. Bainan noiz izan zaio iratxikia? Ingurebaki ondoan, ala aitzinean? Ez ondoan, bainan aitzinean.

        11. Eta ingurephaitzako ezagutkaria izatu zuen, ingurebakia etzelarik fedeaz merezitu zuzentasunaren zigilutzat, izan zadien ingurebakigabeak direlarik sinhesten duten guzien aita, hekiei ere beren fedea zuzentasunerako iratxikia izan dakioten;

        12. Eta izan zadien ingurephaitzako aita, ez bakharrik ingurephaitzatikakoentzat, bainan oraino, Abraham gure aitak ingurebakigabean zuen fedearen hatzei jarraikitzen direnena.

        13. Ezen Abrahami edo haren ganikako iraulgiari etzaio legeari esker agindua izan munduko primantza, bainanbai fedetikako zuzentasunaren ariaz.

        14. Primantza, legetikakoena balin bada, hutsal eragiten da fedea, ezeztatua agintza.

        15. Alabainan hasarrea dakhar legeak. Ezen legerik ez denean, lege hausterik ere ez.

        16. Horreletan beraz fedearen burutik gure premu; iraulgi guziari egin agintza, graziari esker gogor egon dadien, ez bakharrik legetikakoarentzat, bainan oraino Abrahamen fedetikakoarentzat, hura baita gure guzien aita

        17. (Iskribatua den bezala: Egin zaitut asko jendakiren aita) Jainkoaren aitzinean, zeina sinhetsi izan baitu, zeinak hilei bizia ematen baitiote, eta ez direnak bezala deitzen baititu.

        18. Abrahamek sinheste eman zioen igurikimenaren kontrako igurikimenari, eginen zela asko jendakiren aita, errana izan zitzaioen bezala: Hala izanen da zutarikako iraulgia.

        19. Eta etzuen amor egin haren fedeak, eta etzuen begiratu ezindua zuela gorphutza, ordukoz ehun urtheren heina zuenaz geroztik, eta ezindua zela Sararen sabela.

        20. Halaber Jainkoaren agintzan sinhesgaiztasunak etzuen khordokan erabili; bainan fedeaz hazkarturik, ospe bihurtu zioen Jainkoari,

        21. Sinheste osoa izanez, edozein gauza agin dezan Jainkoak, haren egiteko ahala baduela.

        22. Hargatik zuzentasunerako izan zitzaioen iratxikia.

        23. Ez da bada haren ariaz iskribatua bakharrik, zuzentasunerako iratxikia izan zitzaioela,

        24. Bainan gure gatik ere, zeinei iratxikia izanen baitzaiku, sinheste ematen diogularik hiletatik biztu duenari Jesu-Kristo gure Jauna,

        25. Zeina izan baita gure bekhatuen gatik heriotzeari emana, eta arrebiztu baita gure garbitzea gatik.

 

V. KAP.

        1. Beraz fedearen bidez zuzen atheratuak, dugun Jainkoarekin bakea, Jesu-Kristo gure Jauna ararteko,

        2. Haren bidez ere baitugu fedearen ariaz helbide grazia huntara, zeintan gogor baikaude, eta gure buruak Jainkoaren umeentzateko ospearen igurikimenean goresten ditugu;

        3. Eta ez hartan bakharrik, bainan oraino hesturetan goresten gare, dakigulakoz hesturak dakharla jasankortasuna,

        4. Jasankortasunak frogapena, frogapenak berriz pheskiza.

        5. Bada, ez da enganati pheskiza hura, zeren guti emana izan zaikun Izpiritu sainduaren eragintzaz gure bihotzetara ixuria baita Jainkoaren amodioa.

        6. Izatez-ere, eri ginenean oraino, hil izan da Kristo ginen gaixtaginentzat?

        7. Ezen prestu batentzat nekhez hil laiteke norbait; alabainan nor edo nor beharbada baleiteke prestu baten gatik hiltzeko gai laitekeenik.

        8. Bainan argitanago erakhusten du Jainkoak gure alderako amodioa, zeren bekhatore ginelarik oraino, muga berezian,

        9. Gure gatik hil izan baita Kristo. Orai beraz, haren odolari esker zuzentzat atheratuak, hainitzez hobeki haren bidez izanen gure Jainkoaren hasarretik begiratuak.

        10. Alabainan etsai ginenean, Jainkoarekin baketuak izan bagare haren Semearen heriotzearen bidez; hainitzez hobeki, baketuak garenean, izanen gare salbatuak haren beraren bizitzeaz.

        11. Eta ez ezik gure baketuak, bainan oraino Jainkoaren baithan goresten gure Jesu-Kristo gure Jaunaren bidez, zeinari esker orai ardietsi baitugu baketuak izatea.

        12. Hargatik, nola gizon bakhar baten bidez mundu huntara sarthu baita bekhatua, eta bekhatuaren bidez heriotzea, hala ere gizon guzietara iragan da heriotzea gizon haren bidez zeinaren baithan orok egin izan baitute bekhatu.

        13. Bekhatua ezen legea ethortzeko aitzinean ere munduan zen; bainan legea ez baitzen oraino, bekhatua etzen iratxikia.

        14. Bizkitartean Adamen ganik Moisesen ganaraino erreginatu da heriotzea bekhatu egin izan dutenen gainean, bekhatu hala-nola Adamek, zeina baitzen ethortzekoa zenaren itxura.

        15. Bainan bekhatua nolakoa, dohaina ez da halakoa. Ezen bakhar baten bekhatuaz hil izan badire hainitzak, are gaindikiago hainitzen baithara Jainkoaren grazia eta dohaina nasaitu dire gizon bakhar bati esker, hura baita Jesu-Kristo.

        16. Eta bekhatu bakhar harek ekharri ondorioa ez da dohainaren eragintzaren bethe; ezen bekhatu bakhar baten gatik izan da kondenamenduko erabakia; graziak ordean hainitz bekhatutarik garbitzen du.

        17. Alabainan baten bekhatuaren gatik erreginatu balin bada heriotzea gizon bakhar bati dagokola, are hobeki, Jesu-Kristo bakharrari esker, bizitzean erreginaturen dire, graziazko, eta dohainezko, eta zuzentasunezko nasaizia izaten dutenak.

        18. Beraz nola baten bekhatuaren bidez kondenamenduaren azpira erori badire gizon guziak, hala ere baten zuzentasunak zuzen eragin ditu guziak.

        19. Ezik baten bihurtzeak hainitzak bekhatore egin dituen bezala, baten ethorkortasunak zuzenduren ditu hainitzak.

        20. Bada ethorri da legea, eta haletan nasaitu bekhatua. Bainan non-ere nasaitu baita bekhatua, gainditu da grazia;

        21. Arren-eta, nola heriotzerako erreginatu baita bekhatua, hala bethiko bizitzerako erregina dadien grazia zuzenespenaz, Jesu-Kristo gure Jaunaren bidez.

