NUN OTE ZARE?
Alemaneri ihes, Lazkaorat joana,
zenbeit pertsu berri galdetu zioten
eta iheslarien mina zitzaion ezpainerat jauzi.
Nun ote zare, nere Herriko mendi-gain urdin goxoa?
Noiz ote dut ikusiko haurreko etxe xokoa?
Eta neri irri gogoz ene Ama gaixoa?
Supazterrean bazaudelarik, begitartea urtua,
Entzun, Ama, haizearen auhen luzeen sistua
Eta zure Semearen herrirako kantua.
Amatto, otoi! ez egon hola suari beha nigarrez:
Laster nuzu etorriko, zu besarkatu beharrez.
Oi amatto hain maitea, ez egon ba nigarrez.
Etorriko naiz iluntze betez, kantari eta amultsu:
Zure esku xaharreri emanik musu ta musu,
Luze-luze bizitzeko elgarrekin dohatsu.
Nahasi zaikun mundu zabal hau zeruko Jaunak derama.
Beude hartan otoitzez bat, zure ta nere arima,
Hilik ere izateko betikotz bat, oi Ama.
Lazkaon, 20-7-43
|