EZ NAUKE
Beloken, Lazkaon,
Fraide-gelan beti: kurutzea.
Golgota (segida)
Ez nauke, oi, oi! ez nauke ahalgez eta urrikiz!
Izerditan dut kopeta, ikaretan dut bihotza,
Iluntzepetik doatzin itzal horiek ikusiz:
Hipaka joaten baitute hil Jainkoaren gorputza...
Ez dadila ba geiago ez dadila deus argirik,
Jaun Goikoaren hezurrak lurperatuak ikusiz.
Ez dezan bota munduak bere ifernu irririk.
Ez nauke, oi oi! ez nauke ahalgez eta urrikiz.
Kurutzeari besarka, auhenka eta musuka,
Matelak odol ta nigar, jauntziak lohiz belztuak,
Belauniko ta herrestan banago oihu moihuka
Zelaitik trufaz adituz «Zabbako» lehen kantuak.
Barneko herra-tu hori ez zaitzue ba agortu?
Ez ote zaizte aseak? ixil jendeak, oi ixil!
Ala otoizka zaudezte Jainkoa nahiz ospatu.
Hil da ta, zuek hiltzaile, hil da, zinez hil eta hil.
Hil da, hil...bainan, Juduak, ez zaituztet hastio:
Ondikotz lehen zuekin hil-orroz ari bainintzen
Eta musuka naukion Jainko odolak baitio
Hil-bihotz horren zabala nerettoari ixurtzen.
Hil da, hil, nere Jainkoa: ez nauke orai bizirik.
Zatozte, herra gorrian, zatozte berritz osteka.
Dena aztapar, orroaz, zatozte zelai hoitarik:
Jo nezazue, azota, larru, odolzta, xehaka.
Bil lohipean irrika nere haragi ondarra,
Dilindan eta odoltsu kurutzeari josirik,
Kristoren odol kartsurat ur zakizkitan hezurrak.
Hil da, hil, nere Jainkoa; ez nauke orai bizirik...
Itsaso, lurrak, zerua, haizea, gaua, argia,
Ba ditakea oraino, ba ditakea bazaizten?
Hil da eta hil Jainkoa, bizi guzien bizia,
Eta etzanik, gorputz hil, lurpean hilik egoiten...
Bularretan sar bekizkit itsas-ibaien uhainak,
Abre guzien orroak, marrumak eta mahukak,
Gizonen nigar, deiadar, oihu, intzire, auhenak,
Galerna-hedoi-haizeen burrunbak eta karraskak.
Lohi odoltsu huntarik nigarrez eta marrumaz,
Gaupeak urru ditzatan, bihotzak doluz odolzta,
Izar dirdirak tanpez hil, mendi arkaitzak ur-araz
Eta, mundu erraustuz, diren guziak ezezta...
Lazkaon, 24-8-43
|