 

VI. KAP.

        1. Zer erranen dugu beraz? Bekhatutan egonen gare, nasai dadientzat grazia?

        2. Urrun hortarik. Ezen bekhatuari hil garenak, hartan nola biziko gare oraino

        3. Ala ez dakizue Jesu-Kristoren baithan bathaiatuak izan garenak, haren heriotzean garela bathaiatu?

        4. Ezik bathaioaz harekin ehortziak izan gare bekhatuari hiltzeko; arren-eta, Kristo Aitaren ospeaz hiletarik biztu den bezala, hala guk ere bizitze berri batean erabil detzagun gure urhatsak.

        5. Alabainan haren heriotzearen idurikundean harekin ehortziak izan balin bagare, haren arrebiztearen idurikundean ere batean jaikiko gare;

        6. Dakigunaz geroztik, harekin batean gurutzefikatua izan dela gure gizon zaharra, ezezta dadientzat bekhatuaren izatea, eta ez dezagun gehiago bekhatua zerbitza.

        7. Ezen hila dena, bekhatutik garbitua da.

        8. Bada Kristorekin hilak bagare, sinhesten dugu, Kristorekin batean halaber biziko garela;

        9. Baitakigu, hiletarik biztu denetik Kristo, ez dela gehiago hilen, gehiago herioa etzaiola nausituren.

        10. Alabainan bekhatuarentzat hil denaz, behin hil da; bizi denaz ordean, Jainkoarentzat bizi da.

        11. Halaber zuek ere idukatzue zuen buruak bekhatuari hiltzat, Jainkoarentzat ordean bizi Jesu-Kristo gure Jaunaren baithan.

        12. Ez bedi beraz erregina bekhatua zuen gorphutz hilkizunetan, haren zalekeriei amor egiteko.

        13. Zuen alderdiak ere tzarkeriako tresnatzat bekhatuari ez eman; bainan hiletarik biztuak zareten bezala, Jainkoari eskain diozotzue zuen buruak eta zuzenbidezko tresnatzat zuen alderdiak.

        14. Ezen etzaitzue bekhatua nausituko, etzaretelakoz legearen azpian, bainan-bai graziarenean.

        15. Zer bada! bekhatu eginen othe dugu zeren ez garen legearen azpian, bainan-bai graziarenean? Urrun holakorik.

        16. Norbaiten zerbitzuan, haren manuko jartzen zaretenean, ez othe dakizue hainaren gathibu zaretela zeinaren manuak egiten baititutzue, edo bekhatuarenak heriotzerako, edo ethorduntasunarenak zuzentasunerako?

        17. Bainan Jainkoari eskerrak, zeren zareten, bekhatuaren gathibu izanik, besarkatu duzuen irakhasmeneko legeari ethordun.

        18. Horreletan bekhatuaren lokharrietarik atheraturik, zuzenbidearen zerbitzari jarri zarete.

        19. Gizon arara mintzo naiz, zuen haragiaren herbaltasunaren gatik: ezen nola lohikeriaren eta tzarkeriaren zerbitzuan tzarkeriakotzat erabili baititutzue zuen alderdiak, orobat zuzenaren zerbitzuan zuen sainduespenerako balia zatzue orai.

        20. Ezen bekhatuaren gathibu zinetenean, zuzenaren lokharririk gabe zinabiltzaten.

        21. Zer on izatu duzue bada orduan eginkari hekietarik, zeinetaz ahalke baitzarete orai? Alabainan heriotzea da hekien azken burua.

        22. Orai aldiz, bekhatutik libratuak eta Jainkoaren gathibu eginak, sainduespena da atheratzen duzuen ona, azken burutzat berriz, bethiereko bizitzea.

        23. Heriotzea da ezen bekhatuaren saria; aldiz, Jesu-Kristo gure Jaunaren bidez bethiereko bizitzea da Jainkoak deman grazia.

 

VII. KAP.

        1. Anaiak, ez othe dakizue (ezen legeaz jakintsun direnei naiz mintzo), legeak azpian ez dadukala gizona, bizi deno baizik?

        2. Alabainan senharraren meneko den emaztekia, senharra bizi deno legearen lokharrietan da; hiltzera heldu bada ordean senharra, haren legearen azpitik atheratzen da emaztea.

        3. Beraz senharra bizi duelarik, lohi deithua izanen da, bertze batekin egon bada; bainan senharraren legetik atheratu da, hiltzera ethorri bada hura, haletan non ez baita lohi bertze batekin ezkondurik ere.

        4. Horreletan, anaiak, Kristoren gorphutzaren bidez legeari hilak zarete, hiletarik biztua den bertze batenak izateko, athera detzagun Jainkoarentzateko fruituak.

        5. Ezik haragiaren manuko ginenean, legearen burutik zathortzen lehia tzarrek, heriotzerako fruitu ekharraztera hari zitzaizkoten gure alderdiei.

        6. Bainan orai heriotzearen lege, idukitzen gintuenaren azpitik atheratuak gare; haletan non Jainkoa zerbitzatzen baitugu izpirituaren berritasunean, eta ez hitzaren zahartasunean.

        7. Zer erranen dugu beraz? Bekhatu da legea? Urrun dago. Bainan legearen bidez baizik ez dut ezagutu bekhatua; ezen ez nukeen zalekeria ezagutu, legeak ez balarot erran: Ez zale.

        8. Manamendutik ordean bide harturik, bekhatuak ene baithan sorrarazi ditu zalhekeria guziak. Ezen legea gabe, hila zen bekhatua.

        9. Bada, lehen ni legea gabe nintzen bizi; bainan manamendua ethorri denean arrebiztu da bekhatua.

        10. Eta ni hila naiz; eta gerthatu zait hiltzerako, bizitzerako zen manamendua.

        11. Bekhatuak alabainan, manamendutik bide harturik, enganatu eta manamenduaz hil nau.

        12. Halarik-ere saindua da legea; eta manamendua, saindu, zuzen eta ona.

        13. Zer beraz, ona dena ene hilgarri egin othe da? Urrun dago. Bainan zena zenarentzat agertzeko, bekhatuak gauza onaz eman darot heriotzea; haletan non bekhatua manamenduaz baliatu baita gaizkiari gaindi eragiteko.

        14. Badakigu ezen izpirituzkoa dela legea; ni ordean haragizkoa, bekhatuaren meneko saldua.

        15. Alabainan egiten dudana ez dut aditzen, zeren nahi dudan ongi hura ez baitut egiten; ordean higuin dudan gaizkia, hura egiten dut.

        16. Bada, nahi ez dudana egiten badut, legeari ona dela aithor ematen diot.

        17. Orai ordean ez naiz ni haren egilea, bainan-bai ene baithan dagoen bekhatua.

        18. Badakit alabainan onik ez dela ene baithan, erran nahi da ene haragian; ene baithan da ezen nahia, ez dut ordean aurkhitzen nola egin ongia.

