www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

IGANDE ARRATSALDETAN.
NESKATO GAZTEENTZAT

 

        Haurra zenean eskolan ibili balin bada, emaztekiak ikasi duke irakurtzen, izkiriatzen apur bat, konduen egiten. Erdara poxi zenbeit ere sarthu dakote buruan. Apezak ohartarazi du bertzalde, aitamen ondotik, zer eginbide eta zer gozo dakarren Jainkoaren baithako sinesteak. Bortzpasei urtez haurretik athera da jende bat; haurra nehortu da, hain polliki erraiten zuten bezala gure arbasoek lehenago.        Bainan, neskato gaztea lanari lotzen den ordutik, bere gain dagoko gogoa. Guziz sehi delarik, eta hala doatzi gehienak. Lurrarekin borroka dadien edo bertze zerbeit ofiziotan berma, ez du zeren orhoit hartua duen sailean bere biziaren irabazteaz baizik. Erlisioneko irakaspenak astean behin, elizan, doidoia daizkote berritzen. Ez aitamarik, ez nausirik, ez eskola-emailerik erakusteko nola behar dituen bethe, emaztekitu denean eta amatu, eratxikiak zaizkon eginbide baitezpadakoak. Ohartu ahal balin ba zeie bere baitharik, hobe harentzat!

        Mutikokiarentzat aldiz ez da berdin. Errientari bederen jarraik ditake gizondu artio. Arrats guziez entzun dezake neguan: laborantzako zurruburru, sal-erospen, tratu, diruaren harat-hunat, lagungo, lekuan lekuko gora-behera, lege, hango eta hemengo berri, ez da deus harekin iharduk ez dezakenik. Apur bat bederen argiturik, erne lotzen da hogoi urteak irian biziak dakarkon gudu handiari.

        Horra nun bertzalde soldadogoa heldu zakon begien idekitzera. Daukat hirian ibiltzeak, aitzindari hanitzen manuer bizkarraren ukurtzeak; hainbertze eskualdetarik elgarretarat bildu lagunekilako solasek erakusten dakotela zerbeit. Orduan da, behinere egitekotz, mutiko gaztea ondarra gizontzen. Askotan dakien esku-lana are hobekiago baizik ez duelarik ikasten.

        Deus holako laguntzarik ez du zorigaitzez neskato gazteak.

        Hartakotz zaut bada eder bezain aiphagarri, Frantzian bai eta Eskual-herrian ere, han hemenka, errientsa batzuek hartua duten xedea.

        Igande arratsaldetan, elizatik lekora, biltzen dituzte neskato gazteak beren ganat, eskoletxean. Han mintzo zeiezte orentto batez, oihurik gabe, lañoki, ahizpa batzuei bezala, irriz batzuetan eta garrazki noizetik noizera, ama familiako guziek jakin behar lituzketen gauza xumeez.

        Emaztekiak etxe barnean baiterama bere bizi gehiena, hango egitekoez deiete gogotikenik emaiten solas.

        Jenden garbitasunaz, kabalenaz, barnekoetaz aiphu zeiezte lehenik, guti baita oraino ohartuak zaizkonik, eta osagarriarendako baitezpadakoa baita.

        Erakusten deiete sukalde bat nola atxik, gela batean zer ezar eta zer ez, gauza bakotxak zoin duen bere tokia eta hartan behar duela egon.

        Jakiten dute neskato gazteek nola ditazken merkeenik, bakotxa bere heinaren arabera, apaint: zoin duketen, beren soineko pusken ala bertzeen begiratzeko ararik hoberena.

        Zerbeit onik baluke erraiteak orobat: kabalak, oiloetarik haste, noiz behar diren bazkatu eta nola. Bai eta hanitz etxekandere hobeki ikusiak litazke gure herrietan beren senharraz, langilez, sehiez, balakite jateko jan ditazken batzuen egiten. Eltzekariari darraiko ardura laborari etxearen omena.

        Haur haztea gero, heien sortzea baita diotenaz errexenik. Zenbat ez da galtzen ohakoan berean, amak ez jakinez zer eman ahotik, zer heinetan utz loa, airea, argia! Errientsak erakuts dezake oraino neskato gazteari eri baten arthatzen, hau baita emaztekiari eratxikia zakon dohai ederrenetarik bat. Arthatzen, ez bakarrik axaletik, bainan lagunduz barnea, gogoa azkartuz, huntan baita maiz osasunaren gora-behera guzia.

        Laborantzari doazkon zenbat xehetasunen gainerat ez liozke oraino begiak idek, baratzeko lanetaz hasirik!

        Badut ordean erranik aski adiarazteko, udako igandetan bederen zer erakuts ala ikas badela nasaiki, orainxe aiphatu ditudanetan.

        Ageri da jakitate handiko bezain gogo azkarrekoa lukela behar errientsak holako lan baten bururatzeko gure herrietan. Daukat bizkitartean uste baino gehiago balizateken: jendeak berak, behin jarriz geroz, susta bailitzazke bere ikustateaz.

 

aurrekoa hurrengoa