www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (III) - Testament Berria
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

JAUN DONE JOANES APOSTOLUAREN
LEHENBIZIKO GUTUNA

 

I. KAP.

        1. Hastapenetik izan dena, aditu duguna eta gure begiz ikhusi, begira egotu gatzaioena eta gure eskuek ukitu dutena, bizitzeko hitzaz;

        2. Ezen agertu da bizia bera, eta ikhusi dugu, eta lekhukotasun egiten diogu, eta erantzuten darotzuegu bethiereko bizia, Aitaren baithan zena, eta guri agertu zaikuna;

        3. Ikhusi eta aditu duguna erantzuten darotzuegu; zuek ere gurekin phartzunergoan izan zaitezten, eta gure phartzunergoa izan dadien Aitarekin eta haren Seme Jesu-Kristorekin batean.

        4. Eta hau iskribatzen darotzuetegu, boz zaiteztentzat, eta bethea izan dadien zuen bozkarioa.

        5. Eta hau da Jesu-Kristoren ganik entzun duguna, eta guk ere zuei erantzuten darotzueguna: Jainkoa argia dela, eta niholazko ilhunberik ez dela haren baithan.

        6. Eta erraten balin badugu harekin phartzunergoan garela, eta ilhunbetan ibilki, gezurrez mintzo gare, eta ez da gure ahoan egia.

        7. Bainan argian balin bagiltza, hura ere argian den bezala, elkharrekilako phartzunergoa badugu, eta Jesu-Kristo haren Semearen odolak bekhatu guzietarik garbitzen gaitu.

        8. Baldin erraten badugu bekhaturik ez dugula, enganatzen ditugu gure buruak, eta ez da gure baithan egia.

        9. Aithortzen baditugu gure bekhatuak, zina eta zuzena da Jainkoa, guri barkhatzeko gure bekhatuak eta gaizki orotarik gure garbitzeko.

        10. Erraten badugu ez dugula bekhaturik egin, gezurti egiten dugu Jainkoa, eta ez da gure baithan haren hitza.

 

II. KAP.

        1. Ene haurttoak, hau iskribatzen darotzuet, ez dezazuen bekhaturik egin. Bainan norbaitek bekhatu egin baleza ere, Aitaren aitzinean badugu ararteko bat, Jesu-Kristo justu dena;

        2. Eta hura da gure bekhatuentzat jabalpeneko bitima; ez ezik bada, gureentzat bakharrik, bainan mundu guziarenentzat ere.

        3. Eta huntarik dakigu ezagutzen dugula, baldinetaria haren manamenduak idukitzen baditugu.

        4. Nork-ere baitio ezagutzen duela, eta haren manamenduak ez begiratzen, gezurti bat da, eta hortan egiarik ez da.

        5. Norbaitek ordean begiratzen badu haren hitza, hortan da egiazki oso Jainkoaren ganako amodioa; eta hortarik ezagutzen dugu haren baithan garela.

        6. Zeinak-ere baitio haren baithan dagoela, haina ere, hura dabilan bezala behar da ibili.

        7. Guziz maiteak, ez darotzuet manamendu berri bat iskribatzen, bainan manamendu zaharra, hastetik izatu duzuena; manamendu zaharra, aditu duzuen hitza da.

        8. Guzia gatik manamendu berria iskribatzen darotzuet, haren eta zuen baithan egia dena, zeren ilhunbeak iragan baitire, eta egiazko argiak oraikoz argitzen baitu.

        9. Nork-ere baitio argian dela, eta bere anaia higuin izaki, haina ilhunbeetan da oraidino.

        10. Nork-ere maite baitu bere anaia, haina argian dago, eta behaztopabiderik ez da haren baithan.

        11. Bainan nork-ere higuin baitu bere anaia, ilhunbetan da haina, eta ilhunbetan dabila, eta ez daki norat dohan, zeren ilhunbeek itsutu baitiozkate begiak.

        12. Haurttoak, iskribatzen darotzuet, zeren-eta Jesu-Kristoren izenean barkhatuak baitzaizkitzue bekhatuak.

        13. Aitak, zuei iskribatzen darotzuet, ezagutu duzuelakoz hastapenetik dena. Gizon gaztettoak, zuei iskribatzen darotzuet, zeren garhaitu duzuen izpiritu gaixtoa.

        14. Haurrak, zuei iskribatzen darotzuet, zeren ezagutu duzuen Aita. Gizon gazteak, zuei iskribatzen darotzuet, hazkarrak zaretelakoz, eta zuen baithan dagoelakoz Jainkoaren hitza, eta garhaitu duzuelakoz izpiritu gaixtoa.

        15. Ez maitha mundua, ez-eta munduan diren gauzak. Norbaitek maite badu mundua, Aitarentzateko amodioa ez dago haren baithan;

        16. Ezen munduan den guzia da, edo haragiaren zalekeria, edo begien zalekeria, edo biziko hanpuruskeria; horiek ez dire Aitaren ganikakoak, bainan mundutikakoak.

