www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

JAUN DONE PETRI APOSTOLUAREN
BIGARREN GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Simon Piarres, Jesu-Kristoren zerbitzari eta apostolua, guk bezala bardin fedea izan dutenei gure Jainko eta Salbatzaile Jesu-Kristoren zuzentasunari esker.

        2. Zuen baithan grazia eta bakea bethe ditezela Jainkoaren eta Jesu-Kristo gure Jaunaren ezagutzaren bidez.

        3. Haren jainkozko berthutearen dohain biziari, eta jainkotiartasunari dagozkioten guziak emanak zaizkigun bezala hainaren ezagutzaren bidez, zeinak deithu baikaitu bere ahal ospetsuaz,

        4. Eta zeinaren bidez Jainkoak eman baitarozkigu, guri aginduak ziren grazia guziz handi eta baliosak, hekien ariatik egin zaitezten jainkozko izantzan phartedun, ihes eginez munduko lehia tzarren galdukeriari;

        5. Zuek ere beraz artha osoa ekharriz, eratxikazue fedeari berthutea, berthuteari berriz jakitatea,

        6. Jakitateari berriz begirakortasuna, begirakortasunari berriz jainkotiartasuna,

        7. Jainkotiartasunari berriz anaiatiartasuna, anaiatiartasunari berriz karitatea.

        8. Horiek alabainan zuen baithan izaten eta gainditzen balin badire, zuetan ez dute hutsik utziko ez-eta fruiturik gabe Jaunaren ezagutza.

        9. Ezen horiek ez dituena, itsu bat da haztaka dabilana, eta leheneko bekhatuez nola garbitu den, ardurarik gabe ahanzten duena.

        10. Hargatik, anaiak, geroago eta gehiago berma zaitezte, eginkari onez seguratzera zuen deitpena eta hautespena; ezen hori eginez, nihoiz etzarete bekhaturat eroriko.

        11. Haletan ezik sartze zabala emanen zaitzue Jesu-Kristo gure Jaun eta Salbatzailearen bethiereko erresuman.

        12. Aria hortaz hariko natzaitzue bethi gauza horietaz orhoitarazten, nahiz argituak eta finkatuak zareten oraiko egian.

        13. Uste dut ordean ene eginbidea dela, olha hunen barnean nagoeno, orhoitzapen hortan zuek atzarriak idukitzea;

        14. Garbiki baitakit, Jesu-Kristo gure Jaunak ere ezagutarazi darotan bezala, laster utzi beharko dudala ene olha.

        15. Bainan artha hartuko dut, horietaz maiz orhoitzapen egin ahal dezazuen ni hil ondoan ere.

        16. Ez darozkitzuegu izatez, khondera eder zenbaiti jarraikiz ezagutarazi Jesu-Kristo gure Jaunaren botherea eta ethorpena; bainan geror haren ospearen ikhusle izanik.

        17. Ezen Jainko Aitaren ganik izan zuen ospe eta ohore, argizko hedoietik jautsi zenean hitz hau: Hau da ene Seme maitea, zeinaren baithan ezarri baitut ene gogo guzia; hau entzun zazue.

        18. Eta guk aditu ginduen zerutik atheratu zen mintzo hori, harekin mendi sainduaren gainean ginelarik.

        19. Eta badugu oraino profeten hitz hobea, zeinari ongi egiten baituzue begiratzea, lekhu ilhunean argitzen duen argiari bezala, eguna zabal, eta artizarra zuen bihotzetara ilkhi arteo,

        20. Lehenbizikorik burutan duzuelarik, Iskriturako edozein profezia ez dela atheratu duenaren burutik ethorria.

        21. Ezen beihalako profeziak ez dire gizonaren nahitik ethorri; bainan Jainkoaren gizon sainduak Izpiritu sainduaren eragintzaz dire mintzatu.

 

II. KAP.

        1. Bada, profetaizunak ere populuaren artean izatu dire, hala-nola izanen baitire zuen artean nausi gezurtiak, alde-banda galgarriak sorraraziko dituztenak; eta berak berrerosi dituen Jauna arnegatzen dute, beren gainera jautsarazten dutelarik xahupen lasterra.

