AGUR, ERROBI...
«Aintzina»-ren eskual-guduan
lagun zuena
Bizkaitar batekin ezkondu.
Haugi, Euskara, haugi jauzika kanpora,
Bihotz bat eta bihotz bi
Betiereko batetaratu baitira;
Bihotz bat eta bihotz bi,
Zer amets ote ez dezakete eskura?
Agur, Errobi, bihotzez agur! ez zaitut segur ahantzi.
Maiz dut gogoan Haltsuko gaina, maiz «Aintzinaren» karrosa,
Patarrez-patar baiginoazin, nahiz berritz pitz-arazi
Herriko Gazten bihotz hutsetan gure Euskaldun ametsa.
Mendietarik itsasoraino orotan deika ibilki,
Oi zer egunak; zer deiadarrak! zer beila egin duguna!
Hiltzera zoan Euskal-Herriaz deneri mintzo kartsuki
Baginabiltzan, bi bihotz sutan, eta piztu da «Aintzina».
Haugi, Euskara, haugi jauzika kanpora...
Bihotz bat eta bihotz bi
Betiereko batetaratu baitira,
Bihotz bat eta bihotz bi.
Zer amets ote ez dezakete eskura?
Gau eta egun, gain huntan nago, Jaun Goikoari otoizka,
Sugar dadien Herria eta zu ez zitezen orai hotz
Bainan ez, huna: gainez gain joaki, huna Haltsuko Pottoka:
Su-pindarretan dabila beti, airetan joanez bi bihotz.
Karrosa-pean dantzan ari da Aiten hezurren errautsa,
Bi bihotz hoitan kantuz baitago itsas-gizonen odola,
Kantuz Lapurdi, kantuz Bizkaia, kantuz Euskaldun Ametsa.
Axular, Aitzol eta Elkano orai bozik lo dauzila!
Haugi, Euskara, haugi jauzika kanpora...
Bihotz bat eta bihotz bi
Betiereko batetaratu baitira,
Bihotz bat eta bihotz bi.
Zer amets ote ez dezakete eskura?
Eskuko duzu hainbertze Gaztek Orreagan ta Gernikan,
Bihotza odol, auhenka hilez, amestu duten Eguna.
Zuri begira dauzi Mendeak; zuri, aspaldi estekan,
Erdarak janak dagozin Zortzi Euskal-Herrien auhena.
Bertze Aberats beltzek bezala, ez utz Herria hiltzera:
Euskaldun karra harturik zoazi, zoazi gainez gain ta bentzun,
Irrintzinaka Euskal-mendiek sutan dioten zerura:
Gora Jainkoa! Gora Euskara! Gauden guziaz Euskaldun!
Haugi, Euskara, haugi jauzika kanpora...
Bihotz bat eta bihotz bi
Betiereko batetaratu baitira,
Hemendik goiti, Errobi,
Bi bihotzekin bietan maita: Euskara!
* * *
Diogun orok indar guziez bere Arima begira
Arrotzen peko eta zatitan daukigun Aiten lurrari,
Euskal-Semeak, menderen mende gaiten guziak batera,
Betiereko Euskal-Herrian besarka eta kantari.
10-4-42
|