www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

BIRITXIAK

 

                Eskoletan nindabilalarik, gogotik uzten nuen eguerrietan hiria, zenbeit egunez etxeaz, etxekoez, sor-herriñoaz gozatzeko. Akulazalerik ez denean, badute liburuek aizina; Bertzalde, hotzarekin, oinak bezala gogortzen zauzkitzu eta lokhartzen buru-muñak, ezin baitezakezu ikas deus, irakurtzeko bereko nagi baitzira.

        Neguak supazterra dako manatzen Eskualdunari, barneko lana, familiako bizia. Solasean xitxuketa, berotzen, baderamatza goiz arratsaldeak. Batere berak ez dakiela, iduri luken baino gehiago alhatzen baitu halere gogoa bere begi, beharri eta mihiaren ariaz, bihotza aldiz gizontasunari zabaltzen zakolarik.

        Egun argi deno, badauka leihorrak gozo: athetik, zuhau maldan, hatsaren gainean lañoki zerbeit ari zirelarik, noiz nola ikusten baitituzu, bekaizgorik gabe, irriz, bidean dabilan zure ezagunetarik bat lasterka bat-batean abiatzen, atherbe keta; bertze bat, piltzarrez lepo beharriak kukutuak, ipar haizeak azpitik goiti daldaratuz, ukurturik badoana, eskuak ondoraino sakelen barnean; hedoiak orai hits, sarri mokor, batzuetan goibel, noiztenka ortziaren burrumba lazgarriarekin ihes bezala, elgarri gainka joanki; bahazuzaren erauntsi idorra; euria jauts ahala, ithaxurak hegatsetarik zurrustan erortzen; zuhaitzak buluzi; alhorrak mutu; artetan, bazterra elhurrak estaltzen, xori ñimiño goseen ttiutta baizik ez baita aditzen nehon; horiek oro ikusten dituzularik, atseginekin orhoitzen baitzira zeure buruaz, zeure jendeez, zeure kabala, bihi, selauruko bazka, diruaz, hok oro gerizan ezarriak zorionez, esku menean; aro gaixtoak, zenbat ere zalaparta baiterabila, ezin baitezauzketzu hunki zeure ontasunak.

        Bainan ilhuna etorri denean dauka etxe larneak bere gozorik handiena.

        Goizik afariten ginen: ez direa neguko gauak osoan lo egoiteko, udakoen orde, eta zendako ar argi erretzen?... Opor esnea huts, harrietan hau errerik; haren ondotik, gaztenaz ase; gero, bederatzietako oherat, berantenaz.

        Gaztenak, paderatik atheratzen ziren sukaldearen erdirat, han baitzagoden estalirik, epeldu artio, bahe baten barnean. Huni, inguruan jartzen ginintzaizkion denak. Luza zezala besoa bat bederak eta ahurrean har, behingotz, bihika zenbeit... Elheketa, egun hartako gora-beherak gure artean ihardukiz, batzu eta bertzeak aiphatzen ginintuelarik, hok ephe berean egiten gintuzketen bezala, bagineraman emeki emeki bahetara guzia, ez baitziren azalak baizik gelditzen.

        Bainan udare idorra da gaztena, artetan ahoa bustiz baizen ez doakizu zintzurra beheiti. Beharrik baikinuen mineta bat hauta: gorri arin, garbia; barrikako mahats-lapari, gain behera, urarekin batean bizpalau pint'arno ixuririk, egina. Nago, hain baitzen ona, egarri ginen baino ardurago ez ginuenez hurrupatzen; eta, orai ere, jastatzeko tirriak ez othe dautan jauzarazten ahogozoa. Etzaut iduritzen baditakela hura baino edari hoberik.

        Eskualdun ohitzak ginauzkan: aitak edan lehenik, gero semeek, adin arau, lerroan, gero alabek, azkenik amak, bazterretik ere baitzagon ardura, zerbitzari.

        Apairuaren ondotik, hoztuak baiginintuen ordukotz zangoak, supazterraren inguruan jartzera ginoazin. Aitak hartzen zuen xokoa, alkian. Sehia eta hiru arreba larrienak orratzarekilako esku-lan zerbeiti lotzen ziren. Gu, bi aneia gehienak, erdian. Aitaren eta amaren artean zuten behar kokatu, ez gogotik, bi ttipienek, familiako ederrenak hek, bi aneia arreba biritxi, adin bereko bezala hein bereko, eta eite handikoak. Ondarrik sorthuak zirelakotz eta sabeltara batetakoak, nahiz muttikoa gotorxago, itsutuki maite zituzten aitamek.

        Hango goxoa orduan, oro elgarretarat bildua, zangoz surat, argi bakar batek uzten zaungun erdi-ilhunbe eztian begi beharriak erne, atheko erauntsien zafraldiak bihotzminik gabe aditzen ginintuelarik!

        Su gaitza gin duen bethi, hirian egiten ohi diren ez bezalakoetarik: ametz-ondo, abar ihartu, zukur, ezpal, baginemokon zer nahi. Gar handiak arraitzen zaungun alabainan begitartea, eta oinak bezenbat barnea berotzen. Mendian suak zaintzen balin badu gizona ihizi ala kabala gaixtoetarik, etxean are gehiago adixkide dauka: argitzen du, zalhutzen, gogoetarazten duelarik artetan, halako histuraño batekin, nundik sortzen othe den khe hura, norat doazin pindar hek, ahurtara bat hautsetan nola suntsitu ditazken hainbertze egur hain lodiak...

        Solasean apur bat egon ondoan, guziz seme alaba ttipiekin, kantuz hasten zitzaukun aita. Ordu berean gu oro ixilik, hari beha. Ardura kantu bera zuen: baitzakien, hainbertze aldiz bere inguruan aditurik, zoin ginuen laketena: Hamar gizon hiltzaleen kantua. Neurthitz andana handia zaukaten, launazka josiak, oro latz, oro ilhun, oro deihadar, oro kanit eta makil ukaldi, oro heriotze. Hanbatenaz ere beren izigarrian sarkorrago non bietan emanak baitzauzkigun koblak, emeki, luzatuz, noizetik noizera izpi bat ikharatuz boza.

        Arrats guti bazoan gure amak artetik aitari galdegin gabe:

        —Jes, Joanes, egiak direa bada horiek guziak?

        Kexaturik bezala, begietan haatik irriño batekin, berehala ihardesten zakon bere Baxenabartar hizkuntza pollitean:

        —Egiak direnez?... Nihauk ikusi nintzin, emaztekia!

        Are gehiago harriturik baiginauden orduan gu, haurrak, kantuaren entzuten.

        Aldi batez bizkitartean —bethi gogoan daukat, ene haurtasuneko orhoitzapenik hunkigarriena baita— etzuten luzaz utzi biritxiek aita. Tarrotuxeak ziren ordukotz; bortzpaseira urte. Maiz lanak emaiten baitzituzten geldirik ezin egonez elgarren ondoan, arrats hartan nehon etzauzken; mezuka elgarri, zimikoka, irriz, erasian.

        Arreba gehiena bildua zuketen aitzinetik; ezen, aitaren baimena ardietsirik, kantu bat eman zuen harek ere, bainan dantza kantu bat. Ordu berean bi aneia arreba ttipiak sukaldearen erdirat jauzteka, eskutik elgarri zatxikitela.

        Eta, elgarri lothurik, dantzan hasten, inguru, inguru, barne guzia hartuz. Eliza-phestaz geroztik tirrian omen ziren, egun hetan plazan ikusirik mutil eta neskato gazteak birazka zabiltzala halaxet, jauzi, itzulika. Haurrek, jende larrien ihakina egin artio, ez onik.

        Beha egon ginintzeiezten xoraturik, hain baitziren pollitak eta maitagarri beren zango ñimiñoen gainean harat-hunat ibilki, adinez, begitartez, mintzoz berdintsu, senhar emazte ttipi batzu orai iduri (hek, aldi batez elgarrekin sorthuak), pikoen hatzemaitera beharriak berek uste etzutelarik lehiarazten zituela, nexka zalhoinago bizkitartean eta kasik ja ikasia bere baitharik.

        Bainan laster akitu ziren eta apur bat kexatu ere, sahetsetik jostetan igortzen giniozten kitzikez gaitziturik. Gorrituak, kaldan, hats-hantuak, samur, etzuten nahi ukan gehiago sarthu aitamen arterat, su handiari hurbil. Urrundu ziren sukaldearen haindiko zolaraino eta, han, elgarri kontra, kadera ttipi bederaren gainean jarri, guri beha tente, artetan izerdia xukatzen zutelarik.

        Ahantzi ginintuen xoko hartan, gutarteko solasari jarraikitzen ginelarik. Ephe luzea iragan zen. Bat-batean horra nun aitak, itzulirik heier buruz eta erhiaz erakusten zauzkularik, ohartarazten gituen, erranez:

        —Beha, beha... Gaixoak!

        Nigarra begirat jin zitzakon, bihotza tanpez beraturik.

        Biritxiak lo zauden, lo xurrungan: aneia xut, bere alkiari bizkarraz, matela koskoak gorri girriñoa; arreba haren aldean, belhaunaren gainerat buru uzkailia zagokola...

 

aurrekoa hurrengoa