Euskalzale adiskide bat fraidetu.
I.— Zer dion zure bihotzak:
ESKAINTZA
«flexit super illam...»
Nigarrez diot, Jauna, nik ere behatu
Sarri hiltzera doan nere Herriari...
Minaren minez baitut, zuri, so, amestu,
Arima pitz dakion, bizian zer ari.
Euskal-Herri gaixoa duzun urrikari
Erdarak sinestea jaten ari baitu
Euskaldun gain huntarik, Zerua edari,
Eginen dut hil-arte, oihu eta kantu.
Barnea erre eta Jainkozta zadazun,
Huna nun bozkarioz igaiten nitzaitzun,
Nere bihotz gogoak osoki eskainiz.
Orotarik betiko, dohatsu, gabetuz,
Zerume anaiekin gau-egunaz kantuz,
Immolabo hostiam jubilationis...
II.— Zer dion gureak:
ELGARREKIN
Elgarrekin, anaia, sugartuko gira
Belokeko Amaren hegalpe beroan,
Gauaz kantuz egonez zerurat begira,
Gaitzeko izar suak pizterainokoan.
Elgarrekin su hori Sort-Herri guzira
Oihuz, otoitzez, kantuz, hedatu ondoan,
Gure lagun indarka bermatuko zira
Euskal-lurraren deia Jainkoraino doan.
Euskal itsaso, mendi eta lurpetarik
Lillura, odol, auhen, hatsak gureturik,
Kapa-hegalak zabal, arpegia bake,
Karraren beroz eta Jainko gogoz zoro,
Zeruz-zeru kantari joanen gira oro,
Zirimol urdin eta euskal-dei, euskal-ke...
Beloken, 1-8-42
|