BI GAU...
Madalenarekin
Jaunaren ondotik intzirika
Bi gau, oi bi gau luze, nigarrez nagola,
Gainez gain harat hunat oihuka nabila:
Nere Jaun maite hori suntsitu zaitala...
Egunaz intzirika,
Gauaz deiadarka,
Nere indar guziak urturik doatzi,
Bizirik hila bainaiz eta hilik bizi...
Nere Jesus gozoa,
Nere Jaungoikoa,
Nun ote zare orai, nun zaude gorderik?
Zu gabe ez dut nihun, ez dut deus gozorik.
Gau egun zure bila
Auhenez nabila...
Noiz dutan ikusiko zure behakoa,
Noiz nunbeit adituko ixildu mintzoa.
Bi gau, oi! bi gau luze, nigarrez nagola,
Gainez gain harat-hunat oihuka nabila:
Nere Jaun maite hori suntsitu zaitala...
Ez ote da geiago
Berritz agertuko,
Zerua lurreratzen garrezko mintzaldiz,
Behako zoratzailez eta ele eztiz!
Zertako, oi Juduak
Judu herratsuak.
Zertako zitzaizkote salbaiki jazarri
Hoin maite izan zauzten Jainko maite horri?
Azotez, odolez, tuz
Hola ezeztatuz,
Zertako salbaiki hets Jesusren begia?
Zertako, zertako hil Zorion-argia?
Bi gau, oi! bi gau luze, nigarrez nagola,
Gainez gain harat-hunat oihuka nabila:
Nere Jaun maite hori suntsitu zaitala...
Nun zare, oi! nun zare?
Ager berritz ere...
Lurpea, zeru-gaina edo itsasoa,
Bederen sala-zue nun duen gogoa.
Haizea, zirurika
Eta intzirika,
Zure hats bortitz horrek ez ote derama
Gauez gau, airez aire, Jesusen arima?
Izarrak, han badago
Dirdiran betiko
Pindarka bihotzerat ixur zadazue,
Gaur zora nezan eta amodioz erre.
Bi gau, oi! bi gau luze, nigarrez nagola,
Gainez gain harat-hunat oihuka nabila,
Oi Jesus, nere Jesus hila baita, hila...
Lazkaon, 28-8-43
|