www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa  

URRUNGO LEIHORRETAN

 

        Bere sor-leku xumean ororentzat bizipiderik ez, sortzeek hiltzeak tokitan nahitzez gainditzen dituztelakotz; bazter ikusi nahia: horra zerk utzarazten dakon herria Eskualdunari, ardurenik itsasoaz haindirat baitoa onaren ala berriaren keta.

        Lurrak dituzken zoko gehienak engoitik ikertuak dauzke. Ba othe da ere bihirik, Eskualdun bat edo bertze ez daukanik? Amerika behereak hartu bide zituen lehenbizikoak, bakar zenbeit bizkitartean iparrari buruz kokatzera zoazilarik, Ternoako alderat. Geroztik, bi toki hoitan, bainan guziz iguzkiari dagonaren eremuetan baitzituzten egin beren errorik azkarrenak. Argentina, Chile, Perou, Uruguay, horra bederen lau gune, Eskualdunez ihaurri daudenak.

        Zuketen hoberena jastatu zeietenean, Nortamerikari ziren oldartu, Californiako eskualde bero gizenak burrunban bethetzen zituztelarik, Mexicoan zenbeit urtez trikatu ondoan. Californiako buru soberakinak emeki emeki orai inguruetarat barreatuz doazi: hanitzak sarthu dira Nevadan, sor-herrian bezala gehienak artzaingoari jarraikiz; Arizona, Montana, Utah, Texas, New-Mexico haztatu dituzte zenbeitek; izan behar da hogoi ta hamar bat Wyoming deitzen den tokian, hamabortzen heina Coloradon; Bizkaitar eta Gipuzkoar andana bat Washingtoneko mendietan abere hazkuntzatik ontsa heltzen omen dira; botzpasei bederen baditugu bermatzen zauzkigunak New-Yorken.

        Azken urte hotan Canadako zelhai hotzetarat lehia badute bakar batzuek, ez baitakigu zer gibelondo eginen duten; hobea uste dugularik hargatik Afrikan egin zuketena baino, hemen lothu nahi izan diren Eskualdunek ezin iharduki ahal ukan baitute lurraren eta hango bereko umeen idorrari.

        Eskuaraz mintzo direnak hatzeman litazke oraino, guti edo aski, uharte handietan, hala nola Cuban, Madagascarren, Caledonian, bai eta, kutsua, Australian.

        Bakarka, nun nahi: itsas-hirietan, untzietan, Europako herri tarro gehienetan, Asian ere; gizalde hori, beltz, xuri, gorrien artean; gutienik uste zinduken lekuan, ardura. Hala nola berrikitan entzuna baitut, ez edozoinen ganik, badela Chinako hiri-nausi Pekineko karrika baten muturrean oski egile bat, lanari burutziarik ez dezokena; bai eta bertze bat, hau Nafarroa, Klondykako urre mietan ari, —udako beroa zer den, eta iguzkiaren argia, eta alhorren itxurak, eta kabalen laguntza gozoa, ahantzirik arabez...

        Bainan, bakarka eta multzo ttipitan daudenak bazterrerat utziz, erran dezakegu Ameriketako leihorrak deramala arrotzerat doan Eskualdun keta guzia. Amerikako gain beherek.

        Hor harat airatzen direnek orok ez balin badute hatzemaiten zorion ez diru, bakar zenbeiti bederen gertatzen zeie goritzea, ordutik ez baitagozke itzuli gabe beren sor-herrirat, hemen ahaide eta adixkideen artean beren azken egunen gozoki iragaiteko.

        Eskual-herria ohakotzat; Eskual-herria hobitzat: Eskualdunari bihotzak ez derroko bertzerik.

        Hanbatenaz ere non, zerbeit, zerbeit ikusi eta pairaturik heldu baitira guziz gehienak gibelerat. Etxetik urrun du egiazki ikasten gizonak, nehon egitekotz, zer den gosea, zer egarria, zer bizkar hezurraren, oinen, gerruntzearen bermatzea, kopetako izerdi arau nola den ahultzen gemena; zenbat duen, luzara, gogoa uzkurtzen eta higatzen gorputza nausien azpiko egoiteak...

        Eta, bertzalde, nehon ezin hatzeman Eskual-herriko zeru gain eztia, hemengo aro bierartekoak, jendetasuna, ordokietako apaindurak, mendien arina, bizitegien bildua elizaren eta eskoletxearen inguruan, arbasoen orhoitzapenak, aitamen amodioa, aneia arreben begitartea; kabala, zuhaitz, harriek berek eman atxikimendu mina!

        Urrungo leihorretarat ontasun keta doazinek, zenbat ere gutiak baitira itzultzen, beren so-herriari ospe eta gauza dakartenaz geroztik; leku arrotz delakoetan hainbertze jasaiteko balin badute; halako lanak, halako nekeak garaitzeko bizia bera ezin begiratuz: nago nola gu, hemen aisian gaudenak, ez gitzeien (egiten ohi giren baino gehiago) urrikaltzen, harat joaitea errexten ahal ginezoketelarik, han egoitea ezti, hunat bihurtzeko lehia bero.

