MUSKON...
Arraintzale anaiak
(ONDARRA)
Muskon zauden Itsas-Ama,
Noizdanik zaitugu, hor, begia hoin goxo,
Zangopean eztituz uhainen marruma,
Harrokaren gainetik itsasoari so?
Egon beti Muskon xutik
Arraintzale Semeen maiteki begira:
Amattoren agurra ikusiz goizetik,
Bihotza arin diten kanporat atera.
Arrain-keta dabiltzako,
Eskuak zeru-alde egon otoitzean:
Itsasoa ez dadin ez harri, ez lano,
Omorean zaizkigun itzul iluntzean...
Maite ditu izigarri
Zure bihotz amatsu, bihotz amultsuak
Itsas-gizonak eta oihuka elgarri
Jauzika dabilzkitzun muttiko zaintsuak.
Atz-herriko hats epela
Ez dakioten nausi, Amatto, begira!
Begira otoi eta berritz jauts dadila
Zure Jainko Semea itsaso-hegira.
Zoin gozoki zen ibilki
Arraintzalen barkuan, nolaz du ahantzi?
Hek baizik ez baitzaizko bihotzez jarraiki,
Hek baitute odolaz hura maitarazi.
Errozu ba, itsas-ama,
Errozu beti zabal dutela bihotza:
Denen sutzerat berdin litezkela berma,
Bere suzko ametsak gaur eskain balitza...
Jaun Goikoa, Jaun Goikoa,
Otoi, ahuspez, otoi! orroit itsasoaz.
Hedatuz zure itzal neurrigabekoa
Orroit-minez baitago gau egun orroaz.
Onar zazu, Jaun Goikoa,
Amaren eskueri deika darioten
Itsasoko otoitzen urre-ke beroa
Zeruz-zeru zaitzuna kartsurik igaiten.
Zokorritik Artxilora
Ohil hedoiak eta, begiak iduzki,
Zato sarri lehengo laguner begira,
Uhainetan lerratuz Musko alde joaki.
Zokorritik Artxilora
Zure Jainko Gogoa trumilka datorla;
Eta, bihotza zabal, itzultzen baitira,
Galerna su-karraskaz, sar dakiotela...
Beloken, 29-6-42
Jondoni Petriren egunean
|