ZERUAN...
Ai! zeruan eman behar betiereko pertsuak,
Gain huntako ixiltzeak Jainkoa baitan ontuak.
Ai! zeruan entzun behar zoragarriko pertsuak,
Oraiko hauk baitire-ta heien urrungo keinuak.
Hil naizela derasate, ixil-ixila bainago;
Bainan, nola Jaun Goikoa, bizi naiz ezin gehiago.
Badakit nik sinesteaz, Jaunari oso bainago,
Ehunetan badutala bizi-indarraz gehiago.
Ai zeruan eman behar betiereko pertsuak,
Gain huntako ixiltzeak Jainkoa baitan ontuak.
Maiz doazkit pertsu xortak bihotz barnetik gaindika,
Ene fraide anaiekin nabilalarik aintzurka.
Batean bat, bertzean bi, badoazkit maiz gaindika,
Goiko zerbeit misterio xorta bakotxak baitauka.
Bai, bizi naiz Jauna baitan, bizi naiz ezin gehiago
Haren maitez, denen maitez, ixil-ixila bainago...
Pertsuño hauk hurrupatuz, nik erraner so bazaude,
Barnea hotz, barnea huts egonen zare nik uste...
Keinuz baizik aipatuer, fedez beterik, bazaude,
Ai! zoin xoratuko Jauna sumatuz ni orde...
Ai zeruan eman behar betiereko pertsuak,
Oraiko hauk baitire-ta heien urrungo keinuak.
Hemen hitze, han arimez izanen dire pertsuak
Eta Jainkoz du aseko hango euskaldun soinuak.
Ai! zeruan entzun behar zoragarriko pertsuak,
Jainkoaraino hel-araziz guk salbatuen kantuak.
|