        Behazu mutiko gazte haur hotz Ameriketarat abian den horri, bizkarrean makilatik dilingo soineko puxka batzu deramatzalarik. Ez da behinere etxetik jalgia. Ez daki zer erran, ez norat joan, ez nun geldi. Bideko dirua doidoi bildua dakote etxekoek, bizpalau bortz-liberakok baitaukate soberakin guzia. Lagun andana batekin doalakotz, hok, oro bera idurikoak ukana gatik, zer egin erakutsiko diotela du ustea; hetarik bakotxak aldiz, hunek argituko duela, bere heinean.

        M utikoa baino urrikalgarriago baizik ez neskato gaztea: ez-jakinaz bertzalde, bihotzminak, herabeak, beldurrak laguntza gehiagoren beharretan baitaukate.

        Balitz Eskual-herrian ahur bat gizon, arrotzerat doazin haurrak bil litzazkena, diruz guti edo aski dunt, elhe onez susta, jan edan ala etzantzaz garbiki ostata, etxetik untziraino artzain zuhur baten menean hel, hau aitzineko: etzautzu iduri egintza ederrenetarik bat litakela, haur batzuer esku emaite hori?

        Badakit, ez niz jakin gabe, Bordaleraino helduz geroz, badituztela han bidatzale hautak, hirian sarthu orduko; bainan, arte hartan? Bainan, Bordalen iragaiterik ez dutenek? Bainan Espainiako gure anaiek?

        Nor ausartatuko zaut erraitera: diren bezala doazila gauzak hobekienik, estakurutzat emanez mainak guritzen duela gaztea eta nagitzen; bere gain utziz baizik ez zaizkola egiten kopeta ala mihia; orai artio nunbaitik oso athera dela hor gaindi? Egiaren aithortzeko, etxetik itsasorako bide labur hortan gutiak balin badira orai artio galdu direnak, hanitzak badakigu ibili direla nekez, gogoetatuak, sakela goizegi beharturik, zerbeit onik nehon hatzeman zezaketelako lotsarekin. Zorionez zuten alde beren gaztetasunaren iguzkiko sua: hunek, agertu arau, hedoiak barreatzen baitzeiezten!

        Bainan horra nun diren helduak amestu lekurat; urrea ausarki daukala aditua duten leihorrak ja beretuak ditu. Untzitik jautsi orduko, bazituzten gehienek laneko galdegileak, bainan nor? nundik jinak? zer aztura eta xedetako gizonak? Etzakiten. Begira etzezaketen asma. Itsura jarraiki zeiezte, jakin gabe norat ez zerendako. Ah! emaztekiarentzat tenore hitsa!...

        Zenbeiti bizkitartean agertu zeiezte eskualdun nausiak, ahaide, adixkide, lehenago herrian ezagutuak zituztenak. Heien ongi-etorri arraiak gozatu deie bihotza; lañoki badoatzi heiekin, zenbeit egun lehenago etxeko alhorrerat multzoan zoazin bezala. Bigarren familia baten arterat erori dira Ameriketan.

        Hirugarren gazte saldo bat, aldiz, gelditu ditake karrikaren gainean, lanaren aiduru, lanik ez gertatuz, ezin ausartatuz galdegitera, ezin lehiatuz, hiriko amarruek ja orobat erdi bilduak. Arrotz, ez-jakin, herabe, edo buru arin, laster dituzten poxiak janik zer bilhakatuko diren ageri da. Hastapeneko erortze xarrak maiz aikatze nekea.

        Sor-herritik abiatzeko bidatzaleak behar zituzketela erran baduguk, nolaz ez lituzkete hemen baitezpadakoago? galbidearen erdian aurkitzen baitira, lanik ez bazeie berehala emaiten.

        Aithor dugu zenbeit Eskualdun zuhurrek arak hartuak dituztela beren herritarren horrela bakartasunean ez uzteko. Badazkigu, bizpahiru Argentinan, biga bederen Californian, biderat joaiten baitzeiezte, handik zenbeiten beren etxerat sehi eremaiteko, ahal dituztenen bertzalde ezagunen artean kokatzeko, garaitikoer hirian atherbe ona nun duketen erakusteko. Damurik dabiltza bakotxa bere alde. Elgarretarat bil balite eta elgar adituz berma, batek bertzearen berri jakinez, zer gibelondoa ez liote egin eskualdun gazteriari!

        Lana eskaini edo bilhatu ondoan, aitamen lekuko bezala begia atxik lezokete, nahigabetan lagunduz, makurretik xuxenera bidatuz, esku emanez erortzera doazilarik, sor-herrirat helduz hangotzat ez-on jar litazkenak.

