JAUNGOIKOA TA FUEROAK
1883an
Gauza bakotxak Jaunak emonik
Badauz doe bereziak,
Zar eta gazte, gizon zeiñ andra
Dierri ta probintziak,
Dala arraiñak, dala txoriak,
Abereak zeiñ pistiak,
Lege bategaz zelan leitekez
Bizi munduan guztiak?
Zer deutsa bada atera arren
Uren barrutik arraiñak?
Joan daitezen leorrez ariñ
Une badituez oiñak?
Egazti batek zer balio dau
Uretan barriz sartziak?
Zer baereak ego bagarik
Aidez igoten astiak?
Ezin leiteke leorrez bada
Arraiñik iñoz ibilli;
Ez egaztirik uren barrutik
Joan leiteke igari;
Ezin leiteke ez, abererik
Egan aidean eregi,
Eta aiñ gitxi Euskelerria
Erdeldun oso imiñi.
Beraz usoa egiña dago
Ibilli dedin aidean,
Ez abereak dabiltzan gisan
Beian emen lau oiñean;
Tiroz, ego bat eiztari batek
Baña austen deutsanean,
Zelan kontau leiz lengo erruak
Erreken aldamenean?
Deituko deutsut gaur zuri bere
Neure Erria, Usoa,
Ez legoia ta ez arranoa,
Ez belea, ez otsoa,
Izanik zu aiñ sotill, zuri ta
Otzan, leial ta gozoa,
Alan errenik nok jarri zaitu
Usotxo biotzekoa?
Nun dozuz oraiñ zuk antxiñako
Urrueta eztitsuak?
Millak urteetan ibar oneetan
Euskeraz kantaurikuak?
Ixilldu ziran Uso maitea
Zure euskeldun urruak,
Zure ordez gaur kantetan dabe
Bela baltz erbestekuak.
Zeiñ parebaga ziñan munduan
Beti zure Erregiña,
Zeiñ Ama ona barriz guretzat
Zeiñ eztitsu, zeiñ biguna,
Zeiñ Uso bizkor, zeiñ arranoak
Iñoz arrapau eziña,
Ai! baña orain legoiak deutsu
Jaurti atzamar samiña.
Zeiñ gozoa zan, barriro diñot,
Lenago zure urrua;
Zeiñ eztitsua ipar aixetan
Joten zenduan soñua;
Ozeiñ zuria agertzen ziñan
Goixetan egan jasua,
Edur moltsua mendi gañean
Itxirik baltzizkatua.
Jaunak emonik zenduzalako
Zuk alakoxe egoak
Eskumakoa Jaungoikoa ta
Ezkerrekoa Fueroak;
Ego biokaz orrexegaitik
Berrogei eunki osoak
Gozau zenduzan mundu onetan
Danak zorionekoak.
Baña gaur, ene, Uso maiteak,
O! Ama erri laztana!
Ume zurtz legez ikusten zaitut
Gure guraso ziñana;
Zeu ta umeok zorioneko
Iñoz izango bagara,
Zu osatuten bearko dogu
Saiatu dudarik baga.
Asaba zarren Jaungoiko ona
Arren eiguzu lagundu,
Erri oni gaur biguntasunez
Begira arren egiozu,
Zugan ustea jarri dabenik
Bein bere al da lotsatu?
Noz Erri onek zure izenik
Egin dau barriz ukatu?
Beronek beti, beti deitu dau
Jaungoiko euskerazkua,
Zeiñez egape artan nai daben
Billau osasun dontsua;
Zeiñegan daukan jaio ezkero
Itxaropen os-osua,
Eta nok bestek osatu leio
Zauritutako egua?
Biurtu jauna, egiozu gaur
Len eukan al izatea,
Biurtu Jauna, zuk egiozu
Euskeldun bizierea,
Biurtu Jauna, arren eiozu
Euskeldun zarren bakea,
Biurtu Jauna nai dogulako
Gorde geuk euren fedea.
Zerren aixerik ez jakun emen
Geiago aserratuko,
Zerren burruka Itxasoetan
Bagarik ez dan jagiko;
Zerren erdeldun diran gauzetan
Ez garean gu sartuko,
Zerren guztiok geure ontzia
Salbetan goazalako.
Zerren bakigun bateu giñala
Ibilli oker begira,
Nun Iparrera bearren jo
Genduan Eguerdira;
Zerren nai dogun oraiñ guztiok
Biurtu lengo tokira,
Asaba zarrak libertadean
Biziten ziran Errira.
Euren Jainkoa gure Ipar da,
Nogan ditugun josiko,
Biotzetako gure orratzak
Gaur danik beti betiko;
Odei gaiñ baten Lauburu zelan
Gidari deuskun jarriko,
Bere ondoren oker bagarik
Kananen gara sartuko.
Bere ondoren joango gara
Aurrera basamortuan,
Aurrera, aurrera, leorrez legez
Bardin bardin itxasuan;
Aurrera, eta jaungoikoari
Euskeraz deitu orduan,
Uren erditik zabalduko da
Bide leor bat beinguan.
Alperrik dira Ejipton barriz
Suzko euriak jausiko,
Sodoma legez alperrik dira
Uriak auts biurtuko;
Alperrik trumoi tximistatsuak
Sorua dardaratuko,
Loten andreak legez atzeruntz
Ez dogu begiratuko.
Alperrik bere etorriko da
Faraon armaz jantzia,
Damuz beterik Israeleri
Libre joaten itxia;
Baña jaristen noz ondo daben
Itxaso erdi erdia,
Ur biak trilla eginda deutse
Illgo amorru guztia.
Dakialako Jaunak emoten
Danai euren alogera,
Erri leial ta baita mukerrai
Irabazita daukena,
Itxas erditik eroaten dauz
Onak baterik bestera,
Dongak botaten ondarreraño
Arraiñak gizendutera.
|