        19. Ez dut alabainan egiten nahi dudan ongia; ordean nahi ez dudan gaizkia, hura egiten dut.

        20. Baldin beraz nahi ez dudan gaizkia egiten badut, ez naiz ni haren egile, bainan-bai ene baithan dagoen bekhatua.

        21. Ongia egin nahi dudanean beraz, kontrako lege bat aurkhitzen dut, ene baithan delakoz gaizkia;

        22. Ezen Jainkoaren legeari gozo hartzen diot, gizon barrenkoiaren arabera;

        23. Bainan ene alderdietan ikhusten dut bertze lege bat, ene izpirituko legeari borroka egiten dioena, eta ene alderdietan den bekhatuaren legean gathibu nadukana.

        24. Naizen gizon dohakabea, nork libraturen nau gorphutz hilgarri huntarik?

        25. Jainkoaren graziak, Jesu-Kristo gure Jaunaren bidez. Gogoz beraz zerbitzatzen dut Jainkoaren legea; haragiz ordean, bekhatuarena.

 

VIII. KAP.

        1. Orai beraz kondenamendurik ez da batere Jesu-Kristoren baithan bizi eta haragiaren arabera ibiltzen direnentzat.

        2. Alabainan Jesu-Kristoren baithan den bizizko izpirituaren legeak atheratu nau bekhatuaren eta herioaren legepetik.

        3. Ezen haragiak erkhitzen zuelakoz legearentzat ezin-zena, Jainkoak egin izan du, bekhatuzko haragia bezalako batean igorriz bere Semea, eta bekhatuaren ariatik haragian kondenatu du bekhatua;

        4. Legeak galdatzen duen zuzenpena bethe zadien gutan, ez haragiaren, bainan izpirituaren arabera gabiltzanen baithan.

        5. Izatez-ere, haragiaren arabera bizi direnek, haragiaren gauzei gozo hartzen diote; aldiz, izpirituaren arabera bizi direnek, izpirituari dagozkiotenak dituzte lakhet.

        6. Bada haragiaren oldea heriotzea da; izpirituarena berriz, bizitzea eta bakea;

        7. Zeren haragiaren oldea Jainkoaren etsai baita, ez dago ezik Jainkoaren legearen azpian, alabainan-ere ezin dagoke.

        8. Bada, haragiaren arabera bizi direnak ezin daitezke Jainkoaren gogarako.

        9. Zuek ordean etzarete haragiaren arabera bizi, bainan-bai izpirituaren arabera; baldin bizkitartean zuen baithan badago Jainkoaren Izpiritua. Aitzitik norbaitek ez badu Kristoren Izpiritua, hura ez da harena.

        10. Bainan zuen baithan balin bada Kristo, bekhatuaren gatik hila da bai gorphutza, izpiritua ordean bizi da zuzenpenaren ariaz.

        11. Jesus hiletarik biztu duenaren Izpiritua zuen baithan balin bada, Jesu-Kristo hiletarik biztu duenak, zuen gorphutz hilkizunei ere emanen diote bizia, zuen baithan dagoen Izpiritu haren ariaz.

        12. Horreletan, anaiak, ez gare haragiaren alderat zordun, haragiaren arabera bizitzeko.

        13. Alabainan bizitzen bazarete haragiaren arabera, hilen zarete; aldiz izpirituaz hiltzen baditutzue haragiaren eginkariak, biziko zarete.

        14. Ezen Jainkoaren Izpirituak derabiltzanak, hekiek dire Jainkoaren umeak.

        15. Ez duzue alabainan gathibutasuneko izpiritua izatu, oraino ere beldurrean ibiltzeko, bainan izatu duzue semeordegoako izpiritua, zeinaren ariaz oihu egiten baitugu: Abba (Aita).

        16. Ezen Izpirituak berak gure izpirituari lekhukotasun egiten dio, Jainkoaren ume garela.

        17. Aldiz, ume bagare, halaber ondore gare; bada Jainkoaren ondore, Kristoren ondorekhide berriz; baldin bizkitartean, harekin ospatuak izateko, harekin badugu jasaiten.

        18. Dadukat bada mende huntako jasankizunak, egun batez gure baithan agertu behar den ospearen bethe ez direla.

        19. Ezen kreatura guzien irritsa Jainkoaren umeen agertzapenari dago iguri;

        20. Zeren hutsalkeriaren azpiko baitire, ez beren nahitara, bainan hainaren gatik zeinak pheskizan ezarri baititu,

        21. Kreatura bera ere galkortasunaren azpitik Jainkoaren umeen libertatera atheratua izanen dela.

        22. Ezen badakigu kreatura guziak orai arteo auhen eta erdiminetan direla.

        23. Ez dire bada bakharrak, bainan gu geror-ere, zeinek baititugu izpirituko pikainak; geror-ere gure baithan auhenetan gaudezi, Jainkoaren semeordegoaren eta gure gorphutzeko berrerospenaren iguri.

        24. Ezen ustez gare salbatuak. Bada, ikhusten den ustea ez da uste; ezen gauza ikhusten duenak, nola uste izan dezake?

        25. Bada, ikhusten ez dugunaren ustetan balin bagaudezi, ephez iguri egoten gare.

        26. Halaber aldiz Izpirituak ere laguntzen du gure herbaltasuna; ez dakigu ezen othoitzean zer galda behar bezala, bainan Izpirituak berak ezin-erranezko auhenez galdegiten du guretzat.

        27. Bihotzen ikharleak berriz, Izpirituaren nahikaria ezagutzen du, zeren Jainkoaren arabera baitu sainduentzat galdatzen.

        28. Badakigu bada, Jainkoa maite dutenei, haren erabakiaren arabera saindu izatera deithuak direnei, gauza guziak onerat zaizkotela atheratzen.

        29. Alabainan bere egundainotikako jakitatean ezagutu dituenak, aitzinetik ere ditu berezi, izan ditezen haren Semearen iduriko, Semea izan dadien asko anaien arteko lehen-sorthua.

        30. Bada, aitzinetik berezi dituenak, deithu ere ditu; eta deithu dituenak, zuzen ere egin ditu; zuzen egin dituenak berriz, goretsi ere ditu.

        31. Horien gainera zer erranen dugu? Jainkoa gure alde balin bada, nor izanen da kontra?

        32. Bere Semea bera guphidetsi ez duenak, bainan gu guzientzat eman, nolaz harekin batean ez darozkigu gauza guziak emanen?

        33. Nork jazarriren diote Jainkoaren hautetsiei? Jainkoa denean garbi atheratzaile,

        34. Nor izanen da hekien kondenatzeko? Jesu-Kristo hil dena, eta oraino arrebiztu ere dena, Jainkoaren eskuinean dagoena, hura da halaber gure alde mintzatzen dena.

        35. Nork beraz gu gibela Kristoren amodiotik? Nahigabeak, ala hesturak, ala goseak, ala buluztasunak, ala galmentak, ala jazartze, ala ezpatek?

        36. (Iskribatua den bezala: Egun oroz zure ariaz hiltzen gaituzte; hiltzeko ardi batzuentzat gaduzkate.)

