AMATU
Arreba begi-urdin
amatu
Begiak zeruz eta bazterrez
Gauerakoan aserik,
Egon nitzaitzu, Mayi, nigarrez
Lilluragarriz urturik.
Itsas-mendien azken dirdira
Lur-kantuekin batean
Nitan xortaka nigartu dira,
Eguna izarñotzean...
Gau-hegaletan gogoa joana
Ez dakit nungo lanora,
Soinu-ke ala amets egina,
Ni zu-tzen naizen hartara...
Barnean lurren pil pil gozoa,
Egon naiz egon otoizka,
Zure haurñoa, gure haurñoa
Nitan sendituz pilpika.
* * *
Bere barnean haurño bat sendi
Bere biziaz bizia!
Bere barnean bihotz bat adi
Bere bihotzak hazia!
Ai! asmatzeko holako boza
Behar zen segur Jainkoa...
Ai! egiteko holako gauza
Behar zen Amodioa...
Eskerrak beti-ta betiere
Esker zoroak Jaunari.
Itsas-irrintzin, Ortzadar-lore
Zuen bi bihotz maiteri.
Maitez baitira maitez zabaldu
Jaun Goiko bihotz hartara,
Eta hara nun heldu den heldu
Amestu dugun haur hura...
* * *
Oi amodio amodioa.
Haurtzen zarena ametan,
Zure Jainkozko indar gozoa
Irakitan dut ni baitan!
Zure egarriz hara lau urte
Denez nagola hustua...
Euskal-arimak ni baitan daude
Ni baitan dago mundua.
Oi amodio amodioa,
Hire min gozoz ez nauke!
Egin nauk eta, nola Jainkoa,
Ni biziaren sortzaile.
27-11-45
|