www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. José Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

NERE ADISKIDE LAZTAN

 

                On Jose Manterola zanaren

                Andre Eloisa alargun atsekabetuari

 

                Gipuzkoako euskeran

 

Damuz gau eta egun, O gaur andre Eloisa!

Bizi zerala dakit, lutoz esatalirik,

Ez al dakizu bañan, denok bear degula,

Iges beste mundura noizbaiten emendik?

 

Ezagutzen det ongi, dela oso tristea,

Zu zeraden antzera alargundutzea,

Ezagutzen detala, diotsut berriz ere,

Zure senarra lako bat zer dan galtzea.

 

Ezagutzen det, a bai! dezula gai naikoa,

Dezula suerte bat bizitzeko triste,

Ezagutzen det zure senar onak adiñbat

Zerorren amak ere etzaitula maite.

 

Ezagutzen det iñork, ez dizula kenduko

Bizi zeran artean bere oroipena,

Dazaut biotz orretan daukazula zauri bat,

Ill arte gordinkiro iraungo dizuna.

 

Bakarrik al dezake pena ori arindu,

Bakarrik barren ori gauza batek poztu,

Bakarrik ark ditzake munduko lazeriak,

Bakarrik pena oiek ondoen gozotu,

 

Bakarrik esango det, bakarrik bera dala,

Bakarrik alargun ta ume zurtzen poza,

Bakarrik zeñek biotz estu estu dagona

Zizpuru egiñ arren jarten duen lasa.

 

Bakarrik degu bada, zuk dakizun bezela,

Pozgarririk onena daukagun Fedea,

Gañera berarekin batera biotzean

Zerura igotzeko daukagun ustea.

 

Bakarrik antxen bada. berriz bilduko gera,

Gure guraso, senar, seme alabakin,

Bakar bakarrik antxen, berriro ez illtzeko

Bizi egingo gera beti elkarrekin.

 

Bañan ara baño len, ementxen bear degu

Lendabiziko bian ementxen penatu,

Ementxen bear degu, emen emen kurrean,

Eriotza larria iretsi ta artu.

 

Santuak ere zuten malla onetatikan

Pasa ta egan egin Zeru ederrera,

Gure Jesus maiteak, bere Ama laztanak,

Orobat artu zuten tragua berbera.

 

Alaxen egunen bat izango da guretzat,

Etorriko zaiguna erio garratza,

Koraña zorrotzakin lapur bat bezelaxen

Kendutzera betiko bizi ta asnasa.

 

Bañan ez da ajola, betor nai duenean,

Betor, erasotzera amorru bizian,

Ez dio ez ardura, Jaunarekin bagaude

Garbi ta adiskide gu kozientzian.

 

Betor, eldu bezaigu, azpiratu gaitzala,

Bere atzapar zorrotz erpe luzeakin,

Bañan bere garaitza bakarrik izango da,

Soillik gure gorpuztxo erbal illkorrakin.

 

Zergaitikan anima, ezin dezakean ill,

Dalako ezillkor ta beti betikoa,

Nork ona baldin bada daukan zeru eder bat,

Eta antxen bizitza zorionekoa.

 

Eloisa! zure Pepe, ere ona zalako,

Igo zuen Zerura beraren animak

Aingeruak bezela araxe ega zuen,

Gozatzera betiko, o zer atsegiñak!

 

                  * * *

 

Kuraitu zaitez arren, kemen artu Eloisa!

Alaitu eta epe piskatxo bat artu,

Nekeetan oi ditugu, lorerik bikañenak,

Frutarik gozoenak Zerurako bildu.

 

Laster iragoko da, erbeste onetako

Denbora labur eta naigabez betea,

Etzuen Jaungoikoak guretzako ez egin

Orain arkitzen geran mundu añ tristea.

 

Beste toki bat degu guretzako egiña,

Nun ez dan iñoiz ere egunik illuntzen,

Beti negurik gabe, beti beti eguzkiz,

Beti uda berria antxen da arkitzen.

 

Beti soñu gozoa, beti aingeru-kantak,

Negarrak an ez dute zer ikusirikan,

Iñork ez daki zer dan pena ta naigabea,

Zeren an ezdagoan penen usairikan.

 

Eta atsegiñezko itxaso zabal artan,

Igarian ikusten det zure senarra,

Nundik aditzen dizun, nundik zuri entzuten,

Zotin zizpuru eta auen ta negarra.

 

Andikan, bai, Eloisa, lagun egiten dizu,

Jaunari esaktuaz dizula grazia,

Onez eramateko lurreko naigabeak,

Gero goza dezazun Zeruko gloria.

 

aurrekoa hurrengoa