        37. Bainan horien ororen erdian, gu maithatu gaituenari esker, garaitiar gare atheratzen.

        38. Segur naiz ezen, ez herioak, ez biziak, ez aingeru, ez buruzagi, ez bothereek; ez oraiko, ez geroko gauzek, ez indarrak,

        39. Ez goratasunak, ez barnatasunak, ez-eta bertze edozein kreaturak, ezin gibelatuko gaituztela Jainkoaren amodio, Jesu-Kristo gure Jaunaren baithan denetik.

 

IX. KAP.

        1. Jesu-Kristoz, egia diot, ez dut gezurrik erraten, ene barneak lekhukotasun egiten baitarot Izpiritu sainduaz,

        2. Ilhundura handitan nagoela, eta baratzen ez den bihozminean.

        3. Nahi nukeen ezik Kristok neroni anathema egin nintzan, ene anaia, haragiaren arabera ene odolekoak direnentzat,

        4. Hekiek baitire Israeldarrak, zeinek baitituzte seme ordegoa, ospea, lekhukotasuna, adoratzeko moldea eta agintzak;

        5. Zeinen aitak, patriarkak baitire, eta zeinetarik ilkhi baita haragiaren arabera Kristo, Jainko dena, gauza guzien gaineko, mendeetan benedikatua. Halabiz.

        6. Ez da bada erori ere Jainkoaren hitza. Ezen Israelen ganik ilkhirikako guziak ez dire Israeldar,

        7. Eta Abrahamen ganikako guziak ez dire haren seme; bainan Isaaken baithan deithuko zaizkitzu zure odolekoak;

        8. Erran nahi da haragitik ume direnak, ez direla hekiek Jainkoaren haur; bainan agintzako umeak, hekiek direla iraulgitzat idukiak.

        9. Huna ezen agintzako hitza: Urthe mugan ethorriko naiz, eta Sarak izanen du seme bat.

        10. Eta Sara etzen bakharra; bainan Errebekak ere etzanaldi batetik izan zituen bi seme gure aita Isaaken ganik.

        11. Ezen oraino sorthuak etzirelarik, egin baino lehen zerbait ongi edo gaizki, (Jainkoaren erabakia gogor egon zadien, haren hautuaren arabera.)

        12. Ez egintzen ariatik, bainan deitzen duenaren ariatik errana izan zitzaioen,

        13. Zaharrenak gazteena zerbitzatuko zuela, iskribatua den bezala: Maithatu dut Jakob, aldiz gaitzetsi Esau.

        14. Beraz zer erranen dugu? Zuzen ez denik othe da Jainkoaren baithan? Ez horrelakorik.

        15. Ezen Moisesi erraten dio: Urrikaltzen natzaioena izanen dut urrikari, eta urrikaltzen natzaioenari erakhutsiren diot urrikalmendu.

        16. Hori ez da beraz ez nahi duenaren ez laster egiten duenaren eskuan, bainanbai Jainko urrikalmendu hartzen duenarenean.

        17. Ezen Iskrituran Faraoni erraten dio: Huntako berekotzat eraiki haut, hire gainean erakhuts dezadan ene indarra, eta aipha dadien ene izena lurreko bazter orotan.

        18. Nahi duenaz urrikaltzen da beraz, eta nahi duena gogortzen du.

        19. Hargatik erraten darotadazu: Geroztik zertako arranguratzen da, ezen nork enferra egiten dio haren nahiari?

        20. Oi gizona, nor haiz hi Jainkoari ihardesteko? Lurrezko untziak, egin duenari erraten othe dio: Hula zergatik egin nauzu?

        21. Ala ez othe da baxeregilearen eskuko orhe beretik egitea ohoretako untzi bat, bertze bat berriz ahalkerietako?

        22. Nork zer errateko du, Jainkoak erakhutsi nahiz bere hasarrea eta agerrarazi bere ahala, jasankortasun handirekin jasaiten baditu hasarrezko untzi, galdu behar batzu?

        23. Bere ospeko aberastasunen erakhusteko bere ospekotzat aphaindu dituen urrikalpenezko untzi batzuen gainean,

        24. Gure gainean, ez Juduetarik bakharrik, bainan jendaietarik ere deithu dituenen gainean,

        25. Oseeren ahoz dioen bezala: Ene populu deithuko dut ene populu etzena; ene maitea, maite ez nuena; eta urrikalmendu ardietsia, urrikalmendurik ardietsi etzuena.

        26. Eta gerthatuko da toki berean zeintan errana izan baitzaiote: Etzarete zuek ene populua, han berean deithuak izanen direla Jainko biziaren ume.

        27. Isaiasek berriz, Israelen gatik oihu egiten du: Israelen semeak, balire ere itsasoko iegar izpiak bezenbat, ondar bat da salbatua izanen denik.

        28. Jaunak alabainan, bere zuzentasunean xahutuz eta gutituz, gutitze handi bat eginen du.

        29. Eta Isaiasek aitzinetik erran zuen bezala: Armadetako Jaunak utzi ez balaroku hazia, Sodoma bezala eginak eta Gomorharen iduriko gintezkeen.

        30. Zer erranen dugu beraz? Zuzenbideari jarraikitzen etziren jendaiek besarkatu dute zuzenbidea, eta fedetik dathorren zuzenbidea.

        31. Israel berriz, zuzenbideko legeari jarraikiz, zuzenbideko legera ez da heldu.

        32. Zergatik? Zeren ez fedetik, bainan eginkarietarik bilhatu baitute; ezen behaztopa harria jo dute,

        33. Iskribatua den bezala: Huna non Sionen ezartzen dudan behaztopa harria eta gaizbideko harria, eta hartan beren sinhestea ematen dutenetarik nihor ez da ahalketara eroriko.

 

X. KAP.

        1. Anaiak, egia da, ene bihotzeko nahikaria eta Jainkoari ene othoitzak hekien salbamenduarentzat daude.

        2. Izatez-ere, lekhukotasun bihurtzen diotet, Jainkoaren alderat khar badutela, bainan ez da jakitatearen araberakoa.

        3. Alabainan ezagutu gabez Jainkoaren zuzentasuna, eta berena ontzat ilkhiaraztea bilhatuz, Jainkoaren zuzentasunari ez diote amor ekharri.

        4. Ezen Kristo da legearen azken burua, haren baithan sinhesten duten guziak zuzen eragin behar dituena.

        5. Moisesek legetik dathorren zuzentasunaz iskribatu du ezen, legea bethetzen duenak, hartan aurkhituren duela bizitzea.

        6. Bainan huna nola den mintzo fedetik dathorren zuzentasunaz: Zure bihotzean ez erran: Nor iganen da zerura? erran nahi, Kristoren bilha.

        7. Edo nor jautsiko da lezera? erran nahi, hiletarik Kristoren deitzera.

        8. Bainan zer dio Iskriturak? Hurbil da hitza, zure ahoan da eta zure bihotzean. Hori da, guk erantzuten dugun fedeko hitza;

        9. Zeren aithortzen badu zure ahoak Jesus Jauna, eta Jainkoak hiletarik biztu duela sinhesten baduzu bihotzez, salbatua izanen baitzare.

