ARBOLA BAT
Donkitua izan zan Bilboko Euskalerriako Alkartadeari 1881an
Arbola bat zan Paradisoan
Jaunak apropos jarria,
Mundu guztiak artu egion
Lotsa ta itzal andia,
Bere azpian bizitzea zan
Aita Adanen gloria,
Andik kanpora zer topau eban
Ezpada negargarria?
Arbola santu aren azpian
Bizi zan, Zeruan legez,
Eukazalako atsegin danak
Eta nekerik baperez:
Ai begiratu baleutsa beti
Lotsa on eta itzalez!
Mundua etzan gaur aurkituko
Onenbeste atsekabez.
Arbola bat zan Bizkaian bere,
Neure anaia laztanak,
Zeiñen azpian, pozez beterik
Egoten ziran asabak,
Kerizpe zabala artan jarririk
Eginda euren Batzarrak,
Buztarri baga, nasai ta libre,
Bizi ziran bizkaitarrak.
Bere azpian umildu ziran
Errege Gaztelakoak,
Eta lekurik ez eben izan
Sekula barriz moroak;
Atzera gura badogu izan
Libre len giñan lakoak,
Itxi daiguzan erdaldunentzat
Erdaldun diran kontuak.
Aztu daiguzan geure artean
Izan diran aserreak,
Izan gaitean anaia eta
Euskaldun zintzo garbiak:
Betor guraso zarren fedea,
Betoz asaben legeak,
Bere negarrak leortu daizan
Ni jaio nintzan Erriak.
O neure Erri maite maitea!
Zakustaz triste negarrez,
Zure alabak euren buruak
Baltzez estaldu dituez,
Trentza mardoak tiraka atera
Ta sutara bota dabez,
Gaur euskaldunak dirala orrek
Ezin ezagutu leikez.
Ixildu ziran neskatxen kantak,
Mututu artzaiñ-txistuak,
Zelai zabal ta jolas-lekuak
Gaur dira basamortuak:
Arroak beera itxasoruntza
Doiazan errekatxoak,
Gau eta egun txilioz dagoz:
Ai gara Gaztelakoak!
Bakarrik daust pozgarritxo bat,
Euskaldun amen fedea,
Benturaz onek bigundu leike
Jaungoikozko aserrea,
Eta zerutik jatsi barriro
Galdu zan libertadea,
Mundua mundu bizi dakigun
Gernikako Arbolea.
|