KOSME DAMIAN TXURRUKA ITXAS-GIZON UMANTARI DAGOKION OÑ-ALKIA
Gipuzkoako euskeran
Saritua izan zan Donostian 1881an
Ez da egia gizaldi askok
Zura dutela usteltzen,
Ez da ziurra urteak ere
Gaztea dutela zartzen,
Ez da jakiña gure bizitza
Denborak duela aitutzen,
Eta umantak beti bizirik
Nola ditugu ikusten?
Gizon txikien egiñ guztiak
Kia bezelaxen berdiñ,
Eriotzak putz egiñ orduko
Oi ditu denak desegiñ;
Umant argien azaiñ aundirik
Denborak nun ta noiz du ill?
Noiz eriotzak burrukatzeko
Biotzik dauka oiekiñ?
Nola zanpatzen duten umantak
Oñ-alki galant ederra,
Beren azaiñak zanpatu zuten
Eriotz zital okerra;
Illunduko onek aixago luke
Egun setiko izarra,
Itzali baño gizon ospatsu
Eta umanten izena.
Umant andiak nola dituan
Ainbeste Euskal-erriak,
Gaur alabatu gura nituke
Baten bertute argiak;
Milla ta aundiak badira ere
Emengo aitz zeiñ mendiak,
Dira geiago ta aundiagoak
Seme txit miragarriak.
Beraz, ez aite Arno i ere,
Ez aite izan aiñ arrua,
Ainbesterako altxaturikan
Lerden lerdenik burua;
Seme bat badek ire errian
Askozaz altuagoa,
Zeiñen oñ-alki, gaur ipintzeko
Ez aut billatzen naikoa.
Motrikok dauzakn mugen artean
I aiz txit errez barrutzen,
Kosme Txurrukak leku gaiego
Ordea ziguk eskatzen;
Erria ez ezik erresuma bat
Ez diat diña billatzen,
Bere izena nijoalako
Mundu guztian zabaltzen.
Apolo zure laguntasuna
Ederki letorkit emen,
Bial zadazu musa eder bat
Argitutzera gaur arren;
Baztar danetan nere kantua
Gozoro adi dezaten
Eta euskaldun umant batekiñ
Arri ta zurtu ditezen.
Zurtu ditezen txikiak oso,
Zurtu ditezen aundiak,
Zurtu ditezen gizon illunak,
Zurtu ditezen argiak;
Zurtu ditezen denak guztiak,
Enztunik bertute aundiak,
Gipuzkoako seme ernai baten
Guztizko miragarriak.
Miragarriak dirala guztiz
Esaten ez det lotsarik,
Probatzeko ere itztxo bi baño
Ez ditut bear besterik;
Mundu gztiak ikusi beza
Ote diodan gezurrik,
Ote diodan Txurrukagatik
Izan du ez dan gauzarik.
Nun da bestela itxas-gauzetan
Nun da onekin berdiña?
Nun da Txurrukak aiña lan aundi
Nun da beste bat egiña?
Nun armari ta buruzaririk?
Nun au lako mapagiña?
Nun izkribatzen, nun arkitzenda
Nun Kosme beziñ bikaiña?
Ez det billatzen liburuetan
Bat jartzekorik onduan,
Ez det billatzen ainbeste doaiz
Jantzirik onen moduan;
Ez det billatzen gaurkuan,
Ez det topatzen, ez det arkitzen
Iñortxo ere munduan.
Bakar bakarrik billatutzen det
Kosme Txurruka aundia,
Bakar bakarrik topatutzen det
Doai danakin jantzia,
Bakarrik nola izar danetan
Argien dan Eguzkia,
Kosme ere da itxas-gizonen
Umant danetan nausia.
Kondairak kanta beza nai badu
Ill zala gure umanta,
Irabazirik Trafalgarreko
Jazarran toki galanta;
Kantatuko det baña nik beti,
Ori orrela ez dala,
Koroi ederra gozatzera igo
Zuela zeruetara.
Kantatuko det bizi zaigula,
Gizon aiñ miragarria,
Kantatuko det bere bizia
Dala eziñ ilgarria;
Kantatuko det bizitza ori
Dala umanten saria,
Umant artean zeruan berriz
Dala Txurruka jarria.
Oh! Kosme, jaso albanizuke
Gaur nai nukean dorria!
Itxasoaren erdi erdian
Olimpo beziñ aundia!
Bere gañean ikuste arren
Altasunez zu jarria,
Zeradelako España baten
Seme aiñ onragarria.
Orrelakoxe jargoi eder bat
Zerorrek dezu merezi,
Arrigarrizko bertute oiekin
Dezulako irabatzi,
Mundu danari beatz onekin
Zatzaiodan erakutsi,
Oiuz esanaz ara an! Txurruka,
Nun jarri dedan ikusi.
|