        17. Eta iragaiten dire mundua eta hartako zalekeriak. Bainan Jainkoaren nahia egiten duenak, bethiraino badirau.

        18. Haurttoak, hau da azken ordua; eta nola aditu baituzue heldu dela antekristo, oraidanik ere atheratu da antekristo bat baino gehiago, hortarik dakigu azken ordua dela.

        19. Guthartetik ilkhi dire, bainan etziren gutarikakoak. Ezen gutarikakoak izan balire, gurekin egotu zitezkeen; bainan hola da, ageri izan zadien ez direla guziak gutarikakoak.

        20. Zuek ordean Sainduaren ganik izatu duzue gantzudura, eta orotaz jakintsun zarete.

        21. Ez darotzuet egia ezagutzen ez dutenei bezala iskribatu, bainan-bai dakitenei bezala; eta dakizuelakoz, egiatik ez dela den-gutieneko gezurrik atheratzen.

        22. Nor da gezurti, non ez Jesus Kristo dela ukhatzen duena? Baina da antekristo, zeinak ukhatzen baititu Aita eta Semea.

        23. Nork-ere ukhatzen baitu Semea, Aitaren baithan eta sinhesterik ez du; Semea aithortzen duenak, sinhesten du Aitaren baithan ere.

        24. Hastetik aditu duzuena zuen baithan egon bedi. Zuen baithan egoten bada hastetik aditu duzuena, zuek ere Semearen eta Aitaren baithan egonen zarete.

        25. Eta hau da berak egin darokun agintza, bethiereko bizia.

        26. Horra zer iskribatzen darotzuedan, zuen amainatzen dabiltzanen gainean.

        27. Eta zuek haren ganik izan duzuen gantzudura, zuen baithan egon bedi. Eta ez duzue beharrik nihork irakhats dezazuen; bainan haren gantzudurak orotaz argitzen zaituzteten bezala, eta egiazkoa baita, eta ez gezurrezkoa; zer-ere irakhatsi baitarotzuete, hartan zaudezte.

        28. Eta orai, ene haurttoak, haren baithan egon zaitezte; hura agertuko denean, gogoa on izan dezagun, eta ez gaitzan, ethorriko denean, ahalketan ezar.

        29. Balin badakizue zuzena dela, jakizue zuzenbidean dabilana ere, haren ganik dela sorthua.

 

III. KAP.

        1. Ikhusazue zer amodioa Aitak ixuri duen gure gainera, guri emateraino Jainkoaren umeen izena, eta hala ere izan gintezen. Hargatik ez gaitu ezagutzen munduak, zeren ez baitu hura ere ezagutzen.

        2. Guziz maiteak, orai gure Jainkoaren unie; eta zer izanen garen, ez da oraino ageri. Badakigu hura agertuko denean, haren iduriko izanen garela, den bezala ikhusiren baitugu.

        3. Eta igurikimen hori duena, saindutzen da, hura bera ere saindu den bezala.

        4. Nork-ere bekhatu egiten baitu, legea hausten du; ezen bekhatua, lege haustea da.

        5. Badakizue Jainkoa agertu dela gure bekhatuen hartzeko, eta haren baithan bekhaturik ez da.

        6. Haren baithan dagoenak ez du bekhaturik egiten; eta bekhatu egiten duenak ez du ikhusi hura, eta ez du ezagutu.

        7. Haurttoak, berautzue nihork engana. Zuzenbidean dabilana, zuzena da, hura ere zuzena den bezala.

        8. Bekhatu egilea, debruaren umea da; zeren debruak hastedanik egiten baitu bekhatu. Debruaren lanen urratzeko agertu da Jainkoaren Semea.

        9. Jainkoaren ganik sorthu denak ez du bekhaturik egiten, haren baithan gelditzen delakoz Jainkoaren hazia; eta bekhaturik egin ez dezake, zeren den Jainkoaren ganik sorthua.

        10. Hortan dire ezagun Jainkoaren umeak eta debruaren umeak. Zuzena ez den edozein, ez da Jainkoaren ganikako, ez-eta bere anaia maite ez duena ere;

        11. Hau da ezen hastetik aditu duzuen erantzupena, maitha dezazuen elkhar.

        12. Ez egin Kainek bezala, zeina debruaren ganikakoa baitzen, eta hil baitzuen bere anaia. Eta zergatik hil zuen? Zeren berak eginkari tzarrak baitzituen, anaiak berriz onak.

        13. Anaiak, ez harri higuin balin bazaituzte munduak.

        14. Guk badakigu heriotzetik bizitzera iraganak garela, zeren maite baititugu anaiak. Maithatzaile ez dena, heriotzean egoten da.

        15. Bere anaiaren gaitzeste dena, gizon hiltzaile da. Eta badakizue gizon hiltzailerik ez dela, bethiereko bizitzea bere baithan duenik.

        16. Huntan ezagutu dugu Jainkoaren amodioa, harek guretzat eman baitu bere bizia, eta guk ere gure anaientzat eman behar ditugu gure biziak.

        17. Norbaitek mundu huntako ontasunetarik izaki, eta bere anaia beharretan ikhusten, eta hertsiko badio bere bihotza, hainaren baithan nola egonen da Jainkoaren amodioa?

        18. Ene haurttoak, ez dezagun maitha hitzez eta mihiz, bainan eginkariz eta zintasunean.

        19. Hortarik ezagutzen dugu, eta gure bihotzei Jainkoaren aitzinean seguramendua harrarazten diotegu egiaren umeak garela.

        20. Alabainan jazartzen badaroku gure bihotzak, Jainkoa gure bihotza baino handiagoa da, eta badakizki gauza guziak.

        21. Guziz maiteak, ez badaroku gure bihotzak jazartzen, fidantziarekin gogoan gaitezke Jainkoaren ganat;

        22. Eta edozein gauza galda dezagun, ardietsiko dugu haren ganik; zaintzen ditugulakoz haren manamenduak, eta egiten haren aitzinean gogaragarri diren gauzak.

        23. Eta hau da haren manamendua: Jesu-Kristo haren Semearen izenean eman dezagun sinheste, eta elkhar maitha, manatu darokun bezala.

        24. Eta Jainkoaren manamenduak zaintzen dituena, Jainkoaren baithan dago, eta Jainkoa hainaren baithan; eta hortan eman darokun Izpirituaren ganik ezagutzen dugu gure baithan dagoela.

 

IV. KAP.

        1. Guziz maiteak, edozein izpirituri sinhesterik ez eman, bainan frogazatzue izpirituak hean Jainkoaren ganikakoak diren; ezik profetaizun asko ilkhi dire mundura.

        2. Huntarik ezagutzen da Jainkoaren ganikako izpiritua: edozein izpirituk aithor dezan Jesu-Kristo haragitan ethorri dela, Jainkoaren ganikakoa da;

        3. Eta edozeinek berezkuntza zerbait egin dezan Jesusen baithan, hura ez da Jainkoaren ganikakoa, eta hura da antekristo, zeintaz adituak baitzarete heldu dela, eta oraikoz munduan da.

        4. Ene haurttoak, zuek Jainkoaren ganikakoak zarete, eta garhaitu duzue antekristo, zeren den handiagoa zuen baithan dena, munduan dena baino.

        5. Mundutikakoak dire hekiei; hargatik-ere munduko hizkuntzaz dire mintzo, eta entzuten ditu munduak.

        6. Gu, Jainkoaren ganikakoak gare. Jainkoa ezagutzen duenak, entzuten gaitu gu; Jainkoaren ganikakoa ez denak, ez gaitu entzuten; hortarik ezagutzen ditugu egiatikako izpiritua eta gezurretikakoa.

        7. Guziz maiteak, elkhar dezagun maitha, zeren Jainkoaren ganikakoa baita amodioa. Eta edozein izan dadien maithatzaile, haina Jainkoaren ganik sorthua da, eta ezagutzen du Jainkoa.

        8. Ez denak maithatzaile, ez du ezagutzen Jainkoa, amodio da ezen Jainkoa.

        9. Huntan agertu da Jainkoaren guretzateko amodioa, zeren Jainkoak mundura igorri baitu bere Seme bakharra, haren bidez bizi gaitezentzat.

        10. Eta huntan datza amodio hori, ez guk maithatu dugulakoan Jainkoa, bainan harek gu lehenik maithatu, eta bere Semea gure bekhatuentzat bitima jabalgarri bidali izan baitu.

        11. Guziz maiteak, Jainkoak horrela maithatu izan bagaitu, guk ere elkhar maithatu behar dugu.

        12. Egundaino nihork ez du ikhusi Jainkoa. Baldin elkhar maithatzen badugu, gure baithan dago Jainkoa, eta osoa da gure baithan Jainkoaren amodioa.

        13. Eta huntarik ezagutzen dugu, Jainkoaren baithan gaudezela, eta hura gure baithan, zeren bere Izpiritutik eman izan baiaroku.

        14. Eta guk ikhusi eta lekhukotasun bihurtzen dugu, Jainkoak bere Semea munduaren Salbatzailetzat igorri duela.

        15. Edozeinek aithor dezan Jainkoaren Seme dela Jesus, haren baithan dago Jainkoa eta hura Jainkoaren baithan.

        16. Eta guk ezagutu eta sinhetsi dugu Jainkoak guretzat duen amodioa. Amodio da Jainkoa; eta amodioan dagoena, Jainkoaren baithan dago, eta Jainkoa haren baithan.