        2. Eta asko jarraikiko dire hekien galdukeriei, eta halakoen ariaz burroztatua izanen da egiaren bidea;

        3. Eta beren jaramankerian zuetaz tratu eginen dute beren gezurrezko solasekin, bainan heldu da hekientzat aspaldidanik dagoen kondenamendua, eta ez dago lotan xahutuko dituen eskua.

        4. Jainkoak ezen guphidetsi ez baditu bekhaturat erori diren aingeruak, bainan lezerat arthiki baditu, ifernuko gatheetara igorririk estiratzera, juiamenduraino begiratuak izateko;

        5. Eta guphidetsi ez badu mundu zaharra, bainan zortzigarren begiratu badu Noe, justiziaren erantzulea, gaixtaginen munduaren gainerat erakharri zuenean uholdea;

        6. Eta herrautsetaratuz Sodomarren eta Gomorharren hiriak, xahupenera kondenatu baditu, tzarkerian ibiliko direnen ikhusgarri eginez;

        7. Eta itzurrarazi badu Loth prestua, hasgarri hekien irain eta bizi-molde itsusiak hesturan zadukatena;

        8. Begiak ezen eta beharriak xahu zituen egoten zenean gaixtagin hekiekin, zeinek egunetik egunera atsekabetan baitzadukaten arima zuzen hura;

        9. Jainkoak badaki gaitzetarik atheratzen jainkotiar direnak, eta berriz gaixtaginen idukitzen juiamenduko egunerakotzat, estiratuak izan ditezen;

        10. Gehienik ordean, haragiaren ondotik atsegin lohietan dabiltzanak, nausitasuna arbuiatzen dutenak, ozarrak, beren buruez hantuak, burho egileak eta heresien sorrarazteko beldur ez direnak;

        11. Noiz-eta-ere aingeruek, ahalez eta indarrez handiago diren arren, ez baitute elkharren kontra burhozko juiamendurik ekhartzen.

        12. Bainan haukiek, adimendugabeko abere batzu iduri, berenez harrapatuak izateko eta galtzeko sorthuak, ezagutzen ez dituzten gauzen kontra burhoka hariz, beren tzarkerian galduko dire,

        13. Izaten dutelarik beren gaixtakeriaren saria, egun bateko atsegina nihonereko gozotzat baitadukate, beren atseginetan khutsapen eta likhiskeriaz bethetzen baitire, zabarkeria guzietan sartzen baitire zuekilako bazkarietan,

        14. Begiak bertzeen emazteen ganako lehiaz betheak eta bekhatuzko ithurriak bezala baitituzte. Amainatzen dituzte izpiritu zuzikak; bihotza jaramankerian trebatua dute; madarizionezko umeak dire;

        15. Bide zuzena utziz, makhurtu dire, jarraikirik Balaami, Bosorren semeari, zeinak gozo hartu baitzioen tzarkeriaren sariari;

        16. Bainan azurriatua izan zen bere zorokeriatik, abere hezi mutuak, gizon bat bezala mintzaturik, sarrarazi baitzioen profetari bere erhokeria.

        17. Hekiek ur gabeko ithurriak dire, eta haize xirimolak derabilzkan lanho batzu, zeinentzat baitaude ilhunbe beltzak.

        18. Ezik beren espantu hutsalekin, haragiko irrits lizunez amainatzen dituzte, makhurrean bizi direnetarik berriki urrundu zirenak;

        19. Hekiei aginduz libertatea, berak galdukeriaren gathibu diren arren; ezik garhaitua dena, garhaitzailearen gathibu izaten ohi da.

        20. Alabainan baldin Jesu-Kristo gure Jaun eta Salbatzailearen ezagutzari esker behin atheratu badire munduko likhiskerietarik, eta berriz hekietan biribilkaturik garhaituak izaten badire, ondoko asturugaitzak lehenbizikoak baino areago egiten zaizkote.

        21. Ezik hobe zuketen ez balute zuzenbidea ezagutu, ezen-ez ezagutu ondoan gibelerat egitea emana zitzaioten lege saindutik.

        22. Bainan erran-zahar egiazko batek dioena gerthatu zaiote: Zakhurra bere goiti-eginera itzuli da; eta bertze hau: Urdea, garbitu ondoan itzuli da bere lohian ihauskatzera.

 

III. KAP.

        1. Huna bigarren gutuna iskribatzen darotzuedala, eta bietan atzar ematen diot zuen gogo zinari;

        2. Burutan iduk detzatzuen profeta sainduen ganikako hitz aitzinean aiphatu darozkitzuedanak, eta zuen apostoluenak, zeinak Salbatzaile Jaunaren manamenduak baitire.

        3. Jakizue behintzat, azken egunetan ethorriko direla zoratzaile amarrutsu batzu, beren zalekerien oldera ibiliko direnak,

        4. Diotelarik: Non da agintza, edo haren ethorpena? ezen heriotzeko loan sarthu direnaz geroztik lehenbiziko burhasoak, gauzek hola-hola diraute munduaren hastapenetik.

        5. Bainan ez dakite, hala nahi baitute, Jainkoaren hitzak egin zituela zeruak lehenik, eta lurra, uretik atheratua eta uraz dirauena;

        6. Hekiek galdu baitzuten urez estalirik orduko mundua.

        7. Bada, hitz berak idukitzen ditu oraiko zeru-lurrak, eta juiamenduko eta gaixtaginen xahupeneko eguneraino begiratuak dire, suz erreak izateko.

        8. Bainan, guziz maiteak, etzarete behar hau jakin gabe, Jaunaren aitzinean egun bat dela mila urthe bezala, eta mila urthe egun bat bezala.

        9. Jaunak bere agintzaren bethetzea ez du luzatzen, zenbaitek uste duten bezala; bainan ephez dago zuen alderat, ez nahiz gal dadien nihor, bainan guziak urrikitara itzul ditezen.

        10. Bada, ohoin bat iduri ethorriko da Jaunaren eguna; orduan karraska gaitzaren erdian goanen dire zeruak, suaren khaldak urraturen ditu gauzen geiak, eta erreko dire lurra eta hartan diren obrak oro.

        11. Horiek guziak xahutzekoak direnaz geroztik, nolakoak etzarete izan behar zuen bizitze saindu eta eginkari jainkotiarretan,

        12. Iguri zaudeztelarik eta lehian Jaunaren egunaren ethorpenari; noiz-eta-ere zeruak khaldan ezeztatuko baitire, eta suaren indarrak iraungiko baititu gauza guzien geiak?

        13. Guk bada, agintzen arabera igurikitzen ditugu zeru berriak eta lur berri bat, zeintan izanen baitu zuzentasunak bere egoitza.

        14. Hargatik, guziz maiteak, horien iguri zaudeztenaz geroztik, berma zaitezte Jaunaz aurkhituak izatera bakearekin, xahu eta baiarik gabe.

        15. Eta uste izan zazue Jaunaren luzakortasuna, zuen salbamenduari dagoela; Paulo gure anaia guziz maiteak, emana zaioen zuhurtziaren arabera iskribatu darotzuen bezala,

        16. Egiten ere duen bezala horietaz aiphatzen duen gutun guzietan, zeinetan baitire gauza batzu aditzeko gaitzak, jakitate gabeko gizon ergel zenbaitek beren galgarri makhurrerat itzultzen dituztenak, hala-nola bertze Iskriturak ere.

        17. Zuek beraz, anaiak, aitzinetik argituak baitzarete, begira zatzue zuen buruak, beldurrez-eta zoro hekien makhurrerat bildurik, eror zaitezten oraiko zuen sendotasunetik.

        18. Aitzitik grazian eta Jesu-Kristo gure Jaunaren eta Salbatzailearen ezagutzan aitzina zaitezte. Hari ospe orai eta bethiko egunean. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa