 |
HELDU ZAIKUNARI
Ama Birjina bazterrez bazter
zabilan urte hartan
Bidez-bide zabiltza,
Bidez eta mendiz,
Erregintsu eta xuri,
Argi-hastea iduri.
Bidez-bide zabiltza,
Jainkorat itzul-araziz
Jende osteen bihotza.
Bazabiltza herriz herri
Jende uhainen artean,
Lohi, nigar-itsasoan:
Eta guziak
Dohakabe guzien bihotz, begiak,
Heldu zaizkitzu kantari;
Kantari eta eskuak
Zu alderat luzatuak;
Ezautzen baitute
Agurtzen eta maitez maite
Beren Arreba, arrebarik arrebena...
Hek bezala iragan zarena
Ihes-bidetan, odol-bidetan
Nigarka, auhenka
Eta herrestan,
Nigarka, hipaka.
Bethlehemen ta Golgothan...
Beren arrebarik arrebena
Bide beltzetan, lohi beretan
Osoki garbi iragana...
Eta zu erregintsu ta xuri,
Argi-hastea iduri,
Bazabiltza iduzkituz
Jainkoz, garbiz eta zeruz,
Iduzkituz guziak,
Dohakabe beltzenen bihotz, begiak.
* * *
Hara jada hara
Euskal-muga gainetan
Larre-bide zurpailetan
Zure zorion-dirdira.
Hara: heldu zare
Goiz-argien pare,
Eta Sokorritik, Beloketik,
Olandoitik,
Mendi zintzur orotarik,
Agurka eta deika
Ari zaitzu lohiz, minez beterik,
Agurka eta hil-oihuka
Euskaldun-arima:
Zato laster, zato, Ama!
Senda gaitzazu, unki ta zora.
Diru-errabitik,
Plazer-sukarretik
Euskal-bihotzak atera.
Zato laster, zato, Ama!
Zure soaz, ederraz, dirdiraz
Oro itzul-araz,
Oro,
Jainko Jaunaren zorion bizira.
Zato, Ama!
Bazinaki nola garen
Ergel eta zoro:
Dantzan goazi eta soinuz,
Sos egarriz ta urguiluz...
Soinuz goazi eta sistuz
Euskal-izaitearen
Eta fedearen
Elhortz-bestetara!
Zato herriz-herri,
Gainez eta mendiz, ororen pizgarri.
Zoro gare, bainan bero:
Entzun euskaldun kantuak
Ilunpetik,
Lohipetik.
Entzun gure dei kartsuak
Eta zure soen dirdiraz
Itzul-araz,
Itzul-araz oro
Jainkorat
Bizirat.
Zato, Ama,
Itzultze handiaren Ama!
1-10-46
|
 |