        10. Alabainan zuzentasunera heltzeko, bihotzez sinhetsi behar da; eta ahoko aithorrak ardiesten du salbamendua.

        11. Hargatik dio Iskriturak: Edozeinek haren baithan sinhets dezan, ez da ahalketarako.

        12. Hortan ez da bada Judutik Greziarrera berezkuntzarik; ezen ororentzat Jaun bera da, dei egiten dioten guzientzat bardin aberatsa.

        13. Salbatuak izanen dire alabainan Jaunaren izenari dei eginen dioten guziak.

        14. Nola ordean dei eginen dute sinhesterik ematen ez diotenari? Edo nabaritu ez dutenari nola emanen diote sinheste? Berriz, nola aiphatzen adituko dute, erantzulerik gabe?

        15. Haukiek aldiz, nola erantzunen dute, bidaltzen ez badire? iskribatua den bezala: Zein diren eder bakea erantzuten, egiazko ontasunak erantzuten dituzteen oinak!

        16. Bainan ez dire guziak Ebanjelioari ethordun. Hargatik dio Isaiasek: Jauna, guk erantzunari nork eman dio sinheste?

        17. Fedea beraz entzutetik heldu da; entzutea aldiz Kristoren hitzaren erantzutetik.

        18. Diot ordean: Ez othe dute entzun? Segurki, erantzuleen mintzoa lur guziaren gainera, eta hekien hitzak lurraren bazterretaraino hedatu dire.

        19. Diot oraino: Israelek ez othe ditu ezagutu? Moisesek dio lehenik: Enea ez den populu batez bekhaitz eraginen zaituztet; jendaki zoro batentzat suminduretara erorraraziko zaituztet.

        20. Isaias berriz, ez da uzkur, eta dio: Bilhatzen ez nindutenek aurkhitu naute; ene galderik etzutenei garbiki agertu natzaiote.

        21. Aldiz Israeli buruz erraten du: Ene besoak egun guzian hedatuak iduki diozkat populu sinhesgogor eta bihurri egile horri.

 

XI. KAP.

        1. Diot beraz: Jainkoak hastandu ez othe du bere populua? Urrun da. Ezen neroni ere Israeldarra naiz, Abrahamen odoletik, Benjaminen iraulgitik.

        2. Jainkoak ez du hastandu bere populua, zeina bere baithan egundainotik ezagutzen baitzuen. Ala ez dakizue zer dioen Iskriturak Eliasez, Jainkoari nola egin zioen Israelen kontra deihadar?

        3. Jauna, hil dituzte zure profetak eta eragotzi zure aldareak; eta ni bakharra naiz gelditua, eta ene biziaren ondoan dabiltza.

        4. Bainan zer ihardesten dio Jainkoak? Enetzat utzi ditut zazpi mila gizon, Baalen aitzinean belhauna lurrerat eman ez dutenak.

        5. Horreletan beraz ordu hekietan ere, ondar batzu, haren hautuaren graziaz, izan dire salbatuak.

        6. Bada, graziaz balin bazen, etzen eginkariei esker; bertzela, grazia ez da gehiago grazia.

        7. Zer gerthatu da beraz? Israelek bilhatzen zuena ez duena ardietsi; hautetsiek aldiz, ardietsi dute; bertzeak berriz, itsutu egin dire,

        8. Iskribatua den bezala: Jainkoak egun arteo eman diote loheriazko izpiritu bat; begiak, ikhus ez dezaten, eta beharriak, ez dezaten adi.

        9. Eta dio Dabidek: Arte, eta harrapagailu, eta bebaztopagailu, eta beren sari bilhaka bekiote beren mahaina.

        10. Lanbro beitez hekien begiak, ikhus ez dezaten, eta bethi makhur biozozute bizkarra.

        11. Diot beraz: Eroriak egoteko behaztopatu othe dire horrela? Urrun da. Bainan hekien hutsa jendaien salbagarri bilhakatu da, hekien ikhusteak ernaraz detzan.

        12. Juduen hutsa munduarentzat aberastasun balin bada, eta hekien gutitzea jendaientzat aberastasun, zenbatez hobeki hekien bethetasuna?

        13. Ezen, jendaiak, zuei erraten darotzuet: Jendaien apostolu izanen naizeno, ohore emanen diot ene karguari,

        14. Bermatuz hean nolazbait bekhaiztera ekhar othe detzazkedan ene odolekoak, eta salbatuko othe dudan hekietarik zenbait.

        15. Ezik hekien galpena munduarentzat bakebide izatu bada, zer izanen da hekien bihurpena, non ez hiletarik biziratzea?

        16. Pikaina saindu bada, orhea ere bai; erroa saindu bada, adarrak ere bai.

        17. Baldin adarretarik zenbait hautsiak izan badire, zu berriz, basaka zinelarik, hekien erdian xerthatua izan bazare, eta erroan eta olibaren urinean phartedun egina;

        18. Adarren gainean ez har buruioperik. Ezen hartzen baduzu, etzare erroaren jasaile, bainan erroak egartzen zaitu zu.

        19. Erranen duzu beraz: Ene xerthatzeko, adarrak izan dire hautsiak.

        20. Ongi diozu; beren sinhesgogortasunaren ariaz hautsiak izan dire. Zu aldiz fedeaz zaude sendorik; berautzu hant, bainan beldur izan zaitezi.

        21. Ezen baldin Jainkoak ez baditu berebidezko adarrak guphidetsi, zu ere ez ahal zaitu guphide izanen.

        22. Ikhusatzu beraz Jainkoaren ontasun, garraztasunak; garraztasuna erori direnen alderat; aldiz Jainkoaren ontasuna zure alderat, baldin prestutasunean irauten baduzu; zu ere bertzenaz moztua izanen zare.

        23. Bainan hekiek ere beren sinhesgaiztasunean egoten ez badire, xerthatuak izanen dire; Jainkoak ezen badu hekien berriz xerthatzeko ahala.

        24. Zu alabainan ekharri zaituen olibondo basakatik ebakia izan bazare, eta olibondo onean zure ethorkiaren kontra xerthatua; zenbatez hobeki hekiek beren ethorkiaren arabera izanen dire beren olibondoari xerthatuak.

        25. Ezen, anaiak, misterio hortaz argitu gabe etzaituztet utzi nahi (etzaitezten zuen idurira zuhur izan), itsumendua erori dela Israelgo zathi baten gainera, jendaia guziak sar ditezen arteo;

        26. Eta gero Israel guzia salbatua izanen dela, hala-nola iskribatua baita: Siondik ethorriko da, Jakoben ganik tzarkeria khenduko eta iraiziko duena.

        27. Eta hori da hekiekin eginen dudan batasuna, ezeztatu ditukedanean hekien bekhatuak.

        28. Ebanjelioaren arabera, hala da, etsai dire zuen ariaz; bainan hautespenaren arabera, xitezko maiteak dire beren arbasoen gatik.

        29. Urrikigabeak dire alabainan Jainkoaren emaitza eta deitpena.

        30. Ezik nola lehen Jainkoaren baithan ez baitzinduten sinhesterik, eta orai Juduen sinhesgogortasunaren ariaz urrikalpen ardietsi baituzue;

        31. Hala hekiek ere ez dute sinhetsi zuen alderako urrikalpena, beren aldian urrikalpen ardiets dezaten.

        32. Jainkoak ezen oro sinhesgaiztasun batean hertsi ditu, guziak gero urrikalmendutan hartzea gatik.

        33. Oi Jainkoaren zuhurtzai jakitateen murru goia: zeinen diren ezin-nabarituzkoak haren erabakiak, eta ezin-ikhartuzkoak haren bideak!

        34. Nork ezen ezagutu ditu Jainkoaren asmuak, edo nor sarthu da haren kontseiluko?

        35. Edo nor haritu zaio lehenik ematen, gero izan dezan sari?

        36. Alabainan oro dire haren ganik, haren bidez, haren baithan. Ospe hari menderen mendez. Halabiz.

 

XII. KAP.

        1. Jainkoaren urrikalmenduaren izenean beraz, anaiak, othoizten zaituztet eskain detzatzuen zuen gorphutzak, hala-nola bitima bizi, saindu, Jainkoaren gogarako bat; adimenduzkoak izan ditezen zuen errekeiak.

        2. Ez bezaitezte jar mende hunen eredurako, bainan zuen izpirituaren berritzapenaz aida zaitezte bizitze berri batera, ezagut dezazuen nolakoa den Jainkoaren nahia, haren begietako zer den on, gogaragarri eta perfet.

        3. Niri emana izan zaitan graziaz derratzuet beraz zuen arteko guziei: Zuen buruez ez izan premia den baino gehiagoko eskerrik; bainan zuen buruei eskerra emozue xuhur, Jainkoak bakhotxari neurtu dioen fedearen arabera.

        4. Alabainan, nola gorphutz bakharrean asko alderdi baititugu, alderdi bakhotxak ordean ez baitute egiteko bera;

        5. Hala Kristoren baithan askok egiten dugu gorphutz bakhar bat; bakhotxa ordean bata bertzearen alderdi gare.

        6. Bada, batzuek bertzeek ez bezalako dohainak ditugunaz geroztik, emana izan zaikun graziaren arabera; profeziako dohaina duenak, fedeko ariaren arabera balia beza;

        7. Elizan kargu bat duenak, bere eginbideak bethe betza; irakhaste dena, irakhasten hari bedi;

        8. Dei egileak, solas onez dei egin beza; amoina emailea, lainotasunean ematen hari bedi; buruzagitasuna duenak, ardurarekin hotseman beza; urrikalmenduzko eginkarietan hari dena, goihereki hari bedi.

        9. Amodioa alegiagabea izan bedi. Higuint gaizkia, itxik ongiari;

        10. Karitate anaiakinaz elkhar maitha; ohore ekhartzera bata bertzeari aitzin;

        11. Eginbidean ez izan nagi; izan izpirituz khartsu, Jaunaren zerbitzatzaile,

        12. Pheskizan boz, ordu gaitzean jasankor, othoitzari jarraiki,

        13. Sainduei beharretan laguntza egile, arrotzari leihor emaile.

        14. Benedika zatzue jazarka hari zaizkitzuenak; benedika zatzue, eta berautzue madarikatzetik.

        15. Bozten direnekin boz zaitezte; nigarrez daudenekin nigar egizue.

        16. Izan zaitezte elkharren artean gogo bereko; ez lakhet izan asmu gorak, bainan aphalak onhetsatzue. Zuen buruak gurbiltzat ez iduk.

        17. Gaizkia gaizkiarentzat nihori ez bihur; ongiaren egitera erne zaudezte, ez ezik Jainkoaren aitzinean, bainan gizon guzien aitzinean ere.

        18. Nihondik ahal bada, zuetan den bezenbatean, guziekin izan zazue bakea.

        19. Anaia guziz maiteak, ez izan zuen buruei asper emaile, bainan hasarreari goateko emozue bide. Iskribatua da ezen: Niri aspertzea; nik sarizta, dio Jaunak.

        20. Aitzitik, baldin goseak badaduka zure etsaia, jaterat emozu; egarri bada, edaterat; ezen horrela eginez, suko ikhatzak bilduko diozkatzu buruaren gainera.

        21. Gaizkiaz zure burua azpiratzerat ez utz, bainan ongiaz harrozu gaina.

 

XIII. KAP.

        1. Edozein, gaineko buruzagien azpian ethordun egon bedi: buruzagitasunik alabainan ez da Jainkoaren ganik ez dathorrenik; direnak beraz, Jainkoak ezarriak dire.

        2. Hargatik buruzagiari bihurtzen denak, Jainkoaren arrimuari egiten dio bihurri; bihurri egileek berriz, kondenamendua biltzen dute;

        3. Ezen ez da aitzindarien beldurrik izateko egin den ongiaren gatik, bainan-bai gaizktaren ariaz. Beraz buruzaiaren beldurrik ez duzu izan nahi? Egizu ongia, eta haren ganik laudorio izanen duzu.

        4. Alabainan Jainkoaren ministro da zure onerako. Aldiz, gaizkia egiten baduzu, beldur izan zaitezi; ezen ez du ariarik gabe ekhartzen buruzagiak ezpata. Alabainan Jainkoaren ministro da, haren hasarreari asper emateko gaizkia egiten duenaren gainean.

        5. Hargatik premia den bezala izan zaitezte ethordun, ez ezik beldurrez, bainan eginbide jakinez ere.

        6. Aria hortaz halaber ematen ditutzue zergak buruzagiei, Jainkoaren ministro direlakoz, kargu hortan haren zerbitzatzaile.

        7. Batbederari beraz zor diozuena bihurrozue; figoa zor zaioenari, figoa; zerga hartze duenari, zerga; beldurra zor zaioenari, beldurra; ohorea bada, ohore.

        8. Nihoren alderat deusez zordun ez geldi, non-ez elkharri zor dugun amodioaz; ezen laguna maithatzen duenak, legea bethetzen du.

        9. Alabainan: Etzare bertzeren emaztearekin khutsaturen; Ez duzu hilen; Ez duzu ebatsiko; Lekhukotasun gezurrezkorik eginen ez duzu; Bertzerenaz irritsik izanen ez duzu, eta bertze zerbait manamendu balin bada, oro hitz huntan sartzen dire: Maithaturen duzu laguna zure burua bezala.

        10. Lagunarentzateko amodioa ez da gaizki egiterat hari. Lagunarentzateko amodioa da beraz legearen bethetasuna.

        11. Eta badakigu hau dela ordua; zeren ja lotarik atzartzeko muga ethorria baitugu. Ezen orai, sinheste hartu dugunean baino hurbilago da gure salbamendua.

        12. Goan hurrana da gaua, eguna berriz hurbildua. Utz detzagun beraz ilhunbetako eginkariak, eta soinera har detzagun argitako harmak.

