ZURE AITATTO
Zato nere altzorat hupa, maite, hupa!
Eman ottori pa
Eta dugun aitatto elgarrekin aipa.
Maite begi zabala, dena aita begi,
Zuk bezala zituen bero eta ilun,
Amets gaitzez baitzaukan bihotza betegi.
Hurbil zakizkit, Maite, dutan doi bat entzun
Surik baden zu baitan pil pil ari denik,
Bere amets pindarrik utzi ote dautzun.
Zato nere altzorat, hupa, Maite, hupa!
Eman ottori pa
Eta dugun aitatto elgarrekin aipa.
Hoin kartsurik ez baitut nihor ezautu nik,
Piztuko zautzun harek bihozño hortan su,
Zerbeit kantuño bero ikasiz jadanik.
Ai, hor balitz, hor balitz, zoin laiten dohatsu,
Bere alabañoa besotan harturik,
Matel irritsu hoier ematea musu!
Zato nere altzorat, hupa, Maite, hupa!
Eman ottori pa
Eta dugun aitatto elgarrekin aipa.
Ohakoan xurrungan lo zinaudelarik,
Bi urte gaur ukurtuz pott eman dautzula.
Bi urte gaur etxetik gan dela tristerik...
Gan da eta han dago izarrak bezala
Bizia eskainirik betikotz dirdiran,
Maite maiteño hunen zaintzale ixila...
Zato nere altzorat hupa, Maite, hupa!
Aitattori bezala eman Ottori pa!
Ottoren nigarreri ez egin kasurik:
Zoazi, maite ttikia, jostetan aitzera.
Ez egon hola, zoazi panpiña harturik.
Ez egon harritua Ottori begira.
Zoazi jauzi-mauzika, xori bat iduri.
Oi bazinaki, Maite maiteño gaixoa!
Zoazi kantuz, ezaxol, ttiru ta ttiruri.
Oi nola ur litaken zure bihotzñoa!
Bazinaki zoin urrun joan zaikun Aitatxi,
Joan, dena zain ta pilpil, treinaz eta oinez,
Nahiz han Aitattoren hobia ikusi,
Ez baitzauken gaixoa doluz eta minez.
Joan da eta han egon luze belauniko,
Hitzik gabe behatuz lurrerat, nigarrez...
Eta soldado manta altxatu orduko:
Lohian zenbait hezur: deus, deus eta deus ez...
Oi Maite maiteñoa, ez beha Ottori!
Egin irri ta jauzi, xori bat iduri.
Hemen nauzu, ni Otto, otoitzean ari,
Arinki nausi zaiten geroko gaitzeri.
Beloken, 9-6-42
|