AMA EUSKERIARI AZKEN AGURRAK!
Saritua izan zan 1879an Elizondon
Neure biotzeko Amatxo zarra,
Aintxiñako ama Euskera,
Seme leial bat oraiñ datortzu
Azken agurra emotera;
Ainbeste gerra goitu ezinda
Danori atsotu zara,
Zaurien zauriz galdu galduta
Amatxo zuaz iltera!
Zori gaiztoan negargarrita
Dot sentimentu andia,
Geure lur maite dakustadalako
Gaztelatuta jarria;
Bestela erdu erdu ikustera
Tubal euskeralaria,
Baña, ez dozu ezagutuko
Oraiñ zure jatorria.
Nundira bada zure semiak
Foru ta euskera zaliak?
Nundira bada Tubal gure aita,
Zure ondorengo garbiak?
Nun dira bada, zure ume zintzo
Eta leialen legiak?
Nun dira orain negarrak
Nun dira nire begiak?
Agur illun bat egin deuskue
Guraso zarren legiak,
Umezurtz batzuk gelditu gara
Billoxik foru bagiak;
Izan bagiña eurak legetxe
Euskeriaren zaliak,
Oso ta garbi gordeko ziran
Oitura aiñ miragarriak.
Errazoigaz esango dabe
Gure urrengo umiak,
Izan giñala duda bagarik
Ero ta zoro garbiak;
Jakingo dabez euskeriagaz
Genduzan eskubidiak.
Erdera zale giñalako egiñ
Galdu zirala guztiak.
Zorioneko arkaitzak eta
Zorionekko mendiak,
Oraiñ artian zuek zare izan
Foruen gordelariak;
Zuek goietan beti euskeldun
Ez alan beian erriak,
Orra zer gero ekarri deuskun
Azkenian erderiak.
Beietan iya ez dot ikusten
Tubalen ume zintzorik.
Ez dalako gaur emen entzuten
Erderaz baño besterik;
Onexek dauka nire biotza
Naibagez erdibiturik,
Ez dodalako gure euskera
Osatuko dan usterik.
Euskeriari gorrto eta
Gozau nai bere foruak,
Dirala uste dot barru barrutik
Auterestia zoruak;
Izan leiteke ori alan baña,
Niri ezetz dinost goguak,
Baldin euskera bizitzen ezpada
Illtzat daukadaz foruak.
Geure erruz bada, ekarri dogu
Eriotzako unera,
Berbeta eder gozo ta leun au
Beste munduko atera;
Norbait ezpada laster minduten
Osasuna emotera,
Mundutik laster juan bear dau
Ama euskerak bestera.
Ainbeste seme emon zituzan
Itxasorako zoliak,
Liorrerako ez gitxiago
Gerrari bildurgarriak;
Liburuetan ta izkuntzetan
Ugari miragarriak,
Ill ziran danak, ta oraiñ ill biar
Euskera maitegarriak.
Or, Gernikako arboliaren
Oñian dago etziñik,
Estu ta larri iya illian
Arnasaz bete eziñik;
Au ikusita ez ete deutsa
Iñok artuko errukirik,
Ez ete datoz bere semiak
Osagarriak arturik?
Ai! neure Ama gaurko semiak
Deritxat dagoz aztuta,
Estura onetan lagundutera
Iñor ez da agertuta;
Ill zaite bada bakar ta soillik
Paradisuko izketa,
Sei milla urtian ainbeste damu
Garratz mingots iruntsita.
Zer aldaiketzut Ama bakarrik
Agonia estu orretan?
Zotin, zizpuru, megarrez urtu
Etziñik zure oñetan;
Parka eskatu seme danentzat
Biotzez bene benetan,
Zure arimia lagun ipinten
Jainkoaren eskuetan.
Zuaz mundutik orban bagarik,
Zuaz mundutik garbia,
Zuaz mundutik adorau baga
Ez idi eta beia;
Beti gorrotau, beti zapaldu
Zenduan idolatria,
Ta oraiñ zagoz Jaunari emoten
Fedian zintzo bizia.
Ill da Euskera! ill da Euskera.
Betiko itxi dauz begiak!
Negar Arabak! negar Gipuzkoak!
Negar egin bei Bizkaiak!
Negar arkaitzak! negar mendiak!
Agortu arte iturriak,
Ainbeste geixo, ainbeste gatxen
Osasun emongarriak.
Negar Naparrak geure anaiak,
Ta euskaldun Frantziakuak!
Neugaz batera danok urratu
Sentimenduz soñekuak,
Aztu istoria edo kondairak
Emengo antxiñakuak,
Ta euren lekuan asi barriak
Aurrera erderazkuak.
Eta nun dozuz zeruko arbola
Zuk bere jantzi berdiak?
Zure erramok billox dakustaz
Igar ta ezkur bagiak;
Ai mingarria! Gaztelako arrak
Jandeutsuz sustrai guztiak,
Baita biotza, baita barruak,
Azala itxita bestiak.
Zagoze oraindik zutik arkaitzak?
Dollortu baga mendiak?
Samur emoten Somorrostrogaz
Zeuen ondasuntegiak?
Errotak klanklan, taun taunka olak,
Eta pillpill iturriak,
Biziro errekak baita itxasuak
Opaka arraintza ugariak?
Geiegi da ta ausi arkaitzak,
Onegi ez izan mendiak,
Lurpetuteko Euskera illa ta
Bere ondasun biziak;
Bera tontorrak, bete arruak,
Erdue Gaztel-lau igarrak,
Agortu errekak. lurtu itxasuak,
Agur, euskeldun ibarrak.
Geure Erria gizaldi danak
Zugaz dira gomutauko,
Ez dabelako beste erri bat
Zu duiñ garbi aurkituko;
Etsai batzuek alper alperrik
Zure izena zikinduko,
Zeure Jaungoiko egi bakarrak
Dau oso garbi gordeko.
|