        13. Egunaz bezala onhestki ibil gaitezen; ez aseketetan, ez hordikerietan, ez oheetan, ez likhiskerietan, ez eskatimetan, ez bekhaizgoetan;

        14. Bainan jauntzi zaitezte Jesu-Kristo Jaunaz, eta haragiaz ez dezazuela izan artha, hunen zalhekerien bethetzeko.

 

XIV. KAP.

        1. Fedean malbu dena har zazue, ustekerien gainean eztabadarik erabili gabe.

        2. Alabainan uste du batek edozein gauza jan dezakeela; malbu denak berriz, baratzekaririk baizen ez dela jan behar.

        3. Jaten duenak jaten ez duenari ez biozo baiarik eratxik, eta jaten ez duenak ez beza juia jaten duena; zeren Jainkoak berekilako hartu baitu.

        4. Nor zare zu, bertzeren zerbitzariaren juiatzeko? Gothor badago, edo erortzen bada, bere nausiarentzat egiten da. Bainan gothor egonen da, zeren haren gothortzeko ahaldun baita Jainkoa.

        5. Alabainan batek egunen artean egunak berezten ditu; bertze batek berriz, oro bardintzat daduzkitza; zeinek bere ustearen arabera egin beza.

        6. Egunzale dena, Jainkoaren gatik da zale. Eta jaten duenak, Jaunaren gatik jaten du; ezen Jainkoari eskerrak bihurtzen diozka. Eta jaten ez duenak, Jaunaren gatik ez du jaten, eta harek ere eskerrak bihurtzen diozka Jainkoari.

        7. Alabainan gutarik nihor ez da bere arietan bizitzen, eta nihor ez da bere arietan hiltzen.

        8. Ezik, edo bizi gaitezen, eta Jaunaren ariaz gare bizitzen; edo hil gaitezen, eta Jaunaren ariaz gare hiltzen. Beraz, ala bizi, ala hil gaitezen, bethi Jaunarenak gare.

        9. Horren gatik alabainan hil eta biztu izan da Kristo, hilen eta bizien Jaun izateko.

        10. Zu beraz zer hari zare anaiaren juiatzen? edo zuk anaiari nolaz baiarik eratxikitzen diozu? Ezik Kristoren tribunalera agertzekoak gare guziak.

        11. Iskribatua da ezen. Ala ni! dio Jaunak, ene aitzinean lurra joko duela belhaun edozeinek; eta Jainkoari aithor, edozein mihik dioela bihurturen.

        12. Horreletan gutarik batbederak beretzat Jainkoari garbitasun emanen dio.

        13. Elkhar ez dezagun beraz gaurgero juia; bainan lehenago juia zazue, ez diozuela anaiari behaztopagailurik edo gaizbiderik aitzinerat eman behar.

        14. Badakit, eta Jesus Jaunaren arabera gerthu dadukat, deusere ez dela berenez arrontekorik; non-ez arronteko dadukanarentzat, harentzat dela arronteko.

        15. Bainan jaten duzunaren ariaz zure anaiak izaten badu atsekabe, etzabiltza geroztik karitatearen arabera. Jaten duzunaz ez gal haina, zeinarentzat hil izan baita Kristo.

        16. Ez bedi beraz gure ona elhe gaixtoen bidetan izan.

        17. Ezik Jainkoaren erresuma ez dago jan-edanetan; bainan-bai zuzenbidean, bakean eta Izpiritu sainduaren ganikako bozkarioan;

        18. Alabainan Kristo horreletan zerbitzatzen duena, Jainkoaren gogarako da eta gizonen aithorreko.

        19. Hargatik detzagun bilha bakeari datxikoten gauzak, eta batzuek bertzeen alderat begira detzagun onbideari dagozkionak.

        20. Jateko baten gatik ez urra Jainkoaren gana. Guziak, hala da, bardin xahu dire; bainan gaizbide emanez jaten duen gizonak, gaizki egiten du.

        21. Ongi da haragirik ez jatea, arnorik ez edatea, eta zure anaia behaztoparazten, edo gaizbidetan ematen, edo eritzen duenik deusere ez egitea.

        22. Fedearen jabe zare? zure baithan izan zazu Jainkoaren aitzinean: Dohatsu gizona, onhesten duen gauzaz bere burua kondenatzen ez duena.

        23. Bainan berezten, eta halere jaten badu, kondenatua da; zeren ez duen bere sinhestearen arabera egiten. Bada, sinhestearen araberako ez diren guziak, bekhatu dire.

 

XV. KAP.

        1. Hazkarrago garenek beraz, herbalen ahulkeriak jasan behar ditugu, eta ez gure gogarat egin.

        2. Ongian onbide emateko, zuetarik bakhotxak lagunari gogarat egin biozo.

        3. Alabainan ere kristo ez da bere gogarat egiten haritu, iskribatua den bezala: Zuri irainka hari zirenen irainak ene gainerat erori dire.

        4. Ezen iskribatuak diren guziak, gure argitzeko iskribatuak dire, Iskribuetarik dathorzkigun jasankortasunaren eta gozoaren bidez pheskizatsu izan gaitezen.

        5. Bada, jasankortasun eta gozakarietako Jainkoak demazuela elkharrekilako gozo hartzea Jesu-Kristoren arabera;

        6. Bihotz eta aho berez ohore bihur diozozuen Jainkoari, Jesu-Kristo gure Jaunaren aitari.

        7. Hargatik elkhar onhetsazue, Kristok ere Jainkoaren ohoretan onhetsi izan zaituzten bezala.

        8. Diot ezen Jesu-Kristo izan dela ingurebakien ministro, hekien arbasoei eginak ziren agintzen bethapenaz agerrarazteko Jainkoaren zintasuna.

        9. Jendaiak berriz, ohoratu behar dute Jainkoa, haren urrikalkortasunaren ariaz, iskribatua den bezala: Hargatik, Jauna, aithor bihurturen darotzut jendaien erdian, eta kantaturen dut zure izenaren ospatzeko.

        10. Eta errana da oraino: Jendaiak, boz zaitezte haren populuarekin.

        11. Eta oraino ere: Jendaiak, lauda zazue guziek Jauna, eta goretsazue populu guziek.

        12. Eta dio Isaiasek ere: Jeferen errotik ilkhiko da gando bat, eta jendaien gainean erreginatzera jaikiko denaren baithan idukiko dute jendaiek beren pheskiza.

        13. Bada igurikitzako Jainkoak bozkario guziez eta bakez bethe betzaiztzate zuen sinhestean; zuen baithan nasai ditezen igurikimena eta Izpiritu sainduaren ganikako indarra.

        14. Neroni berriz, segur naiz, anaiak, karitatez betheak zaretela, eta jakitate orotaz aberastuak, batak bertzea argi dezakezuen bezala.

        15. Halere, anaiak, horien orhoitzapenera zuen bihurrarazteko xedetan, ausarkixe bezala iskribatu darotzuet, Jainkoak eman izan darotan graziaren ariaz,

        16. Jesu-Kristoren ministro jendaien artean izateko, sainduetsiz Jainkoaren Ebanjelioa, jendaien eskaintza izan dadien onhetsia eta Izpiritu sainduaz sainduetsia.

