www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. José Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

GERNIKAKO ARBOLEARI

 

                Saritua izan zan 1886an Durangon

 

Ez dot kantauko gizonak nozbait dabela ezautzen

Ez dala emen biotzarentzat poz osorik,

Ez dot kantauko gazteen lora zororik bere

Begi txit baten dagozalako iragorik,

Ez dot kantauko barri onaren lekuan oraiñ

Aiseak egan dakartazala ots tristeak,

Ez ta aisea bera duiñ ariñ doatazala

Eni egunak, asteak, illak zein urteak.

 

Enoa bere jasotera gaur Euskal-erriko

Gizon andien doe argi ta birtuterik,

Gizaldioro dagoalako berau umantez,

Atx eta mendiz dagoan legez apaindurik.

 

Nok zeatz kontau zenbat gerrari leor ta urez?

Zenbat lumadun eskribatzalla aiñ entzunak?

Zenbat laugin on kantari eta musika zale

Edozetara nausi direan euskaldunak?

 

Ez dot bere nai begi biok gaur eukiagaitik

Atsekabeen atsekabakaz negar baga,

Ez dot joko euskeldun lirau sentimentuzko

Otsakaz triste iñor jarteko ustez bada;

Ez da ori ez lira onegaz egun onetan,

Eregiteko gogoan dodan jasogeia,

Gaur dot niretzat eregigarri Euskal-errian

Oraindik zutik ikusten dodan Arbolia;

Kantau nai deutzut; zuri bai zuri Abe bizia

Zugatz danetan zu zareala Erregea,

Kantau nai deutzut zu zareala Euskeldun lurra,

Apaintzen dozun gomutagarri eskergea.

 

Zarealako bazter onetan gorde dozuna,

Erri bat zure kerizpeagaz aiñ librea,

Zeure semeak mendi ta atxez or eutselako

Arerioari beti itxiten arratea,

Paradisuan egoan zugatz aren antzera,

Zuk dirudizu jakituria-dun Abea,

Zure barrutik or jatzulako goruntz urteten

Jakituria zerukoaren Arbolea.

 

Zugan zugatz bi ikusten ditut, or Abe baten,

O zugatz bikotx paregabeko Landerea!

Begitanduten zatxatazela bizi biziro,

Bata gorputza eta bestea arimea.

 

Gorputza zelan arima baga beti dan illa,

Autsa, errautsa, lur puska puskat bakartzorik,

O zugatz dontsu agurgarria! Lauburu baga,

Zer ziñateke erretako zur bat besterik?

 

Baña, Lauburuk ipinten zaitu orren eregi,

Lauburuagaitik asi natxatzu gaur kantuan,

Kristo baño len bere euskaldunak zirealako,

Fedeagaitik kantetan illten Lauburuan.

 

Lauburuetan emoten eben euren bizia,

Euren fedea eta legez zaintze arren,

Orrexegaitik Erromatarren Janok ez eban

Adoralairik bapere euki inoz emen.

 

Lau milla urte Euskalerriak badaukaz bere,

Lauburuk bere beste ain beste bardin ditu,

Aretx santua, jaso izu jaso; Lauburu gora,

Lauburuduna beti Errian gorde egizu.

 

Zuregan dago euskeldun lur au personaturik,

Bere ispillu benetakoa dauka zugaz,

Zu zakustanak ikusi daike Euskal Erria

Paradisu bat dirudiala Arboleaz.

 

Zure frutuak ain dira bada osasuntsuak,

Arima eta gorputzerako adyutuak,

Aretx ezkurrok foru maiteak esan nai dabez,

Ta Jaungoikoa Lauburu orren lau besuak.

 

Nogaz bardindu ete zaikedaz zugatz bakarra?

Nogaz zeurorren antzekorik bat ezpadakust?

Nun topauko dot irudigei bat zuri deitzeko

Zeu bakartxurik Lauburuduna nik bazakust?

 

Nun topauko dot lurra guztia aratu arren?

Topau ezinda baldin banator gaur atzera?

Lauburu orrek gogoratuten deustazan deiak,

Noatzu Abe bardin bagea egitera.

 

Deituko deutzut zu zareala gure Erriko,

Apaingarria, poza, ondrea, ta gloria,

Armada andi bildurgarriai oi zeuntzelako,

Unetaraño zuk beti sartu ikaria.

 

Deituko deutzut zu zareala aukeratua,

Landara eta arbola guzti guztietan,

Zergatik, ez dan zure antzeko aberik iñon

Mundu osoan beste lekutan aurkietan.

 

Deituko deutzut gure anparua, gaur zareala,

Daroaguzan zorigatxeko egunetan,

Oneen ondoren baita dirautzut uste dodala

Nik kantetea gloriak zure kerizpetan.

 

Agur! agur bai, Arbola utsik bedeinkatua!

Sortu ziñean unetik zara beti zu or,

Agur dirautxut agur agur nik, barriro bere,

Jaunak zaitzala mundua mundu-zintzo, jagon.

 

Aretx maitea leiak errerik badozuz bere,

Zeure orriak igartuta gaur ez da ardura,

Noz aretxari igarra bada noz sartu jako?

Arrik, zerenik ta sitsik bere noz barrura?

 

Gabetan otz ta egunez bero egiñagaitik,

Bero zein otzen kontra egingo dizu gogor,

Euririk baga joanagaitik emen luzaro,

Aretx maitea, ez da izango beti agor,

Argaitik aretx laztana zugan aiñ sendo daukat

Itxaropena biotz guztitik nik jarria,

Lauburu zeugan dozun artean ez dala-illgo,

Eta fedean aiñ gitxi jausi gure Erria.

 

Lauburu ori ortik jausirik ikusi baño,

Naiago neuke atxok ikusi bera jausten,

Ene Jaungoiko euskaldunena, ez eizu itxi

Euskal-errian orrelakorik gertatuten.

 

Beti euskeraz zaitugulako emen adorau,

Gorde egizu euskeldun danen Arbolea,

Aretxa eta bere Lauburu direalako,

Naste bagako euskeldun utsen banderea,

Arren gaur bere egingo algaitu bedorrek batu,

Ama on batek umeak kegez besapean;

Zorionakaz bizi gaitezen zorioneko,

Arbola zutik emen daukagun bitartean.

 

aurrekoa hurrengoa