www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ERIAREN GELA

 

        Eriaren gela —zendako nahiago othe dute batzuek erran, erdi frantsesez, gambera?— behar litake etxeko hoberena: ohean denak, senda dadien edo hil, jakin dezan gatik guk bederen, haren ahaideek, zenbat urrikari ginduen eta maite. Orok onesten dugu hori; aiphatzea bera halako bat zauku.

        Dezagun orai ikus nolakoa behar litaken gela hura, etxeko hoberena izaiteko, etxetiar edo maizter etxe batean; eta bertzalde, eriarentzat nola ditaken hoberenik.

 

* * *

 

        Iguzki alderat nahi luke leiho nasai batekin: argia, airea,berogia jabe ahal zaizkion ausarkian. Ilhunbeari maiz darraiko zikina. Gizona, kabala eta zuhaitzak bezala, airetik bizi da, hunek sar athera bat birietan, ostoetan, egiten deielarik; bereaz berritu behar du aireak ardura, eta izan kutsurik gabea. Zenbat aldiz ez dugu zorigaitzez ikusten ongarri metako bafada, leihotik eriaren gainerat heldu ithoka, gelaren barnea urrin likits batez bethea daukalarik!...

        Eriari, zoin nahi izan dadin, laketago zako bertzalde, iguzkiko berogiaren pereka goxoa, ezen ez ipar haizearen xixtua; gehiago dena, aire bustia, hala nola baita toki uspeletan, kalte du.

        Harrabotsak ere gaizten du ontza ez dena: haren etzantza ez dadiela beraz izan ez sukalde, ez barroki gainean.

 

* * *

 

        Eriaren gelak behar du bier-arte handi eta, etxeko hoberena izan dadien lehia dugunaz geroztik, zurez zolatua, bai gainean, bai azpian, etxetiar etxe bat balin bada ere. Gela taulaz tronatu bakar bat ez litzaguke sobera bizitegi bakotxean, jende batzu huntan egoiten diren ordutik, —den beharrrena ere jendea baita, eta erikor.

        Zola dena lurra, eta zilokatua itsuski; gaina, hainbertzetaraino joana non arto-buruak soailutik dilindan baitzagoden: horra nolako «ganberan» hil izana den berriki, erhauts pean, mainarik gabe —nausia aberatsa zuelarik bizkitartean eta bera bere lanaz hanitz urtez emeki emeki joritua— gizon laborari nekazale bat... Gaztena, haritza, lizarra, pagoa ez ginintuzke bada hain xuhur gure oihanetan!

        Gelaren sahetsak beude xuri xuria, arinago baita hola, eta gisuak hanitz ihizi xehe ala onddo gaitz-emaile erretzen ohi baititu. Laborariak ez luke harrasien apaintzeko onetsi behar paperrik: hunek galdegiten dituen arthak, garbi, oso, tinki egoiteko, nehola ere ez baitezozke eman.

        Itze batzuetarik dilindan ontsa daude gure herri girixtinoetan ur benedikatu untzi eta kurutzefika bat, eskuaren menean: urruntxago, ohetik agerian hek ere, ez balitz begien atseginarendako baizik, miraila bat eta bizpahiru «kadre» —ez gehiago— ahalaz ederrak, bainan osparik gabe.

        Zer dugu orai kokatuko, gaina, sahetsak beren edergailuekin, azpia emanak daizkogun gela hortan?

 

* * *

 

        Lehenik ohea. Ohe ona. Zurezkoa baino hobe burdinazkoa. Hertsi izan bedi, baten doian, aski litaken baino luzexago. Ez ezar zokoan, hemen zikin litakelakotz, ilhun, higitzeko neke, arthazaleen xifrigarri, eriaren ehaile. Harrasietarik baten erdiari doala buruz, garaitikoaz ez duelarik hunkitzen deus. Horrela inguruan errexkiago ibiltzen ahal zako edozoin, laket baitzaio zaintzaleari eria goititu behar duelarik, garbitu, lothu, untzian ezarri, jausten lagundu; bai eta medikuari, zer ari den argitara ikusteko.

        Oheak bertzalde aski gora luke nahi. Hanitz behar orduetan, haur ukaitetarik haste, errexago baitira halakoarekin laguntzak.

        Daukala «sommier» bat, bai eta, hunen gainean, «matelas» guria, ilez. Bihotza joan nahi dauku batzuetan ikusteak nola eri gaixo batzu badauden, sahets-hezurrak minberatuak, gibel-aldea zaurtua, lastai idor baten barnean, ziloan, bizirik ahantziak... Mediku bat hurbiltzera heldu zeielarik, zer lanak ez ditu han, ezin ikusiz, ezin ikertuz, ezin lothuz!

        Tronaduratik eskuen menera jauts bekio soka bat azkarra, ziri bat datxikola beherean trebes: huntan bermatuz eria, hein batean daduzkano indarrak, goiti ahal bailiteke, itzul, jar, gozatzen duelarik etzanik egonarekin hainbertze minberatua eta maiz egosia duen bizkarra.

        Othoi, othoi ez ezar «erridauik»: erhautsaren biltzeko eta, higitzen direnean, harrotzeko baizen ez direlakotz; airearen harat-hunatari, bertzalde, bidea hesten diotelarik. Hetan igortzen ohi den dirua zuhurrago gindaukake «sommier» batean xahu baledi.

 

* * *

 

        Etzantzaz garaitikoak errexki ezar ditzazkegu orai beren tokietan.

        Ohe aitzineko «tapizaren» orde, kalainka edo mihise zahar bat doblaturik hobe baizik ez litake, haatik maiz aldatzekotan.

        Buruaren aldean xutik dagoela gauazko untziaren teia. Lau taula puska, mihietan, ontsa ondoratzen den athe batekin, aski bailitazke.

        Urrunxago mahain bat, garbitzeko ala xukatzeko behar diren zer guziekin. Ez ahantz ororen artetik «savon» zati bat, boketako den hartarik, hoberena hura baita.

        Gelditzen da oraino gure gelan leku ausarki «armairuarentzat», huntan koka ditezen mihise, atorra, mokanes, hitz batez oihal xuri mota guziak; bai eta bi lastozko alkirentzat.

 

aurrekoa hurrengoa