        17. Jesu-Kristoren baithan dut beraz Jainkoaren begietako ospea.

        18. Ezen ez naiz ausartatzen deuseren aiphatzera Kristok ene bidez egin ez dituenez, ethorkortasunaren azpira jendaien biltzeko hitzaz eta eginkariez,

        19. Sendagailen eta mirakuluen indarraz, Izpiritu sainduaren eragintzari esker; haletan non, Jerusalemetik Iliriara, inguruan hedatu baitut Kristoren Ebanjelioa.

        20. Bada, huna nola erantzun dudan Ebanjelio hau: ez dut egin, Kristoren izena aiphatua zen tokietan, bertzeek arthiki asentuen gainean altxatzen ez haritzea gatik; bainan iskribatua den bezala:

        21. Haren berri izan ez dutenek ikhusiko dute, eta entzun ez dutenek adituren dute.

        22. Horra zerk askotan egin darotan poxelu, zuen ikhustera ethortzeko gogotan nintzelarik, eta trabatu nau orai arteo.

        23. Bainan orai gehiago ez baitut aurkhintza haukietan egoteko ariarik, eta aitzineko hainitz urthe haukietan zuen ganat ethortzeko lehietan bainaiz;

        24. Pheskiza badut ikhusiko zaituztedala Espainiarako bidaiari lothuko naizenean, eta harat lagunduko nauzuela, behin zuekin gozo aphur bat hartzen ahal badut.

        25. Orai beraz Jerusalemera abian naiz, sainduei laguntza zerbaiten egiteko.

        26. Ezen Mazedoniak eta Akaiak, Jerusalemen diren sainduen arteko beharrei laguntza aphur baten emateko xedea hartu dute.

        27. Hola izan dute gogarako, eta zor ere badiote. Alabainan hekien ontasun ispiritualetan phartedun egin badire paganoak, haukiek ere mendekoetarik laguntza eman behar diote.

        28. Gauza hori egin dukedanean beraz, eta hekiei erran den laguntza phartiturik, zuen baithan gaindi Espainiara goanen naiz.

        29. Badakit aldiz, zuen ganat ethortzean, Kristoren Ebanjelioko benedizionearen nasaizian ethorriko naizela.

        30. Othoizten zaituztet beraz, anaiak, Jesu-Kristo gure Jaunaz eta Izpiritu sainduaren ganikako karitateaz, lagunt nezazuen Jainkoari enetzat eginen diozkatzuen othoitzez,

        31. Judean diren fedegabekoen aztaparrei itzur nadien, eta Jerusalemen sainduek onhets dezaten ene laguntzen eskaintza;

        32. Gero zuen ganat, Jainkoaren nahiarekin, bozkariotan ethortzeko, eta zuekin gozo aphur baten hartzeko.

        33. Jainko bakezkoa berriz, zuekin ororekin izan bedi. Halabiz.

 

XVI. KAP.

        1. Gomendatzen darotzuet berriz, gure arreba Phebe, Zenkreako Elizaren zerbitzuan dena;

        2. Jaunaren izenean har dezazuen, sainduei dihoakioten bezala, eta lagunt dezazuen edozein egitekotan, zeintan baitu izanen zuen beharra; alabainan berak askori eta niri ere laguntza egin izan daroku.

        3. Ene izenean agur egiozuete Priskari eta Akilari, zeinek Jesu-Kristoren zerbitzuan lagundu izan bainaute

        4. (Ene biziarentzat beren buruak galbidetan ezarri dituzte; ez naiz bakharrik eskerrak hekiei bihurtzeko, bainan jendaietako Eliza guziak ere),

        5. Eta hekien etxeko Elizari. Agur egiozute Epeneto ene adiskide maiteari, zeina baita Asiako Elizaren pikaina Kristoren baithan.

        6. Agurrak Mariari, zeinak zuen artean nekhe handiak erabili baititu.

        7. Agurrak ene ahaide eta presondegiko lagun Andronikori eta Juniari, zeinak apostoluetan aiphatuak baitire, eta ni baino lehen Kristoren legean jarriak.

        8. Agurrak Anpliasi, Jaunaren baithan ene guziz maiteari.

        9. Agurrak Urbanoris Jesu-Kristoren, zerbitzuan ene laguntzaileari, eta Estakisi, ene maiteari.

        10. Agurrak Apelesi, Kristoren baithako prestuari.

        11. Agurrak Aristobuloren etxekoei. Agurrak ene ahaide Herodioni. Agurrak Narzisoren etxeko, Jaunarenak direnei.

        12. Agurrak Triphenari eta Triphosari; zeinek Jaunarentzat nekhe hartzen baitute. Agurrak Perfida maite-maiteari, zeina Jaunarentzat nekhe handitan sarthu baita.

        13. Agurrak Errufori, Jaunaren hautetsiari, eta haren amari, enea bezala dadukanari.

        14. Agurrak Asinkritori, Phlegoni, Hermasi, Patrobari, Hermesi, eta hekiekin diren anaiei.

        15. Agurrak Philologori eta Juliari, Nereori eta haren arrebari, eta Olinpiari, eta hekiekin diren saindu guziei.

        16. Musu saindu batez agur egizue elkharri. Kristoren Eliza guziek goraintziak igortzen darozkitzuete.

        17. Othoizten zaituztet bada, anaiak, zuek ikhasi duzuen irakhasmenaren kontra makhur eta gaizbide atheratzen hari direnei berautzue, eta hekietarik aldara zaitezte.

        18. Ezen horrelako jendeek, ez Kristo gure Jauna, bainan beren sabela zerbitzatzen dute; eta lainoak, beren elhe ezti eta legunkeriez balakatzen dituzte.

        19. Bada, orotan aiphatua da zuen ethorkortasuna. Bozten naiz beraz zuen ariaz. Bainan ikhusi nahi zaituztet ongiko jakintsun, eta laino gaizkiko.

        20. Bakezko Jainkoak berriz, laster zuen oin-petan leher beza Satan. Jesu-Kristo gure Jaunaren grazia zuekin izan bedi.

        21. Agur egiten darotzuete Timotheo ene lagunak, eta ene ahaide Luziok, Jasonek eta Sosipaterrek.

        22. Jaunaren izenean agur nik, Terziok, gutun hau iskribatu dudanak.

        23. Kaio ene arrotzak eta Eliza guziak agur. Erasto hiriko khutxazainak eta anaia Kuartok agur egiten darotzuete.

        24. Jesu-Kristo gure Jaunaren grazia zuekin ororekin izan bedi. Halabiz.

        25. Aldiz, ospe ahaldun denari zuen gogortzeko nik erantzuten ditudan Ebanjelio eta Jesu-Kristoren legean, egundainoko mendeetan gordea egonik, jendaia guzietan ezagutua den misterioaren agertzapenaren arabera

        26. (Zeina orai agertu baita profeten Iskrituren bidez, egundainotik Jainkoak manatu bezala, fedearen azpira guzien biltzeko);

        27. Jainko bakharrik zuhurrari, Jesu-Kristoren bidez, ospe eta ohore menderen mendetan. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa