LAUBURUAGAZ LAURAK BAT
Saritua izan zan 1883an Euskalerriako Alkartadeak
Esan daiala Eguzki orrek
Esango ezpaneu ondo nik
Ondra aundian lau Ama Aizta
Beti euskeldun izanik,
Ea ibilli diran sekula
Lotsaz begiak baturik,
Ta alargun triste batzuen gisan
Buruak baltzez jantzirik.
Gaur arte joan bajakez bere
Asko gizaldi luziak,
Millaka aldiz uda eder ta
Negu ekatxez betiak,
Badakiz bere Eguzki orrek,
Oneen gertaldi guztiak,
Esan bekigu gaur noz izan diran
Onelako añ tristiak.
Baña badakit gaur bestekorik
Ez dituala ikusi,
Ez diralako lau Ama aiztok
Sekula onelan bizi;
Ez diralako jaio ezkero
Iñoz aurkitu añ gaizki,
Ez dabelako erbestekorik
Emen ezautu nagusi.
Etxeko-andra bazter onetan
Eurok beti izan zirean,
Aginpiderik ez eutselako
Bestek arrapau etxean;
Munduan ziran lau Aiztok bizi
Laurok bakarrik zorioneko
Zirala diñot lurrean.
Laurok bakarrik ziran doatsu
Egiaz mundu onetan
Baña orra gaur otseiñak legez
Erdeldunei serbietan
Onen lege ta erabagiai
Indarrez obedietan
O zorigatxa! semeak barriz
Soldadu deutsez tratetan.
Edan eziñda garraztasunok,
Urratu dabez zapiak,
Beti buruan ekarrezanak
Edurra legez zuriak,
Mundu guztian baziran bere
Aiztok ezagungarriak,
Nok esango dau gaur direala
Euskaldun garbi garbiak?
Nok esango dau leenak dirala
Gipuzkoa ta Bizkaia?
Nok esango dau lengoak eurak
Naparroa ta Araba?
Nok baña ez daki, Euskera Amaren
Alaba ederrak dirala,
Ta euren ondrea illunduteko
Baliau dala indarra?
Orregatiño zaill eta gogor
Dagoz euskeldun fedean,
Laurok begiak josirik daukez
Zintzo Lauburu zarrean:
Laurok biotzak loturik barriz
Sendo korapill batean,
Juramentaurik ez banatzeko
Lurrak dirauan artean.
Errazoerik aundienagaz
Laurak-bat oi jake deitu,
Fede bat zaintzen direalako
Beti biziro saiatu;
Lauburugaz zaill laurak batera
Ekiñik ill edo goitu,
Areriorik indartsuenak
Egin zituen apurtu.
Alperrik eben etsai arroak
Pentsetan zirala artzak,
Euskal-erriko semeak gaitik
Barriz zirala bildotsak;
Ustelak baña urten jakezan
Asmo, eretxi, ta amesak,
Euren odolaz egiñik emen
Jan ziralako buskentzak.
Zergaitik beti sartzen zirean
Gure asabak batera,
Euren bandera jasorik gora
Arerioen artera,
Aukeran ezin biziko ziran
Erri onetan bestela
Izan balitza euren odola
Gurea legez epela.
Ez dago bada beste biderik
Ezpda eureen bandera,
Ez dago beste salbagarririk
Utsik Lauburu ederra;
Baldin badogu auxe jasoten
Neure anaiak batera,
Orañdik emen lenago legez
Doatsu izango gera.
Baña bestelan bildur bearko
Dogu anaia neuriak,
Lauburu dogu euskeldun utsa
Erdeldun dira bestiak;
Dirala erdeldun guretzat diñot
Enparau guzti guztiak,
Ez ebelako besterik jaso
Iñoz asaba maitiak.
Bandera auxe agaitik dakust
Emen ainbeste tokitan,
Mendi, atx, txuntxur kanpantorre ta
Jauregi zar gallurretan;
Bandera auxe ondra aundian
Gorde dabe lur onetan,
Lau Ama aiztok jaio ezkero
Dingilizka bularretan.
Bandera oni eusten badeuste
Aurreruntz bene benetan,
Bandera auxe jarten badeutse
Erdeldunai begietan;
Bandera auxe guk bere danok
Badabilgu biotzetan,
Zapi zuriak laster jantziko
Amok dabez buruetan.
Bandera auxe dakust azkenez
Gure Arbola gañean,
Arren euskeldun dan danok batu
Gakiozan gaur oñean;
Eta kantasu danok batera
Geure berbeta ederrean
Entzun daiguen ikaratuaz
Mundu guztian danean.
Gora Bizkaia! gora Gipuzkoa!
Naparroa ta Araba!
Laurok genduzan eskubideen
Besteren eske ez gara;
Eta azkenez gora Lauburu!
Euskel-erriko bandera,
Beragaz geure Foru maiteak
Biztuko doguz atzera.
|