MANTEROLAREN ERIOTZEA
On Antonio Arzac jaunari
Jatsi zakidaz euskaldun musa gozo eztia,
Edo jaso neu oraiñ Parnaso alderontza,
Soñutu daidan Apolok emon eustan liria.
Negar egiñaz euskaldun baten eriotza.
Negar artean kantau dagidan bere bizia,
Kantau dagidan jaditxi eban garaipena,
Kantau dagidan, oraiñ gozetan daben gloria,
Kantau dagidan bere betiko oroipena.
Kantau dagidan, umantak bizi arren goietan,
Kantau dagidan, baita dirala beian bizi,
Kantau dagidan, naiz lurrean ta, naiz zeruetan
Toki bietan oi deuskuela egiñ argi.
Kantau dagidan, baten argia eldu jatala,
Baten errañu, saeta zorrotz bat lakua,
Osterantzean, zelan aurkitu nindeke bada,
Berez gogora datorkidala itz neurtua?
Egi egiaz isurten dabez ona ta ara,
Eguzkiaren antzeko tximist garrezkoak,
Baña ez dira iñok gordetan aren erara,
Iñoz ez ditu bere gu legez, artzen loak.
Areek dagoz zañ, beti zoli ta iratzarriak,
Beti gloriaz eta bertsozko kantuetan,
Beti otseztiz an bizi dira biursariak,
Etorkiaren Iturburua alabetan.
Ze pensamentu goratu eta Jaungoikozkuak
Antxe jakezan errez burura eratsitzen!
Ez dituanak sekula bere adimentuak
Beeko gauzetan orren arira billatuten.
Baña atarako bear da igo Olinpo baño
Askoz gorago dan mendi baten txuntxurrera,
Ezarriteko begiak ondo andik beerago,
Mundu, Illargi, izarrak eta Eguzkira.
Eta oraindik goruntza barriz begiraturik
Zeñ zurgarri dan euren Egilla dan Jehoba!
Nori aro ta eskuetako palmak etzunik,
Itzalez egin oi deutsezan txit umil opa.
Apolok baño lira obeak deutsez soñutzen,
Homerok baño bertso obeak bere bota,
Berba ederrez Zizeron dabe atzeratuten,
Jakituriaz Salomon izten zapalduta.
Zelako toki zoragarria egatu eban!
Usoa legez sotil izan zan arimeak,
Bere egoak astinduagaz uts-urdiñean,
Billatu arte atsegiñ, gozo, poz beteak.
Zelako pozik! a! elduko zan Iratargira!
Ta pozagorik andik urrengo Eguzkira,
Askoz pozago izar argiak beian itxita,
Argiago ta pozgarriago dan Tokira.
Baña gu emen deslai itxirik umezurtz gisan,
Ama gaixorik daukagunaren albotxuan,
Zergaitik bada gure burua orrelan ill zan?
Ez al ekian zelan jareiten gu ginduan?
Ez al ekian bizitzearen loran joiala
Gizonak daukan aldikadarik onenean?
Ez al ekian zeruraturik oraindik ala
Gaixorik Ama izten ebala gaur lurrean?
Ez al ekian zala argi ta zala izarra?
Zala maexu bat legez guretzat, ez ekian?
Errañuz zabal mundu guztira aurkitzen zala
Zergaitik largau ete ginduzan illunian?
Ez al ekian itxasgizona orratzik baga
Aurkitzen dala beti itsuan, beti larri?
Ez al ekian armadan nausi iñor ezpada,
Galdu oi dala burrukaldia guztiz sarri?
Baña. urakan gogorrak oi dauz zugatzak ausi,
Eta alantxe esetsi eutsan gatx dongeak,
Aretx gaztea izanagaitik lurrera jausi,
Eragin eutsan urratuagaz suster meak.
Eriotzeak iruntsi eban, o barri miña!
Eta arrezkero gaixorik nago biotzian,
Azturik kantu poztugarriak daukat zotiña,
Daukat torapil, mingotz, estu bat eztarrian.
Ill zala bada, irakurten dot nik aspaldian,
Euskaldun neurtitz ta moldaera samurretan,
«Ill zan» diñoe eskribitzallak berba larrian,
«Ill zan» malkozko letrakaz dakust paperetan.
«Ill zan» baña, nor itanduten dot ill jakun bada?
Ill zala negar malko tantakaz ipinteko?
Ill bazan bere, ez ete dago ill egin zana
Ill ez danen bat bere utsunan betetako?
Ill zan, betiko gure Amaren osatzallea.
Ill zan Euskera gura ebana sendo jarri,
Ama osatu baño lenago eriotzea,
Etorri jako, o zorigatxa semeari!
Ill zalako gaur, orra tristerik gure sortitza!
Ill zan gorputza aurkietan da obipean,
Bere arimak zeru goietan dauka bizitza,
Bere izenak euskaldun danen biotzean.
Illunik dago baltzez jantzirik Euskalerria,
Ill jaiolako semerik oneen Manterola!
Naibageturik gaur ikusten dot Ama maitia!
Ezin da poztu! ezin bizkortu au iñola!
O Manterola! deiez dagotzu Ama Euskera.
Eskatzen deutsu zeru altura anparua,
Bialdu arren egiozu gaur ortik lurrera,
Osagarri bat egogi eta adjutua.
Bialdu-yozu ortik indar ta sendotasuna,
Onek lurrean munduak aña iraun daian,
Gorde daiogun guk bere zure semetasuna,
Maitatu daigun zure antzera beti leial.
|