SU ETA KE
Maite zaitut bihotzetik, maite zaitut, Beloke,
Zure gaintto kartsuari, oro pindar ta bake,
Soinu-kantuz baitario gau-egunaz otoiz-ke.
* * *
Kantuz goazi lerro-lerro kapa beltza farrastan,
Oro soinu, oro argi, behakoa iduzki.
Kantuz, goazi lerro-lerro, bihotz osoz airetan,
Lur huntako ilundurak ahantzirik osoki.
Gauaz ere ari gare, psalmo sua edari,
Jainkoz eta zeru gozoz zoro-mozkor kantatzen,
Gauaz ere ari gare oihu-kantuz Jaunari,
Izar-pindar urdin beroz oro sugar ditezen.
Oi gaupetik igaiten den fraide bozen sarkorra,
Arpegia lanoztatuz barneraino baitoa!
Oi gaupetik igaiten den kantu horren ederra,
Gorputzari baiteramo zeruraino gogoa!
* * *
Maite zaitut bihotzetik, maite zaitut, Beloke,
Zure gaintto kartsuari, oro pindar ta bake,
Soinu-kantuz baitario gau-egunaz otoiz-ke.
* * *
Zoin gozo den elgarrekin, oi zerume anaiak,
Kantu beraz, bihotz beraz Jankoari otoizka!
Zoin gozo den elgarrekin! Oi zer esker nasaiak
Hunat geroz doazkitan bihotzari gaindika!
Itsas, mendi, zelaietan gu bildurik, Jainkoak
Moldatu du goi-bihotz bat zabal eta beroa.
Itsas, mendi, zelaietan diren euskal gozoak
Dauzkan hortan ixurtzeko bere Jainko Gogoa.
Eta orai egun oroz, lasai eta dohatsu,
Anaiekin kantuz nago, Jaun Goikoan urtua...
Eta orai egun oroz tirain, mendi, argi, su,
Gora doa zeru alde Euskal-lurren kantua...
* * *
Maite zaitut bihotzetik, maite zaitut, Beloke,
Zure gaintto kartsuari, oro pindar ta bake,
Soinu-kantuz baitario gau-egunaz otoiz-ke.
* * *
Osoki dut orai maite Euskal-Herri gaixoa,
Haren maitez dena baitut hiltzeraino eskaini.
Osoki dut orai maite bide beraz Jainkoa,
Bihotz, indar eta amets, Jaunarena bainaiz ni.
Ametsetan ametsena, guk baitugu gozatzen,
Dugun oihuz, kantuz, pertsuz arimetan pitz-araz.
Ametsetan ametsena Euskaldunen bihotzen
Barneari sar dakion, dugun aipa Euskaraz.
Oi Anaiak, gauden kantuz otoitz eta lanean,
Izerdiz ta zeru-gozoz Euskal-lurren ontzeko.
Oi Anaiak, gauden kantuz Belokeko gainean
Euskaldunak zeruetan bateratuz betiko.
Egon kantuz mendez mende, egon kantuz, Beloke,
Zure gaintto kartsuari, osoki su ta bake,
Oraiko gu joanik ere, zeruz-zeru otoiz-ke.
Beloken, 30-12-42
|