        17. Huntan da oso gure baithan Jainkoaren amodioa; fidantziaz betheak garenean juiamenduko egunekotzat, hura bera den bezalakoak garelakoz gu ere mundu huntan.

        18. Beldurra ez dabila amodioarekin, bainan amodio osoak kanporat igortzen du beldurra; ezen beldurra ez da gogoan-beharrik gabe; eta beldur dena ez da perfet amodioan.

        19. Maitha dezagun beraz Jainkoa, Jainkoak lehenik maithatu gaituenaz geroztik.

        20. Norbaitek erraten badu: Maite dut Jainkoa; eta higuin badu bere anaia, gezurti bat da. Ezen ikhusten duen anaia maite ez duenak, nola maitha dezake ikhusten ez duen Jainkoa?

        21. Eta Jainkoaren ganik dugu manamendu hau: Jainkoa maite duenak, maitha beza bere anaia ere.

 

V. KAP.

        1. Edozeinek sinhets dezan Jesus Kristo dela, Jainkoaren ganik sorthua da. Eta nork-ere aita maite baitu, haren ganik sorthua dena ere maite du.

        2. Maite ditugula Jainkoaren umeak, huntan ezagutzen dugu: Jainkoa maithatzen, eta haren manamenduak bethetzen ditugunean.

        3. Ezen halakoa da Jainkoaren amodioa, non haren manamenduak zaintzen baititugu; eta ez dire gaitzak haren manamenduak.

        4. Alabainan Jainkoaren ganik sorthuak diren guziek, garhaitzen dute mundua; eta gure fedea da munduari garhaizia hori eramaten dioena.

        5. Nor da munduaren garhaitzaile, non ez haina, zeinak Jesus Jainkoaren Semea dela sinhesten baitu?

        6. Jesu-Kristo hura bera da, zeina urarekin eta odolarekin ethorri baita; ez bakharrik urarekin, bainan urarekin eta odolarekin. Eta Kristo egia dela, Izpirituak egiten du lekhukotasun.

        7. Ezen hirur dire lekhukotasun egiten dutenak zeruan: Aita, Hitza eta Izpiritu saindua; eta hirur haukiek bat dire.

        8. Eta hirur dire lekhukotasun egiten dutenak lurrean: Izpiritua, ura eta odola; eta hirur horiek bat dire.

        9. On hartzen badugu gizonen lekhukotasuna, Jainkoaren lekhukotasuna handiagoa da; eta lekhukotasun handiena den hori da Jainkoak bere Semeari bihurtu dioena,

        10. Jainkoaren Semearen baithan nork-ere baitu sinhesten, hainak bere baithan du Jainkoaren lekhukotasuna. Semeari sinheste ematen ez dioenak, Jainkoa egiten du gezurti, zeren ez baitu sinhesten Jainkoak bere Semeaz egin duen lekhukotasuna.

        11. Eta hau da lekhukotasuna, baizik-ere Jainkoak eman darokula bethiereko bizitzea. Eta haren Semearen baithan datza bizitze hura.

        12. Semea dadukanak, bizitzea daduka; Semea ez dadukanak, ez daduka bizitzea.

        13. Horiek iskribatzen darozkitzuet, jakin dezazuen Jainkoaren Semearen baithan sinhesten duzuenek baduzuela bethiereko bizitzea.

        14. Eta huna zer fidantzia dugun Jainkoaren baithan: Haren nahiaren araberako edozein gauza galdegin diozogun, entzuten gaituela orotan.

        15. Eta badakigu entzunen gaituela galdatuko ditugun gauza guzietan, zeren ardietsi baititugu egin diozkagun galde guziak.

        16. Norbaitek balin badaki bere anaiak egin duela heriotzera ez daraman bekhatu bat, galda beza, eta heriotzera ez daraman bekhatua egin duenari emanen zaio bizia. Bada heriotzera daraman bekhatua ez dut erraten harentzat behar dela othoitz egin.

        17. Edozein gaizki, bekhatu da; bainan bada heriotzera daraman bekhatua.

        18. Badakigu ez dela bekhaturatzen Jainkoaren ganik sorthua dena; bainan Jainkoaren ganik iraulgi izateak zaintzen du eta izpiritu gaixtoak ez du ukitzen.

        19. Badakigu Jainkoaren ganikakoak garela, eta mundu guzia izpiritu gaixtoaren azpiko dela.

        20. Badakigu ere ethorri dela Jainkoaren Semea, eta adimendua eman darokula, ezagut dezagun egiazko Jainkoa, eta bizi gaitezen haren egiazko Semearen baithan. Hura da egiazko Jainkoa eta bethiereko bizitzea.

        21. Ene haurttoak, jainko-moldeetarik begira zaitezte. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa