www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

VILLENEUVETTE

 

        Herri ttipi bat da hérault deitzen den departemenduan, Montpellieretik hurbil, 600 hektara lur, edo gehixago, 95 familia, 350 jende buru. Jabe bakar batena, dena. Hau lenazko oihal fabrika baten buruzagi, han berean: herriaren erdia ari baita harentzat ile berexten, joiten harrotzeko, lertzoaz gabetzen, xuritzen (ehunarendako hamalau zikinkeria badauka, bana bertze, ileak), thindatzen, ondarra garbitzen dauzkeen porroskerietarik, leguntzen olioz, kardatzen, zerrangatzen, hailgatzen, kolastatzen, ehaiten, oihalaren izartzen, ikertzen, tinkatzen, garbitzen berriz, berdintzen bi alderdietarik, dirdirarazten; bertze erdia, aldiz, laborantzan.

        Villeneuvetten hastapena 1666ean izan zen, Colbert zelarik minixtro; dirudun multzo batek, elgarretaraturik, zuten finkatu.

        Ipar aldetik maldatzen dute dena bazka-leku diren munho batzuek, handik erregebidez itzainek jausten baitakote ardien ilea. Iguzki alde badu, bere oihalen urrun heltzeko, Cette derizan portua, huni esker heda baitezake bere sal-erospena Algerialat, Australiarat, eta guziz Amerika beherarat. Burdin-bidea 4 kilometretan gelditzen zako, 150.000 bergaren oihala atheratzen du, urtekal.

        Herri hartan, familia bakotxari darraio bizitegi berezi bat, baratze puxka datxikola. Eliza bat ere badute bere apezarekin. Etxe hek guziak, eliza eta fabrika, hamar hektara eremu inguratzen dituen harrasi gora baten barneko aldean dira. Ilhuna jin denean, burdinazko athe batek du hesten harrasia, ordutik nehori ez baitzaio ala sartzea ala jalgitzea zilegi athezainaren baimenik gabe.

        Herriko-etxea bakarrik, eta bi eskolak, bat mutikoena, bertzea nexkatoena, bazter daude, arras hurbil, laborantzak beretzat daukan lurrean. Hau oihan eta larre, gehienik; mahastiek hartzen daizkotelarik bizkitartean 60 hektara, —landa, alhorrek, 40. Urtetik urtera lur alferrak ari dituzte haatik ttipitzen, labakituz, fabrikako ur zikinez ontuz: arthaldeak ezarriko dituztela gero han, bai ilearen bai haragiaren eskupean ukaitea gatik.

        Auzo herri batetako bi medikuen eta potikarioaren eskuetan dute beren osagarria ezarria orok: hunenbertzeko batean urte bakotx, nor bizi, nor hil.

        Ura lurpez heldu zeie, berek egin ondoan bidea, handik oren batean den mazela batetarik. Herrian iragaiten zeien ibaiak emaiten deie ehun eta hiruetan hogoi zaldiren indarra, elektrikaz alharaz ditzaten beren lantegiak eta argi beren etxeak. Hok, ikusirik baizik ez daiteke sinets zoin garbiki diren atxikiak, airea ala argia ithoka sartzen zeieztelarik.

        Jana, orok elgar aditurik, halakoa dute hango langileek non departemendu guzian ez baita bertze herri bat, hain eri guti duenik eta haur hainbertze: heriotze bakarra estaltzen dute lau sortzek, ehunka jendeak ezarriz! Badakizuia, arau hortara, gure Eskual-herri maitean, sorthu berri bakotxari badaudela bizpahiru hil!...

        Horiek guziak baino gehiago dena, hauxe: aberats guti izana gatik, ez baita ikusten herritto hartan errumes bihirik. —Nolaz bada hori?— Ikus errex da: zeren duten, elgar lagunduz, orok bat egiten.

        Langileari, aste bakotx zenbeit sos bakar berexiz, —batere ez dakielarik, erran behar bada,— ezintzen deneko sakela joritua gertatzen zaio: caisse de retraite pour la vieillesse deitzen den eltzitsu batean lagunenarekin metatu izan baitzako, umeak eginez, bere dirua.

        Ara beretan caisse de secours mutuels deitzen den aldara-leku batek, baldin lana gelditzera heldu balitzaio eritasunez edo ezin bertzez, begiratzen dio, ixtripuak dirauno, egunean eguneko ogia. Alhargunts ala umezurtzek badukete orobat hartarik laguntza, behar orduan. Hari esker aita familiakoak, geroari behatu nahi badu, beretzat bil dezake, hunenbertze urteren buruko, uztaño bat goria; utz, hil ondoko, zerbeit bere haurrentzat.

        Hirugarren batek, caisse d'assurances mutuelles contre les accidents derizanak, minhartze batek bere eta familiaren bizipidearentzat dakarkiokeen ondorio hitsetik du gerizatzen.

        Hortakotz da herri hura azkar, eta haren ikustea bihotz gozagarri. Badira bertzela ja hura iduriko hanitz, bai Frantzian bai auzo erresumetan, iragan mendearen ondarrean harek bezala piru andana batez egin dutenak soka ezin hautsizkoa.

        Eskual-herrian, aldiz, lagungo hoitaz bezenbatean gibel gaude oraino. Eta, itxura guzien arabera, gibel egoitekotan.

        Daukagu, herri gehienetan laborari ttipirik baizik ez baita, ez dezaketela han nehola egin errorik. Laborari xumeak badakia bere eta auzoen ona holako lokarri batzuetarik lukela? Jakinik ere, balukea gizontasunik aski, bere lagunari esku eman ondoan, harekin luzaz bat egoiteko? Ez duia, bertzalde, irabazpidea hain neke, hain xuhur, hain aldakor, hain huts egin errex, non lagungoari ez bailezoke eman ahal harek eskatzen lioken laguntza izpia? lagun izaiteko orde, ez bailitake ardurenik ager eskale baizen, pauzer azkar eta jarraiki bakarren bizkarkin, jasangaitz, lotsagarri?

        Gure uste da menderen mende ikusiko dela herrixketako laboraria bere etxeñoan ahal duen bezala bizi, bere idurikoetarik berex eta urrun, ororekin adarka, enthoil, uzkur, zurtz.

        Harriturik gaude, aithor dugu, nola finkatu ahal izan diren zenbeit herritan kabaler buruz dauden lagungoak, eta guziz, nola dirauten... Laborarien elgarretaratze hori handi zauku egiazki, beren itzalak berak hain ardura izitzen baititu gizagaizoak!

        Aldiz uste dugu, nahikundea baginuke, hiri ala hirixketan, herri tarro zenbeitetan ere ba, hala nola Maulen, Hazparnen, Donibane Garazin, langileak geroago gehiago ohartuko diren eta jarriko elgarren laguntzeari. Villeneuvette derizan herriñoak erakusten deien aran. Herri gotorretan, bana bertze, bizitzea errexago da bazterretan baino; esku-lanak badakar diru, bederen alha delarik; ofizialeak ofizialearentzat badu atxikimendu kutsua; egun guziez ikusten duelakotz, elhatzen, haztatzen, bat bederak ezagut dezake bere laguna basherrietan egin ez dezaken bezala. Argituxago da bertzalde ofizialea, eta erneago. Biziaz gozatzera ekarriago ere ba, ordutik begia baitauka hobeki batek bertzeari eman eskukaldiak ororentzat dakarran gibelondoari.

        Errexkiago hatzeman ere dezake langile saldo batek norbeit, buruzagitako gei dukenik, arthalde bat bezala gizon bilku hura zaint dezakenik eta mana. Ez da, herri tarroetan, beren idurikoen bidatzale edo buru jarri nahi diren hoitarik eskas, ez balitz ere politikan bazterren nahasteko baizik: Langileari baitago hurbil danik behatzea halako artzainen egintzer, ez dadien geldi, elhe ederrez ase ondoan,... bere irabazi poxiez bipildurik.

        Daukagu eite zerbeit duten ofizio guzietako langileek, xuxenak diren ber, beren onari jarraikiak —sustatzale makurrer ihardukitzeko aski bekokiarekin,— indar handia egin lezaketen beren alderat, baldin eskuz esku jar balite aneia batzu bezala. Nausien eta delako bilkuen ararteko balitakelarik, erran gabe doa, Gobernamendu zuzen azkar bat, eztabadak sor arau onez onean hauts letzazkena.

        Edozoin hirik baluke horrela bilku andana, mota guzietarik, eta bilku bezenbat lagungo; zoin hobeki, bakotxa bere zedarrietan egonez, beren urhatsetan labilzkenak.

        Deusetan ez litzaguke baitezpadakoago langilentzat elgar laguntze hori, nola bizitzeko beharren beharrenik diren pusken erosteko, dela jateko, jauntzi, oinetako, dela edari, argi eta su gei. Xede hortarat elgarretaratzeko lukete gehienik ordu; hortan da hastapena eta erroa.

        Agian mende berri hunek emeki emeki eta geroago barnago gogoeta hoitan sarthuko ditu Eskualdunen buruak!

 

aurrekoa hurrengoa