        Ez da gizalderik, urrungo leihorretan, horrela bere buruzagiak ez dituenik. Italianoek badituzte beren artzainak. Alemanek bat egiten dute, joan zaharrak jin berrier bidearen zilatzeko han dagozilarik erne, sare handi batez bezala hartzen ari baitituzte zoko guziak eta, beren umeez bezala, beren gauzez estaltzen. Frantses, Español, Ruso, oro eskualdeka badagode, zoin-gehiago izigarri batean.

        Anglesak dener nausitzen zeieztelarik. Ikustekoa da heien aneiatasuna, hala nola Canadan. Ez du zeren harat doan anglesak buruari eman nola iraganen dituen lehen egunak, gaizki eroriko den ala ez, laketuko denez berehala, ala sor-herriaz orhoituz zizpilduko.

        Ostatu handi batzu idekirik badauzkote, su, ohe on, jateko garbi, soinekorik beharrenak han ediren baititzazke merkeenik. Atherbean badagoke zenbeit egun, laneko galdearen beha. Egon saririk ez balin badu, urririk uzten diote, lehen irabazitik errexki bil dezoketelakoan, hala baitira etxe heien jabeak langile nausiekin hitzhartuak.

        Bada gehiago: laborantzari lothu gogo balin bada berehala jin berria eta bere gain, nola lurrak errexki ukan baititzazke hortako, emaiten daizkote (gero hunkitzekotan hauien saria) kabala buru zenbeit eta tresnarik baitezpadakoenak. Laguntza hek badituzke intres xume, ikustate izpi bat baduela erakusteko doi batean truk.

        Agian emeki emeki holako zerbeit laguntzabide ikusiko dugu, urte laburrik barnean, Argentinan bederen, Eskual-herriaren alde!

        Atseginekin jakinik gaude badirela abiadura handiak. gogoan dut hemen Eskual-etxea.

        Gehienek badakizue engoitik zer bururatu zeien Buenos-Ayresetako Eskualdun eta Biarnes seme aberatser (aberastasunez, artetik erran dezadan, nausi omen baitira bertze tokietarik jin eta han finkatu aberatsener). Hiritik oren batez burdinbidean hel ditaken gune batean egin gogo dute, beren herritarrentzat bakarrik, etxe andana gaitza, eliza bati inguruan datxikitela. Eritegi eta eskoletxe, gehienik, guziz jende zurtz eta beharrentzat. Ja bortzpasei eraikirik dagozi.

        Erlisionea, jakitatea, osasunari doazkon laguntzak han bilduak izan ditezen ontsa zauku, bortuen bi aldetako umeentzat. Batasun ederragorik ez daiteke. Ordu zen osa zadien. Lehenxago egin izan balitz, grina, nakaizgo, goihendura, pairamen, atsegabe gutiago zuketen jasan, Argentinan, hemendik harat joanek.

        Bainan ez dugu uste gure herrialdeaz bezenbatean ozka hortan baratuko diren aiphatu bilkurako buruzagiak. Agian, erlisionearen atxikimenduari, jakitatearentzat duketen ixuriari, osagarriak galdegiten duen arthari laguntzat emanen deiete, gogorgailutzat, eskuararen amodioa, eskualdun ohitzak gei diren ospea. ¡Buenos-Ayresetako lur gorian izan bedi gure gizaldearentzat Eskual-etxea bigarren ohantze bat, zointan amaren menetik urrundu gazteek haren mintzoa baitute entzunen, harek irakatsi urhatser beren aneia arrebak ikusiko jarraikiak...

        Izan bedi guziz hau: gure odolekoen erro, auzoen eta etsaien janizak ahulduko ez duena. Harat bil hemendik joanak; han galda zoin eskualdetan duketen lan, irabazi, zorion; handik har, behar orduan, laguntza; hangoekin bat egin eskuz, bihotzez eta buruz: ez dezoketegu, gure haurrer, etxetik abiatzean, bide hoberik eman. Horrela baizik ez dezake Eskualdunak iraun bertze gizaldeen artean.

        Argentinaren ondotik xede beretarat hel bedi California, hainbertze eta hainbertze hemengo umetarik baitauka, elgarren artean lokarririk gabe, bere zoko guzietan barreatuak.

        Californiaren ondotik Canadaren aldi, multzoan eta tinki egon ditezen han ere Eskualdunak. Eta horrela bethi elgarretara ditezela, lurraren bazter guzietan, hotan andana kokatu izanen den bezain sarri.

        Urrungo bilku horiek baluketelarik bizkitartean hemen, sor-herrian, ahalaz sor-herriaren erdian, bilku nausi bat, beren ama eta buruzagitzat ezagut lezaketena, itsasoaz haindirateko ur xirripa guzien ithurria.

        Zendako ez litake halako bat jar Espainia eta Frantziaren artean, hala nola Irunen edo Ondarrabiako hiri zaharrean, Eskual-herri guzia hari bailagoke?

 

 

aurrekoa